
151. zk., 1999ko abuztuaren 10a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Nekazaritza eta Arrantza Saila
3491
AGINDUA, 1999ko uztailaren 21ekoa, Nekazaritza eta Arrantza sailburuarena, zeinaren bitartez montxina behi-arrazari buruzko arau bereziak onartzen baitira.
Euskal Herrian galtzeko arriskuan dauden animali arraza autoktonoek osatzen duten ondare genetikoa zaintzea —baliabide genetikoak eta animali bioaniztasuna identifikatuz, ebaluatuz, behar bezala erabiliz eta zainduz— gizartearen eta erakundeen apustu garbia da. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko abeltzain-elkarteek eta herri-administrazioek orain dela zenbait urte elkarrekin hasitako lana bultzatzea da ekimen honen helburua.
Ildo horretatik, beharrezkoa da montxina behi-arrazaren biziraupen, berreskuratze eta hobekuntza ahalbidetuko duten arauak finkatzea, Euskal Autonomia Erkidegoak abeltzaintza alorrean duen eskumen esklusiboaren egikaritzaren barruan, eta animali ekoizpen eta osasunaren alorreko zerbitzuak Estatutik Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatzeari buruzko uztailaren 24ko 2030/1981 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz.
Beraz, hau
XEDATU DUT:
Artikulu bakarra.– Montxina behi-arrazaren liburu genealogikoari buruzko arau bereziak onartu dira. Arau horiek agindu honen eranskinean argitaratzen dira.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 1999ko uztailaren 21a.
Nekazaritza eta Arrantza sailburua,
IÑAKI GERENABARRENA MARTINEZ DE LAHIDALGA.
ERANSKINA
MONTXINA BEHI-ARRAZAREN LIBURU
GENEALOGIKOARI BURUZKO ARAU
BEREZIAK
I. KAPITULUA
ARRAZAREN PROTOTIPOA
1.– Definizioa.
Arau hauetan zehazturiko arraza-prototipoarekin bat datozenak hartuko dira montxina behi-arrazakotzat.
2.– Ezaugarri morfologikoak.
2.1.– Ezaugarri orokorrak.
Montxina arrazakoak behi landatar eta basotarrak dira, eta gorputzez ez oso handiak.
Itxura orokorra bizkorra, bizia eta harmonikoa dute.
2.2.– Ezaugarri bereziak.
2.2.1.– Burua eta lepoa.
a) Burua: arren burua taxu eta neurrikoa da, sendoa, itxura dotorekoa; lepagaina garai samarra da, eta kalpatsak are nabarmenago egiten du berezitasun hori. Emeen burua, berriz, luzeago eta estuagoa da (dolikozefaloa); lepagaina markatuxea da, eta kalpatsa dute, arrena baino urriagoa.
– Bekokia: zuzena eta laburra.
– Aurpegia: luzanga da, gero eta estuagoa muturrera jaitsi ahala. Muturra zabaldu egiten da, eta, horri esker, sudur-zuloak nahiko handiak dira. Ezpainak lodiak dira, eta begiak biziak, almendra-itxurakoak eta lapranak.
– Belarriak: ertainak eta mugikorrak dira.
– Adarrak: txiki samarrak dira, parentesi-itxurakoak eta sekzio zirkularrekoak. Hasieran alboetara egiten dute, eta gero aurrera eta gora.
b) Lepoa: arrena laburra, mardula eta sendoa da, enborrari ondo lotua. Emeena luzeagoa eta meheagoa da.
– Lepapea: txikia da, eta lerro etena osatzen du.
2.2.2.– Gorputza.
a) Soinkurutzea: arrena ez da oso nabarmena; emeena, berriz, meheagoa eta nabarmenagoa da.
b) Bizkarra: labur samarra da, eta bizkar eta gerriko lerroa zuzena da. Gora egiten du apur bat, soinkurutzerantz. Giharrak ondo garatuta daude.
c) Gerruntzea: estua baina gihartsua.
d) Bularra: arrek zabala eta sakona dute, atzeko herena baino handiagoa; emeengan, berriz, proportzioa kontrakoa da. Bularrezurreko gila ez da oso zabala; edonola ere, nahiko nabarmena da emeengan, eta gutxixeago arrengan. e) Enborra: estu samarra da, eta saihetsaldeak luzera ertainekoak dira, lapranak arrengan eta gakotuxeak, batez ere emeengan. Mehakak oso zabalak dira, eta oso markatuak. Sabelaldea bildu samarra da arrengan, eta irtenagoa emeengan.
f) Zerra: labur samarra eta estua dute, eta errainezurra nabarmena, angelutsua; zabala da ilionen artean, eta estua iskionen artean. Nahiko zuzena da.
g) Errapeak: nahiko txikiak dira, eta sorburua ere txikia dute, baina sabelari ondo lotuta daude. Eite onekoak dira. Erroak simetrikoak dira, ondo garatuak.
h) Barrabilak eta eskrotoa: ondo garatuak eta simetrikoak. i) Buztana: goitik sortzen da, eta gakotu samarra da maslo aldean.
2.2.3.– Gorputz-adarrak.
a) Aurreko gorputz-adarrak:
– Sorbalda: gihartsua eta triangelu itxurakoa. Luzera ertainekoa da, eta nahiko zuzena.
– Besoa eta besaurrea: gihartsuak dira, eta sorbaldarekin angelu zuzena egiten du lehenak eta perpendikularra bigarrenak.
– Belauna: eite onekoa eta sendoa.
– Kanaberak: zapalak dira alboetan, eta tendoiak markatuta daude.
– Hazkoskorra eta trabatokia: eite onekoak eta ondo jarriak. – Apatxak: txikiak baina gogorrak, sendoak, uniformeak eta leunak.
b) Atzeko gorputz-adarrak:
– Izterra: ertaina, lerrozuzena, estua eta ez oso gihartsua. – Ipurmasaila: zuzena eta tamaina ertainekoa
– Belaunburu edo eseki-lekuak: handiak, zimelak eta sendoak. – Hanka-jarrera: egokiak. Horrek ibilera arina eta airosa ematen dio.
2.2.4.– Kolorea, larrua, ilea eta mukosak.
a) Kolorea: gaztain-gorria ("itsas gorria" ere izan daiteke), ilungune zentrifugoekin (zabalagoak arrengan), aurpegi ilunkarak osatuz. Eraztun beltza dute begien inguruan, eta ilunguneak dituzte belaunean eta belaunaren aurreko aldean. Adar-muturrak, apatxak eta buztanaren mototsa beltzak dira beti. Bestetik, aho argia dute, eta zurigune edo dekolorazio txiki batzuk eduki ditzakete bekokiaren goiko aldean. Kalpatsaren kolorea eta aurpegiarena ezberdinak izaten dira. Eskrotoa kolore argikoa da, eta orban bat dauka beheko muturrean (kupula). Errapeak kolorgeak dira. Beste kolore-mota bat onartzen da: marraduna edo tigre-itxurakoa.
b) Mukosak: beltzak.
c) Larrua: lodia eta sendoa, denbora gehiena aire zabalean ematen duten animalia basotarrei dagokien legez.
d) Ilea: lakar eta luzea, meheagoa istape, axila eta perineoan. Alde handiagoa dago urte-sasoi batetik bestera; udan laburragoa, finagoa eta distiratsuagoa da. Hirtsutismo handia dute, hotzetik babesteko. Belarrien ertzetan ile luze argiak dituzte, ilunago batzuekin tartekaturik, sarrera estaltzen dutelarik.
2.3.– Izaera eta portaera.
Izaera zaputzeko abereak dira, eta lurra mugatzeko joera nabaria dute.
Neguan toki ireki, zabal eta eguzkitsuak nahiago dituzte, eta udan inguru ospelak bilatzen dituzte (basoak eta trokak).
2.4.– Ezaugarri baztertzaileak.
Oro har, ezaugarri baztertzailetzat hartuko dira tara hereditario edo malformazio fisiko nabari guztiak, eta, bereziki, ondoko hauek: – Burua: handia eta zabala; aurpegi luzeegia; bekoki estuegia; begien inguruan eraztunik ez izatea; adar lodiegiak.
– Lepoa: argala arrengan; mehe eta luzeegia emeengan; lepape handiegia.
– Soinkurutzea, bizkarra eta gerruntzea: soinkurutze nabarmenegia; bizkar estu eta zela-itxurakoak.
– Bularra: estua.
– Enborra: saihetsalde lau eta estuak; sabel lodiegia edo erkinegia.
– Errapeak: asimetrikoak; erro handiegiak edo txikiegiak.
– Barrabilak eta eskrotoa: barrabil txiki eta asimetrikoak; eskrotoa ondo jaitsi gabe (kriptorkidia).
– Zerra: oso zerra estua; oso iskion estuak; errainezur markatu eta arantzatsuegia.
– Buztana: goregi sortutakoa; lodiegia.
– Aurreko gorputz-adarrak: sorbalda argalak, enborrari gaizki lotuak; gorputz-adar luzeegiak eta jarrera eskasekoak; apatx ahulak.
– Atzeko gorputz-adarrak: luzeegiak eta jarrera eskasekoak; ipurmasail argalak.
– Kolorea, larrua eta ilea: kolore horiko animaliak; guztiz koloreztatuak; berezko kolorearen gaineko orban koloredunak.
II. KAPITULUA
KALIFIKAZIO MORFOLOGIKOA
3.– Erabili beharreko baremoa.
Arrazaren estandarraren betebeharren arabera, puntuazio metodoaren bidez egingo da kalifikazio morfologikoa. Eskualde anatomiko bakoitzari puntu bat emango zaio gutxienez, eta hamar gehienez, ondoko baremo honen arabera:
Perfektua 10 puntu
Bikaina 9 puntu
Oso ona 8 puntu
Ona 7 puntu
Onargarria 6 puntu
Nahikoa 5 puntu
Baztertzekoa 5 puntu baino gutxiago
Balioetsi beharreko edozein eskualderi 5 puntu baino gutxiago emanez gero, aberea deskalifikatu egingo da, gainerako eskualdeek lortutako puntuazioa kontutan hartu gabe.
4.– Kalifikatu beharreko alderdiak eta alderdion ponderazioa.
Jarraian adierazten da kalifikatu behar diren alderdiak zein diren. Haietariko bakoitzerako, gainera, ponderazio-koefizientea adierazten da. Eskualde bakoitzari esleitutako puntuazioa bider eskualdeari dagokion koefizientea egingo da, ondoko taularen arabera, eta hala aberearen behin-betiko puntuazioa lortuko da:
Koefiziente biderkatzaileak
Kalifikazio-eskualdeak Arrak Emeak
Burua eta lepoa 1,5 1,5
Sorbalda eta soinkurutzea 1 1
Bularra eta saihetsak 1 1
Bizkarra eta gerruntzea 1 1
Zerra eta buztana 1 1,5
Gorputz-adarrak eta hanka-jarrera 1,5 1,5
Sexu-ezaugarriak 0,5 0,5
Tenperamentua eta eiteen osotasuna 2,5 2
Guztira 10,0 10,0
Azken puntuazioa horrela lortuta, abereak kategoria hauen arabera sailkatuko dira:
Kategoria Lortutako puntuak
Perfektua 100
Bikaina 91tik 99,99ra
Oso ona 81etik 90,99ra
Ona 75etik 80,99ra
Onargarria 70etik 74,99ra
Nahikoa 60tik 69,99ra
Eskasa 55etik 59,99ra
Txarra 55 baino gutxiago
III. KAPITULUA
LIBURU GENEALOGIKOA
5.– Errejistroak.
5.1.– Montxina behi-arrazaren liburu genealogikoak ondoko errejistro hauek izango ditu:
a) Fundazio Errejistroa (FE).
b) Jaiotza Errejistroa (JE).
c) Behin-betiko Errejistroa (BE).
Jarraian deskribatuko dira errejistro bakoitzaren ezaugarriak.
Edonola ere, edozein abere montxina arrazaren liburu genealogikoan errejistratu ahal izateko, beharrezkoa da aberea dagoeneko ustiategia ofizialki errejistraturik egon dadin.
5.2.– Fundazio Errejistroa (FE).
Jarraian adieraziko diren baldintzak betetzen dituzten abere ar eta emeak jasoko dira Fundazio Errejistroan:
– Arrazarako zehaztu diren ezaugarri etnikoak edukitzea.
– Arren kasuan, gutxienez hamalau hilabete izatea, eta emeen kasuan, bi urte.
– Arrazaren prototipoaren arabera, gutxienez 60 puntu lortzea emeen kasuan, eta, arren kasuan, 65 puntu.
– Errejistro honetan inskribatzeko, 3 urteko epea onartuko da emeentzat, eta urtebetekoa arrentzat, beti ere arrazari buruzko arauteria ofizialki onetsiz geroztik.
5.3.– Jaiotza Errejistroa (JE).
Fundazio Errejistroan edo Behin-betiko Errejistroan inskribatutako abereen umeak sartuko dira errejistro honetan, arrak zein emeak direlarik, baldin eta eskakizun hauek betetzen badira:
– Arrazaren berezko ezaugarriak edukitzea.
– Tara edo akatsik ez izatea.
– Emeen ugalketaren kontrola edukitzea.
– Errejistro honetan inskribatzeko eskabidea aurkeztea, txahalari titia kendu baino lehen.
5.4.– Behin-betiko Errejistroa (BE).
Behin adin batera ezkero (hiru urte, emeak badira, eta hogeita hamar hilabete, arrak badira), Jaiotza Errejistroko abereak Behin-betiko Errejistroan inskribatu ahal izango dira, 60 eta 65 puntuko kalifikazio morfologikoa gaindituz gero, (60koa emeek, 65ekoa arrek).
Ugalkortasun edo emankortasun gutxiko ezaugarri hereditarioak edota umetarako ezaugarri txarrak antzemanez gero, umetarako abere guztiei (arrak zein emeak) eta haien ondorengoei baja eman behar zaie errejistro honetan.
Liburu genealogikoko inskripzioak animalien jatorriagatik edo animalien ezaugarriengatik (hau da, abiaburu gisa) egin daitezke. Bigarren aukera hori Fundazio Errejistroan inskriba daitezkeen animaliei dagokie.
Jatorriagatik inskribatzen diren animaliei dagokienez, jatorriagatik edo ezaugarriengatik inskribatutako montxina emeengandik jaiotzen diren animaliak berez inskribatuko dira, baldin eta behi horiek izaera bereko arrek estaliak badira, eta aldez aurretik estaldura eta jaiotza aitortzen badira.
IV. KAPITULUA
ONARPEN ETA KALIFIKAZIO BATZORDEA
6.– Eraketa eta eginkizunak.
Onarpen eta Kalifikazio Batzordea eratzen da, Nekazaritza eta Arrantza Sailari atxikita. Batzordearen eginkizunak ondoko hauek izango dira: a) Liburu genealogikoan inskribatu nahi diren animaliak eta haien agiriak aztertzea, arautegi honetan ezarri diren eskakizunak betetzen ote diren egiaztatzeko.
b) Animaliak kalifikatzea. Onarpen eta Kalifikazio Batzordeak beste pertsona eskudun baten edo batzuen esku utz dezake eginkizun hau; hala eginez gero, beste pertsona horren edo horien lana gainbegiratuko du.
c) Bidezkoa bada, animalia edo animaliak onar daitezen erabakitzea.
d) Lurraldean-lurraldean arrazaren liburu genealogikoa kudeatzen duen erakundeari ebaluazioen emaitzen berri ematea.
7.– Osaketa.
Batzordekideak hauek izango dira:
a) Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza zuzendariak izendaturiko teknikari-albaitari bat, batzordeko lehendakari arituko dena.
b) Lurralde historiko bakoitzeko foru erakunde eskudunak izendaturiko teknikari-albaitari bat.
c) Lurralde bakoitzeko hazle/abeltzain elkarteko kide bat.
RSS