Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

151. zk., 1999ko abuztuaren 10a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
3490

EBAZPENA, 1999ko uztailaren 21ekoa, Langileriaren Kudeaketa zuzendariarena. Honen bidez, 1995eko irailaren 13ko Ebazpena —Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan ordezkapenak egiteko hautagaien zerrenda kudeatzeari buruzko jarraibideak ematen dituena— aldatzen da.

1995eko irailaren 13ko Ebazpena —EAEko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan ordezkapenak egiteko hautagaien zerrenda kudeatzeari buruzko jarraibideak onesten dituena— indarrean jarri zenetik, ordezkapenak egiteko jendea behar zen espezialitate batzuetan ordezkapen horiek ezin izan direla egin ikusi dugu, nahiz eta zerrendak behin betiko ireki diren; izan ere, ez zeuden zerrendetan sartzeko eskakizun guztiak betetzen zituzten behar adina eskaera. Horregatik, eta ikastetxeen eskariei erantzun ahal izateko, egokitzat jotzen dugu zenbait egoeratan ordezkapenak egiteko hautagaien zerrendatan sartzeko hizkuntza-eskakizuna betetzea beharrezkoa ez izatea. Horrek ez du esan nahi epea agortutako hizkuntza-eskakizuna duten plazak hizkuntza-eskakizun hori egiaztatu gabe inolaz ere eskuratu ahal izango direnik.

Hori dela eta, honako hau

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Langileriaren Kudeaketa zuzendariaren 1995eko irailaren 13ko Ebazpena,—EAEko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan ordezkapenak egiteko hautagaien zerrenda kudeatzeari buruzko jarraibideak onesten dituena— honela idatzita geratuko da 2. artikuluko 2. idatz-zatiari dagokionez:

"2.– Euskarako titulua.

a) 1. edo 2. hizkuntza-eskakizuna izatea.

b) Hizkuntza-eskakizunen mailarekin homologatutako edo berdinetsitako hizkuntza-ziurtagiriren bat izatea, martxoaren 9ko 47/1993 Dekretuak, hizkuntza-eskakizunak zehazteko irizpideak ezartzen dituenak, hirugarren xedapen gehigarrian xedatzen duenaren arabera. Bestela, 263/1998 Dekretuak, urriaren 6koak, Euskararen Gaitasun Agiriaren eta irakaspostuetarako Hizkuntz Eskakizunen baliokidetzak finkatu, eguneratu eta berresten dituenak, 2. artikuluan baliokidetzat jotzen dituen egiaztagiriren baten jabe izan beharko da.

Euskarako titulua fotokopia konpultsatuaren bidez egiaztatuko da.

Aipatu ditugun bi eskakizunak (titulazio akademikoa eta euskarako titulua) beharrezkoak dituzte zerrendak irekitzeko orduan zerrendetara sartu nahi duten hautagaiek.

Dena dela, zerrendetara sartzeko hizkuntza-eskakizuna izateko baldintza salbuetsi egin ahal izango da, hizkuntza-eskakizuna duten hautagaien kopurua ordezkoen beharra asetzeko adinakoa izango ez dela aurreikus daitekeen espezialitateetan. Eskakizun hori betetzen ez duten hautagaiei eskakizuna betetzen duenik ez dagoenean bakarrik deituko zaie ordezkapenak egiteko eta orduan bakarrik sartu ahal izango dira ordezkapenak egiteko hautagaien zerrendan."

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza sailburuordeari, Ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 1999ko uztailaren 21a.

Langileriaren Kudeaketa zuzendaria,

JESÚS MARÍA LAKARRA ARRASTIA.


Azterketa dokumentala