Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

188. zk., 1999ko irailaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Herrizaingo Saila
4082

EBAZPENA, 1999ko ekainaren 15ekoa, Bidezaingo eta Ibilgailuen zuzendariarena, Bizkaia eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetako bide-sareko gune batzuetan zinemometroak eta beste zenbait tresna osagarri instalatzea eta erabiltzea xedatzen duena, hain zuzen ere, trafikoaren kontrol, erregulazio, zaintza eta diziplinarako irudiak hartzeko eta berregiteko.

Zinemometroa (edo gidarientzat ezagunagoa den "erradarra") ibilgailuen abiadura neurtzeko tresna da, eta bidezaingo agenteak zinemometroek egindako neurketan oinarritzen dira abiadura-muga gainditu duenaren aurka salaketa egiteko. Nolanahi ere, arau-hausteak zigortzea ez da trafikoaren erregulazioa eta diziplinaren xede bakarra, eta zinemometroak trafikoarekin zerikusia duten beste zenbait gaitan ere oso lagungarri dira, besteak beste, bide-istripuei aurre egiteko.

Trafikoa erregulatzeko eta zaintzeko teknika berrien artean honako hau nagusitzen ari da: bidegune luzeetan zehar ibilgailuen abiadura etengabe kontrolatzea, zinemometroak instalatzeko kutxak bidegunean zehar kokatuz. 1994ko otsailaren 11ko Aginduak horrela definitzen du zinemometroa, hain zuzen ere: ibilgailu motordunen abiadura neurtzeko tresna da, eta neurketa hori zinemometroa instalazio finkoan kokatuta dagoela egin daiteke, zein geldirik dagoen edo ibiltzen ari den ibilgailu baten barruan kokatuta dagoela. Esan dugunez, zinemometroak errepideetan egiten diren arau-hausteak egiaztatzeko balio du; erabaki honekin lortu nahi dugun azken helburua, alabaina, beste bat da: bidegune arriskutsuetan ezarri diren abiadura-mugak gidariek bete ditzatela. Hori horrela, zigortzeko zeregina bigarren mailan geratuko litzateke, eta gure asmo horren adibide argia da, gidariari seinaleen bidez ohartarazten zaiola erradarrak bidegunean zehar badirela. Azken batean, erabaki honek lehentasuna ematen dio arriskuei aurre hartzeari (asmo prebentiboari alegia), bidebatez, bide-segurtasuna hobeto bermatzeko eta zirkulazioa arintzeko. Gaur egungo lan-harremanetan eta harreman ekonomikoetan gero eta garrantzi handiagoa dute leku-aldaketek, eta herritarren bizitza-kalitatean ere bai (asialdian, oporretan, e.a. gero eta arruntagoa da ibilgailua erabiltzea toki batetik bestera joateko). Hori dela-eta, bai bide-segurtasuna bermatzea, bai zirkulazioa arina izatea gizarteak gero eta gehiago kontuan hartzeko eskatzen du.

Zinemometroen bidez abiadura kontrolatzeko teknika berri hau herri handietako sarreretan eta hiriak inguratzen dituzten errepideetan frogatua da, herrialde garatu nagusietan. Errepide horietatik zirkulatzen duen trafiko-motak antzeko ezaugarriak ditu (trafikoa trinkoa izaten da, istripu ugari, puntako orduetan auto-iladak egoten dira, e.a.) eta errepideek ere ezaugarri bertsuak izaten dituzte (hala nola, norantza bakoitzean errei bat baino gehiago izan ohi dituzte, abiadura handia hartu ahal izaten da errepideen diseinua dela-eta, e.a.). Horren guztiaren ondorioz, errepide mota horietan trafiko bidezainen zaintza ez da nahikoa izaten xedea lortzeko, eta teknika berri hau, berriz, oso lagungarri zaigu.

Gorago esana kontuan hartuta, Bidezaingo eta Ibilgailuen zuzendariak dituen ahalmenak direla medio (izan ere, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko egitura organikoa antolatu zuen maiatzaren 14ko 108/1996 Dekretuaren 11. artikuluak eman zizkion ahalmen horiek), Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat bidegunetan ibilgailuen abiadura kontrolatzea erabaki zuen, eta horretarako zinemometroak instalatzea agindu. Nolanahi ere, Bidezaingo eta Ibilgailuen zuzendariak erabaki hori hartu aurretik, lurralde historiko horietako errepideen administrazio-arduradunek bidegune horietan trafikoak sortzen dituen arazoak eta arriskua direla-eta, abiadura-mugatzea erabaki zuten, eta baita abiadura-muga horiek seinaleen bidez gidariari ohartaraztea ere. Bidezaingo eta Ibilgailuen zuzendariaren erabakia, hain zuzen ere, errepideen administrazio-arduradunen erabakiaren ondorioa izan zen. Bada, abiadura-mugatzea ez litzateke eraginkorra izango, muga horiek betetzeko bestelako neurririk hartuko ez balitz.

Beste alde batetik, kontuan hartzekoa da uztailaren 21eko 168/1998 Dekretuak xedatzen duena. Abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoa, alegia, toki publikoetan Segurtasun Indarrek bideokamarak nola erabil ditzaketen arautzen duen Lege Organikoa garatzen du Dekretu honek Euskal Autonomia Erkidegoan. Dekretu honen 3. xedapen gehigarriak trafiko arloan eragin zuzena du, izan ere, xedapen horrek bide publikoetan bideokamarak edo irudiak hartzeko eta berregiteko gai den bestelako tresnak nola erabili azaltzen du zehazki trafikoa kontrolatu, erregulatu, zaindu eta diziplina ezartzeko. Bidezaingo eta Ibilgailuen zuzendariaren esku uzten du, halaber, tresna horiek non instalatu eta nola erabili erabakitzea trafiko xedeetarako. Zinemometroei ere gorago aipatutako arauak aplikatzen zaizkie, abiadura neurtzeaz gain, abiadura-muga gainditu duen ibilgailuaren irudiak hartzeko eta berregiteko gai den tresna baitute.

Horren guztiaren ondorioz, ebazpen honen xedea honela labur dezakegu: lehendabizi, 168/1998 Dekretua indarrean sartu baino lehenago egon zeuden instalazioak biltzen ditu; eta bigarrenik, zinemometroen esperientziaren eraginkortasuna aintzat hartuta (ezbehar kopurua gutxitzea, zirkulazioa arintzea...), trafikoa erregulatzeko politika hori bide-sareko beste bidegunetara zabaldu nahi da, hain zuzen ere, antzeko arazoak dituzten beste tokietara.

Badira zenbait bidegune ezaugarri bertsuak dituztenak, hots, ondoren zehazten direnak:

Bizkaian: A-8 errepidea (111 eta 123 km-en arteko tartea), BI-637 (11 eta 14 km-en arteko errepide zatia), N-637 (9 eta 11 km-en arteko tartea); eta Gipuzkoan: N-1 (455 eta 457 km-en arteko errepide zatia).

Bidegune horiek guztiak Bizkaiko eta Gipuzkoako bide-sare nagusietan daude, eta errepide horiek lurralde historikoaren barruko komunikaziorako ardatz dira. Errepide zati horiek biztanle kopururik handien duten herriak lotu ezezik (Barakaldo, Bilbao, Sestao, Getxo, etab.), hirietako sarbideak eta saihesbideak dira, hala nola, A-8 (Bilbaoren kasuan) edo N-1 (Donostiaren kasuan). Errepide horietatik, gainera, beste abiapuntu eta helmuga duten hainbat ibilgailuk zirkulatzen du. Esate baterako, Bizkaiko errepideetatik Kantabriara, Gipuzkoara eta Arabara doazen eta Kantabriatik, Gipuzkoatik eta Arabatik datozen ibilgailuak zirkulatzen ohi dute; halaber, salgaiak garraiatzen dituzten ibilgailu ugari dabil. Gipuzkoan, orobat, berebiziko garrantzia du Iruneko mugatik eta Iruneko mugara abiatzen diren ibilgailuen kopurua.

Hona hemen, kontrolpean jarri nahi diren bideguneei buruzko hainbat datu, zeinak argi uzten duen zein trafiko trinkoa duten egunero eta ezbehar kopurua ere handia dela: a) Bizkaiko bidegune kontrolatuei dagokienez, A-8 errepideko 111 eta 123 km-en arteko bideguneko ibilgailuen Eguneko Batez-besteko Intentsitatea (EBI) 140.000 ibil./egunekoa da gutxi gorabehera puntako orduetan; hortaz, zirkulatzeko arazo ugari egon ohi da. Bestetik, 1996an (erradarrak instalatu baino urte bete lehenago) bidegune horretan 977 istripu izan ziren. b) N-637ko 9 eta 11 km-en arteko errepide zatiko EBIa 90.000/100.000 ibilg./egunekoa da, eta 1996an 69 istripu izan ziren. c) Azkenik, BI-637ko 11 eta 14 km-en arteko bideguneko EBIa 55.000/80.000 ibilg./egunekoa da, eta 83 istripu zenbatu ziren. Gipuzkoari dagokionez, N-1ean kontrolpean dugun bideguneko EBIa 72.000 ibilg./egunekoa da, eta 1995ean (erradarrak instalatu baino urte bete lehenago) istripuak 66 izan ziren.

Aipatutako datuak eta biztanleri handia duten herriek dituzten trafiko arazoei buruz beste hainbat datu LISITek (trafikoari buruzko sistema inteligente eta informazio teknologien laborategi integratuak) prestatu zuen txosten batetik atera ditugu, "Bilboko sarreretan kontrol-sistema telematikoa jartzeari buruzkoa eta trafikoari buruzko ikerlanaren" txostenetik alegia. Bidezaingo eta Ibilgailuen Zuzendaritzako estatistika eta istripuei buruzko zerbitzuak aztertutako datu eta txostenak ere erabili ditugu.

Kontuan hartzekoa da ere, istripuekin batera beste zenbait arazo sortzen direla (auto-iladak, autoak elkarjotzea iladan doazelarik, etab.) aipatutako bidegunetan. Halaber, auto-pilaketak eta errepide horietara sartzeko bideak mugatuak direla-eta, besteak beste, zirkulatzeko normaltasuna berriro ezartzea ez da batere erraza izaten. Azkenik, berriro ere esan, abiadura-mugak ezartzeko orduan, errepideen administrazio-arduradunek aipatu diren arrazoiak kontuan izan zituzten.

Beste zenbait bidegunetan ere zinemometroak instalatzeko kutxak jartzea erabaki dugu, bidegune horien ezaugarriak bestelakoak diren arren. Hain zuzen ere, Bizkaian N-240 errepideko 30 eta 38 km-en artean, eta Gipuzkoan A-15 errepideko 148 eta 156 km-en arteko zatian. Bizkaiko bideguneari dagokionez, Barazar mendatean dago, maldan behera alegia. Errepide zati hori aldapa luzea da eta malda handikoa, gainera kamioi ugari dabil egunero errepide horretatik. Horrenbestez, bidegune oso arriskutsutzat dugu. Horrez gainera, maldan behera Zeanuri dago, eta N-240 errepidea, herrigunea erdi-erditik zeharkatzen duenez, herritarrentzat arriskutsua da oso. Bigarrenik, Gipuzkoako A-15 errepideko 148 eta 156 km-en arteko bidezatia dugu, izan ere, Iruñatik Andoainera doan autobiaren aldapa bat da. Aldapa luzea eta malda handikoa da, eta gainera, luzera handiko hainbat tunel daudenez, arriskua ere handigoa da. Bada beste elementu bat bidegune hori arriskutsutzat hartzeko, hots, A-15 errepidea N-1eko errepidearekin lotunea arras korapilatsua eta arriskutsua da. Errepide zati horren administrazio-arduraduna arazo horietaz jabetu, eta zenbait neurri hartu zituen egoera hobetzeko asmoarekin, hala nola, balaztatzeko tokiak hobetzea, seinalizazioa hobetzea eta A-15 eta N-1eko lotunea zabaltzea, besteak beste, bazterbidea 2,5 metroraino.

Bukatzeko, BI-625 errepideko 375 eta 376 km-an kokatuta dauden instalazioak aipatu behar ditugu, kasu honetan Arrankudiagako zeharbide arriskutsuan trafikoa kontrolatzeko.

Gorago adierazitako guztia kontuan hartuta, eta maiatzaren 14ko 108/1996 Dekretuaren 11. artikuluak eta uztailaren 21eko 168/1998 Dekretuaren 3. xedapen gehigarriaren 2. atalak ematen dizkidaten ahalmenak egikarituz, hona hemen nire:

EBAZPENA:

Lehenengoa.– Eranskinean adierazi diren bide eta km-etan zinemometroak eta beste zenbait tresna osagarri instalatzea eta erabiltzea agintzen dut, trafikoaren kontrol, erregulazio, zaintza eta diziplinarako irudiak hartu eta berregiteko.

Bigarrena.– Kontrolatuko diren bideguneetan herritarrei seinaleen bidez ohartaraziko zaie zinemometroak badirela.

Hirugarrena.– Zinemometroek hartutako irudietatik trafiko arloko arau-hausteren bat egin dela ondorioztatuko balitz, irudiak -ekintza non gertatu den ikusita- Bizkaiko edo Gipuzkoako Lurralde Zerbitzura bidali beharko lirateke; izan ere, dagokion Lurralde Zerbitzuaren eginkizuna da zigor-prozedura izapidetzea eta erabakitzea.

Irudietatik penal arloko arau-haustea egon dela ondorioztatzen bada, orduan, eskumena duen epaitegira bidaliko dira hartutako irudiak.

Laugarrena.– Grabatutako irudiak zaintzeko eta gordetzeko ardura Bizkaiko edo Gipuzkoako Lurralde Zerbitzuko arduradunarena da, irudiak zein lurralde historikoan hartu diren kontuan hartuta. Irudiak eskuratzeko eta baliogabetzeko eskubideari buruzko erabakia ere Lurralde Zerbitzuko arduradunari dagokio.

Irudiak eskuratzeko eta baliogabetzeko eskubidea nola egikaritu uztailaren 21eko 168/1998 Dekretuaren 15. artikuluak azaltzen du.

Erabaki hau Bideozaintza eta Askatasunen Batzordeari jakinarazi behar zaio, uztailaren 21eko 168/1998 Dekretuaren 3. xedapen gehigarriaren 4. atalak xedatzen duena betetzeko.

Vitoria-Gasteiz, 1999ko ekainaren 15a.

Bidezaingo eta Ibilgailuen zuzendaria,

JESÚS ARANA ESTURO.

ERANSKINA

BIZKAIA Lurraldean kokatua dauden instalazioak

Errepidea K.G. Norabidea Tokia

A-8 111,500 Santander Malmasingo tunelaren kanpoaldea

A-8 112,250 Santander Malmasingo tunelaren barrualdea

A-8 113,030 Santander Malmasingo tunelaren kanpoaldea

A-8 116,662 Santander Errekaldeko zubia

A-8 118,000 Santander Sabino Aranako sartokia

A-8 119,430 Santander Kadaguako Pasabideko monolitoaren azpia

A-8 119,980 Santander Zorrotzako bihurgunea

A-8 121,542 Santander Gurutzetako zubiaren azpia

A-8 124,550 Santander Max Center-en aurreko zubia <P ALIGN="JUSTIFY">A-8 123,540 Donostia-San Sebastián Max Center-eko zuzengunea, Ansioko bihurgunea

baino lehenago

A-8 121,316 Donostia-San Sebastián Gurutzetako maldan behera ezkerretara

dagoen bihurgunea aurretik

A-8 120,516 Donostia-San Sebastián Zorrotzako bihurguneen arteko tarte arteza

A-8 119,566 Donostia-San Sebastián Kadaguako Pasabideko monolitoaren azpia

A-8 114,900 Donostia-San Sebastián A-68 bikoiztu aurretik

A-8 113,075 Donostia-San Sebastián Malmasingo tunelaren kanpoaldea

A-8 112,090 Donostia-San Sebastián Malmasingo tunelaren kanpoaldea

A-8 111,500 Donostia-San Sebastián Malmasingo tunelaren kanpoaldea

N-637 10,650 Getxo Arrontegiko zubia

N-637 9,550 Getxo Unibertsitateko irteera

N-637 10,300 Getxo Leioako Hiperraren parean

N-637 8,970 Bilbao Arrontegiko zubia

BI-637 13,750 Bilbao Uribe-Kostako pasabidea tunelaren sartu aurretik

BI-637 11,930 Bilbao Arrontegiko hasiera, antzinako biribilguan

BI-625 376,434 Bilbao Arrankudiagako zeharbidea

BI-625 376,710 Araba Arrankudiagako zeharbidea

N-240 38,600 Bilbao Gasolindegira heldu aurretik

N-240 32,500 Bilbao Baratzar mendatea, autobusaren geltokiaren ostean

N-240 31,078 Bilbao Zeanuriko zeharbideko lehen eraikina

N-240 30,760 Vitoria-Gasteiz Zeanuriko zeharbidea iritsi aurretik

GIPUZKOA Lurraldean kokatuta dauden instalazioak

Errepidea K.G. Norabidea Tokia

N-I 456,100 Vitoria-Gasteiz Añorga-Txiki

N-I 455,500 Irun Añorga

A-15 148,800 Donostia-San Sebastián Belabietako tunelaren barrua

A-15 149,800 Donostia-San Sebastián Belabietako tunelaren irteera

A-15 151,900 Donostia-San Sebastián Oindolar A-15 155,500 Donostia-San Sebastián Autobiaren amaiera, galtzada estutzen den tokian


Azterketa dokumentala