
32. zk., 2000eko otsailaren 16a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
699
EBAZPENA, 2000ko urtarrilaren 24koa, Lan eta Gizarte Segurantza zuzendariarena, "NEIKER, A.B." enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistra eta argitara dadila xedatzen duena.
8601822 C.C.O.C. espedientea.
Aztertu dugu aipatutako espedientea, "NEIKER, A.B." enpresaren hitzarmen kolektiboari buruzkoa.
Aipatutako Hitzarmen Kolektiboaren testua 1999ko urriaren 29an batzorde negoziatzaileak sinatu zen eta 2000ko urtarrilaren 13an iritsi zen Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzara. Mahai Negoziatzailearen eratze-agiria, hitzarmena izenpetzeko agiria eta Jaularitzaren Ekonomia Batzordeak 1999ko azaroaren 11n hartutako erabakia ere aurkeztu ziren. Hitzarmen hori hiru Lurralde Historikoetarako izango da.
Martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege De-kretuaren bidez onartutako Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 90. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, eta maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuan, Eusko Jaurlaritzaren martxoaren 2ko 39/1981 Dekretuan eta hori garatzen duen 1982ko azaroaren 3ko Aginduan, eta Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen uztailaren 17ko 303/1999 Dekretuan xedatutakoari jarraituz, eta beharrezko izapideak egin ondoren, hitzarmen kolektibo hori erregistratu eta argitaratu egingo da.
Adierazitako legezko manuak eta oro har aplikatzekoak direnak ikusita,
Lan eta Gizarte Segurantza zuzendariak hau
EBATZI DU:
1.– Hitzarmena Euskal Autonomia Erkidegoko Hitzarmen Kolektiboen Erregistroaren Organo Nagusian erregistratzeko agindua ematea eta Batzorde Negoziatzailea jakinaren gainean jartzea.
2.– Hitzarmena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila xedatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2000ko urtarrilaren 24a.
Lan eta Gizarte Segurantza zuzendaria,
LUIS Mª VALLE BOLINAGA.
NEIKER, A.B., NEKAZAL IKERKETA ETA
GARAPENERAKO EUSKAL ERAKUNDEKO
HITZARMEN KOLEKTIBOA, 1998RAKO ETA 1999RAKO.
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. KAPITULUA
EREMUAK
1. artikulua.– Eremua.
1.– Hitzarmen Kolektibo honetan biltzen diren arauak Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak –aurrerantzean NEIKER– Arkauten, Derion eta Iturrietan dituen lantokietan eta bihar-etzi eduki ditzakeenetan aplikatuko dira.
2.– Lantokitzat hau hartuko da: antolakuntza espezifikoa duen ekoizpen eta zerbitzu unitatea, lan–agintaritzan horretarako alta hartua duena eta, enpresaren helburuen arabera, horri dagozkion jarduerak burutzen dituena.
2. artikulua.– Langileak.
1.– Hitzarmen hau lan-kontratazioaren erregimena duten langile guztientzako da, baldin eta zerrenda honetan badaude:
a) Lan-zuzenbideko erregimenaz kontratu mugagabea izanik, Erakundearen zentroetan lanpostu finkoak dituztenak.
b) Iraupen jakineko lan-kontratuaz (indarrean den legediaz arautua) plantilla finkokoak ez direnak ere sartuko dira hitzarmen honen eremuan; hala ere, hainbat puntu ez zaie aplikatuko, langileok espreski kanpoan uzten dituztenak edo langile finkoari bakar-bakarrik ezartzekoak direnak, hain zuzen ere.
2.– Hitzarmen honetatik kanpo geratuko dira, espreski, honako hauek:
Zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako eta sozietate publikoetako zuzendarien estatutua arautzen duen legedian, Euskal Autonomia Erkidegokoan, jasotako goi karguak.
3. artikulua.– Indarraldia.
Hitzarmenaren indarraldia 1998ko urtarrilaren 1etik 1999ko abenduaren 31ra artekoa izango da; lizentzia eta baimenak eta aparteko ordu eta gizarte laguntzak, ordea, hitzarmena izenpetu zenetik daude indarrean.
2. KAPITULUA
HITZARMENA BERTAN BEHERA UZTEA,
BERRAZTERTZEA ETA LUZATZEA
4. artikulua.– Hitzarmena bertan behera uztea eta luzatzea.
1.– Hitzarmen hau urtero luzatuko da, besterik gabe luzatu ere, baldin eta hitzarmena izenpetzen duten bi alderdietakoren batek bertan behera uzten ez badu hitzarmenaren indarraldia amaitu baino bi hilabete lehenago, gutxienez.
2.– Hitzarmena bertan behera utzi ondoren ere, indarrean jarraituko du, ordezkatuko duen hitzarmena lortu arte.
5. artikulua.– Zurgapena eta konpentsazioa.
Hitzartutako baldintzak osotasunean hartu beharko dira, ezingo dira bereizita hartu, eta urte osorako izango dira; hitzarmen hau indarrean jartzen denean bertan sartuko dira orain arteko guztiak.
6. artikulua.– Interpretazio sistematikoa eta integratzailea.
Hitzarmenean itundutako baldintzek multzo batu bat osatzen dute eta aplikatzerakoan, osotasunarekiko loturik hartuko dira guztiak. Horrela, hitzarmenak omisio, hutsune edo anbiguitateren edukiz gero ere, itundutakoaren zentzu zuzena ez da aldatuko.
7. artikulua.– "Ad personam" bermea.
Osotasunean eta urteko zenbaketa kontuan hartuta, hitzarmen honetan hitzartutako baldintzak gainditzen dituzten egoera pertsonalak errespetatu egingo dira, "ad personam" mantenduz.
8. artikulua.– Laneko auziak.
Hitzarmena izenpetzen duten alderdiek elkarrizketa bidea agortzeko konpromisoa hartzen dute, neurri zigortzaile edo auzi kolektiboetara jo aurretik.
9. artikulua.– Ukaezintasuna.
Hitzarmen honetan ezarritako edozein onurari langileek uko egiten badiote ere, uko hori baliogabea izango da eta ez da kontuan hartuko. Langileentzat baldintza txarragoak jartzen dituen erabaki, ebazpen eta klausula oro ere baliorik eta indarrik gabeak izango dira.
10. artikulua.– Batzorde Parekidea.
1.– Batzorde Parekide bat eratzen da, hitzarmen Kolektiboa interpretatzetik, aplikatzetik eta haren indarralditik sortzen diren gorabeherak aztertu eta konpontzeko. Hitzarmenaren eremuan sartzen diren langileei eragiten dizkioten lan-arloko gaiak ere batzorde parekideak argituko ditu.
2.– Batzorde parekidea hitzarmena izenpetzen denetik hilabeteko epean osatuko da eta hitzarmena izenpetzen duten alderdietako bakoitza, hots, NEIKER eta ordezkaritza sindikala, ordezkatuko duten bina kidek osatuko dute. Alderdi bakoitzak aholkulari bat izenda dezake. Batzorde Parekideak finkatuko ditu bere jardunerako arauak.
3.– Lehenengo paragrafoan adierazi diren gorabehera guztiak Batzorde Parekidera eramango dira lehenik, aztertzeko.
4.– Batzorde Parekiderako deia idatziz egin beharko da, osatzen duten alderdietako batak zein besteak eskatuta, batzordea osatu baino hamabost egun lehenago. Eguneko gai-zerrendan argi eta garbi zehaztu beharko dira aztertu beharreko puntuak; bilera eguna eta tokia ere zehaztu beharko dira. Bi alderdiek agertu beharko dute batzordean. Deiaren eta bilera egunaren tartea gehienez 20 egun naturalekoa izango da, eskabidea jasotzen den egunetik hasita.
5.– Batzorde parekidean hartzen diren erabakiak lotesleak izango dira.
6.– Batzorde Parekidearen baitan akordiorik lortzen ez bada, bitartekaritzara joko dute alderdiek. Bitartekaria batzorde parekideak izendatuko du.
11. artikulua.– Arauen lehentasuna.
Aurreikusi gabeko gaiei dagokienez, Langileen Estatutuan eta aplikatzekoak diren gainerako legezko edo arauzko xedapenetan agindutakora joko da.
II. TITULUA
LANAREN ANTOLAMENDUA
12. artikulua.– Lanaren Antolamendua.
1.– Indarrean den legeriaren arabera, NEIKER sozietate publikoko Zuzendaritzari baino ez dagokio lana antolatzea. Hitzarmen Kolektibo honen eraginpean dauden lantokietako unitate organikoetako departamentuetako buruen bidez gauzatuko da antolamendua. Horrek ez ditu baztertuko, hala ere, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintza Errege Dekretuaz onartutako Langileen Estatutuan langileei onartzen zaizkien entzunaldi, aurretiko kontsulta eta informaziorako eskubide eta eskurantzak.
2.– Aurrreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, langile orok bere lana antolatuko du bere lanpostuari dagozkion erantzukizunen barruan. Halaber, langileak eskubidea izango du bere lan-unitearen helburu, antolamendu eta funtzionamenduari buruzko informazioa eman diezaieten nagusiek.
III. TITULUA
LANGILEEN SAILKAPENA
13. artikulua.– Antolamenduaren eta egitekoen egitura.
1.– NEIKERreko Zuzendaritzak, bere antolamenduaren eremuaren barruan, organigrama bat, lanpostuen zerrenda bat duela, ezarriko du, jardueraren beharren eta zirkunstantzien arabera. Gero, langileen ordezkarien eskura jarriko du.
2.– Organigrama horrek sozietatean dauden departamenduak finkatuko ditu, bai eta horietan dauden lanpostuak ere; gainera, lanpostu horiek betetzeko behar diren lanbide-baldintzak ezarriko ditu. Lanpostu horiek sozietateko zuzendaritzak aldatu egin ditzake, momentu bakoitzean dauden behar eta zirkunstantzien arabera.
14. artikulua.– Langileen sailkapena, egonkortasunaren arabera.
1.– NEIKER sozietate publikoko langileak honela sailkatzen dira: langile finkoak eta iraupen jakin baterako kontratatuak.
2.– Iraunpen eta laneko egonkortasunari buruz modalitate berezirik gabe kontratatu diren langile guztiak hartuko dira finkotzat.
15. artikulua.– Langileen sailkapena, egitekoen arabera.
1.– Hitzarmen honetan sartzen diren langileak beren lanpostuei izendatutako egitekoen arabera sailkatuko dira. I. eranskinean jartzen dira lanbideko kategoria eta taldeak.
2.– Batzorde Parekideari dagokio lanbide-kategoria berriak sartzea, lana antolatzeko beherrak hala agintzen duenean edo hitzarmen honetan beste kolektibo batzuk sartzen direnean.
IV. TITULUA
LANPOSTU BERRIAK ETA HUTSAK
BETETZEA
16. artikulua.– Lanpostu berriak eta hutsak betetzea.
1.– Hutsik dauden lanpostuak edo sortzen diren lanpostu berriak, izendapen askez bete beharrekoak izan ezik, Administrazioko prozedura orokorrez beteko dira, baina ikerketa erakunde bati dagozkion prozedura propioetara egokituta, hau da, hautagaiak aurretiaz gaitzera jo behar du erakundeak, haiek kualifikazio teknikoa izan dezaten. Hitzarmeneko Batzorde Parekidearen bitartez emango zaie horren berri langileen ordezkariei. Hala ere, Institutuaren lantoki guztietan argitaratuko dira, deialdiak zabalkunde handiagoa izan dezan.
2.– Aurreko paragrafoak aipatzen dituen lanpostuak hitzarmen hau aplikatuko den eremuko langile finkoei eskainiko zaizkie. Langileok, eskabidea egiteko unean, plantillan gutxienez bi urte daramatela eta lanpostu bakoitzerako eskatutako betekizunak konplitzen dituztela egiaztatu beharko dute. Langileen ordezkariei entzun ondoren eta betetzeko den lanpostua eta lanbide-kategoria kontuan hartuta, NEIKER-en iritziz beharrezkoak diren frogak egin beharko dituzte hautagaiek. Frogak egin ondoren gai den hautagairik agertzen ez bada langileen artean, deialdi publikoa egingo da.
3.– Goragoko kategoriako zereginak egiteak –Langileen Estatutuko 39.4 artikuluan arautzen da hori– ez du inolaz ere aldi baterako betetzen den lanpostuaren kategoria finkatuko. Horretarako, aurreko paragrafoan ezarritako prozeduraren arabera jokatu beharko da.
4.– Nolanahi ere, aurreko paragrafoetan deskribatutako aukeraketa prozeduretako deialdietan funtsezko datu hauen berri emango da:
a) Hutsik dauden lanpostuen kopurua eta ezaugarriak eta, bereziki, lanbide-kategoria, soldata eta hutsik dagoen lanpostu hori zein lantokikoa den.
b) Hautagaiei eskatzen zaizkien betekizunak.
c) Aukeraketa sistema, frogen bilakaera eta balorazioa.
d) Aukeraketa programak eta baloraketa baremoak.
e) Epaimahaiaren osakera.
5.– Hautaprobetako epaimahai guztietan langileen ordezkari batek egon beharko du.
6.– Langileen ordezkariek deialdien oinarri orokorrei buruzko irizpena emango dute aldez aurretik.
7.– Proiektuen edo lan berrien eskaera handia bada eta dagoen plantillarekin bete ezin bada, prestakuntza aldia Erakundean egin duten pertsonen artean hautaketa mugatu bat egiteko aukera egongo da, beti ere artikulu honen 1. paragrafoak esandakoari jarraituz, hau da, hautagaiak aurretiaz gaitzeko ahaleginak eginez. Hautagaiek, dena den, aldeko txostena izan beharko dute praktikei dagokienez eta beharretara egokitu beharko dute, edo, salbuespenez (eskatzen den lanagatik), sendetsitako lanbide-esperientzia izan beharko dute.
8.– NEIKER sozietate publikoak langileen ordezkariei aldi baterako kontratuetarako erabilitako ereduen kopia bidaliko die, bai eta, ordezkariek eskatuta, egidako aldi baterako kontratuei buruzko informazioa ere, aldian aldian.
17. artikulua.– Lanpoltsak.
Hitzarmena izenpetzen denetik sei hilabeteko epean, batzorde parekideak lanpoltsa bat osatzeko irizpideak finkatuko ditu. Hortik aterako dira langileak, NEIKER sozietate publikoan aldi baterako lanak egin behar direnean.
18. artikulua.– Egitekoak aldi baterako izendatzea.
1.– Lanpostu bateko titularrak momentu batean lanpostuari dagozkion egitekoak betetzerik ez badu, beste langile batek bete ahal izango ditu —ados badago, betiere— lanpostu horren egitekoak, bere lanpostuari dagozkionakin batera. Kasu horretan, batzorde parekidearen aldeko txostena jaso beharko da espedientean.
2.– Titularraren ausentziak hiru hiletik gorakoa izan beharko du eta kasu hauetarako:
a) Aldi baterako lanerako ezintasuna.
b) Amatasunagatiko lizentzia.
c) Euskarako ikastaroetara joatea.
d) Seme-alabak zaintzeko borondatezko eszedentzia, lehenengo urtean.
e) Norbere kontuetarako baimena.
3.– Interesatuari berak duena baino kategoaria handiagoa duen lanpostu bat izendatzen badiote, eskubidea izango du bere kategoriako ordainketen eta izendatu dizkioten egitekoen ordainketen artean dagoen aldea jaso dezan. Esleitzen dizkioten egitekoak kategoria berekoak badira, jaso beharreko osagarria hurrengo kategoriaz edukiko lukeen aldearen parekoa izango da.
19. artikulua.– Probaldia.
1.– Probaldiak ezingo du inolaz ere sei hilabetetik gorakoa izan tituludun teknikarientzat, ez eta hiru hilabetetik gorakoa ere, gainerako langileentzat; kualifikatu gabekoentzat hamabost lanegunekoa izango da.
2.– Aldi horretan, bai NEIKER sozietate publikoak bai langileek lan-harremana bertan behera utz dezakete. Ez batak ez besteak ez du horregatik inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izango, egindako lanaldiagatik dagozkion ordainak izan ezik.
3.– Probaldia iragan ondoren, onarpena automatikoki formalizatuta geratuko da. Aldi hori ondorio guztietarako zenbatuko zaio langileari.
V. TITULUA
LANBIDE-SUSTAPENA
20. artikulua.– Lanbide-sustapena.
1.– Kontratu mugagabea duten langileentzat lanbide-sustapena egiteko sistema bat ezarri da. Sustapeneko sistema horretan sartzea batzorde parekideak erabakiko du.
2.– I. eranskinean finkatutako lanbide-sailkapenaren sistemaren barruan egiten diren igoeretan hauek hartuko dira kontuan: prestakuntza, merituak, langilearen antzinatasuna, enpresariak antolakuntzarako dituen ahalmenak eta lanpostua egotea.
3.– Barruko ebaluazio bat gainditu ondoren igoko da. Horretarako, ebaluazio epaimahai bat sortuko da, Zuzendaritzako hiru kidekin eta langileen ordezkari batekin osatuta —ez du zertan legezko ordezkaria izan behar—.
4.– Sozietate publikoak mugatu egin dezake kategoria batean egon daitezkeen langileen kopurua, zenbat baliabide duen kontuan hartuta eta lanpostuak langileen egiturara zenbat egokitzen diren kontuan hartuta. Dena dela, lanpostu bakoitzean gutxienez egoteko bataz besteko aldia lau urtekoa da.
VI. TITULUA
LANGILEEN MUGIKORTASUNA
21. artikulua.– Langileak lekuz eta eginkizunez aldatzea.
Langileak lekuz eta eginkizunez aldatzeari dagokionez, Langileen Estatutuaren 39. eta 40. artikuluetan agindutakora joko da, hitzarmeneko batzorde parekideak txostena eman ondoren.
Lantokia betiko aldatzen denean, gehinez bi urtetan ordainduko dira janari eta joan-etorrien gastuak. Aldi horretan, lantokia aldatu zaien langileek 60.000 PTAko kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango dute titularragatik eta lekua aldatzen duen familiako kide bakoitzeko; altzari eta tresnak garraiatzeak sortutako gastuak ere ordainduko dira —behar bezala justifikatu beharko dira—. Eskubide horretaz baliatu ostean, janari eta joan-etorrien gastuen ordainketa eten egingo da.
VII. TITULUA
LANALDIA ETA OPORRAK
22. artikulua.– Lanaldia.
1.– Hitzarmen honen aplikazio-eremuko langileentzako normalizatutako lanaldia 1.660 benetako ordukoa izango.
23. artikulua.– Eguneko benetako lanaldia eta ordutegiak.
1.– 1.660 orduko lanaldi normalizatua benetako lanerako hartzen da, beraz, langileak bere lanpostuan egon beharko du ohiko lanaldia —dagokion egutegian ezarriko da— hasten denetik amaitzen den arte.
2.– Urteko lanaldi zatitua eta normalizatua goizeko eta arratsaldeko lanaldiaz osatzen dira. Astelehentik ostegunera arte, eguneko lanaldi zatituaren iraupena urtero zehaztuko den lan-egutegian finkatuko da eta ordutegi honen arabera beteko da:
Sarrera: 8:00etan, 9:00ak arteko malgutasunaz.
Irteera: lanaldia betetakoan.
Arratsaldeko lanaldia bi ordu eta erdikoa izango da gutxienez, benetan lan egindakoa betiere.
Lanaldi arruntean jendearentzako ordutegia 15:00etatik 17:00etara artekoa izango da.
3.– Ostiraletan (udako lanaldikoetan izan ezik) lanaldi jarraitua egongo da; 7 ordukoa izango da eta ordutegi honen arabera beteko da:
Sarrera: 8:00etan, 9.00ak arteko malgutasunaz.
Irteera: lanaldia bukatutakoan.
4.– Udako lanaldi jarraituak 15 aste iraungo ditu: ekaineko lehenengo edo bigarren astean hasiko da, sei ordu eta erdikoa izango da egunero, benetan lan egindakoa betiere, eta ordutegi honen arabera beteko da:
Sarrera: 8:00etan, 8:30ak arteko malgutasunaz.
Irteera: sei ordu eta erdi bete ondoren.
5.– Ausentziak, puntualitate-hutsak eta lanlekutik aldentzeak, bai eta laneko egutegiaren araudiarekin egindako ez-betetzeak ere, NEIKER sozietate publikoko langileen arduradunari jakinarazi beharko zaizkio.
24. artikulua.– Egutegia.
1.– Urteko lanaldiaren banaketa bera izango da langile guztientzat, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak jarritako lan egutegiaren arabera.
2.– Urtero, NEIKER sozietate publikoak, sindikatuetako organoekin negoziatu ondoren, lan-egutegia jendaurrean jarriko du, NEIKER sozietate publikoak Euskal Autonomia Erkidegoan dituen bulego guztietan horren berri izan dezaten, hitzarmen honen eraginpean daudenez gero.
3.– Lan-egutegia egiteko, egun hauek ez dira lanegun izango:
a) Urte guztiko igandeak.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko jai-egunak.
c) Lan eta Gizarte Segurantza Sailak ezarritako herriko jaiak.
d) Abenduaren 24a eta 31.
e) Errekuperatutzat jotzen dira urte guztiko larunbatak.
4.– Aste Santuan eta Gabonetan ere ordaindutako baimenak izango dira.
5.– Aste Santuan eta Gabonetan lanerako aldi baterako ezintasunen bat izaten bada edo erditzea gertatzen bada, baimen egunak hartzeko eskubidea egongo da.
6.– Urtebetetik beherako kontratua egin zaien langileek, bai eta urte guztia lan egin ez dutenek, dagokien ehunekoaren arabera hartuko dituzte errekuperatutako baimenak, urte guztian zehar.
25. artikulua.– Aparteko orduak.
1.– Lanpostuak sortzea errazteko, aparteko orduak, hots, gehieneko lanaldia gaindituz egindakoak, ahalik eta gehien murriztea ebatzi dute bi alderdiek, irizpide hauei jarraituz:
a) Aparteko ordu arruntak: guztiz eta oso-osoan desagertarazi.
b) Ustekabekoak, ausentziak, zerbitzu etenaldiak, langileen txanden aldakuntzak gertatzeagatik edo dena delako zerbitzu edo jardueratik sortutako egitura mailako bestelako gorabeherak izan direlako beharrezko gertatzen diren aparteko orduak: mantendu, baldin eta legez eta arauz aurreikusita dauden aldi baterako edo zatikako kontratazio modalitateak erabiltzerik ez badago. Edonola ere, aparteko orduen kopurua ezingo da 80tik gorakoa izan langileko.
2.– Ohiko lanalditik kanpo egiten diren aparteko orduak, oro har, atsedenaldiez konpentsatuko dira: aparteko ordu bakoitzak ordubete eta berrogeita bost minutuko atsedenaldirako eskubidea emango du lanegunetan egin bada eta 2 ordukoa larunbatez, igandez, jaiegunez edo gauez egin bada.
3.– Konpentsazio hori hilabeteka egingo da. Atsedenaldia hurrengo hilabetean hartu ahal izango da, NEIKERreko Zuzendaritzarekin bat etorriz.
26. artikulua.– Lanaldien arteko tartea.
Lanaren antolakuntza erregimena edonolakoa izanik ere, ohiko lanaldi baten bukaeraren eta hurrengoaren hasieraren artean gutxienez 12 orduko tartea egon beharko da.
27. artikulua.– Oporrak.
1.– Zerbitzuan egindako urte osoko ordaindutako hilabeteko oporrak edo proportzioz dagozkien egunak hartzeko eskubidea izango dute langile guztiek.
2.– Zerbitzu-urtea osatu ez dutenentzat, lanean hasi zirenetik edo lanera bueltatu zirenetik urte bereko abenduaren 31ra arteko aldiaren araberakoa izango da oporraldiaren iraupena.
3.– Oporraldia ezin da, ez osorik ez zati batean, diruz ordezkatu, ez bada honako kasu hauetakoren batean: urtearen barruan langileak lan egiteari uzten badio eta oporraldia artean hartu gabe edo osorik hartu gabe badu. Erretirak eta eszedentziak ez dira dira aintzat hartuko, horietan ez baita diruz konpentsatzerik izango.
4.– Artikulu honetako aurreko paragrafoan adierazitako ezohikoren bat gertatzen baldin bada, urte horretan lanean egindako hilen arabera artean hartzeko duen oporraldiari dagokion ordaina jasotzeko eskubidea izango du langileak; 2,5 egun natural dagozkio, hain zuzen ere, hilabeteko, hilabete-zatiei dagokiena ere proportzioan jasoko duelarik. Lan-harremana etenda geratzearen arrazoia langilearen heriotza bada, hildakoarekiko eskubidedunei ordainduko zaie aipatutako ordaina.
5.– Oporraldia.
a) Oporraldia ekainaren 1etik irailaren 30era izango da nagusiki, eta lau hiletatik edozeinetan har daiteke, laneko beharrak beteta daudela. Abuztua zenbatuko da egutegia prestatzeko.
b) Aldi horren barruan oporraldia bitan zatituta hartu ahal izango da, zati bakoitzak gutxienez zazpi egun natural izan beharko duelarik.
c) Aurreko idatz-zatietan adierazitakoa arau orokorra baldin bada ere, NEIKER sozietate publikoko Zuzendaritzak, astebete edo hilabete bat ekaina eta irailaren arteko hilabeteetatik kanpo hartzeko baimena eman dezake. Hori egin nahi dutenek oporraldian hasi nahi duten eguna baino gutxienez hilabete lehenago egin beharko dituzte beren eskabideak, eta Zuzendaritzak egun hori baino gutxienez 15 egun lehenago eman beharko die erantzuna. Kontrako ebazpena jasotzen duten eskabideak eta oporren laukia egiterakoan sor litezkeen gorabeherak Batzorde Parekideak azter ditzake.
d) NEIKER sozietate publikoko Zuzendaritzak zerbitzuaren beharrengatik oporretarako adierazitako ekainetik irailera arteko alditik kanpoko egunak izendatzen baldin badizkie langileei, konpentsazio gisa 5 lanegun gehiago emango dizkie.
e) NEIKER sozietate publikoko Zuzendaritzak zerbitzuaren beharrengatik oporraldia ekainetik irailera artean ezartzen badu, langileek astebete aldi horretan hartzeko eskubidea izaten jarraituko dute.
f) a), b) eta c) idatz-zatietan adierazitakoa gorabehera, orduak errekuperatu egin beharko dira, urteko benetako lanaldiari zuzen egokitzeko. Eskatutako aldian, astebetekoan, jaiegun bat edo batzu badaude, hartu ahalko den gutxieneko aldia lau lanegunekoa izango da.
g) Oporretako taula urteko lehen hiruhilabetean eratuko da.
6.– Gaixotzea edo ezbeharren bat izatea gertatuz gero, oporraldia etenda geratu ahalko da. Kasu horretan, interesatuak, dena delako egoera hori igaro ondoren eta alta agiria NEIKER sozietate publikoko bulegoetan aurkeztu ondoren, oporraldia osatzeko eskubidea izango du.
7.– NEIKER sozietate publikoak, zerbitzu beharrak direla eta, oporraldia aldatu egiten badu hamabost egun baino gutxiago falta direla, langileak, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu ondoren, horrek ekarri dizkion gastuen ordaina jasotzeko eskubidea izango du, baldin eta gastu horiek langilearen axolagabekeriaren ondorioz gertatu ez badira.
8.– Oporrak hasi ostean, lana dela-eta etenda geratzen badira, lan egindako ordu bakoitzeko bi ordu jai hartzeko eskubidea egongo da, aurreko paragrafoaren arabera gastuak ordaintzeaz gainera, bi ordu hartu ahalko ditu lan egindako ordu bakoitzeko.
VIII. TITULUA
LIZENTZIAK ETA BAIMENAK
28. artikulua.– Lizentziak eta baimenak.
1.– Hitzarmen honen eremuan dauden langileek ondoren zehazten diren aldirako eta bertan adierazten diren arrazoiengatik hartu ahal izango dute ordaindutako lizentzia:
a) Gaixotasun edo istripuagatiko lizentzia.
b) Haurdunaldi, erditze eta edoskitzaroko lizentzia. Adoptatzeagatiko lizentzia.
c) Aitatasunagatiko lizentzia.
d) Norberaren edo senideen ezkontzagatiko edo izatezko bikotea osatzeagatiko lizentzia.
e) Senideen gaixotasun larri edo heriotzagatiko lizentzia.
f) Saihestezineko betebehar publiko edo pertsonalengatiko lizentzia.
g) Ohiko etxebizitzaz aldatzeko lizentzia.
h) Sindikatu edo langileriaren ordezkotza egiteko lizentzia.
2.– Ondoren zehazten diren baimenak ere eman ahal izango dira, bertan zehazten diren arauen arabera. Hauek dira baimenak:
a) Adin txikikoak edo ezindu fisiko, psikiko edo sentsorialak eta 2. gradurainoko senideak zaintzeko.
b) Betetzen den zeregin edo lanpostuarekin harreman zuzena duten lanbide-hobekuntzarako ikasketak burutzeko.
c) Betetzen den zeregin edo lanpostuarekiko harreman zuzenik ez duten ikasketak burutzeko.
d) Kontsulta, tratamendu eta azterketa medikoetara joateko.
e) Zientzia, teknika eta lanbide izaerako talde-gertakizunetara joateko.
f) Norberaren kontuetarako baimena.
3.– Titulu honetan araututako lizentzia eta baimenen bidez libre hartutako lanegunak, egunok emateko arrazoi izan diren gertakariak gertatzen diren egunean hartu beharko dira, espreski beste aukeraren bat jartzen denean salbu.
4.– Lizentziak edo baimenak ematea NEIKERreko Zuzendaritzaren esku egongo da, eta, kasuan kasu, baimena emango du. Beti ere, beharrezko diren neurriak prestatuko dira, lizentzia edo baimenaz baliatzen den langilea bertan ez egoteak zerbitzuari kalterik ez ekartzeko.
29. artikulua.– Lizentzia eta baimenen arteko bateraezintasuna.
Edoskitzaroko lizentzia eta adin txikikoak edo ezindu fisiko, psikiko edo sentsorialak zaintzeko lanordu-gutxitzea gertatzen denetan salbu, ezingo da inoiz ere aurreko artikuluan adierazitako lizentzia edo baimen bat baino gehiagoz baliatu aldiko. Oporraldiak dirauen artean ezingo da ordaindutako lizentzia edo baimenez baliatu.
30. artikulua.– Lantokira itzultzea.
Hartzen dituzten lizentzia eta baimenen aldia bukatutakoan, berehala itzuli beharko dute langileek beren lanpostuetara, eta lanetik kanpo egin duten aldia justifikatu egin beharko dute, diziplina-erantzukizuna izango baitute bestela.
31. artikulua.– Gaixotasun edo istripuengatiko lizentziak.
1.– Langileek lizentzia hartzeko eskubidea izango dute gaixorik daudenean edo istripuren bat izan dutenean, eta, ondorioz, beren jardunak burutzeko ezgaituta daudenean –hori horrela dela mediku zerbitzuek egiaztatuko dute–, harik eta medikuak alta eman arte. Hala ere, ezingo da kontratuaren iraupen jakina inolaz ere gainditu.
2.– NEIKER sozietate publikoak, gaixotasun edo istripuen eraginez sortutako aldi baterako lanerako ezgaitasunaren kasuan, langileek soldataren %100 jasotzeko behar duten osagarria ordainduko du, 18 hilabetera arte gehienez ere.
3.– NEIKER sozietate publikoak, enpresako zerbitzu medikoaren bidez, lagilearen gaixotasuna edo istripuak eragindako egoera nola dagoen egiaztatu ahalko du eta segimendua egin ahalko dio eta, horrela, behar duen laguntza emango dio guztiz osatu arte. Langileak azterketa egiteari uko egiten badio, ematen zaizkion laguntza ekonomikoak gal ditzake, entzunaldia izan ondoren.
4.– 18 hilabeteko gehienerako epe hori agortu ondoren, denbora horretan langileak Ezintasun Iraunkorreko graduren bat onar dakion eskatu baldin badu, aurreko paragrafoan adierazitako zenbatekoa jasotzeko eskubidea izango du, alta medikoa jasotzen duen arte —ezgaitasun-aitormenakin nahiz gabe— edo hiltzen den arte. Ezintasun iraunkorra onartzen bazaio eta gradua ezintasun iraunkor oso, erabateko ezintasun iraukor edo baliaezintasun handia bada, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalaren ebazpenean adierazitako ondorio ekonomikoen egunaren aurreko egunera luzatuko da aipatu eskubidea. Horretarako, eskubide hori gauzatzeko eskabidea aurkezteko epea hilabetekoa izango da. Epea, ezingo baita luzatu, hemendik aurrera zenbatuko da: altaren egunetik, edo ezgaitasun gradua adierazi zion ebazpenaren jakinarazpenaren egunetik, edo, kasua bada, ezgaitasuna sendatze-bidean ikusteagatik gradu hori ukatu zion erabakiaren egunetik edo heriotzaren egunetik. Ezgaitasuna aitortzeko eskabidea 18 hilabeteko epea igaro ondoren egiten bada, zenbateko hori jasotzeko eskubidea eskabidea egin zen egunetik aurrera aitortuko zaio.
5.– Gaixotasun edo istripuagatiko lizentziak dirauen denboran, hortaz baliatzen den langileak irabazirik ematen duen edozein lan egiten badu, aurreko paragrafoan ezarritako zenbatekoa jasotzeko eskabidea galdu egingo du; gainera, hilabeteko epean, eta oker jasotako kopuruak itzuli egin beharko dizkio NEIKER sozietate publikoari eta diziplina-espedientea ireki ahalko zaio.
6.– Bere borondatez eta inolako arrazoirik gabe gaixotasun edo istripu egoera luzatu egiten badu, diziplinako erantzukizuna izango du, beste erantzukizunen batzuen artean, eta bigarren paragrafoan ezarritako zenbatekoa jasotzeko eskubidea galdu egingo du.
32. artikulua.– Haurdunaldi, erditze edo edoskitzaroko lizentzia. Adoptatzeagatiko lizentzia.
1.– Emakumeek haurdunaldi eta erditzeko lizentzia hartzeko eskubidea izango dute, hamazapi asterako; erditze anizkoitza bada, hemeretzi aste izango dira. Emakumearen esku dago asteok noiz eta nola hartu; hala ere, sei aste erditu ondoren hartu beharko ditu. Ama hil egiten bada, aita balia daiteke aste horietaz, haurra zaintzeko. Lizentziako aldi osoa bukatu ostean, koadro klinikoaren eraginez, langileak lana normal burutzeko eragozpenak baditu, A.L.E.ko baja hartuko du, horretarako behar diren izapideak egin ondoren.
2.– Oporraldia haurdunaldi, erditze edo edoskitzaroko lizentziari gehitu ahalko dio langileak, aldi horri dagokion urte naturala iragan bada ere.
3.– Aitak eta amak biek lan egiten badute, amatasuna dela eta amak daukan baimena hasten denean, aukera izango da baimen horretako azken lau asteak aitak hartzeko; jarraituak eta baimenaren azken aldikoak izan beharko dute asteok. Amari lanera joateak bere osasunerako arriskurik ekarriko balio, aitak ezingo luke aste horiez baliatu.
4.– Adopzioaren kasuan, semetzat hartutakoa bederatzi hiletik beherakoa bada, hamazazpi asteko lizentzia hartzeko eskubidea izango du langileak. Aukera izango du edo umea hartzeko erabaki administratibo edo judiziala ematen denetik hartzeko edo adopzioa egiteko ebazpen judiziala ematen denetik. Semetzat hartutakoa bederatzi hiletik gorakoa eta bost urtetik beherakoa bada, baimena 50 egun naturalekoa izango da gehienez. Biek, hots, aitak eta amak lan egiten badute, bat baino ezingo da eskubideaz baliatu. Lizentziaren egunak aitaren eta amaren artean banatu ahalko dute, 50 egun gainditu gabe, betiere.
5.– Adopzioa nazioartean egin bada, umea hartzeko atzerrira joatea ezinbestekoa denean, behar den moduan egiaztatzen bada, behar besteko baimena emango da, baina 15 egun naturalekoa, gehienez.
7.– Halaber, emakumeak bere lanean ordubeteko geraldia –bi zatitan banatu ahal izango du– egiteko eskubidea du, haurra, 10 hilabetetik beherakoa, edoskitze naturalez zein artifizialez hazteko. Emakumeak, borondatez, eskubide hau aldatu egin ahal izango du, lanaldia ordubetez gutxituz, helburu berarekin. Edoskitzea artifiziala denean, lan jardunaldian geraldia egin edo gutxitzeko eskubidea aitari pasatu ahal izango zaio, aitak eskatzen badu eta, ama langilea dela egiaztatu ondoren, amak eskubideari uko egiten diola edo ezin dela lizentziaz baliatu ziurtatzen badu.
8.– Langileak aukeratu egin dezake edo aurreko paragrafoan aipatzen den lizentzia hartzea edo haurdunaldiagatiko eta erditzeko lizentziaren denbora metatzea. Benetan lan egindako egunen orduak baino ez direla zenbateko hartu behar da kontuan. Horregatik, eskabidea egiteko unean, langileak hau jakinarazi beharko du, ea hamargarren hilabetea betetzeko geratzen den denboran lizentzia, baimena, oporra edo eszedentzia eskatuko duen eta horrela aldi horiek zenbaketatik kendu egingo dira.
9.– Langileak, amatasun egoeran dagoen artean, ordainketen %100 jasotzeko behar dituen osagarriak ordainduko dizkio NEIKER sozietate publikoak.
33. artikulua.– Aitatasunagatiko lizentzia.
1.– Erditzea denean, aitak 3 laneguneko lizentzia hartzeko eskubidea izango du, jarraituak edo ez, erditzearen hurrengo 15 egun naturalen barruan.
2.– Erditzeak arazoak sortuko balitu amaren edo haurraren koadro klinikoan, edo aitaren ohiko egoitzatik 150 km. baino urrunago izango balitz, kasu bietan aitak beste egun natural bi gehiago hartzeko eskubidea izango luke.
34. artikulua.– Norberaren edo senideen ezkontzagatiko lizentzia.
1.– Norbera ezkontzeagatik langileak 20 egun naturaleko lizentzia hartzeko eskubidea izango du; ospakizun horren aurretik edo ostetik hartu ahal izango da, baina eguna bera barruan sartzen delarik. Lizentzia hau oporraldiari gehitu ahal izango zaio aurretik zein atzetik. Zerbitzu zuzendariari gutxienez ere 15 egun aurretik eskatu beharko zaio.
2.– Aurreko paragrafoan emandako eskubideak elkarbizitza egonkor bati ekiten dioten bikoteek ere izango dituzte, hots, ezkontzaz kanpo elkartzen direnek. Horretarako, ordea, interesatuak helbideratuta dauden udalerriko udalak egindako elkarbizitza-egiaztagariaren bidez egiaztatu beharko dute, edo bestela, Elkarketa Zibilen Udal Erregistroko egiaztagiriaz. Elkarbizitza egonkorra hitzarmen hau indarrean sartu ondoren hasten duten bikoteek baino ez dute izango lizentzia hau. Ezingo da ezkontzagatiko edo elkarbizitza bat hasteagatiko lizentziarik hartu beste sei urtetan, eta inola ere ez, bikotea osatzen duten kideak berak direnean.
3.– Langilearen aita-amak, aitaginarreba-amaginarrebak, neba-arrebak, koinatu-koinatak, seme-alabak, bilobak edo aiton-amonak ezkontzen badira, egun natural bateko lizentzia hartzeko eskubidea izango du, ezkontzaren egunean bertan; lizentzia 3 egun naturalekoa izango da, ospakizuna langilea bizi den lekutik 150 km. baino gehiagora dagoenean.
35. artikulua.– Senideen gaixotasun larri edo heriotzagatiko lizentzia.
1.– Kontzeptu horregatik langileak duen lizentziak epealdi hauek ditu: 3 lanegun, 2. mailarainoko odol-kidetasun eta ezkontza-ahaidetasuneko senideen heriotza dela-eta; eta 5 lanegun, ezkontide, bizilagun edo seme-alaben gaixotasun larri edo heriotzagatik (egiaztatu egin beharko da). Bi lanegun izango ditu 2. mailarainoko odolkidetasun eta ezkotza-ahaidetasuneko senideen gaixotasun larriagatik (egiaztatu egin beharko da).
2.– Aipatutako lizentzia epealdiak 2 egun natural gehiagoz luzatuko dira gertakizunak langilea bizi den ohiko egoitzatik 150 km. baino gehiagotara izanez gero.
3.– Bigarren mailarainoko odolkidetasun eta ezkontza-ahaidetasuneko senideen gaixotasun larrien kasuan (egiaztatu egin beharko da), epealdi berdineko beste bigarren lizentzia bat hartzeko eskubidea izango du langileak, lehenengo lizentzia bukatzen denetik 30 egun igaro ondoren. Ohiko bizitokiko distantziagatiko luzapena ezingo da erabili.
4.– Aurreko puntuetako ondorioetarako, gaixotasun larri zer den jakiteko, dagokien medikuen zerbitzuek horrela adierazitakoa hartuko da kontuan.
5.– Artikulu honetan araututako lizentzien egunak lizentzia ematea eragin duten gertakariak gertatzen diren egunetan hartu beharko dira nahitaez.
36. artikulua.– Saihestezineko betebehar publiko edo pertsonalak betetzeko lizentzia.
1.– Saihestezineko betebehar publiko edo pertsonalak betetzeko, langileek hori betetzeko beharrezko duten denbora hartzeko lizentziarako eskubidea izango dute, baldin eta lan orduetatik kanpora ezin badira egin.
2.– Ondorio guztietarako, hauek hartuko dira saihestezineko betebehar publiko edo pertsonaltzat:
a) Epaitegi, komisaldegi, gobernu zibil edo militarreko deiak, ikuskapen militarra eta armena, NAN, pasaportea, egiaztagiriak eta zentro ofizialetako erregistroak.
b) 2. mailarainoko odolkidetasun eta ezkontza-ahaidetasuneko senide diren ezindu fisiko edo psikikoei izapide zehatzak egiten laguntzea.
c) Gidabaimena ateratzeko azterketa egitea edo gidabaimena berritzea.
d) Notaritzako errekerimenduak eta izapideak.
e) Erakunde ofizialetan egin beharreko izapideak.
f) Gobernu organoen eta horien menpeko batzordeen bileretara joatea, horietako kide denean, zinegotzi, diputatu, batzarkide edo legebiltzarreko hautatu legez.
37. artikulua.– Ohiko bizilekuaz aldatzeko lizentzia.
Langileak ohiko bizilekua aldatu behar duenean, 2 laneguneko lizentzia hartzeko eskubidea izango du. Behar den moduan egiaztatu beharko du hori.
38 artikulua.– Sindikatu edo langileriaren ordezkotza egiteko lizentzia.
1.– Sindikatu edo langileriaren ordezkotza lanak egiten dituzten langileek, hitzarmenean ezarritakoaren arabera, horri dagokion lizentzia hartzeko eskubidea izango dute, indarrean dagoen araudian eta hitzarmen honetan jasotakoetan ezartzen diren zirkunstantzia, epe, betekizun eta betebeharrekin bat etorriz.
2.– Nolanahi ere, hitzarmeneko mahai negoziatzaileko partaide diren langileek, negoziaketa kolektiboa izapidetzeko, mahaiko idazkariak ofizialki deitutako bileretara joateko behar duten denborako lizentzia hartzeko eskubidea izango dute; bestalde, euretariko bakoitzak bere ondoko buruari aurretiaz adierazi beharko dio ez dela lanean izango, gertakizun hori dela eta.
39. artikulua.– Adin txikikoak edo ezindu fisiko, psikiko edo sentsorialak edo 2. mailarainoko senideak zaintzeko baimena.
Legez agindutako zaintza duelako, zuzenean bere ardurapean sei urtetik beherako umeren bat edo ordaindutako lanik egiten ez duen ezindu fisiko, psikiko edo sentsorialen bat edota 2. mailako odolkidetasuneko senide bat, gaixotasun larri luzea duena eta langilearekin bizi dena, daukan langileak lanaldia gutxitzeko baimena eskatu ahal izango du; herenetik eta erdira artekoa izango da hori, eta soldatako kontzeptu guztiak ere proportzio berberean gutxituko zaizkio.
40. artikulua.– Betetzen den zeregin edo lanpostuarekiko harreman zuzena duten lanbide-hobekuntzarako ikasketak burutzeko.
1.– Betetzen den zeregin edo lanpostuarekin zuzenean lotuta dauden lanbide-hobekuntzarako ikasketak burutu ahal izateko baimena eman ahal izango zaie langileei, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko zein Estatu osoko gaikuntza zentro ofizialetan onartzen badituzte ikasketa horiek egiteko.
2.– Baimen horrek ez du ikasturte bati dagokiona baino gehiago iraungo.
3.– Baimen hau ordaindu egingo da.
41. artikulua.– Betetzen den zeregin edo lanpostuarekiko harreman zuzenik ez duten ikasketak burutzeko.
Betetzen den zeregin edo lanpostuarekiko harreman zuzenik ez duten gaiei buruzko ikasketak egiteari dagokionez, zentro ofizial eta homologatuetako azterketa akademikoetara joateko beharrezko duten baimena eskuratu ahal izango dute langileek; egin beharreko azterketa edo froga bakoitzeko egun natural bateko baimena izan ahalko dute, direla ohiko deialdikoak direla ohizkanpokoak. Horri dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko dute beti. Baimen hori bi egun naturalez luzatuko da azterketa egiten duenaren ohiko egoitzatik 150 km baino urrunago baldin bada. Baimen hori ordaindu egingo da.
42. artikulua.– Kontsulta, tratamendu eta azterketa medikoetara joateko baimena.
1.– Norberaren premiak direla eta, lan orduetan kontsulta, tratamendu eta azterketa medikoetara joateko baimena dute langileek, bertara joateko behar besteko arrazoiak daudenean eta azterketak egiten diren zentroetako kontsulta-ordutegiak lan ordutik kanpo joateko aukerarik uzten ez duenean.
2.– Baimen hori ordaindu egingo da.
3.– Haurdun dagoen langileak eskubidea izango du jaioaurreko azterketak eta erditzerako prestatzeko teknikak jasotzeko baimena hartzeko, ordainduta. Horretarako, azterketa horiek lanorduen barruan egin beharra justifikatuko da, bai eta azterketa horietara joan izana ere.
43. artikulua.– Zientzia, teknika, lanbide, elkargo, elkarte eta sindikatu izaerako talde-gertakizunetara joateko baimena.
1.– Biltzar, ikastaro, ikastaldi, mintegi, symposium, topaketa, erakustaldi, elkarrizketa, hitzaldi, bilera, jardunaldi eta beste talde gertakizun zientifiko, tekniko edo profesional batzuetara joateko baimena eman ahal izango zaie langileei, zerbitzuko beharrizanen arabera eta dagokion departamentuko buruak onartuta.
2.– Langileak bere kabuz eskatutako baimena denean, ez du inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izango, ez dietarik, ez bidai gasturik, ez egonaldi edo inskripzio gasturik, ez beste ezer, den-denak bere kontura izango baitira. Baimen hau ordaindu egingo da, bost eguneraino gehienez.
44. artikulua.– Norberaren kontuetarako baimena.
1.– Norberaren kontuetarako baimena eskatzeko, pisu handiko arrazoiengatik denean izan ezik, eskatzailea lanean hasi edo zerbitzuan berriro sartu zenetik urtebete igaro beharko da.
2.– Norberaren kontuetarako emandako baimenak ez dira ordainduko. Baimen horien aldia ez da zenbatuko oporrak kalkulatzeko eta bost urtean behin urtebetekoa izan daiteke gehienez. Baimenaz hasten den egunean hasiko da zenbatzen bost urteko epe hori; beraz, urtebeterako baimena eskatzen bada, ez da beste halako baimenik emango harik eta egun horretatik bost urte pasatzen diren arte. Urtebetetik beherako baimenen kasuan, baimena hasten den egunean hasiko da zenbatzen eta egun horretatik bost urteko epean, norbere kontuetarako baimenak eman ahal izango dira, urtea bete arte.
3.– Baimena ikasketa ofizialak egiteko eskatzen denean, gehienez plantillaren %10ari eman ahal izango zaio. Urtean hiru hilabete jarraituta eman ahalko dira gehienez. Hala ere, zer-nolako bereziak daudenean, ehuneko horretatik gora eman ahalko da zerbitzuko beharrei erantzun ondoren.
4.– Gobernuz kanpoko garapenerako erakundeen babesean, garapen bidean dagon herrialderen batean misioren bat egiteko bada baimena, bost urtean behin urtebete hartu ahalko da gehienez; gutxieneko aldia, berriz, hiru hilabetekoa izango da.
5.– Erakunde eta administrazio publikoetako kidego eta eskaletan sartzeko deialdietako hautaprobetako ariketak egiteko ere eman daiteke baimena. Proba horiek egiteko behar den denbora emango du baimenak.
6.– Espetxean dauden 2. mailako odolkidetasuneko senideak bisitatzeko baimena ere emango da. Horretarako behar den denbora emango du baimenak, baldin eta bisitok lanorduez kanpora egin ezin badira.
7.– Idatz-zati honetan jasotako baimenengatik hartutako denbora ez da ordainduko eta bete gabeko orduak errekuperatu egin daitezke, departamenduetako buruek agintzen dutenaren arabera, zerbitzuko beharrekin konplitzeko.
8.– Langileak lanaldia erdira edo heren batera murriztea eska dezake eta, ondorioz, hein berean murriztuko zaizkio ordainketak, hirurtekoak barne. Lanaldia murriztea eta beste edozein jarduera, ordaindua izan edo ez, burutzea bateraezinak izango dira, baldin eta jarduera hori murriztutako lanorduan egiten bada. Gutxienez urtebeterako eskabidea egin beharko da. Baimen hau eten ondoren, ez da beste eskabiderik egiterik izango, harik eta baimena amaitzen denetik hiru urte pasatzen diren arte. Lanean hasi edo itzuli zenetik bi urte igarota eskatu ahalko da.
9.– Baimen hau ematea zerbitzuko beharren menpe egongo da.
45. artikulua.– Lan-harremana etetzea, lanpostua gordez.
Hitzarmen honen eremuan dauden langile finkoei kontratua etetzen zaienean, lanpostua gordetzeko eta aldi hori antzinatasunerako zenbatzeko eskubidea izango dute kasu hauetan:
1.– Soldadutza edo ordezko gizarte-zerbitzua.
Lenera hilebeteko epean itzuli beharko da, zerbitzua amaitu zen egunetik hasita. Soldadutzan edo ordezko gizarte-zerbitzuan dauden langileak aparteko ordainketa biren pareko zenbatekoa jasotzeko eskubidea izango dute egoera horretan dauden bitartean.
2.– Askatasuna galtzea.
Askatasuna galdu izanagatik lan-harremana etenda duen langileak bere lanpostua gordeta edukitzeko eskubidea izango du epai kondenatzailea jasotzen ez duen bitartean. Egoera horretan dagoen bitartean ez du inolako diru ordainik jasoko. Hala ere, insumiso izateagatik epai kondenatzaile irmo batez askatasuna galdu duten langileek lanpostua gorde dakien eskubidea izango dute, zigorra betetzen duten aldian.
3.– Ezgaitasuna deklaratzea eta lanpostua gordetzea.
Lan-harremanak etenda jarraituko du, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak ezgaitasunari buruz emandako hasierako ebazpenean epe bat jartzen badu, bi urteko edo gutxiagokoa, ezgaituak hobetu egingo duela usteagatik, azterketa bat eskatu ahal izateko.
46. artikulua.– Eszedentziak.
1.– Hitzarmenaren eremuan dauden langile finkoek nahitaezko edo borondatezko eszedentzia hartzeko eskubidea izango dute. Nahitaezkoak lanpostua gordetzeko eta kasuan kasuko aldia antzinatasunerako zenbatzeko eskubidea emango die, eta kargu publikoren baterako hautatuak edo izendatuak izaten direnean eta, ondorioz, lanera etortzerik ez dutenean emango zaie. Lanera itzultzea kargu publikoa utzi eta hurrengo hilaren barruan eskatu beharko dute.
2.– Halaber, ordezkatze-indar handieneko erakunde sindikaletakoren baten probintzia, autonomia-erkidego nahiz Estatuko zuzendaritza organoetan kargu sindikalen bat duen edo horretarako deia egin zaion langileak ere izango du eszedentzia hartzeko eskubidea. Kargu hori duen bitartean lanpostua gorde eta antzinatasuna kontatzeko eskubidea izango du. Kargu hori utzi ondorengo hilabetearen barruan itzuli beharko du lanera.
3.– Edozein administrazio publikotan edo erakunde publikotan mugarik gabe lanean hastean den langile finkoak borondatezko eszedentzia hartzeko eskubidea izango du, zerbitzu publikoan lan egiteagatik. Egoera hori eragin zuen zerbitzuak dirauen artean egon ahalko du horrela. Zerbitzu horretan baja eman ostean, lanera itzultzea eskatu beharko du hilabeteko epean gehienez, eta jakinarazi egiten zaio, horrela egin ezean, norbere kontuetarako eszedentzian dagoela deklaratuko dela.
4.– Langileak NEIKER sozietate publikoan indarrean den legediak eskatzen duen antzinatasuna duela egitaztatzen badu, eskubidea izango du norbere kontuetarako borondatezko eszedentzia eman dakion, gutxienez bi urterako eta bosterako gehienez. Eskubide honetaz berriz baliatzeko, aurreko eszedentzia amaitu eta lau urte pasatu beharko dira.
d) Langile finkoek, seme-alaba bakoitza jaiotzen den egunetik aurrera, gehienez ere hiru urteko eszedentzia hartzeko eskubidea izango dute, umea zaintzeko. Ondorengo seme edo alaba bakoitzak beste eszedentzia baterako eskubidea emango du, hala gertatuz gero, une horretan burutzen ari den eszedentzia bertan bukatuko delarik. Aitak eta amak, biek lan egiten dutenean, eskubide horretaz ezingo du bietako batek baino baliatu. Eszedentziaren lehenengo urtean, langileak lanpostua gorde dakion eta aldi hori antzinatasun ondorioetarako zenbatu dakion eskubidea izango du. Urte hori amaitzean, eszedentzia bukatzen den artean, borondatezko eszedentzia arautzen duten arauak aplikatuko dira, bestelako itun kolektibo edo indibidualik egiten denean salbu.
4.– 3. eta 4. paragrafoetan araututako borondatezko eszedentziak ez dute lanpostua gordetzeko eskubiderik eta eszedentzian dagoen langileak hutsik dagoen edo hutsik geratzen den lanposturako lehentasuna izateko, berak utzitako lanpostuaren kategoria berekoak edo antzekoak izan beharko dute.
IX. TITULUA
GIZARTE LAGUNTZAK
47. artikulua.– Aurrerakinak eta nominak aurreratzea.
47.1.– Aurrerakinak.
Jardunean dauden langileek, indarrean dauden aurrekontuetako diru-izendapenen barruan, beren hileko soldata garbiaren %100erainoko aurrerakin arruntak, korriturik gabe, jasotzeko eskubidea izango dute, beren kontratu-harremana hilaren azkena baino lehenago bukatzen ez bada. Aurrerakin hori eskatu deneko hileko soldatan eman beharko da. Orobat, hilero edonolako atxikipenik egiten zaienek soldata garbiaren %100eko aurrerakina jaso ahal izango dute, aipatu atxikipena kenduta.
47.2.– Nominak aurreratzea.
Nomina aurreratzea hau da, egin gabeko lan bati dagokion ordainketen kontura diru-zenbateko bat ordaintzea. Hitzarmena izenpetzen den egunetik aurrera, hitzarmenaren barruan dauden jarduneko langileek nomina aurreratzeko eskubidea izango dute, araudi honen arabera:
1.– Emango diren maileguen gehienezko zenbatekoa 571.900 PTAkoa izango da. Horretarako, laugarren idatz-zatian premia larritzat jotako inguruabarren bat gertatu beharko da. Halere, idatz-zati horretan jasotako e), f), g) h) i), j), k), l), eta m) kasuetan, gastuen agiri frogagarrietan agertzen den kopuruak zehaztuko du zenbat den eman beharreko zenbatekoa aipatutako gehienezko zenbatekoen mugen barruan. Agiriok, eskearekin batera, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu, premia larria egiaztatzeko.
2.– Itzultzeko gehienezko epea hogeita lau hilabetekoa izango da. Maileguengatik ez da inolako korriturik ordainduko, eta emandako epea baino laburragoan itzuli ahal izango dira. Iraupen mugatuko lan-kontratua duten langileen kasuan, itzultzeko epeak ezingo du gainditu kontratuaren iraupena.
3.– Ezingo da beste mailegurik eman, aurretik hartutako era berdineko konpromisoak kitatzen ez diren artean, hau da, eskatzaile bakoitzak mailegu bat baino gehiago ezin du eduki indarrean eta gutxienez sei hilabeteko aldia igaro beharko da mailegu bat kitatu eta beste baterako eskea egin aurretik. Hala ere, f) eta g) idatz-zatietan jasotako arrazoiak bateraezinak dira eta hamar urtean mailegu bakar bat emateko eskubidea sortuko dute. Ibilgailua erosteari dagokionez, ez da arrazoi beragatik beste aurrerapenik emango aurrekoa eman zenetik bost urte igaro artean.
4.– Ez zaie borondatezko eszedentziarik emango maileguen onuradun direnei, harik eta mailegua oso-osorik itzuli artean.
5.– Indarrean dauden kredituen gehieneko kopuru erabilgarriak ez du 4.417.000 PTA gaindituko 1999an. Ondorengo ekitaldietarako dotazioa itzulitako kredituen kopuru erabilgarriaren berdina izango da. Zenbateko hori urtero berrikusiko da.
6.– Premia larriak.– Egoera hauetatik sortutakoak izango dira:
a) Eskatzailearen ezkontza.
b) Eskatzailearen dibortzio, banaketa edo ezkontza baliogabetzea.
c) Ezkontidearen edo seme/alaben heriotza.
d) Seme-alaben jaiotza.
e) Eskatzailearen gaixotasun edo ebaketa kirurgiko larria.
f) Ohiko etxebizitza erostea. Kasu honetan 1.000.000 PTArainokoa izan daiteke maileguaren zenbatekoa eta 48 hilabetekoa itzultzeko gehienezko epea.
g) Bankuko maileguak kitatzea, ohiko etxebizitza erosteko direnean.
h) Etxebizitza zaintzeko beharrezko diren obrak egitea.
i) Etxebizitza lantokia dagoen herrira aldatzea.
j) Altzariak erostea.
k) Eskatzaileak zentro ofizialetan ikasketak egiteko matrikula gastuak.
l) Ibilgailua erostea. Ibilgailua lanerako erosten bada, mailegua 701.775 PTArainokoa izan daiteke eta itzultzeko epea 36 hilabetekoa.
m) Antzerako izaera duten beste inguruabar batzuk, horrela kalifikatzeko modukoak baldin badira.
7.– NEIKER sozietate publikoko zuzendaritzak atzera botatzen dituen eskabideak batzorde parekideari jakinaraziko zaizkio aldian-aldian.
8.– Izapideak. Nominak aurreratzeko eskeak aurkezteko gehienezko epea bi hilabetekoa izango da, eskaera eragin duen gertakizunaren egunetik hasita. Hala ere, gertakizun egunaren aurreko hilean datatutako eskeak ere onartu ahal izango dira, baldin eta, maileguaren emakida egunetik kontatuta bi hilabeteko epean, dagokien agiri egiaztagarriak aurkeztuko dituela agintzen badu eskatzaileak, behar bezala justifikatutako kasuetan salbu. Agindu hori ez betetzeak besterik gabe baliogabetuko du nomina aurreratzea.
9.– Nominak aurreratzeko eskabideak NEIKER sozietate publikoko zuzendaritzari egin beharko zaizkio. Sozietateak, eskabideetan, jasotze-eguna adierazi beharko du, aurreko paragrafoan agindutakoa betetzeko.
48. artikulua.– Bizitza-aseguru, istripu-aseguru eta erantzukizun zibilaren poliza. NEIKER sozietate publikoak, hitzarmen hau izenpetzean, bizitza eta istripu polizen estaldura eguneratuko du, kapital hauen arabera:
BIZITZA
Heriotza: 3.000.000
Erabateko ezgaitasun iraunkorra: 3.000.000
ISTRIPUAK
Heriotza: 5.000.000
Erabateko ezgaitasun iraunkorra: 5.000.000
Erabateko ezgaitasun iraunkorra: 5.000.000
Ezgaitasun iraunkor partziala: 5.000.000 arte
(baremoaren arabera)
Hitzarmen honen eremuan dauden langileak erantzukizun zibileko poliza batez babestuta daude. NEIKER sozietate publikoak izenpetu du, NEIKER sozietate publikoaren, bere ordezkarien, langileen edo bere menpe daudenen alde, beren egitekoetan dihardutenean.
Aseguru hori osatzeko edo, jardunean den langileren bat hilez gero, familiako kideek eskubidea izango dute behin bakarrik eta lekualdatzen diren estatuko herrira arte, bidaia gastuak ordaintzeko eta altzariak eta tresnak garraiatzeko, horien aurrekontua onartu eta justifikatu ondoren.
49. artikulua.– Borondatez erretiratzeagatiko kalte-ordainak.
1.– Derrigorreko erretiroa langileak 65 urte betetzen dituenean izango da, baldin eta pentsioren bat jasotzeko eskubidea izateko behar den gutxieneko kotizazio-aldia edo gabealdia bete badu.
2.– Langileak borondatezko erretiroa hartzeagatik kalte-ordainak jasotzeko eskubidea izango du. Langilearen prestazio pasiboetan erretiroak ekarri dizkion gutxitzea konpentsatuko du. Zenbatekoa eskala honen araberakoa izango da:
Adina Hilekoak
60 15
61 12
62 9
63 6
64 3
3.– Eskala honen arabera bakoitzari dagokion hilekoen kopurua zehazteko, langileak borondatezko erretiroa hartzen duenean duen adina hartuko da kontuan.
4.– Kalte-ordaina osatzen duten hileko bakoitza borondatezko erretiroa hartzerakoan langileak izendatuta duen urteko ordainketa gordinaren hamabirenaren parekoa izango da.
5.– Erretiratzeko eskatzen den eguna baino hiru hilabete lehenago aurkeztu beharko du eskabidea.
6. – Borondatezko erretiroa aitortzen duen aginduan ezarritako kalte-ordaina gauzatzeko, interesatuaren erretiroa eta eraginetarako eguna deklaratzen duen Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalaren ebazpena aurkeztu beharko du interesatuak. Horrekin batera, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalaren egiaztagiria aurkeztu beharko du, interesatua ezgaitasun-espediente batean sarturik ez dagoela egiaztatzeko.
50. artikulua.– Gizarte Fondoa.
Hitzarmena izenpetzerakoan fondo ekonomiko bat eratuko da. Fondoaren dotazioak izaera solidarioa izango du. Enpresak 1.000.000 PTA jarriko ditu urtero eta langileek beren soldataren ehuneko bat; horien batura 300.000 PTAtik gorakoa eta 500.000 PTAtik beherakoa izango da urtero. Titulu honetan jaso gabeko gizarte-laguntza batzuk eta aparteko kausa batzuk finantzatzeko izango da fondo hori.
Batzorde Parekideari dagokio fondoa banatzea, bai eta gerakinaren zertarakoa proposatzea ere. Fondoa banatzeko orduan akordiorik hartzen ez bada, beste urte batzuetarako utz daiteke.
Eskaerak aintzat hartzeko, eskatzaileen maila edo ordainsari-taldearen araberako soldata gordinaren —antzinatasuna kenduta— %5ekoa izango da komisioaren zenbatekoa.
Gizarte fondoaren kontura finantzatutako diren laguntzetik kendu egingo dira hauek: Gizarte Segurantzak emandako asistentzia mediko-farmazeutikoa osatzen duten tratamendu eta interbentzioak edota aurreikuspenerako beste sistemaren bat, non eta ez diren berehala egin beharrekoak edo larriak; azken horien gainean ebaztea batzorde parekideari dagokio.
51. artikulua.– Gaitasuna murriztuta duten langileak.
Erakunde eskudunek langileari bere lanpostuko zereginetarako ezgaitasun-deklarazioa ematen badiote, langile horrek lehentasun-eskubidea izango du bere egoera fisikoarekin eta lanbide-gaitasunarekin bateragarri den lanposturen bat hutsik geratzen denean.
52. artikulua.– Prestakuntza jarduerak.
1.– NEIKER sozietate publikoko giza baliabideen gestio estrategikoa egiteko oinarrizko tresna da prestakuntza. Izan ere, prestakuntzaren bidez, langileen lanbideko gaitasuna handitu egiten da eta zerbitzuaren kalitatea hobetzen. Hori dela eta, NEIKER sozietate publikoak alor horretan sindikatuekin gogor aritzeko konpromisoa hartu du.
2.– Prestakuntzako jarduera maila bi daude:
a) Lanpostuan birziklatzeko eta hobetzeko beharretara bideratutako prestakuntza; derrigorrezko prestakuntzatzat hartuko da antolamenduaren beharrek eraginda, eta lanorduetan emango da funtsean. Prestakuntza horrek talde eta maila guztien beharrak beteko ditu.
b) Gainerako prestakuntza jarduerak lanorduetatik kanpo egingo dira ahal izanez gero eta, kasua bada, hitzartzen den neurrian, baloratu egingo da sartzerakon, sustapenean ... e.a.
3.– NEIKER sozietate publikoak, zerbitzuko beharrak beteta, jarduera horietara ahalik eta gehien joatea bultzatuko du eta berdintasunaren irizpidea erabiliko du horietara joatea eskatzen duen langileak hautatzerakoan, bai eta, kasua bada, ikastaroak berriz ematerakoan ere.
4.– Batzorde Parekideak, aurrez jakidun egongo baita, parte hartuko du bai prestakuntza planak prestatzen bai ikastaroak esleitzeko irizpideak ezartzen. Halaber, beharrezkotzat jotzen dituen prestakuntza ikastaro, mintegi eta planak egitea bultzatu ahalko du eta aurkeztutako eskabideei eta ezezko ebazpenei buruzko informazioa jasoko du hiruhilero.
X. TITULUA
ORDAINKETA ERREGIMENA
53. artikulua.– Ordainketen igoera.
%2,1eko igoera orokorra ezartzen da 1998rako eta %1,8koa 1999rako. Lanbide-kategoria bakoitzeko soldata gordina, 1998koa ta 1999koa, II. eranskinean azaltzen dira.
54. artikulua.– Urteko ordainketa finkoa.
Urteko ordainketa finkoak, kategoriaka, hitzarmen honen II. eranskinean daude.
Kategoriaka jarritako zenbateko horiek 22. artikuluan ezarritako urteko lanaldia ordaintzen dute.
55. artikulua.– Antzinatasuna.
1.– Antzinatasungatiko ordainketen zenbatekoak III. eranskinean zehaztu dira. Benetan lan egindako hiru urte bakoitzeko sortuko dira.
2.– Langile finkoen hirurtekoak hobetzeko, edozein administrazio, erakunde nahiz entitate publikotan benetan lan egindako zerbitzu guztiak zenbatuko dira; berdin dio zerbitzu horiek karrerako funtzionario legez, bitartekari legez, edo administrazio nahiz lan zuzenbideko erregimenaz kontratatuta, edozein kontratu motaz bete. Lan egindako denbora zenbatzeko, beren-beregi kanpo uzten dira gradu ondoko prestakuntza-kontratudunak, beka-kontratuak, bai eta ordainketarik gabeko praktika-kontratuak ere.
3.– Hirurteko bakoitzaren zenbatekoa hirurtekoa bete eta hurrengo hilaren lehenengo egunean sortuko da.
56. artikulua.– Lansari osagarriak.
Lansari osagarriak IV. eranskinean zehazten dira.
57. artikulua.– Bidaia eta otorduengatiko kalte-ordainak.
Zerbitzuaren beharrak direla-eta bidaiak egin behar izaten dituzten langileek diru-konpentsazio hauek jasotzeko eskubidea izango dute:
a) Oro har, enpresaren ibilgailuak edo garraiobide kolektiboak erabiliko dira. Hori ezinezkoa gertatzen denean, dagokion baimena jaso ondoren, norberaren ibilgailuaz baliatuz gero, 36 PTA/km ordainduko dira.
b) Erakundeak agindutako bidaietan, ostatuari dagozkion gastuak konpentsatuko dira, gastuok behar bezala egiaztatu ondoren.
c) Estatuan egindako bazkari eta afarien gastuak ez dira 3000 PTAtik gorakoak izango, banaka.
d) Estatura edo atzerrira egiten diren bidaietan NEIKERreko Zerbitzu Nagusiek espezializatutako agentziekin itunduko dituzte ostatua eta bidaiak.
XI. TITULUA
EUSKALDUNTZEA
58. artikulua.– Euskalduntzea eta alfabetatzea.
1.– Jarduketarako irizpide orokorrak:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 12ko 86/1997 Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriarekin bat, NEIKER sozietate publikoak euskalduntze-plan bat prestatuko du Batzorde Parekidearekin negoziatu ondoren.
b) Euskara ikastea zaila denez eta ahalegin handia eskatzen duenez, ikastaroetara joateko lehentasuna izango dute NEIKERreko euskalduntze-planean zehaztutako hizkuntza-eskakizuna egiaztatu beharra dutenek bai eta aurretik interesa erakutsi dutenek ere (ikastaroetan parte hartuz), maila jakiteko egindako probetan lortutako mailaren arabera.
2.– Euskalduntzeko bideak:
NEIKERreko langileek euskara ikasteko arauzko bide hauek izango dituzte:
a) Zentro bakoitzean edo HAEEk antolatutako ikastaroetan emandako eskoletara joatea. Idatz-zati honetan adierazitako eskoletara joaten direnak lanorduetan joan daitezke, "banatutako ahalegina"ren kontzeptua kontuan hartuta, hau da, denboraren erdia ikaslearen kontura izango da eta beste erdia NEIKERren kontura. Hori guztia zentroko zuzendaritzak baimena emanda egin beharko da, berak izango baitu, oinarrizko premisa legez, lanorduak bateragarri egiteko erantzukizuna.
b) HABEk homologatutako zentroetara joatea. Idatz-zati honetan aipatzen diren eskoletara joaten direnek, lanorduetatik kanpo joango dira, baina matrikula-gastuak NEIKERrek ordainduko ditu. Ikastatarora joateko orduen laurden baten pareko baimen ordaindu bat hartzeko eskubidea aitortuko zaio. Matrikula-gastuak eta ordaindutako baimena gastuak justifikatu ondoren eta asistentzia eta aprobetxamendu egiaztagiria —ikastetxeko edo euskaltegiko zuzendariak egina— aurkeztu ondoren ordainduko dira.
c) Barnetegietara joatea. Idatz-zati honetan aipatzen diren barnetegietara joaten direnak "liberatu" legez joan daitezke, kontuan hartuta barnetegietara joateko beharrezkoa izango dela maila egokia izatea eta sarrera-proba bat gainditzea. Barnetegi horietara joateko egutegia zerbitzuko beharrek baldintzatuko dute eta NEIKERreko Zuzendaritzak baimendu beharko du.
3.– Ikastaroen probetxamendua eta ebaluazioa:
Zentroetan euskera nola ikasten den ikusteko segimendu eta ebaluazio sistema jarraitu bat egongo da. Ikasturte bakoitzaren amaieran, txosten bat egingo da ikasle bakoitzeko, ikastaroetan zein probetxamendu izan duen eta zein maila lortu duen azalduz.
XII. TITULUA
LAN-OSASUNA
59. artikulua.– Eskubideak eta betebeharrak.
1.– Langileen Estatutuan, Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Legean eta gainerako xedapen orokorretan laneko osasunaren alorrean dauden xedapen guztiak betetzeko konpromisoa hartu dute izenpetzaileek.
60. artikulua.– Segurtasun eta Higiene Batzordea.
1.– Segurtasun eta Higiene Batzordea kide anitzek osatutako organo parekidea da: aldiro eta erregulartasunez, erakunde publikoetan arriskuei aurrea hartzearen inguruan dauden plan, programa eta ebaluaketak aztertzen ditu eta euren gainean proposamenak egiten ditu.
2.– Segurtasun eta Osasun Batzorde bat eratuko da; sindikatuen eta NEIKER sozietate publikoen ordezkariek osatuko dute, ordezkari kopuru bera dutela.
3.– Langileen ordezkari edo sindikatuetako delegatu ez direnak ere izan ahalko dira aurrezaintzako ordezkari, baldin eta NEIKER sozietate publikoan ordezkaritza duten sindikatuek izendatzen badituzte.
4.– Aurrezaintzako ordezkariek laneko arriskuei aurrea hartzeko lanetan ematen duten denbora ordezkari lanetan emandako denboratzat hartuko da, Eskubide Sindikalen Oinarrizko Hitzarmenean eta aplikatu beharreko legerian hilabete bakoitzeko izendatuta dauden ordu ordainduak kontatzeko orduan. Edozelan ere, ondoko zeregin hauetan emandako denbora benetako lanean emandakotzat joko da, eta, beraz, ez da ordu-kredituetatik kenduko: Segurtasun eta Osasun Batzordeko bileretan edota arriskuei aurrea hartzearen inguruan NEIKER sozietate publikoak antolatutako bestelako bileretan emandakoa.
5.– NEIKER sozietate publikoak behar diren baliabideak eta prestakuntza eman beharko dizkie aurrezaintzako ordezkariei beren lana egiteko. Prestakuntzan emandako denbora lanean emandakotzat joko da ondorio guztietarako.
6.– Batzordea seihilean behin bilduko da gutxienez, bai eta lehendakariak deia egiten duen guztietan ere, dela berak hala erabakita dela batzodeko hiru kidek edo gehiagok eskatuta.
61. artikulua.– Seguratasun eta Osasun Batzordearen eginkizun eta helburuak.
Laneko Segurtasun eta Osasun Batzordeak ohiko zereginak burutuz beteko du bere eginkizuna. Hauexek izango ditu helburu:
1.– Ikerlana. Lan-istripuen eta laneko gaixotasunen inguruko ikerlana burutu beharko dute. Emaitza hauek lortu beharko dira:
a) Arriskuen iturri nagusiak antzeman eta aurkitzeaa (istripuekin edo laneko gaixotasunekin maizenik erlazionatzen diren materiale, makina, tresna eta egoerak zehaztuz, eta halako gorabeherak errazen sortzen dituzten zereginak deskribatuz).
b) Departamenduetan gertatzen diren lan-istripu eta gaixotasunak zelakoak eta zenbatekoak diren ikertzea, zereginen arabera.
c) Tresneria eta materialak aztertu behar direnean, halaxe ohartaraztea.
d) Plangintza akatsengatik edo metodo desegokiak erabiltzeagatik arriskuak sortzen dituzten prozesu eta operazioetan dauden hutsuneak antzematea.
e) Langileak hezi beharra adierazten duten ohitura arriskutsuak antzematea.
f) Istripuak eragin ditzakeen gaitasun falta edo erazgozpen fisikorik balego, langilea bere lanpostura egokitzeko modua zehaztea.
g) Segurtasun-programa baten aurrerapenaren ebaluazio objetibo bat egitea, segurtasun-neurrien ondorioei azterketak eginez une oro.
2.– Eguneratze-lana. Batzordeak jakinaren gainean egon beharko da laneko segurtasun eta osasunaz argitaratzen diren arau, teknika eta neurriez. Zehatz esanda:
a) Enpresaren aldizkako txostenak eta laneko segurtasun eta osasunean aginpidea daukaten erakundeek emandako gomendioak aztertu eta kontuan hartu beharko ditu.
b) Aldiroko informazio-sistemak eta boletinak sortzea bultzatuko du, indize eta estatitikak ezagutzeko modua egon dadin.
c) Informatze-lana. Batzordeek proposatu eta aurrera eramandako ekintza hauen bitartez egingo dute, ahal dutenean:
d) Datuak eta azalpenak zabaltzeko bilerak.
e) Segurtasuna bultzatzea.
f) Kartelak eta erakusketak.
g) Programa zehatz baten inguruko kanpaina trinkoak.
h) Ikastaroak eta erakustaldiak.
62. artikulua.– Ordenadore-pantailaren aurreko lana.
1.– Ordenadore-pantailaren aurrean lan egin behar dutenek azterketa medikoak egiteko eskubidea izango dute. Azterketa bat lanean hasi aurretik egingo da, eta hortik aurrera urtero beste bat. Garrantzi handia emango zaie begietako eta lokomozio-aparatuko arazoei eta arazo psikologikoei.
2.– Segurtasun eta Osasun Batzordearen ardurapean egongo da ordenadore-pantailak dituzten lanpostuen egoera zaintzea. Arreta berezia jarri beharko dute baldintza ergonomikoetan (pantailen kokapena, mahai-motak, aulkiak ...) eta giro egokirako baldintzetan (argia, egurasketa, zarata ...).
3.– Pantaila aurreko lanak eragiten dituen gaixotasunen sintomaren bat agertuz gero, lanpostua bera aztertuko da, azterketa medikoa egiteaz gain.
4.– Lanaldi osoa ordenadore-pantailekin lan egiten ematen duten langileen kasuan, lanpostu guztiak zehatz-mehatz aztertuko dira eta, Segurtasun eta Osasun Batzordeak txostena egin ondoren, egoki diren neurri zuzentzaileak prestatuko dira, hala nola, lanean etenak egitea edota zereginak aldatzea. Batzordeek, osatu eta hilabetera, azterlanaren edukia eta aurrera eramateko plana aztertzen hasi beharko dute.
Batzorde parekideari edo, kasua bada, berariazko batzordeari dagokio aurreko paragrafoetan jasotakoa betetzen den kontrolatzea eta horren segimendua egitea.
63. artikulua.– Laneko arropak.
NEIKER sozietate publikoa behartuta dago langileei, urtero, lanerako behar dituzten uniformeak, arropa eta oinetakoak ematera, baldin eta arropok lanetik kanpo eguneroko bizitzan erabiltzen ez badituzte. Hitzarmen honen batzorde parekidean arautuko da hori.
64. artikulua.– Azterketa medikoak.
Hitzarmenaren eraginpean dauden langileei azterketa medikoak egingo zaizkie aldiro-aldiro, hurrengo idatz-zatietan zehazten denaren arabera:
a) Aldez aurretiko edo lanean hasi aurreko azterketa. Derrigorrekoa izango da eta langilea NEIKER sozietate publikoaren zerbitzura onartu baino lehen egin beharko da.
b) Urteroko ohiko azterketa. Osasunerako egon daitezkeen arrisku faktoreak kontuan hartuta, Enpresako Zerbitzu Medikoak erabakiko du zein langileri komeni zaion azterketa hau egitea. Bereziki arriskutsuak diren lanpostuetan prebentzio-medikuntzaren gaineko analisiak egingo dira. Edonola ere, eskatzen duen langile orori egingo zaio azterketa medikoa.
c) Hiru urtetik behingo azterketa. Hitzarmenpeko langile guztiei egingo zaie, osasunerako arriskurik egon ez.
Nola urteroko ohiko azterketak hala hiru urtetik behingoak borondatezkoak izango dira. Dena den, legeria orokorrera ere aplikatu beharko da. Kasu horretan, aldez aurretik batzorde parekideari edo horren baitan sor daitekeen berariazko batzordeari jakinaraziko zaio.
Azterketa espezifiko bat egin ahalko da langileren betek eskatzen duenean eta segurtasun eta osasun batzordearen iritziz azterketa hori egitea behartzen duten gorabeherak daudenean. Proba horien kostuak enpresaren kontura izango dira.
Batzorde Parekidea edo horren barruan sor daitekeen berariazko batzordea egin beharreko proben jakinaren gainean egongo da; emaitzak, berriz, langile bakotzari emango zaizkio.
XIII. TITULUA
DIZIPLINA-ARAUBIDEA
65. artikulua.– Laneko hutsegiteak eta zigorrak eta zigortzeko prozedura.
1.– NEIKER sozietate publikoko zuzendaritzak, dagokion departamenduko buruak proposatuta, zigortu egin ditzake langileak, laneko betekizunak konplitzen ez badituzte. Hitzarmen kolektibo honetan ezartzen den hutsegite eta zigor mailaketaren arabera egingo du hori.
2.– Ezingo da oporraldia murriztearen edo langileek atsedenerako dituzten eskubideak mugatzearen moduko inolako zigorrik ezarri.
3.– Langileak lanean ari dela edo lanaren ondorioz egindako hutsegiteak arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke.
4.– Hauek hartuko dira hutsegite arintzat:
a) Jendearekin eta lankide eta menpekoekin zuzen ez jokatzea.
b) Norberaren zereginak betetzerakoan berandu ibiltzea eta zabarkeriaz edo arduragabe jokatzea.
c) Lanera huts egin eta horren berri behar bezain garaiz ez ematea, halabeharrezko kasuren batean ez bada.
d) Lanera ez joatea hilean egun batean edo bitan, arrazoirik izan gabe.
e) Hilean hiru egunetik gora edo bostetik behera berandu laneratzea, arrazoirik izan gabe.
f) Zerbitzuetako lokalak, materiala eta agiriak zaintzeko orduan arduragabe izatea.
g) Oro har, eginbeharrekin ez konplitzea, arduragabekeriaz edo zabarkeriaz, desenkusatzeko moduan.
5.– Hutsegite larritzat hauek joko dira:
a) Lanean diziplinarik ez izatea edo agintariak, lankideak edo menpekoak errespeturik gabe tratatzea.
b) Agintarien aginduak eta lanpostuak dituen egiteko zehatzak ez betetzea edo zerbitzurako kalte larriak ekar ditzaten edo ekar ditzaketen zabarkeriak.
c) Laneko segurtasun eta higieneari buruzko arauak eta neurriak ez betetzea edo bazter uztea eta, ondorioz, langilearen edo beste langile batzuen osasuna eta integritate fisikoa arriskuan jartzea.
d) Justifikatu gabe lanera ez joatea, hilean hiru aldiz.
e) Hilean bost egun baino gehiagotan eta hamar egun baino gutxiagotan, puntualitate hutsegite behin eta berriro egitea justifikaziorik gabe.
f) Lantokitik alde egitea, justifikaziorik gabe.
g) Gaixo egotearen edo istripuren bat izatearen itxurak egitea.
h) Beste langile batzuk lanera berandu etortzen direnean, etortzen ez direnean eta lantokitik alde egiten dutenean, egintza horiek estaltzea.
i) Ohiko edo hitzartutako laneko errendimendua gutxitzea, behin eta berriro eta gurata.
j) Lokalen, materialen edo zerbitzuetako agirien kontserbaziorako kalte larriak ekar ditzaketen zabarkeriak.
k) Jardun profesional, publiko edo pribatuak burutzea, bateragarritasunerako baimena eskatu gabe.
l) NEIKER sozietate publikoan lan egitearen zioz ezagutzen diren datu edo gaiez behar ez bezala baliatzea edo horien berri ematea.
m) Hutsegite arinak behin eta berriro egitea hiruhileko batean, ezberdinak izan arren eta, horiek direla eta, zigorrak ezarri direnean.
6.– Hutsegite oso larriak hauek izango dira:
a) Izendatutako lanetan iruzur egitea, leialtasunik ez izatea eta konfidantza-gehiegikeriak gauzatzea, eta doluzko delitu izan daitekeen beste edozein jokaera.
b) Menpetasuna ukatzea agerian, nahiz banaka, nahiz taldean.
c) Zerbitzuko datuak eta informazioak gurata faltsutzea.
d) Justifikatu gabe lanera ez joatea, hilean hiru egun baino gehiagotan.
e) Justifikatu gabe, behin baino gehiagotan puntualitate-hutsegiteak egitea, hilean hamar egunetan edo gehiagotan, edo hogei egun baino gehiagotan hiruhileko.
f) Hutsegite larriak behin eta berriro egitea sei hilabeteko epean, ezberdinak izan arren eta, horiek direla eta, zigorrak ezarri direnean.
g) Administrazioari, lankideei edo beste edozein pertsonari lapurtzea, indarkeriaz nahiz gabe, enpresako bulegoetan edo horietatik kanpo, eta lanordutan.
h) Pertsonen oinarrizko eskubideen kontrako ekintzak.
7.– Hutsegiteen sailkapenaren arabera, zigor hauek ezar daitezke:
a) Hutsegite arinengatik:
1) Idatzizko oharterazpena.
2) Enplegua eta soldata kentzea, bi egunez gehienez.
3) Justifikatu gabeko asistentzia edo puntualitate hutsegiteak direla eta, lan egiteari benetan utzi zaion aldiari dagozkion soldatak proportzionalki kentzea.
b) Hutsegite larriengatik:
1) Enplegua eta soldata kentzea, bi egunetik hilabetera arte.
c) Hutsegite oso larriengatik:
1) Enplegua eta soldata kentzea, gutxienez hilabetez eta gehienez hiru hilabetez.
2) Gora egiteko gaitasuna kentzea, bi urterako gehienez.
3) Lanetik botatzea.
8.– Hutsegite oso larriengatik zigorrak jartzeko, zigor-espedientearen izapideak egin behar dira aurrez; hasiera eman zaiola jakinaraziko zaie langileen ordezkariei eta interesatuari eta entzunaldia emango zaio bai interesatuari bai ordezkariei.
9.– Zuzendaritzak hutsegitearen berri izan duenetik hamar egunetara preskribatuko dute hutsegite arinek; larriek hogei egunera eta oso larriek hirurogei egunera. Etenda geratuko dira epeak, sartu den espedientearen ondoriozko ekintzaren baten eraginez edo sartu baino lehenago gauzatu daitekeen ekintzaren baten ondorioz, baldin eta etena sei hilabetetik gorakoa ez bada, espedientea egin zaion langileak errurik ez duela. Hutsegite larriengatik edo oso larriengatik jarritako zigorrak jurisdikzio eskudunaren aurrean errekurritu ahalko dira.
10.– Diziplinako hutsegite baten kariaz kaleratzen den langileari bere lanpostura itzultzeko eskubidea bermatuko zaio, eskumena duen jurisdikzioak kaleratzeari ez bidezko baderitzo.
XIV. TITULUA
SINDIKATUAK
66. artikulua.– Sindikatuak.
1.– Indarreko legedian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko zeregin eta eskubide sindikalak zehazteko abiaburuko akordioan xedatzen denaren arabera gauzatuko dira hitzarmen honen eraginpeko langileen zeregin sindikalak.
2.– Enpresak bertan sindikatuen lana burutzeko beharrezko diren baliabideak jarriko ditu, hala nola, telefonoa, informatika sarea, liburutegia eta lantokien arteko joan-etorrien gastuak.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Obra edo zerbitzu kontratua egin zaienek NEIKER sozietate publikoko edozein langileren oinarrizko soldata izango dute, lanbide-kategoria bera badute, betiere.
Halaber, obra edo zerbitzu kontratua egin zaienek kontzeptu horregatik izan duten lansari-aldea ordaindu egingo zaie 1999 urteari dagokionez; 1998 urteari dagokionez, berriz, % 50 ordainduko da.
I. ERANSKINA
LANBIDE-SAILKAPENA
LANBIDE-KATEGORIAK
1.– Departamendu teknikoko burua.
Ikerlaria da eta jakintza-alor jakin batean ikerketa, teknologia-garapen eta laguntza tenknikorako proiektuak koordinatzen ditu. Zuzendaritza Batzordearen barruan zuzendariekin lankide izaten da proiektuak prestatzen, fintzabideak eta bezeroak aurkitzen eta giza-baliabide eta materialen kopurua zehazten. Bere departamenduko sektore ekoizlearekin ere harremanetan dago ikerketan dagoen eskariari segimendua egiteko (mahai teknikoak). Informazioa bideratzen du arloko buruen eta ikertzaileen artean, oro har, eta enpresako zuzendaritzaren artean. Administrazio Kontseiluak izendatzen du, bai eta kargutik kentzen ere.
2.– Administrazioko Departamenduko burua.
Teknikaria da eta aurrekontuak administratzearen eta enpresako langileen ardura du. Zuzendaritza Batzordearen barruan zuzendariekin eta departamduetako buruekin lankide izaten da giza-baliabide eta materialen kopurua zehazten. Informazioa bideratzen du bere departamenduko langileen eta enpresako zuzendaritzaren artean. Administrazio Kontseiluak izendatzen du, bai eta kargutik kentzen ere.
3.– Arloko burua.
Ikertzailea da eta ikertzaile talde bat eta teknikariak koordinatzen ditu. Bere jarduera-eremuaren barruan, ikerketa, teknologia garapen eta laguntza teknikoko proiektuak aurrera eramateko ardura du. Dagokion departamenduko buruarekin lankide izaten da proiektuak prestatzen, fintzabideak eta bezeroak aurkitzen eta giza-baliabideen eta materialen kopurua zehazten. Zuzendaritza Batzordeak izendatzen du, bai eta kargutik kentzen ere.
4.– Ikertzaile nagusia.
Goi teknikaria da eta doktore gradua du. Ikerketa, teknologia garapen, teknologia transferentzia eta laguntza teknikoko proiektuak zuzentzen ditu. Proiektuok lotutako tematika bat izaten dute. Departamenduko buruari laguntzen dio ikerketa-ildoak zehazten, proiektuak eta zerbitzuak prestatzen, finantzabideak eta bezeroak aurkitzen, eta baliabide materialak erostea eta giza-baliabideak kontratatzea proposatzen du. Harreman zuzena du sektoreko teknikariekin. Aurretiazko kontratuak egiten ditu bezeroekin eta ikerketa eta garapen proiektuak idazten ditu. Ardura hauek ditu: baliabideak proposatutako helburuetara egokitzea, bere jakintza-alorrean ikertzaileak eta teknikariak zuzentzea, bere menpe dauden bekadunak prestatu eta babestea, eta proiektuen emaitzen kalitatea.
5.– Ikertzailea.
Goi teknikaria da eta doktore gradua edo esperentzia baliokidea du. Ikerketa, teknologia garapen, teknologia transferentzia eta laguntza teknikoko proiektuak gauzatzen ditu guztiz edo zati betean. Harremanetan dago sektoreko teknikariekin eta bezeroekin eta honako hauetan parte hartzen du: proiektuak eta saiakuntzak diseinartzen, emaitzak analizatzen eta bere jakintza-arloan teknikariak gidatzen eta bere kargura dauden bekadunak prestatzen eta babesten. Departamenduko buruak eskuordetzen dizkion ekintzak ere burutzen ditu. Esperientziaren eta kualifikazioaren arabera, bi kategoria bereizten dira:
– Laguntzaile elkartua.
– Ikertzaile laguntzailea.
6.– Teknikaria.
Gutxienez erdi mailako teknikariaren prestakuntza du. Ikerketa, teknologia garapen, teknologia transferentzia eta laguntza teknikoko proiektuetan parte hartzen du. Ikertzaileek edo departamenduko buruek eskuordetzen dizkien ekintzak ere burutzen ditu eta bere ardurapeko arloari buruzko txostenak egiten ditu. Esperientziaren eta kualifikazioaren arabera, bi kategoria bereizten dira:
– Teknikaria.
– Oinarrizko teknikaria.
7.– Mantenimenduko burua.
Erainkinen eta inguruen mantenimenduaz arduratzen da, bai eta instalazio eta ekipoez ere. Administrazio Departamenduko buruaren mende dago eta mantenimendu eta garbiketako langileekiko agintea du.
8.– Taldeko burua.
Landa-lanak koordinatu eta burutzeaz arduratzen da, saiakuntzak egiteko eta bere taldeari emandako ekipo eta instalazioak behar den moduan zaintzen eta mantentzeko. Departamenduko buruaren menpe dihardu eta agintea du landa-lanetako langileekiko.
9.– Administraria.
Gutxienez Bigarren Mailako Lanbide Heziketako titulazioa du edo esperientzia baliokidea; ekimena eta erantzukizuna eskatzen duten administrazio-jarduerak egiten ditu. Administrazioko Departamenduko buruaren menpe dihardu.
10.– Laborategiko analista.
Gutxienez Bigarren Mailako Lanbide Heziketako titulazioa du edo esperientzia baliokidea. Teknika eta prozedura analitikoak egiten ditu, bere jakintzetan oinarrituz, datuak kalkulatzen ditu, behin betiko emaitzak jartzen eta analisi tresnak mantentzen. Laborategiko arduradunaren menpe dihardu.
11.– Ofizial espezialista.
Gutxienez Bigarren Mailako Lanbide Heziketako titulazioa du edo esperientzia baliokidea. Ofizio jakin bati dagozkion lanak perfektuki egiten ditu eta ofizio horri dagozkion teknikak ezagutzen ditu; gainera, bere lana antolatzen eta aurreikusten ardura berezia du. Taldeko buruaren edo mantenimenduko buruaren menpe dihardu.
12.– Administrari laguntzailea.
Gutxienez Lehen Mailako Lanbide Heziketako titulazioa du edo esperientzia baliokidea. Administrazioko lanak egiten ditu, bulegoko lanari dagozkion oinarrizko eragiketak. Administrazioko Departamenduko buruaren menpe dihardu.
13.– Laborategiko laguntzailea.
Gutxienez Lehen Mailako Lanbide Heziketako titulazioa du edo esperientzia baliokidea. Laboratorioko prozesu errepikakorrak egiten ditu, azker egiaztatzen diren lanetan lagunduz; gainera, analisiarako material espezifikoa behar bezala mantentzeko ardura du. Laborategiko arduradunaren menpe dihardu.
14.– 1. ofiziala.
Gutxienez Lehen Mailako Lanbide Heziketako titulazioa du edo esperientzia baliokidea. Ofizio jakin bati dagozkion lanak zuzentasun eta eraginkortasun nahikoz egiten ditu. Mantenimenduko buruaren edo taldeko buruaren menpe dihardu.
15.– 2. ofiziala.
Ofizio jakin bati dagozkion lanak zuzentasun eta eraginkortasun nahikoz egiten ditu. Mantenimenduko buruaren edo taldeko buruaren menpe dihardu.
16.– Operario espezialista.
Pertsona honek egiten duen lanerako, behar den moduan lan egiteko, ahalegin fisikoaz eta arretaz gain, oinarrizko ezagupen praktikoak behar dira. Mantenimenduko buruaren edo taldeko buruaren menpe dihardu.
17.– Operarioa.
Pertsona honek egiten duen lanerako, behar den moduan lan egiteko, ahalegin fisikoa eta arreta behar da. Mantenimenduko buruaren edo taldeko buruaren menpe dihardu.
18.– Garbitzailea.
Lantokiko bulegoak garbitzen eta txukuntzen ditu. Mantenimenduko buruaren menpe dihardu.
II. ERANSKINA
ORDAINKETAK
KATEGORIA 1998ko ORDAINKETA 1999ko ORDAINKETA
Ikertzaile nagusia 4.991.979 5.081.835
Ikertzaile elkartua 4.660.803 4.744.697
Ikertzaile laguntzailea 4.366.427 4.445.023
Teknikaria 3.815.615 3.884.296
Oinarrizko teknikaria 3.395.228 3.456.342
Mantenimenduko burua 3.394.153 3.455.248
Taldeko burua 3.394.153 3.455.248
Administraria 3.394.153 3.455.248
Laboratgiko analista Laboratorio 3.394.153 3.455.248
Ofizial espezialista 3.210.161 3.267.944
Administrari laguntzailea 3.053.401 3.108.362
Laborategiko laguntzailea 3.053.401 3.108.362
1. ofiziala 3.053.398 3.108.360
2. ofiziala 2.887.811 2.939.791
Operario espezialista 2.724.530 2.773.572
Operarioa 2.565.073 2.611.244
Garbitzailea 2.565.073 2.611.244
III. ERANSKINA
LANBIDE KATEGORIAK ETA TALDEAK ETA
ANTZINATASUNAREN ZENBATEKOAK
1.– Antzinatasunerako, lanbide kategoriak eta taldeak hauek izango dira:
I. taldea: Ikertzaile nagusia, ikertzaile elkartua, ikertzaile laguntzailea.
II. taldea: Teknikaria, oinarrizko teknikaria.
III. taldea: administraria, laborategiko analista eta ofizial espezialista, mantenimenduko burua eta taldeko burua.
IV. taldea: administrari laguntzailea, laborategiko laguntzailea, lehenengo ofiziala, bigarren ofiziala.
V. taldea: operario espezialista, operarioa, garbitzailea.
2.– Betetako hirurteko bakoitzeko, langileak antzintasun-osagarri hauek jasotzeko eskubidea izango du, taula honen arabera:
1998 1999
I. taldea 6.515 6.632
II. taldea 5.276 5.372
III. taldea 4.732 4.818
IV. taldea 3.802 3.871
V. taldea 3.352 3.412
IV. ERANSKINA
LANSARI OSAGARRIAK
Kontzeptua: lanpostuaren ezaugarriengatik langileak jasotzen dituenak dira lansari osagarriak, ohiko lanaren kontzeptutik at daudenak. Osagarri hauek funtzionalak dira eta, izendatutako lanpostuko jarduera burutzearen menpe daudenez, ez dira finkatzen.
Departamenduko burua.
5.926.766 PTAri departamenduko buruaren lanpostua betetzen duen langilearen kategoriari dagokion urteko diru-zenbateko gordina kenduz ateratzen den zenbatekoaren parekoa izango da osagarri hau.
Arloko burua.
5.486.620 PTAri arloko buruaren lanpostua betetzen duen langilearen kategoriari dagokion urteko diru-zenbateko gordina kenduz ateratzen den zenbatekoaren parekoa izango da osagarri hau.
Dedikazio berezia.
Beren lanbide-kategoriaren barruan, dedikazio berezia eskatzen duten lanak edo lanpostuak betetzen dituzten langileei emango zaie osagarri hau. Agintea edo kualifikazio tekniko nabarmena izatearekin lotuta dago dedikazio hori eta lansari maila zehazterakoan gorabehera horiek aintzat hartu ez direnean aplikatuko da. Kategoria eta erantzukizunen arabera finkatuko da osagarri horren balioa, zeina Batzorde Parekideak erabakiko duen. Ez du urteko lansari gordinaren %0,9 gaindituko.
Atxikitzeagatiko osagarria.
Langabeziagatiko kotizaziorako emandako ehunekoaren pareko osagarri pertsonal bat sortzen da. Hartzailea: 1997ko abenduaren 31n Natura Ingurunearen Antolamendu eta Ikerketarako Zuzendaritzan funtzionario izanik, 1998ko urtarrilaren 1etik aurrera Sociedad pública AZTI, A.B. sozietate publikoan lanean hasi zena. Osagarri pertsonal hori Eusko Jaurlaritzareko funtzionarioek NEIKERren sartzean egiten duten lan-kontratuan ageri da.
RSS