
32. zk., 2000eko otsailaren 16a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Iragarpenak
SPRI SA
708
IRAGARKIA, euskal enpresek Kubako Errepublikako Gobernuko Osasun Ministerioari emandako kreditu-linea bat diruz laguntzeko programaren araudiari buruzkoa.
Euskal enpresek Kubako Errepublikarekin izan duten merkataritzak azken urteotan eboluzio oso ona izan du; izan ere, azken zazpi urteotan Kubarekiko euskal esportazioa %167 igo da, hau da, 1992an, 5.019 milioi pezeta izatetik 13.441 milioi pezeta izatera 1998an.
Hala eta guztiz ere, ondokoak direla-eta oztopatu da merkataritza: Kubako enpresek ez dute dibisarik batetik; eta bestetik, euskal esportatzaileak arazoak ditu eragiketak aldez aurretik finantzatzeko, hau da, arrisku politikoengatiko estaldura kontratatzeko, halaxe eskatzen baitute askotan finantza erakundeek.
Kubako Osasun Publikoko ministroa Euskadin egon zen 1999ko maiatzean, eta bisita horretan, Kubako Errepublikako Gobernuaren Osasun Publikoko Ministerioaren, Eusko Jaurlaritzaren, Energiaren Euskal Erakundearen eta Osakidetzaren arteko harreman Memoranduma sinatu zen; bertan, aholkularitza eta laguntza teknikoko planak garatzea azaldu zen. Aurrekoa osatzeko asmoz, SPRIri eskatu zaio Kubako Osasun Ministerioaren baimena lortzen duten euskal enpresen esportazioa finantzatzeko dirulaguntza programa abian jartzeko. Jarduera hori kokatu behar da hurrengo urteotan gauzatuko den Ospitale Sistema Eraberritzeko Premiazko Planaren barruan.
Kubarako euskal esportazioak laguntzeko finantza tresna ugari egon arren, horiek eskuratzea askotan zaila izaten da euskal enpresa txiki eta ertainentzat, beraz, komenigarritzat jo da tresnok ekonomi sustapeneko programa honekin osatzea; programa horrek industri produktuen euskal esportazioa bultzatuko du ziur aski, finantza bideak erraztean, merkataritza oztopatu duen eragozpenik handiena saihesten baita.
1.– Programaren helburua.
Energia aurrezteko teknologiaren transferentziarekin eta osasun antolakuntza eta kudeaketa modu berriekin erlazionaturiko euskal enpresen merkataritza ekintzak bultzatzea, Kubako Errepublikako Gobernuaren Osasun Publikoko Ministerioaren, Eusko Jaurlaritzaren, Energiaren Euskal Erakundearen eta Osakidetzaren arteko harreman Memorandumaren barruan. Helburua ondokoa da: Energi Eraberrikuntzako Premiazko Plana (EEPP) gauzatzeko asmoz egingo diren inbertsioak bultzatzea. Kubako Errepublikako Gobernuaren Osasun Ministerioak jarri du abian plan hori.
2.– Programaren onuradunak.
Klimatizazioan, hoztean, garbiketan, sukaldaritzan, bonbetan, talde elektrogenoetan, igogailuetan, galdaretan eta eraikuntza mantenuan dabiltzan industri enpresak, baldin eta lan tokiak Euskal Autonomi Erkidegoan badaude eta Kubako Errepublikako Gobernuaren Osasun Ministerioak hautatu baditu Kubako Ospitale Sistemako Energi Eraberrikuntzako Premiazko Planean (EEPP) hornitzaileak izateko.
Produktu horiek merkaturatzen dituzten enpresak ere programaren onuradunak izan daitezke, baldin eta euren merkataritza eragiketen zenbateko osoa aurrekontuan ezarritako kreditu osoaren %15 baino handiagoa ez bada.
3.– Laguntzen ezaugarriak.
Fondo galdurako dirulaguntzaren zenbatekoa ondokoa da: esportazio eragiketa bakoitzaren eskurako CIF balioaren hiru puntu, hau da, euskal enpresek programa honen barruan egindako merkataritza eragiketen inguruan Banco Internacional de Comercio, SAk jaulkitako kreditu gutunaren zati proportzionala.
4.– Laguntzen muga.
Onuradun bakoitzari urtero eman dakiokeen itzuli beharrekoa ez den gehieneko dirulaguntza ondorengoa izango da: bi milioi eta ehun mila (2.100.000) pezeta, hau da, hamabi mila seiehun eta hogeita bat euro, eta hogeita bost zentimo (12.621,25); beraz, hirurogeita hamar milioi (70.000.000) pezeta, hots, laurehun eta hogei mila zazpiehun eta zortzi euro, eta berrogeita zazpi zentimoko (420.708,47) esportazioa da enpresa bakoitzarentzako urteko gehieneko dirulaguntzaren oinarria.
5.– Programaren iraupena.
Programa indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean, eta indarraldia 2002ko abenduaren 31n bukatuko da.
6.– Kudeaketa eta prozedura.
SPRIko Internazionalizazio Alorra eskuduna izango da programa honetan ezarritako laguntzak kudeatu eta tramitatzeko.
Aldez aurretiko inskripzioaren eskabidea.
Programa horren laguntzak jaso ahal izateko, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek onuradunak izateko betekizun guztiak gauzatu behar dituzte eta SPRIko Internazionalizazio Alorrera jo beharko dute; alor horrek aztertu beharko ditu zeintzuk diren Kubako Errepublikako Gobernuaren Osasun Publikoko Ministerioak (MINSAP) Programan eskatutako ondasunak –beharrizanei aurre egiteko ondasunak- eskain ditzaketen enpresak.
Horretarako, ondoko agiriak aurkeztu beharko dira:
. Programa honen onuraduna izan ahal izateko Egiaztatze Eskabidearen inprimakia.
. Enpresaren memoria edota katalogoak.
. Foru Ogasun eta Gizarte Segurantzarekiko zorrak ordaindu izanaren ziurtagiria (jatorrizko agiriak edo fotokopia konpultsatuak).
Eskabideak aurkezteko epea Programaren indarraldia da.
Eskabidea aurkeztu eta gero, 30 eguneko epean, SPRIko Internazionalizazio Alorrak onuradun potentzialaren ziurtagiria emango du eta horren berri emango dio Kubako Errepublikako Gobernuaren Osasun Publikoko Ministerioari, Euskal Autonomia Erkidegoan ataza horretarako izendatu den agentearen bidez.
Ekonomi Laguntzaren Eskabidea:
Ziurtagiri hori lortu ostean, MINSAPen hornidura kontratuaren adjudikazioa erdietsi duten enpresek Programa honen babespean dagokien dirulaguntza eskatu ahal izango dute; horretarako, SPRIko Internazionalizazio Alorrean ondoko agiriak aurkeztu beharko dituzte:
– Ekonomi Laguntzaren Eskabidearen inprimakia, behar bezala beteta.
– Hornidura kontratuaren xedearen eta baldintzen deskripzioa.
– MINSAPek erosketa kontratua burutu dela ziurtatzea.
Horretarako eskabideak aurkezteko epea Programaren indarraldia izango da.
Ebazpena eta Komunikazioa:
SPRIko Internazionalizazio Alorreko Batzorde Betearazleari ekonomi laguntza eskatu zitzaionetik, 30 eguneko epean gehienez, Batzorde horrek ebazpena emango du aditzera eta horren berri emango dio eskatzaileari.
Jakinarazpenetarako helbidea eskatzaileak laguntza eskabidean adierazitakoa izango da.
Ebazpenetan dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko da eta, hala denean, baita ukazioaren zioak ere.
Erantzuna baiezkoa bada, berori betearazteko edo likidazioa eskatzeko epea kontratuaren indarraldia da.
Informazio osagarria aurkeztuz gero, onuradunak SPRIko Internazionalizazio Alorreko Batzorde Betearazleari ebazpena berriro aztertzeko eskatu ahal izango dio.
Likidazioa:
Dirulaguntza ordainduko zaio enpresa hornitzaileari bidalketa bakoitzari dagokion ordainketaren bidez; ordainketa hori inprimaki normalizatuaren bidezko eskabidea aurkeztu eta hurrengo 10 egunetan egingo da, eta igorpen bakoitzerako, ondoko agiriak aurkeztu beharko dira:
. MINSAPekiko erosketa kontratua.
. Untzirapen-agiria eta bidalitako merkatugaien zerrenda.
. Foru Ogasun eta Gizarte Segurantzarekiko zorrak ordaindu izanaren ziurtagiriak.
. Finantza Erakundeak emandako abal nahikoa, SPRIk emandako dirulaguntzari, itzuli beharrekoa ez den dirulaguntzari, dagokion igorpen bakoitzeko.
Gehienez, 60 egunez eutsiko zaio igorpen bakoitzari dagokion abalari, onuradunak MINSAPekin sinatutako kontratuaren arabera, MINSAPek igorpen horri dagokion abalaren zatia ordaindu behar duen egunetik, baldin eta mugaeguna igaro eta hurrengo 30 egunetan SPRIri behar bezala egiaztatu bazaio onuradunak benetan kobratu duela.
Onuradunak aurrekoa egiaztatu ez badu, hau da, aurreko lerroaldean ezarritako epean –lehen hitzartutako kobrantza eguna igaro eta hurrengo 30 egunetan- kobratu duela egiaztatzen ez bada, onuradunak dirulaguntza itzuli beharko dio SPRIri; horretarako, 15 egun gehiago izango du onuradunak. Dirulaguntza ez itzultzekotan, SPRIk abala betearaziko du.
7.– Programaren aurrekontua.
Laguntzak emateari uko egingo zaio, baldin eta aurrekontuan laguntza horietarako kreditu egoki eta nahikoa azaldu ez bada.
8.– Beste laguntza batzuk aldi berean jasotzea.
Programa honen laguntzak eta beste Herri Administrazio batzuek edo estatuko zein nazioarteko erakunde pribatu edo publikoek emandakoak baterakorrak dira, baldin eta diruz lagundutako kontzeptua ez bada berbera.
Onuradunek lehen jasotako beste laguntza batzuen berri eman beharko dio SPRIko Internazionalizazio Alorrari.
9.– Bestelako xedapenak.
. Onuradunak konpromisoa hartu behar du dirulaguntza ematean kontuan hartu ziren inguruabar objektibo zein subjektiboen edozein aldarazpenen berri SPRIri emateko.
. Laguntzak itzuli behar direnean: onuradunek baldintzak edota konpromisoak betetzen ez badituzte edo beroriek faltsuak badira, onurak galduko dira eta, hala denean, zor ez diren zenbatekoak jaso badira, SPRIri itzuli beharko zaizkio.
. Onuradunak SPRIk, Ekonomi Kontrolerako Bulegoak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegiak eskatutako informazioa azaldu beharko du, erakunde horien funtzioetako bat laguntzen destinoa fiskalizatzea baita.
. SPRIk onuradunen eta proiektuen babesteko informazioa ezingo du zabaldu. Halaber, onuradunak konpromisoa hartu behar du proiektuen hedapenerako lankidetzan aritzeko.
. SPRIren erabakia merkataritza erabakia da eta jurisdikzio eskumena arlo zibileko epaile eta auzitegiena da.
. Oinarri hauetan xedatu ez denerako, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuan ezarritakoa hartuko da kontuan; dekretu horren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolamendu Printzipioen Legearen Testu Bategina onetsi zen.
Zuzendari Nagusia,
AITOR COBANERA.
RSS