Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

236. zk., 1999ko abenduaren 13a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Garraio eta Herri Lan Saila
5343

418/1999 DEKRETUA, azaroaren 23koa, Pasaiako Portuko Agintaritzaren Administrazio Kontseiluan Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkari den bokala kendu eta berria izendatzeko dena.

Estatuko Portuei eta Merkataritza Itsasuntziei buruzko azaroaren 24ko 27/1992 Legea aldatzen duen abenduaren 26ko 62/1997 Legeak, besteak beste, interes orokorrekoetan sailkatutako portuak arautzen ditu. Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan Bilbao eta Pasaiako portuei dagokie sailkapen hori.

Estatuaren lurraldea antolatzeko modua eta autonomia erkidegoentzat interes orokorreko portuek daukaten eragina kontuan hartzeko xedez, aipatutako Legeak hainbat neurri ezarri zituen autonomia erkidegoek portuetako agintaritzaren antolamenduan eskuhartze zabalagoa izan dezaten, agintaritza horiek baitira portuen organo artezleak.

Lege horrek bere atal bakarreko 14. paragrafoan dioenez, autonomia erkidegoek finkatu behar dute Portuetako Agintaritzen Administrazio Kontseiluetako bokalen kopurua. Beroiei dagokie, halaber, bokal horien izendapena, betiere Administrazio Kontseiluetan ordezkatuta dauden administrazio publiko, erakunde edo organismoen proposamenez, 14. paragrafoan finkatu ziren irizpideen arabera.

Legezko manu hori betez, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak maiatzaren 5eko 82/1998 Dekretua onartu zuen, hain zuzen ere Bilbao eta Pasaiako portuetako agintaritzetako lehendakariak eta administrazio-kontseiluetako kideak izendatu eta kentzeko zein prozedura jarraitu behar den eta horretarako eskumena Euskal Autonomia Erkidegoko zein organok duen zehazteko.

Dekretu horretako 4. artikuluaren 1) paragrafoak dioenez, berriz, portuko zerbitzu-guneak beren lurretan hartzen dituzten udalerriek hiru ordezkari izango dituzte dagokion portu agintaritzaren administrazio kontseiluan, abenduaren 26ko 62/1997 Legearen atal bakarreko 14. paragrafoan ezarritako irizpideei jarraituz.

Halaber, artikulu horretako 2) paragrafoak zera dio, izendapen proposamenak Garraio eta Herrilan Sailari jakinaraziko zaizkiola, horrek Jaurlaritzaren Kontseilura eraman ditzan, bokalen behin betiko izendapena egiteko.

Xedapen hori betetzeko, Pasaiako udalak Garraio eta Herrilan Sailari jakinarazi dio Pasaiako Portu Agintaritzaren Administrazio Kontseiluan duen bokala kentzeko eta berria izendatzeko proposamena

Ondorioz, Eusko Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legean eta Bilbao eta Pasaiako Portuetako Agintaritzetako lehendakariak eta administrazio-kontseiluetako kideak izendatu eta kentzeko zein prozedura jarraitu behar den eta horretarako eskumena Euskal Autonomia Erkidegoko zein organok duen zehazten duen maiatzaren 5eko 82/1998 Dekretuan ezarritakoari jarraituz, Garraio eta Herrilan sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 1999ko azaroaren 23an egindako bilkuran onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Aipatzen den administrazio publikoak eskatuta, ondoren adierazten den bokala Pasaiako Portu Agintaritzako Administrazio Kontseilutik kentzea:

1.1.– Pasaiako udalak eskatuta:

– Bixen Itxaso González jauna.

2. artikulua.– Aipatzen den administrazio publikoak eskatuta, eta maiatzaren 5eko 82/1998 Dekretuaren 2. artikuluko 3. paragrafoan xedatutakoari jarraituz, ondoren adierazten den pertsona Pasaiako Portu Agintaritzako Administrazio Kontseiluko bokal izendatzea, Administrazio horren izenean jarduteko.

2.1.– Pasaiako udalak eskatuta:

– Juan Carlos Alduntzin Juanena jauna.

AZKEN XEDAPENA

Kendutako eta izendatutako bokalak nortzuk diren Pasaiako Portuen Agintaritzako Administrazio Kontseiluko lehendakariari jakinarazten zaion egunetik aurrera izango du indarra dekretu honek, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Vitoria-Gasteizen, 1999ko azaroaren 23an.

Jaurlaritzako lehendakariordea,

IDOIA ZENARRUZABEITIA BELDARRAIN.

Garraio eta Herrilan sailburua,

ÁLVARO AMANN RABANERA.


Azterketa dokumentala