Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

236. zk., 1999ko abenduaren 13a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Iragarpenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
5359

EDIKTUA, Hezkuntza sailburuordearen 1999ko maiatzaren 3ko Ebazpena jakinarazten duena, zeinaren bidez ezetsi egiten baita Angel Cortón Carballedo jaunak aurkeztutako errekurtso arrunta.

1999ko maiatzaren 3ko Ebazpena, idazpuruan aipatua, Angel Cortón Carballedo jaunari jakinaraztea ezinezkoa gertatu denez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duen 4/1999ko Legearen 59.4 artikuluan xedatutakoaren arabera egingo da jakinarazpena.

"Ebazpena, 1999ko maiatzaren 3koa, Hezkuntza sailburuordearena, zeinaren bidez ezetsi egiten baita Angel Cortón Carballedo jaunak aurkeztutako errekurtso arrunta.

Angel Cortón Carballedo jaunak, bere seme Jon Ander Cortón Gil ordezkatuz, errekurtso arrunta aurkeztu zuen Bizkaiko lurralde ordezkariaren 1999ko martxoaren 22ko Ebazpenaren aurka. Hona hemen

GERTAERAK

Lehena.– Fondo publikoekin finantzatutako Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan, 1999-2000 ikasturtean, Oinarrizko Irakaskuntzako ikasleak onartzeko jardunbidea ezarri zen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1999ko urtarrilaren 11ko Aginduaren bidez, eta 1999ko urtarrilaren 22ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen.

Agindu horren arabera, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publiko eta itunpekoetan eskabideak aurkezteko epea hau zen: 1999ko otsailaren 1etik 12ra arte.

Bigarrena.– Aginduan xedatutakoari jarraituz, Angel Cortón Carballedo jaunak bi inskripzio-eskabide aurkeztu zituen bere seme Jon Ander Cortón Gil 1999-2000 ikasturtean eskolatzeko, bata Bilboko Nuestra Señora de Begoña ikastetxean eta bestea Loiuko Andrés Urdaneta ikastetxean, horretarako legez ezarritako epearen barruan. Eskatutako agiriak ere bi ikastetxeetan aurkeztu ziren.

Hirugarrena.– Bi ikastetxeei zegozkien onartuen eta bazter utzitakoen behin-behineko zerrendak 1999ko otsailaren 24an argitaratu ziren, eta behin betikoak, berriz, martxoaren 3an. Jon Ander Cortón Gil Andrés Urdaneta ikastetxeko onartuen zerrendan zegoen.

Laugarrena.– 1999ko martxoaren 22an, Bizkaiko lurralde ordezkariak ebazpena eman zuen Jon Ander Cortón Gil Andrés Urdaneta ikastetxeko onartuen zerrendatik kanpo uzteko automatikoki, onartzeko eskabide bat baino gehiago aurkeztu zirela jakin baitzuen.

Bosgarrena.– Aipatutako ebazpenarekin ados ez zegoenez, Angel Cortón Carballedo jaunak errekurtso arrunta aurkeztu zuen haren kontra, 1999ko martxoaren 30ean.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehena.– Ezarri beharreko arauak hauek dira: azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena, urtarrilaren 14ko 4/1999 Legeak zati batean aldatua; uztailaren 13ko 29/1998 Legea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duena; martxoaren 30eko 174/1999 Dekretua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren egitura organikoa ezartzen duena (dekretu hau, urtarrilaren 27ko 8/1998 Dekretuaren bidez aldatua izan zen); otsailaren 4ko 14/1997 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan ikasleak onartzea arautzen duena; Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1999ko urtarrilaren 11ko Agindua, fondo publikoekin finantzatutako Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan, 1999-2000 ikasturtean, Oinarrizko Irakaskuntzako ikasleak onartzeko jardunbidea ezartzen duena; eta oro har ezarri beharreko eta gai honekin zerikusia duten gainerako arauak.

Bestalde, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta hurrengoetan lege beraren 107. artikuluari dagokionez ezarritakoaren arabera, bai eta martxoaren 30eko 174/1999 Dekretuaren 20. artikuluari jarraituz ere, Hezkuntza sailburuordeak eskumena du errekurtso hau ebazteaz arduratzeko; legez ezarrita dagoen epearen barruan horretarako legitimazioa duenak aurkeztu du errekurtsoa.

Bigarrena.– 1999ko urtarrilaren 11ko Aginduaren 5.1 artikuluak hau dio, otsailaren 4ko 14/1997 Dekretuaren 13. artikuluari jarraituz:

"1.– Eskabideak, jarritako epearen barruan, ikastetxeetan banatuko diren inprimaki ofizialak erabiliz aurkeztu beharko dira.

2.– Eskabide-orrian ikastetxe batzuk aukeratu ahal izango dira lehentasunaren arabera. Eskabide-orria lehenengo tokian aukeratutako ikastetxean bertan aurkeztu behar da.

3.– Eskabideak ikastetxe bat baino gehiagotan aurkezten baldin badira, aukeratzeko eskubidea galduko du eskatzaileak».

Otsailean, Angel Cortón Carballedo jaunak 1999-2000 ikasturtean eskolatzeko bi inskripzio-eskabide aurkeztu zituen, horretarako onartutako eredu ofizialean, bata Bilboko Nuestra Señora de Begoña ikastetxean eta bestea Loiuko Andrés Urdaneta ikastetxean, bere errekurtsoaren bigarren alegazioan aitortzen duen bezala.

Errekurtsogileak, ordea, aurreinskripzioak baino ez zirela adierazten du, nahiz eta berak bete zuen agiriaren idazpuruan argi eta garbi agertu inskripzio-eskabideak direla. Ondorioz, aipatutako urtarrilaren 11ko Aginduaren 5.3 artikuluan ezarritakoa aplikatu beharra dago, hau da, eskatzaileak aukeratzeko eskubidea galduko du.

Hirugarrena.– Errekurtsoaren hirugarren alegazioan Angel Cortón Carballedo jaunak adierazten duenez, eskabidea bi aldiz aurkeztea nahaste baten ondorioa izan zen; legeak ez ezagutzea ez duela horiek betetzeaz salbuesten ere badakiela dio. Gainera, inskripzio-eskabidean bertan, inprimakiaren amaieran, hitzez hitz aipatzen da urtarrilaren 11ko Aginduan ezarritakoa: "Eskabideak ikastetxe bat baino gehiagotan aurkezten baldin badira, aukeratzeko eskubidea galduko du eskatzaileak».

Bestetik, ikastetxe bakoitzak bere aurreinskripzio inprimakiak dituela adierazten du, eta horrek, bere ustez, nahastea sor dezakeela, eskabideak ikastetxe ezberdinetan aurkez daitezkeela pentsaraziz.

Oraingoan ardura diguna ez da aurreinskripzio-eredua, inskripzio-eredua baizik, eta hori berdina da ikastetxe guztientzat; Angel Cortón Carballedo jaunak bi ikastetxeetan bete zuena horixe izan zen, beraz, ez dago akats biderik.

Laugarrena.– Azkenik, Andrés Urdaneta ikastetxeak ez duela itxaron-zerrendarik alegatzen du errekurtsogileak, eta plaza librerik balego, bere eskabidea onar lezaketela.

Honi dagokionez adierazi beharra dago ezen, Angel Cortón Carballedo jaunak Aginduan zein inprimakian bertan ezarritakoari kontra eginez eskabideak ikastetxe ezberdinetan aurkeztu zituenez gero, indarrean dagoen legeria bete duten ikasleek izango dutela lehentasuna Andrés Urdaneta ikastetxean onartuak izateko, eta horren menpe geratuko litzatekeela bere eskabidea onartua izatea.

Horregatik guztiagatik, eta eman dizkidaten eskumenez baliatuz, hau

EBATZI DUT:

Angel Cortón Carballedo jaunak bere seme Jon Ander Cortón Gil izenean Bizkaiko lurralde ordezkariaren 1999ko martxoaren 22ko Ebazpenaren kontra aurkeztutako errekurtso arrunta ezestea.

Errekurtsoak.

Ebazpen honek administrazio-bidea amaitzen du; beronen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko du interesatuak dagokion administrazioarekiko auzietako epaitegian, jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 1999ko maiatzaren 3a.

Hezkuntza sailburuordea,

ALFONSO UNCETA SATRUSTEGUI.

Angel Cortón Carballedo jaunari jakinarazteko balio dezan ematen da honakoa, haren egonlekua ezezaguna baita.

Vitoria-Gasteiz, 1999ko azaroaren 30a.

Sailburuaren Kabinetearen zuzendaria,

CLAUDIO SAIZAR BENGOETXEA.


Azterketa dokumentala