Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

188. zk., 1999ko irailaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
4079

AGINDUA, 1999ko uztailaren 26koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena. Agindu honen bidez deialdia egiten zaie ikastetxeei, lanbide-moduluetan eta prestakuntza-zikloetan Lantokiko Prestakuntza modulua egiteari buruzko dokumentazioa aurkez dezaten.

Lantokiko Prestakuntza modulua prestakuntzako eta gaitasunak baliozkotzeko esparrua da, eta ikastetxearen eta produkzio-zentroen arteko koordinazioaren bidez gauzatzen da. Modulu honen bitartez, irakaskuntza eta ikaskuntzako prozesuei benetako produkzio-testuinguruak erantsiko zaizkie; horrela, ikasleek ikastetxearen prestakuntza-prozesuetan bereganatu dituzten ezaupideak, trebetasunak eta jarrerak praktikan jartzeko aukera izango dute. Horrez gain, eskolaren testuinguruan irakatsi ezin diren gaitasunak eskuratzen lagunduko zaie.

LOGSE-k prestakuntza-ziklo guztietan lantokiko prestakuntza praktikoa egitea derrigorrezkoa dela ezartzen du; horretarako, 34.2 artikuluan xedatzen du Hezkuntzako Administrazioek irakaskuntza horien garapenean enpresa eta erakundeen parte-hartzea bultzatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dituztela.

Prestakuntzako jarduera-mota hau dirulaguntzen bidez egin izan da azken urteotan. Dirulaguntza horiek eskatzeko eta Aseguru Osagarriaren onuradun izateko ikasleek lantokietan praktikak egin dituztela ziurtatzen duen agiria beharrezkoa denez, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Azaroaren 22ko 447/1994 Dekretuak eta apirilaren 29ko 97/1997 Dekretuak arautzen dituzten lanbide-moduluak eta prestakuntza-zikloak ematen dituzten ikastetxeei deialdia egiten zaie, "Lantokiko Prestakuntza" izeneko modulua egiteko dokumentazioa aurkez dezaten. Helburua ikasleak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak harpidetutako Aseguru Osagarriarekin praktikak egiten ari direnean ezbeharren bat gertatuz gero babestuta egotea da, bai eta Sail horrek deitutako laguntzak eskuratu ahal izatea ere.

2. artikulua.– Bigarren Mailako Lanbide Prestakuntza (erregimen orokorraren nahiz irakaskuntza espezializatuen bidez) ematen duten ikastetxeek ere parte hartu ahal izango dute aipatutako deialdian, irakaskuntza horiek iraungitzen diren arte, bigarren mailako Lanbide Prestakuntza egiten ari diren ikasleei 1. artikuluan azaldutako estaldurak aplikatu ahal izateko.

Deialdi horretan parte hartu ahal izateko, LHIIko ikasleek 1998ko maiatzaren 11ko Aginduak —ikastetxeei ikasleen lantokiko praktiken proiektuak egiteko deialdia egiten dienak— 3. eta 4. artikuluetan adierazten dituen baldintzak bete beharko dituzte.

Era berean, ikastetxeak Agindu horretan ezartzen den bezalaxe egin beharko du praktiken proiektua, eta ikasturteko urteko programazioari eranskin gisa gehituko dio. Proiektu hori aurrera eramateko ez da beharrezkoa izango Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren baimena berariaz jakinaraztea.

3. artikulua.– Deialdiaren ezaugarriak. Deialdi honetan parte hartzen duten lantokietako prestakuntzako programek honako ezaugarriak izango dituzte:

a) Ikasleek ez dute inolaz ere lan-harremanik edo loturarik izango enpresarekin, martxoaren 5eko 707/1976 Dekretuaren 2. artikuluan eta abenduaren 29ko 2317/1993 Errege Dekretuaren Lehen Xedapen Gehigarrian xedaturikoarekin bat etorriz. Beraz, ezingo da lan-kontraturik sinatu ikaslearen eta enpresaren artean prestakuntza praktikoak irauten duen bitartean.

b) Ikasleak ezingo du inolako diru-kopururik jaso enpresarengandik egiten duen prestakuntza praktikoaren ordain gisa. Ikasleak euskal Administrazioak ekitaldi bakoitzean finkatzen dituen laguntza ekonomikoak jaso ahal izango ditu.

c) Lantokian edo lantokirako lekualdatzeetan gerta litezkeen ezbeharrak eskola-aseguruak estaliko ditu, abuztuaren 13ko 2078/1971 Dekretuak (irailaren 13ko EAO) ezarritako araudiarekin bat etorriz, bai eta beste aseguru osagarri batek ere; bigarren aseguru osagarri hori euskal Administrazioak harpidetuko du eta ikaslea baliaezintasunaren, heriotzaren, erantzukizun zibilaren eta gauzei zein hirugarrenei egindako kalteen aurka babestuko du.

d) Enpresetako praktiketara berandu heltzea, kale egitea eta ez aprobetxatzea lan-hutsegitetzat joko dira eta, ondorioz, eskola-ebaluazioari dagokionez, errendimendua txikitu egin dela hartuko da kontuan. Lantokiak uko egin diezaioke ikasle baten prestakuntzan parte hartzen jarraitzeari; horretarako, nahikoa izango da ikastetxeari idatziz jakinaraztea. Era berean, ikastetxeak ikasle baten praktikak amaitutzat jo ditzake enpresa batean, produkzio-zentroari idatziz jakinaraziz.

e) Ikastetxeak edozein unetan ebaluatu eta gainbegira dezake prestakuntza praktikoaren edukia eta bilakaera, prestakuntza praktikoaren arduraduna den irakasle-tutorearen bidez.

f) Enpresak prestakuntza tekniko eta pedagogiko egokia duen instruktore bat edo batzuk izendatuko ditu prestakuntza praktikoa koordinatu, garatu eta haren segimendua egiteko. Instruktore horiek ikaslearen orientazioa eta kontsulta bermatuko duen dedikazioa eskainiko diote; horrez gain, ikastetxeko irakasle-tutorearekin harremana izango dute. Enpresak euskal Administrazioak ekitaldi bakoitzean finkatzen dituen laguntza ekonomikoak jaso ahal izango ditu.

g) Prestakuntza-plana irakasle-tutoreak eta enpresako instruktoreak adosten dutena izango da. Ikasleak lanerako koadernoa beteko du; instruktoreak gainbegiratu eta bideratuko du koaderno hori, eta Lantokiko Prestakuntzako modulua kalifikatzen parte hartuko du.

h) Praktiketako aldia eskola garaian egingo da batez ere, hau da, gutxienez praktiketako orduen guztizko kopuruaren 2/3 irailetik ekainera bitartean egingo dira (bi hilabete horiek barne), astelehenetik ostiralera doan lan-astearen barruan, eta abuztua jai izango da ondorio horietarako.

i) Lantokiko Prestakuntzaren moduluak gutxienez 25 ordu eta gehienez 35 izango ditu astean; egunean gutxienez 5 ordu emango dira eta gehienez ere 7.

j) Prestakuntza praktikoko aldia amaitzen denean, enpresak ziurtagiri bat emango dio ikasleari; ziurtagiri hori Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak onikusia izan daiteke.

4. artikulua.– Ikasle bat lantokiko prestakuntza egitera enpresa batera joaten denean, enpresak eta ikastetxeak deialdi honen ezaugarriak onartzen dituztela ulertuko da eta ez da beharrezkoa izango horretarako hitzarmenik egitea.

5. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa. Ikastetxeak honako dokumentazioa aurkeztu beharko du praktikak hasi baino gutxienez 15 egun lehenago eta, betiere, ikasturtea amaitu aurreko maiatzaren 1a baino lehenago:

a) Praktikak hasten direnean arduraduna den pertsonaren eta zuzendariaren jakinarazpena; horri honako informazio hau erantsiko zaio, ezarritako euskarri informatikoan: ikasleen zerrenda, praktika-aldia, ordu-kopurua guztira eta praktikak egingo diren lantokiak.

b) Praktiken orriak (enpresa bakoitzeko ikasleen zerrenda), ezarritako euskarri informatikoan.

6. artikulua.– Aurreko artikuluan aipatutako dokumentazioa Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan aurkeztu beharko da, Lanbide Heziketako Unitatean, eta Lanbide Heziketako zuzendariari zuzenduko zaio.

7. artikulua.– 5. artikuluan aipatzen den dokumentazioa Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari aurkezteak, agindu honetako 1. artikuluan jasotako ezbeharren aurkako estaldura osagarria eskuratzeko eskubidea ematen du.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.– Administrazio-prozedurari buruz agindu honetan jasota ez dagoen guztiari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da.

Bigarrena.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Lanbide Heziketako zuzendariari baimena ematen zaio agindu hau aplika dadin beharrezkoak diren jarraibide eta arauak emateko.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 1999ko uztailaren 26a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

INAXIO OLIVERI ALBISU.


Azterketa dokumentala