Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

34. zk., 2000eko otsailaren 18a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
729

2/2000 JARRAIBIDEA, Eusko Jaurlaritzaren Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako Lan eta Gizarte Segurantza zuzendariarena, sexu-arrazoiak direla-eta gerta daitekeen bereizkeria errotik kentzeari buruzkoa.

Nahiz eta ezin ukatuzkoa izan azken urteotan emakumeek lan-munduan sartzeari dagokionez aurrerapauso handiak egin dituztela, eta, egia bada ere Europako Batasuneko Zuzenbideak eta Estatuaren Zuzenbide Positiboak berariaz debekatzen dutela sexuagatiko bereizkeria, oraindik ere, soziologiak egiaztatukoaren arabera, sexu-arrazoiak direla medio sexuagatiko zenbait bereizkeria-motak bere hartan dirau.

Horregatik, emakumezkoen eta gizonezkoen aukera-berdintasuna lortzea Europako Batasunaren helburuetariko bat dela ezarri zuen Amsterdamgo Itunak, 1997ko ekainean. Geroxeago, urte berean egindako Luxenburgoko Gailurrean, hor elkartutako estatu- eta gobernu-buruek zehaztu zuten helburu hori, enpleguaren alde onartutako lan-ildoetan zehaztu ere. Hain zuzen, emakumezkoen eta gizonezkoen aukera-berdintasuna bermatzean datza lan-ildo horien egituraren laugarren zutabea. Orobat, Enpleguaren aldeko Estatuko Planaren (PNAE-1999) IV. zutabean ("Reforzar la política de igualdad de oportunidades entre hombres y mujeres" izenekoan) ere, lan berdina edo lan baliokidea egiteagatik soldata berdina ordaintzearen aldeko neurriak nabarmendu dituzte, alde horretatik gizonezkoen eta emakumezkoen arteko bereizkeriari aurre egiteko asmoz.

Euskal Autonomia Erkidegoan, lan-ildo horiek EAEko Emakumeentzako Ekintza Positiboko Planen (Emakundek egiten du, eta Eusko Jaurlaritzak onartu) bidez jartzen dira abian. Lan-harremanei dagokionez, III. Planak —legegintzaldi honetan indarrean dago— ezarritakoaren arabera, Lan Administrazioko Agintaritzak "sexu-arrazoiak direla-eta lan arloan gerta daitezkeen zuzeneko diskriminazioen nahiz zeharkako diskriminazioen aurkako plan bat garatuko du, Lan Ikuskaritzaren bitartez " (5.5.1.3. ekintza), hori guztia Estatuko gainerako lurraldean garatzen ari den ekimenarekin bat etorriaz.

Zuzeneko bereizkeriatzat jo behar da sexua zuzenean eta arrazoizko justifikaziorik gabe kontuan harturik pertsonak modu desberdinean eta kaltegarrian hartzea. Zeharkako bereizkeriatzat, ordea, itxuraz neutroa den xedapenak, irizpideak edo jardunak sexu bereko pertsonen proportzio handiago batean eragitea, egokia eta beharrezkoa den eta, aldi berean, sexuarekin zerikusia ez duten irizpide objektiboekin justifika daitezkeen kasuetan izan ezik.

Aurreko guztia ikusita, eta arlo honetan ikuskatzaileen lana modu zuzenagoan bultzatu nahian, honako jarraibide hauek ezarri ditugu:

Lehena.– Aurten, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Ikuskaritzak tinkoago ekingo dio emakumezkoen lan-baldintzak egiaztatzeari eta soldata-berdintasunaren printzipioa bete dadin bermatzeari, eta, horretarako, arreta handiz aztertuko ditu hala gai horretaz hitzarmen kolektiboetan ezarritakoa, nola hitzarmen horiek gauzatzean lortzen diren ondorioak.

Bigarrena.– Jarduera horiek lehenetsiko dira, eta Ikuskaritza Zuzendaritzak, unean uneko egoerari erreparaturik, programazio espezifikoa ezarri ezean, bat egingo dute ohiko jarduerarekin eta bestelako helburuak betetzearekin. Zerbitzu-aginduak ohiko sistemaren bidez banatuko dira, eginbehar hori gai honetan prestakuntza egokiagoa duten ikuskatzaileei agintzen zaien kasuetan izan ezik.

Hirugarrena.– Ikuskatzailea langileen ordezkariekin elkarrizketatuko da, emakumezkoen lanaren nondik norakoak elkarrekin aztertzeko, horien iritziak eta iradokizunak jasoz.

Programazio honen helburua zein gaiaren izaera eta konplexutasuna kontuan harturik, gai honetan esku hartzen duen ikuskatzaileak arreta handiz hartuko ditu enpresei, langileei eta horien ordezkariei egin beharreko gomendioak.

Laugarrena.– Lurralde historiko bakoitzeko lan-agintariak ezarriko du probintziako ikuskaritza bakoitzak egin beharreko bisita-kopurua, eta, era berean, ikuskaritzako buruei egokitzat deritzoten lehentasunen araberako jarraibideak eman ahalko dizkie.

Bosgarrena.– Ikuskatzaileei jarraibide honetan ezarritakoa betetzen laguntzeko, hurrengo neurri hauek aplikatuko dira:

– Gizonezkoen eta emakumezkoen aukera berdintasunaren arloan prestakuntza-jarduera espezifikoak egingo dira; batez ere sexuaren arabera soldata desberdinak ematen ote diren antzemateko eta egoera horiei aurre egiteko erak landuko dira.

– Ikuskatzaileei horrelako bereizkeriei —soldata-bereizkeriez ari gara— antzik ematen eta lan desberdinen balioa erabakitzen errazten duten materialak banatuko zaizkie.

Vitoria-Gasteiz, 2000ko urtarrilaren 25a.

Lan eta Gizarte Segurantza zuzendaria,

LUIS M.ª VALLE BOLINAGA.


Azterketa dokumentala