Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

131. zk., 1999ko uztailaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
3058

EBAZPENA, 1999ko ekainaren 28koa, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearena, Ordiziako Hirigune Historikoa Kultura Ondasun gisa Monumentu Multzo izendapenaz sailkatzeko eta hura zaintzeko babes-arauak ezartzen zituen Dekretuak onetsitako babes-araubidea aldatzeko espedienteari hasiera emateko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babespean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Zegokion administrazio-espedientea izapidetu ondoren eta aipatutako lege-markoaren arabera, Jaurlaritzaren Kontseiluak 54/1996 Dekretua, martxoaren 12koa, Ordiziako Hirigune Historikoa Kultura Ondasun gisa Monumentu Multzo izendapenaz sailkatzeko eta hura zaintzeko babes-arauak ezartzeko zena onetsi zuen.

Aipatutako Babes Araubidea Ordiziako Hirigunea modu orokor batean arautzen duen dokumentua da, hau da, historia- eta hirigintza-entitate baterakoi eta koherente gisa. Babes Araubideak ez du hiriguneko elementuen kasuan kasuko azterketa egiten, hirigunearen ezaugarriak harturik hirigune hori zaintzeko araubide orokor bat ezartzen du baizik.

Ordiziako Udalak aurkezturiko lehenengo alegazioetan jada ikus zitekeen ezarritako Babes Araubidea hasierako dokumentu bezala arrazoizkoa bazirudien ere dokumentuaren orokortasun hori gehiegizkoa izan zitekeela.

Bere egunean Ordiziako Udalak jendaurrean informatzeko eta interesdunei entzuteko izapideen barne aurkezturiko alegazioak eta hainbat Administrazioen arteko elkar-laguntza politika dela-eta, Ordiziako Hirigune Historikoaren Babes Araubideak aldaketa nabarmenak jaso zituen.

Sailkatzeko prozedura amaitu eta Ordiziako Udalarekin edukitako bileran Babes Araubidearen inguruko arazoa aztertu zen. Horren ondorioz, Euskal Kultura Ondarearen Zentroak arazo horiek ikusi eta Ordiziako Hirigune Historikoaren ezaugarri bereziak aztertu behar zirela erabaki zuen.

Indarreango Babes Araubideari eginiko aldaketarik nabarmenenak honako hauek dira:

a) Babes Araubidearen aplikazio-eremua berriro definitzea, aurreko definizioa iparraldetik moztuz eta ia perimetro guztian zehar garai bateko harresitutako guneei egokituz. Gune horren barnean Etxezarreta kaleko etxadiko zenbaki bakoitiak baino ez daude. Etxezarreta kalea harresiaren trazaketari paraleloa da eta kale horretako sekzioa osatzen du.

b) Oinarrizko babesekoak bezala katalogatutako eraikinetan eskuhartze gehiago baimentzea.

c) Hirigunearen garapen prozedurarekin koherenteak diren lursailetan kokaturik egotea balore historiko-kultural bakarra duten ondasun higiezinei Morfologia Babesa maila ezartzea.

d) "Elementu ordezkagarriak" maila "Babesik ezako" mailagatik ordezkatzea.

e) Bat ez datorren eraikinei ezarritako baldintzak zehaztea, mantenimenduko gutxieneko lanak baimenduz.

f) Babestutakoen eta partzialki bat ez datorren elementuen sistema malguagoa egitea, ezarritako eskema orokorraren barnean maila bat gehiago baino, eraikinaren gainean egindako apreziazioaren balorazio independenteak bezala baizik.

Babes Araubidearen aldaketa horiek Ordiziako Udalak eskatu zituen. Gaia aztertu eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek egindako txostenak ikusirik, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen arabera, aurrekoa aldatzeko administrazio-espedienteari hasiera ematea onartu zen.

Hori dela-eta, honako hau

EBATZI DUT:

Lehena.– Ordiziako Hirigune Historikoa Kultura Ondasun gisa, Monumentu Multzo izendapenaz, sailkatzeko eta hura zaintzeko babes-arauak ezartzen zituen 54/1996 Dekretuak onetsitako babes-araubidea aldatzeko espedienteari hasiera ematea.

Bigarrena.– Babes-araubide eta mugaketa berriak III. eranskin moduan lehenengoa eta II. eranskin moduan bigarrena ezartzea eta martxoaren 12ko 54/1996 Dekretua, Ordiziako Hirigune Historikoa Kultura Ondasun gisa Monumentu Multzo izendapenaz sailkatzeko eta hura zaintzeko ezartzeko zenaren I. eranskina (Deskribapena) Ebazpen honen barnean hartzea, babes-araubidearen aplikagarritasuna erraztearren.

Hirugarrena.– Ordiziako Hirigune Historikoa Kultura Ondasun gisa Monumentu Multzo izendapenaz sailkatzeko eta hura zaintzeko babes-arauak ezartzeko zen Dekretua aldatzeko espedienteari hasiera emateko espedientea dela-eta, jendaurrean jartzeko epea irekitzea, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta 20 eguneko epean bidezkotzat jotzen diren arrazoibideak egin eta agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84. eta 86. artikuluetan xedatutakoaren arabera. Espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan egongo da aztergai, Vitoria-Gasteizko Wellingtongo Dukea kaleko 2.ean.

Laugarrena.– Ordiziako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailari Ebazpen hau jakinaraztea, jakinarazpena egin eta 15 eguneko epean alegatu eta egokitzat jotzen dituzten agiriak eta frogagiriak aurkeztu ahal izateko.

Bosgarrena.– Espedientea izapidetzen jarraitzea, indarrean dauden xedapenekin bat etorriz.

Seigarrena.– Ordiziako Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei hau jakinaraztea: aldaketa-espediente hau hasteak, lur-zatiketarako, eraikitzeko edo suntsitzeko dagozkien udal lizentziak etenik uzten dituela horren eraginpeko eremuan, halaber, jadanik emandakoen ondorioak ere. Atzera ezinezkoak diren arrazoiengatik egin beharreko obrak Foru Aldundiaren baimena beharko dute derrigorrez.

Zazpigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak honen berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 1999ko ekainaren 28a.

Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea,

IMANOL AGOTE ALBERRO.

I. ERANSKINA

ORDIZIAKO HIRIGUNE HISTORIKOAREN

MONUMENTU-MULTZO KALIFIKATUAREN

DESKRIBAPENA.

Ordizia Oria ibaiaren haranean kokaturik dago, Gasteiztik abiatzen zen eta Segura eta Tolosa zeharkatu ondoren Frantziarekin lotzen zuen antzinako ibilbidean.

Villafranca izenarekin, hiribildu hau 1268. urtean fundatu zuen Alfontso X.ak, "Jakitunak", Gasteizko Forua eman zionean.

Gaztelako erregeek astean behin azoka egiteko pribilegioa eman zioten. Gipuzkoa osoan ospe handia duen azoka honek mendeetan zehar iraun du egundaino. Izan ere, hirigunearen konfigurazioan bertan antzeman daiteke bere garrantzia, merkatua kokatzen den plazak –Plaza Nagusia– duen garapen zabala ikusita.

Bere hiri-morfologiari dagokionez, suteen, gerrateen eta populazioaren bilakaeraren beraren ondorioz transformazio handia izan duen arren, Erdi Aroko tipologiaren zati handi bat gordetzen du, bai bide-trazaduran, bai lursail-egituran.

Hiribilduaren oinplanoa erregularra da, forma obal eta itxiarekin. Hiru kale nagusi ditu ekialdetik mendebaldera orientatuta. Hiruretatik erdikoak –Kale Nagusia– harresiko portale zaharretako bi lotzen zituen; kale zuzen honetatik igarotzen zen Behobiako Errege Bidea.

Alboko kaleek, hots, Santa Maria kaleak eta gaur egun Goen kale eta Elkano kaleak osatzen dutenak, harresiaren trazadura eliptikoa osatzen zuten; honen hegoaldean txertatuta zegoen gotor-eliza. Hirigunearen alde honetan, Etxezarreta kaleak markatzen du harresiaren kanpoko lerroa.

Zeharkako arteria batek –egungo Goitia kaleak eta Plaza Nagusiak okupatzen zutena– hiribilduko beste bi ateak komunikatzen zituen.

Hirigunearen barruan, Nagusia, Goen eta Elkano kaleen artean, Plaza Nagusiaren erdiko espazioa irekitzen da eta honen parean dago Udaletxea. Beste espazio publiko azpimarragarria antzinako barrutiaren ertzean dagoen Barrena jauregiaren aurreko lorategiak dira.

Lursail-egiturak Erdi Aroko ezaugarrietako asko gordetzen ditu: fatxada estuko oinplano sakon tipikoak eta etxadi bikoitzak hiribilduaren barruan eta etxadi bakunak muturretan.

Eraikuntzak tipologia desberdinekoak dira, XIX eta XX. mendeetako jarduerak nagusi izanik. Garrantzi bereziko elementu gisa, XIV. mendeko parrokia-eliza, jauregitxo hiritar barrokoak, udaletxe neoklasikoa eta estetika neoklasikoaren barruan dagoen 1925eko merkatua azpimarra daitezke.

II. ERANSKINA / ANEXO II

II. ERANSKINA

ORDIZIAKO HIRIGUNE HISTORIKOAREN

MONUMENTU-MULTZO KALIFIKATUAREN

MUGAKETA

a) Mugaketaren justifikazioa.

Ordiziako Hiribilduko Hirigune Historikoaren Monumentu Multzorako hartutako mugaketa garai batean harresiz inguratuta egon zen barrutiak zehazten du; barruti hau Behobiatik Gaztelarako Errege Bidearen eta Azpeititik Nafarroarako bidearen gurutzagunean sortu zen, Oria ibaia eta bere ibarra menpean hartzen dituen muino baten gainean. Horrela planteatutako mugaketa, Ordizia, Euskal Herria eta Etxezarreta kaleetarako gunea osatzen duten etxadien ertzeko egungo fatxadei loturik, Etxezarreta kaleko zenbaki bakoitiek osatzen duten etxadia eta Ampuero kaletik hirigunera sartzeko eskalinata biltzeko zabaltzen da, Juan de Amezketa kalerako fatxadek osatzen duten kanpoko inguratzailearekin itxiz poligonoa.

b) Mugaketa.

Ordiziako Hirigune Historikoaren mugaketa eranskin honetako irudian agertzen dena da.

III. ERANSKINA

ORDIZIAKO HIRIGUNE HISTORIKOAREN

MONUMENTU-MULTZO KALIFIKATUA

BABESTEKO ERREGIMENA

I. KAPITULUA

BABES-ERREGIMENAREN IZAERA

1. artikulua.– Babes-erregimenaren helburua. Babes-erregimen hau Ordiziako Hirigune Historikoa monumentu-multzo kalifikatutzat aitortzearen zati da eta, horrenbestez, kalifikazioaren eraginpean dauden ondasunen kontserbazioa bere menpe jarri beharko da eta hirigintza-plangintzako tresnek bere estipulazioak bete beharko dituzte.

2. artikulua.– Aplikazio-esparrua.

Jarraian finkatzen den babes-erregimena Ordiziako Hirigune Historikoaren mugaketan barne hartutako higiezin eta espazio guztietan aplikatzekoa izango da.

II. KAPITULUA

ERREGIMEN OROKORRA

3. artikulua.– Edukia.

1.– Testu honen edukiak ordezkatu egiten du Ordiziako Hirigune Historikoa Kultura Ondasun kalifikatutzat aitortu zenean ezarritakoa eta babes-erregimen hau garatuko duen hirigintza-plangintzak nahiz etorkizunean egin litezkeen plangintza horren berrikuspenek ondarea babesteari dagokionez bete beharko dituzten baldintza orokorrak finkatzen ditu.

2.– Babes-erregimen hau garatuko duen hirigintza-plangintzak babestutako elementu desberdinen babes-mailak zehazten dituzten zerrendak aldatzeko proposamena egin ahal izango du, elementuak babesteko erregimenak ezarritakoaz bestelako babes-maila baten menpe jartzeko komenientzia motibatzen duten arrazoiak justifikatuz.

3.– Kultura Sailak hirigintza-plangintzako tresnen aldeko txostena eman behar du eta, hala badagokio, proposamena ikusita, Monumentu Multzo kalifikatua babesteko erregimena aldatzeko dagokion espedientea hasiko du.

4. artikulua.– Garapeneko hirigintza-plangintza.

1.– Babes-erregimen honetan barne hartutako ondasunei aplika dakiekeen hirigintza-plangintzak Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeko 28.1. artikuluak aipatzen duen txostena beharko du. Txosten honetan edozein eskuhartzeren harmonizazio-maila barne hartuko da, oin berriko eraikuntzak barne.

2.– Babes-erregimen hau garatuko duten hirigintza-tresnak onartzen ez diren bitartean, goian aipatutako Legeko 28.2. artikulua zorrozki bete beharrekoa izango da.

5. artikulua.– Agindu orokorrak.

1.– Espazio publikoetan burutu beharreko jarduera orok espazio horien izaera eta egitura indartuko du eta, halaber, hiri-altzariak multzo osoaren ingurune-izaerarekin integratu eta harmonizatuko ditu.

2.– Babes-erregimen honen babes-mailetan barne hartutako eraikin guztiek, baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zigor, arau-hauste eta gainerako alderdiei dagokienez, Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legean aurreikusitakoa bete beharko dute.

3.– Babes-erregimen honek aipatzen dituen birgaitzeko eskuhartze-motak Ondare urbanizatua birgaitzeko jarduera babestuei buruzko uztailaren 30eko 214/1996 Dekretuan garatutakoak dira.

4.– Monumentuen kategoriarekin kalifikatutako kultura-ondasuntzat aitortuta dauden edo etorkizunean halakotzat jotzen diren higiezin eta elementuei, horren ondorioz babes-erregimen xehatua ezarrita dutenei, erregimen hori aplikatuko zaie eta araudi hau osagarri gisa aplikatzekoa izango da.

5.– Babes-erregimen honen eraginpean dauden ondasunen jabeek Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legeko 20 eta 35. artikuluek eta Lurzoruaren 6/1998 Legeko 19. artikuluak ezartzen dituzten kontserbazio-, zaintza- eta babes-betebeharrak bete beharko dituzte.

6. artikulua.– Lursailen zatiketak.

1.– Erdi Aroko Hirigune Historikoaren eta geroztik egindako zabalkuntzen egituraketa berezia kontuan izanik eta bere baldintza morfologikoak babestu ahal izateko, lursailen egungo zatiketa bere horretan utziko da orokorrean, horrela iraunaraztea berez baloratzeko modukotzat jotzen baita.

2.– Lursailaren forma eta tamainari eusteko baldintza zorrozki bete beharrekoa izango da Babes Morfologikoaren mailako elementuen kasuan. Gainerako babes-mailetan zilegi izango da lursailak bereiztea, Hirigune Historikoaren ezaugarriei hobeto egokitzen zaizkien eskala-baldintzak mantentzearren edota lursailen zatiketen jatorrizko zentzua berreskuratzearren (orientazio bikoitzeko lote angeluzuzenak), baina inolaz ere ez lursailak bereizteak adierazitako lotizazio-irizpidearen kontrako egoerak dakartzanean. Lursail-baterakuntzak, babes-erregimen hau garatuko duen BEPBtik egindako planteamenduaren aurrean, etxebizitzak araudiak exijitutako higiene- eta osasun-baldintzen arabera gauzatu ezin direnean bakarrik kontuan har litezke.

7. artikulua.– Eskuhartze-proiektuak.

Babes bereziko, ertaineko edo oinarrizko mailetan barne hartutako edozein eraikinetan burutzen diren eskuhartze-proiektuek egungo egoeraren dokumentazio grafiko zehatza bilduko dute, 1/50 eskalan oin, fatxada eta sekzioetarako, arkitektura-xehetasunak 1/20 eskalan adieraziz, eta dokumentazio fotografiko osoa, planoak eta abar bilduko dituzte proposatzen den eskuhartzea baliozkoa dela frogatzeko.

8. artikulua.– Eraikuntzak eraberritu eta ordezkatzeko obrak.

Hirigune Historikoaren barruko eraikuntzak eraberritu eta ordezkatzeko obretan bete beharreko baldintzak finkatzen dituen hirigintza-plangintza onartzen ez den bitartean, bereziki egungo okupazioa irregularra edo zatikatua den kasuetan, ezin izango da lursail desberdinen antolaera bolumetrikoan aldaketarik egin, eta mota honetako jarduerek honako irizpide hauek bete beharko dituzte:

a) Estalkiak bi isurkikoak izango dira eta gailurra fatxada nagusiarekiko paralelo egongo da, kasu berezietan izan ezik, hala nola kaleen elkargune diren eraikinak, hiri-jauregiak eta eraikin isolatu ospetsuak, eta abar.

b) Arkitekturako aurreizanaren teilategal eta gailurrerainoko altuerei eutsiko zaie, hauek inguruko fatxada babestuetan nagusi direnak gainditzen dituztenean izan ezik, altuera hauetara egokitu beharko dira-eta. Aurreizanaren altuerak txikiagoak badira, adierazitako eraikinen altueretara egokitu ahal izango dira.

c) Teilategalek, bai hegalkinean, bai ertzean, hirigunearen ingurune-balioaren adierazgarri direnen ezaugarriak beteko dituzte. Ez da inolaz ere 20 cm-tik gorako ertzik onartuko.

d) Fatxadaren kontzepzio laua errespetatuko da eta, horrenbestez, ez da hegalkin trinkorik egitea onartuko. Begiratokiak onartzen diren lekuetan, hau da, espazio bereziki zabaletarantz ematen duten fatxadetan (plazak eta hiriguneko ertzak), hauen estalkia higiezinaren teilategaletik bereiz ezarriko da, argi eta garbi ikus dadin begiratokia fatxadari erantsitako elementua dela.

e) Debekatuta dago etxabeetan markesinak eta hegalkinak egitea.

f) Debekatuta dago tarteko oinak egitea.

g) Arkitekturako aurreizanaren behe-oineko altuerari eutsiko zaio, honek kale bereko fatxada babestuen altuera bereizgarria gainditzen duenean izan ezik, altuera honetara egokitu beharko da-eta.

h) Estalkietako faldoien planoetatik kanporatzen diren kasetoi eta bolumenen burutzapena mugatu egingo da, pertzepzioari dagokionez azken hauek lehendabizikoei nagusi dakizkien.

i) Hiriguneko konposizio-elementu bereizgarriak erabiliko dira:

– Baoak ardatz bertikaletan antolatuko dira.

– Fatxada-konposizioak berau osatzen duten elementu desberdinen irakurketa hierarkikoa ahalbidetuko du.

– Debekatuta dago begiratokiak egitea, d) idatz-zatian finkatutakoa izan ezik.

– Balkoi irtenen zorua ez da 20 cm-tik gorakoa izango, osatzen duen materiala dena dela ere.

– Balkoietan erabili ohi diren materialak erabiliko dira (zura eta metala) balkoietako babesak egiteko.

j) Fatxadak kalera eta kantoira begira dituzten higiezinetan tratamendu hierarkizatua emango zaie.

k) Arkitekturako aurreizana kontserbatu egingo da, hala badagokio bere zentzua berreskuratuz behe-oineko fatxada-fronteetan, elementu hori silarriz eginda duten higiezin guztietan.

l) Erakusleihoak eta errotuluak dagokien hormaren harkantoiaren zabaleran gauzatu beharko dira; espreski debekatuta dago atzeraemangune handirik egitea edo baoen irakurketa-planotik aurreratzea.

m) Higiezin batek kalera eta kantoira ematen duten fatxada-fronteak baditu, komunikazio-gune bertikalerako sarbidea kalera ematen duen fatxada-frontetik egingo da.

n) Fatxada-akaberak zarpeatuta edo entokatuta burutuko dira silarria ez den edozein fabrikaren kasuan edo harri-elementu adierazgarriak (ateburuak, leihoburuak, harkantoiak, eskantzuak eta abar) erabiliz beste edozein egoeratan. Behe-oinetan, fatxada-akaberak harrizkoak edo harri-iztukuzkoak izango dira eta higiezinaren zokaloa goiko oinek osatzen duten gorputzetik bereiz irakurtzea ahalbidetuko dute. Akabera leunduak debekatuta daude.

9. artikulua.– Aplikazio-esparrua.

Kapitulu honetako erregimen orokorra Ordiziako Hirigune Historikoa Monumentu Multzo kalifikatutzat jotzen duen mugaketan barne hartutako higiezin eta elementu guztiei aplikatu ahal izango zaie.

III. KAPITULUA

BABES-MAILAK

1. ATALA

ALDEZ AURREKO GAIAK

10. artikulua.– Sailkapena.

1.– Mugaketan barne hartutako ondarea jarraian adierazitako kategoria edo babes-mailetan sailkatuko da:

– Hiri-espazioak.

– Babes berezia.

– Babes ertaina.

– Oinarrizko babesa.

– Babes morfologikoa.

– Bat ez etortzea.

2.– Kokatuta dauden higiezinari dagokion babes-maila dena dela ere, erregimen honek babesten dituen eraikinak osatzen dituzten zati edo elementu jakin batzuk banan-banan baloratu ahal izango dira. Horretarako, babes partzialeko kategoria edo maila hauek ezartzen dira:

– Babes partziala.

– Partzialki bat ez etortzea.

11. artikulua.– Garrantzi bereziko elementuak. Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeko 12.1.e) artikuluan erabakitakoa betetzearen ondorioetarako, garrantzi bereziko elementutzat hartuko dira Babes bereziko elementuen zerrendan barne hartuta dauden higiezin guztiak eta Abaria etxea (Plaza Nagusia, 1), Barrena jauregia (Barrenplaza, 1) eta Udaletxea (Kale Nagusia, 24).

2. ATALA

HIRI-ESPAZIOAK

12. artikulua.– Babesaren xedea.

Babes-erregimen honen ondorioetarako, hiri-espaziotzat hartuko dira Hirigune Historikoaren hiri-egitura osatzen duten espazio eraiki gabeak, erabilera publikokoak nahiz bestelako erabilerakoak, hots:

– Kaleak eta kantoiak.

– Plazak eta parkeak.

– Patioak eta karkabak.

13. artikulua.– Garapeneko hirigintza-plangintzaren zehaztapenak.

1.– Hiri-espazioak Hirigune Historikoaren hiri-bilbea osatzen duten elementu bereziki baliagarriak direnez gero, plangintzak horiek kontserbatzeko beharrezkoak diren neurriak ezarri beharko ditu. Horretarako, dokumentu honetako 4. artikuluan adierazitako txostena egin beharko da.

2.– Babes-erregimen honetan barne hartutako hiri-espazio guztiek banan-banan bete beharko dituzten baldintza zehatzak finkatu beharko ditu plangintzak, erregimen honetan azaldutako irizpideak betez.

3.– Bai kale, eskalinata eta kantoietan, bai plaza eta parkeetan, bai patio eta karkabetan, urbanizazio egokia aurreikusi beharko da; plangintzak zehaztu beharko du zein motatako akaberak eta hiri-altzariak ezarriko diren.

14. artikulua.– Kaleak eta kantoiak.

1.– Kale eta kantoietan egungo lerrokadurak bere horretan utziko dira eta ez da inolako atzeraemangunerik onartuko. Bertan burutzen diren jarduerak leku hauek leheneratu eta higienizatzera zuzenduko dira.

2.– Kaleetako jarduerak eta, batez ere, kantoietakoak, ahal den neurrian oinezkoen alderdi bihurtzera eta gainazaleko aparkaleku-erabilera desagertaraztera zuzenduko dira. Neurri hau lehentasunezkoa izango da kantoien kasuan.

3.– Kale eta kantoiak urbanizatzeko jarduerek horien guztien zolaketa aurreikusiko dute.

4.– Zerbitzu guztiak pixkanaka lurpean kanalizatuko dira. Ez da inolaz ere baimenduko gainazaleko edo aireko linearik egotea.

5.– Eranskin degradatzailetzat hartuko da kantoiaren lerrokaduraren edozein inbasio, irtena izan ala ez. Eraikuntzen teilategala horretatik salbu geratzen da, baina ezin izango du inolaz ere 50 cm-tik gorakoa izan.

15. artikulua.– Karkabak eta patioak.

1.– Karkaba eta patioei buruzko jarduerak espazio hauen eta argiztatu eta aireztatzen dituzten higiezinen higiene- eta osasun-baldintzak bermatzera zuzenduko dira.

2.– Karkabaren zabalera generikoa 2,5 m - 3 m inguruko distantzian finkatzen da; etxadi batetik bestera aldatu egin daiteke hauek osatzen dituzten eraikinen berariazko ezaugarrien arabera.

3.– Jarduera berriek (orube, eraikin ordezkagarri edo bat ez datozenetan) eta berreraikuntzek orokorrean karkabaren ardatzetik karkaba horretarako zehazten den zabaleraren erdiraino atzeraeman beharko dituzte atzealdeko lerrokadurak. Baldintza orokor hau plangintzak zehaztu ahal izango du lehendik zeuden elementu jakin batzuen kontserbazioak karkabaren lerrokaduraren trazadura bortxatzen duenean. Ez da inolako hegalkinik onartuko finkatutako lerrokadurarekiko, eraikuntzaren teilategala izan ezik.

4.– Eranskin degradatzailetzat hartuko dira karkaben edo patioen inbasioak, hegalkin egiten dutenak edo behe-oinetakoak. Higiezinean edozein jarduera burutzen denean, eraitsi egin beharko dira.

5.– Karkabak eta patioak higienizatzeko jarduerek horien zolaketa barne hartu ahal izango dute, baita bertako nahiz fatxadak bertara begira dituzten eraikinetako euri-uren kanalizazioa ere. Halaber, edozein motatako hiri-zerbitzuak lurpean kanalizatzera zuzendutako obrak onartuko dira.

3. ATALA

BABES BEREZIA

16. artikulua.– Babesaren xedea.

Babes bereziko elementutzat hartuko dira, izaera berezia eta arkitektura-, arte- edo kultura-balio apartekoak izanik, eta beren jatorrizko arkitektura-ezaugarriak berreskuratzeko aukera ematen duen kontserbazio-egoeran egonik, erregimen honen estaldurarik zabalena merezi duten higiezinak eta hiri-elementuak.

17. artikulua.– Babes bereziko mailan barne hartutako elementuei buruzko aginduak.

1.– Babes bereziko eraikinei maila goreneko babesa dagokie; bertan burutzen diren zaharberritze-jarduerek eraikinen egitura eta ezaugarriak errespetatu beharko dituzte eta ezin izango dute inolaz ere berriz asmatutako edo diseinu berriko ekarpenik egin.

2.– Bereziki babestutako ondasunen eraiste osoa edo partziala Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeko 36. artikuluan xedatutakoaren arabera baino ezin izango da baimendu.

3.– Eraikin hauek eraginpean hartzen dituen obra edo eskuhartze orotan, beren konfigurazio bolumetrikoa eta lerrokadurak ezin izango dira aldatu.

4.– Higiezin hauetan gauzatuko diren erabilerek eraikinen kontserbazioa bermatu beharko dute, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeko III. tituluaren zehaztapenak urratu gabe.

5.– Eraikin hauek kontserbatu eta balioztatzera zuzendutako eraikuntza-eskuhartzeak onartuko dira; ondorio horretarako, Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduera babestuei buruzko 214/1996 Dekretuan zaharberritze zientifikorako ezarritako obrak egitea onartuko da.

18. artikulua.– Babestutako elementuak.

Ordiziako udalerriko Monumentu Multzo gisa mugatutako

esparruan, dokumentu honetan barne hartutako 1. zerrendako elementuak garrantzi berezikotzat barne hartzen dira babes bereziko mailan.

4. ATALA

BABES ERTAINA

19. artikulua.– Babesaren xedea.

Babes ertaina eskaini beharko zaie jarraian adierazitako baldintzaren bat betetzen duten higiezin eta hiri-elementuei:

a) Garrantzi bereziko arkitektura-balioak ez dituzten arren, barne-banaketa, banaketa bertikaleko elementuen antolaera, lursail gaineko okupazio eta antolaera edo beste edozein ezaugarri morfologiko dela medio, tipologiaren ikuspegitik ondare eraikiaren osagai garrantzitsuak direnei.

b) Garrantzi bereziko arkitektura-balioak izanik, berreskuratzeko eskuhartzeak babes bereziko elementuetarako tipifikatutakoen barruan kokatu ezin direnei.

20. artikulua.– Babes ertaineko mailan barne hartutako elementuei buruzko aginduak.

1.– Eraikin hauen eraiste osoak edo partzialak Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeko 36. artikuluaren aginduak bete beharko ditu.

2.– Eraikin hauek eraginpean hartzen dituen obra edo eskuhartze orotan, beren konfigurazio bolumetrikoa eta lerrokadurak ezin izango dira aldatu.

3.– Higiezin hauetan gauzatuko diren erabilerek eraikinen kontserbazioa bermatu beharko dute, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeko III. tituluaren zehaztapenak urratu gabe.

4.– Babes ertaineko higiezin eta elementuetan baimentzen diren eskuhartzeak hauek kontserbatu eta beren funtzionaltasuna ziurtatzera zuzenduko dira; horretarako egingo diren obrek higiezinen elementu tipologikoak, formalak eta egiturazkoak errespetatu beharko dituzte. Babes bereziko erregimenean baimendutakoez gainera, Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduera babestuei buruzko uztailaren 30eko 214/1996 Dekretuak kontserbatzeko zaharberritzearen A eta B kategorietan ezartzen dituen obrak egin ahal izango dira, eraikuntzen kontserbazio-egoeraren arabera.

21. artikulua.– Babestutako elementuak.

Ordiziako Hirigune Historikoaren Monumentu Multzo gisa mugatutako esparruan, dokumentu honetan barne hartutako 2. zerrendako higiezinak eta elementuak barne hartzen dira babes ertaineko maila honetan.

5. ATALA

OINARRIZKO BABESA

22. artikulua.– Babesaren xedea.

Oinarrizko babes-mailan barne hartuta daude jarraian adierazitako bi baldintzetako bat betetzen duten higiezinak:

a) Arkitektura-, historia- edo arte-balio nabarmenik ez duten arren, tipologiaren edo ingurunearen ikuspegitik ondare eraikiaren zati interesgarri gisa finkatzekotzat jotzen diren higiezinak, zaharberritzeko obrak aurreikusten diren babes ertaineko mailan barne hartu ahal izateko behar adinako interesik ez dutenak.

b) Arkitektura-, historia- edo arte-balio nabarmenak izanik, berreskuratzeko eskuhartzeak goragoko babes-mailetako elementuetarako tipifikatutakoen barruan kokatu ezin direnak.

23. artikulua.– Oinarrizko babes-mailan barne hartutako elementuei buruzko aginduak.

1.– Babes-maila honetan barne hartutako higiezinen eraisteak Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeko 36. artikuluan xedatutakoa bete beharko du.

2.– Eraikin hauetan baimendutako eskuhartzeak, goragoko babes-mailetan barne hartutakoez gain, Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduera babestuei buruzko Eusko Jaurlaritzaren 214/1996 Dekretuan Finkapen izeneko eraikuntza-eskuhartzerako adierazitakoak izango dira. Halaber, Eraberritzeko eskuhartze-mota zilegi izango da a) baldintza betetzen duten eraikinetan, eraikina babes-erregimen hau garatuko duen plangintzak xedatutako etxadi barruko lerrokaduren baldintzetara egokitzeko beharrezkoa den heinean, eta eraiste partzialak ere burutu ahal izango dira.

24. artikulua.– Babestutako elementuak.

Ordiziako Hirigune Historikoaren Monumentu Multzo gisa mugatutako esparruan, dokumentu honetan barne hartutako 3. zerrendako higiezinak eta elementuak barne hartzen dira oinarrizko babes-maila honetan.

6. ATALA

BABES MORFOLOGIKOA

25. artikulua.– Babesaren xedea.

Babes-maila honetan barne hartzen dira, arkitektura-, historia- edo arte-baliorik ez izan arren, Hirigune Historikoaren bilbearen bereizgarri diren etxadiak konfiguratzen dituen eskemari erantzuten diotelako baloratzen diren lursailetan kokaturik dauden higiezinak.

26. artikulua.– Babes morfologikoaren mailan barne hartutako elementuei buruzko aginduak.

1.– Lursaila orain dituen forma eta dimentsioei buruzko baldintzetan iraunarazi beharko da, karkabarako lerrokadurak aldatzearen ondorioz izan litezkeen aldaketen kasuan izan ezik, babes-erregimen hau garatuko duen hirigintza-plangintzak karkabari loturiko patioaren zabaleran aldaketaren bat proposatzen duenean, edota kalerako lerrokadurak aldatzearen ondoriozkoetan, lerrokadurak erregularizatzen direnean, kaleko espazioa hobeto definitzera zuzendutako itxitura-hormaren posizioan egindako aldaketa txikitzat hartuz, eta inolaz ere kalearen sekzioan egindako funtsezko aldaketatzat.

2.– Eraikin hauetan baimendutako eskuhartzeak Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduera babestuei buruzko uztailaren 30eko 214/1996 Dekretuan Ordezkapen izeneko eraikuntza-eskuhartzerako adierazitakoak izango dira.

3.– Higiezinen ordezkapena babes-erregimen honetan zerrendatutako babes partzialeko eraikinaren elementuak kontserbatu beharraren kaltetan izan gabe egingo da. Elementu horien artean egun dauden harresiaren hormatalak edo zoruan geratzen diren aztarnak aipa litezke.

4.– Plangintza hori onartzen ez den bitartean, eraikinak eraberritu edo ordezkatzeko eskuhartzeetarako babes-erregimen honetako 8. artikuluan zehaztutakoa aplikatuko da.

5.– Eraikin berriek, egun daudenekin batera, hirigunearen tradiziozko ezaugarri morfologikoekin bat datozen etxadiak konfiguratu beharko dituzte. Higiezinek bildu beharko dituzten baldintzek hirigintza-plangintzak finkatu beharreko parametroak kontuan hartu beharko dituzte. Izan ere, honako kontzeptu hauek definitu beharko dituzte lursail bakoitzerako:

– Lursailaren definizio bolumetriko osoa; gorputz eraiki desberdinak izanez gero, hauen erabilerak eta erlazioak zehaztu beharko dira. – Sakonera eraikia.

– Teilategal eta gailurren altuerak.

– Estalki-planotik kanporatzen diren bolumenek bete beharreko baldintzak.

– Behe-oineko altuera.

– Kanpoaldeko altxaeren konposizio-eskemak; lehendik beste elementu batzuk badaude, hauei buruz hartu beharreko jarrera zehaztu beharko da.

– Fatxadan erabil litezkeen elementuen dimentsioei buruzko baldintzak.

– Akabera-materialak eta lehendik zeuden elementuen tratamendua, halakorik badago behintzat.

– Eredu-etxebizitza lursail bakoitzean gauzatzeko eskema.

27. artikulua.– Babestutako elementuak.

Ordiziako Hirigune Historikoaren Monumentu Multzo gisa mugatutako esparruan, dokumentu honetan barne hartutako 4. zerrendako higiezinak barne hartzen dira babes morfologikoaren maila honetan.

7. ATALA

BAT EZ ETORTZEA

28. artikulua.– Xedea.

Babes-erregimen honen ondorioetarako, bat ez datozen elementutzat hartzen dira eraikuntzak ingurunera egokitzeko legezko betebeharra betetzen ez duten higiezinak, baita beren bolumetria, eraikuntza, forma edo kokapenari buruzko ezaugarriak direla-eta babes-erregimen honek helburu duen Hirigune Historikoa birgaitzeko plangintza orokorrean interferentzia larriak sortzen dituztenak ere.

29. artikulua.– Bat ez datozen higiezinek eta hiri-elementuek bete behar dituzten aginduak.

1.– Interferentzia larritzat hartuko dira jarraian adierazitako egoeraren bat edo gehiago ekarri dituzten jarduerak:

a) Hirigunea birgaitzeko espazio libreen eskema egokia ezartzea eragozten duten bolumenak egotea.

b) Historia edo arkitekturaren ikuspegitik balio berezirik izan gabe, aldameneko higiezinak karkaben bitartez argiztatu eta aireztatzeko aukerak mugatzen dituzten bolumenak egotea.

c) Fatxada-akaberetan Hirigune Historikoan nagusi direnekin kontraste negatiboa sortzen duten materialak eta elementuak erabiltzea.

d) Eraikinean eranskin degradatzaileak egotea, halako proportzioan non ezinezkoa baita aldaketa horiek egin zaizkion jatorrizko eraikuntza-unitatea antzematea.

e) Ingurukoen ezaugarriekin nabarmen bat ez datozen bolumenak ezartzea, bai gehiegizko altuera dutelako, bai etxadien barruko edo kanpoko lerrokaduretan aldaketak egin direlako.

f) Monumentu-multzoan barne hartuta dauden gainerako eraikinekin bateratzen ez diren eraikuntzak ezartzea, ez baitira oinarrian egokitzen kokaturik dauden ingurunera.

g) Babes-erregimen honetako 15.3. artikuluan definitutako kasuak.

2.– Eraikin hauetan baimendutako eskuhartzeak eraistea edo ordezkatzea izango dira, babes-erregimen hau garatuko duen hirigintza-plangintzan definituta geratuko den hitzetan betiere.

3.– Horrez gain, Lurzoruaren 6/1998 Legeko Higiezinak kontserbatu beharrari buruzko 19. artikulutik eratortzen diren eskuhartzeak baimenduko dira, baita Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduera babestuei buruzko uztailaren 30eko 214/1996 Dekretuan definitzen diren kontserbatu eta apaintzeko eskuhartzeak ere.

4.– Babes-erregimen hau garatuko duen hirigintza-plangintza onartzen ez den bitartean, babes-erregimen honetako 8. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

30. artikulua.– Bat ez datozen elementuak.

Ordiziako Hirigune Historikoaren Monumentu Multzoan bat ez datozen higiezinak eta hirigintza-elementuak dokumentu honetan barne hartutako 5. zerrendan adierazitakoak dira.

8. ATALA

BALORAZIO PARTZIALAK

31. artikulua.– Balorazioaren xedea.

Eraikin baten zati edo alderdi jakin bat osatzen duten elementuei buruzko balorazioak egin ahal izango dira, elementu hauei osatzen duten eraikinerako ezarritakoaz bestelako babes-maila ezartzeko.

32. artikulua.– Mailak.

Elementuen balorazioaren emaitza positiboa edo negatiboa den kontuan hartuta, elementuok Babes partzialeko mailan edo Partzialki bat ez datozen elementuen artean barne hartuko dira.

33. artikulua.– Babes partziala.

Higiezin bateko elementu jakin batzuen gainean ezarritako Babes partzialak elementu horiek babes-erregimen honetako 20.4. artikuluan eraikinetarako ezarritako baldintzetan tratatu eta leheneratu beharra dakar.

34. artikulua.– Partzialki bat ez etortzea.

Partzialki bat ez etortzea globalki babes-erregimenari dagokionez beren balorazioa egina daukaten eraikinetan kanpoaldeko akabera edo elementu desegokiak egotearen ondorio izan daiteke. Edozein babes-mailatan barne hartutako eraikinetako partzialki bat ez datozen elementuen gaineko eskuhartzeak elementu horiek kentzera zuzenduko dira eta Lurzoruaren 6/1998 Legeko Higiezinak kontserbatu beharrari buruzko 19. artikulutik eratortzen diren eskuhartzeak baino ez dira baimenduko.

35. artikulua.– Babes partzialeko elementuak edo partzialki bat ez datozenak.

Ordiziako Hirigune Historikoaren Monumentu Multzo gisa mugatutako esparruan, dokumentu honetan barne hartutako 6. zerrendako elementuak Babes partzialeko mailan barne hartzen dira eta 7. zerrendakoak partzialki bat ez datozen elementuen artean. Zerrenda horietan hirigune historikoan dauden egoerarik nabarmenenak biltzen dira. Hirigintza-plangintzaren eginkizuna izango da partzialki baloratzeko modukoak diren egoera guztien zerrenda egitea eta horiek guztiak babes-erregimen honek finkatutako zentzuan tratatzeko ordenantzak idaztea.

IV. KAPITULUA

BABESIK EZA

36. artikulua.– Xedea.

Babesik gabeko elementuak dira babesteko moduko arkitektura-, historia- edo arte-balio aipagarririk ez dutenak.

37. artikulua.– Babesik gabeko elementu eta higiezinei buruzko aginduak.

1.– Eraikin hauetan baimendutako eskuhartzeak mota guztietakoak izango dira, ordezkapena barne, babes-erregimen hau garatuko duen hirigintza-plangintzan definituta geratuko den hitzetan betiere.

2.– Plangintza hori onartzen ez den bitartean, eraikinak eraberritu edo ordezkatzeko eskuhartzeetarako babes-erregimen honetako 8. artikuluan zehaztutakoa aplikatuko da.

38. artikulua.– Babesik gabeko elementuak.

Ordiziako Hirigune Historikoaren Monumentu Multzoan babesik gabekotzat jo diren higiezinak eta hiri-elementuak dokumentu honetan barne hartutako zerrendetan ageri ez direnak dira.

V. KAPITULUA

ZERRENDAK

1. ZERRENDA

BABES BEREZIA

– Merkatua (Plaza Nagusia).

– Santa Maria eliza.

2. ZERRENDA

BABES ERTAINA

– Kale Nagusia 22

24 (Udaletxea)

– Plaza Nagusia 1 (Abaria etxea)

– Santa Maria kalea 24 (Eraikin erantsia barne)

– Barrenplaza 1 (Eraikin erantsia barne)

2

3. ZERRENDA

OINARRIZKO BABESA

– Santa Maria kalea 2

4

– San Pedro kalea 2 (Apaizetxea)

4. ZERRENDA

BABES MORFOLOGIKOA

– Kale Nagusia 1

3

6

7

8

11

14

16

17

18

19

20

21

23

25

26

27

28

30

32

34

36

38

40

42

– Plaza Nagusia 2

3

4

5

6

10

– Santa Maria kalea 1

9

10

11

12

13

14

15

18

20

23

25

27

29

31

37

– Etxezarreta kalea 6

– San Pedro kalea 1

– Barrenplaza z/g (Santa Maria kalearekiko izkina)

– Elkano 1

7

9

10

– Goen 1

2

3

4

5

7

8

5. ZERRENDA

BAT EZ ETORTZEA

– Kale Nagusia 10-12

– Santa Maria kalea 3-5-7

17

6. ZERRENDA

BABES PARTZIALA

– Kale Nagusia 1 (fatxada)

6 (fatxada)

32 (etxabeko fatxada)

36 (etxabeko fatxada)

42 (fatxada)

– Plaza Nagusia 2 (fatxada)

3 (izkinako leihoa, armarria)

4 (fatxada, arkupeak)

5 (fatxada, balkoiak, arku- peak)

6 (fatxada, arkupeak)

10 (fatxada)

– Santa Maria kalea 12 (etxabeko fatxada)

13 (fatxada)

14 (fatxada)

19-21 (fatxada)

20 (behe-oineko arkua)

25 (fatxada)

– Goitia kalea 1-3 (fatxada)

– Etxezarreta kalea 1 (atzeko fatxada)

3 (atzeko fatxada)

– Barrenplaza z/g, Santa Maria kalearekiko izkina (fatxada)

– Elkano 1 (Kale Nagusirako fatxada)

10 (fatxada)

– Goen 2 (etxabeko fatxada)

8 (fatxada)

7. ZERRENDA

PARTZIALKI BAT EZ ETORTZEA

– Kale Nagusia 4 (hegalkin trinkoa, azotea)

9 (hegalkinak)

11 (Goen kaleranzko azotea)

17 (balkoiak)

20 (fatxada-akabera)

34 (teilategala)

– Plaza Nagusia 3 (teilategalaren hegalkina)

5 (fatxada-tratamendua, atzealdearen tratamendua)

6 (atzealdearen tratamendua)

– Santa Maria kalea 15 (etxabeen tratamendua, hegalkinak) 16 (altuerak)

24 (fatxada-tratamendua)

25 (etxabeko fatxada)

27 (1. oineko hegalkina)

29 (1. oineko hegalkina)

31 (etxabeko fatxada, 1. oineko hegalkina)

37 (etxabeko markesina, hegalkinak)

– Juan de Amezketa baskula (fatxada)

– San Pedro kalea 1 (2. oineko hegalkina)

– Elkano kalea 1 (etxabeko tratamendua)

7 (fatxada)

8 (altuera, atzealdearen tratamendua)

10 (Euskal Herria kaleko atzealdea)

– Goen 2 (etxabeko tratamendua)

5 (Ordizia kaleko tarteko oina)

6 (fatxada-tratamendua, azotea)

7 (Ordizia kaleko hegalkina)

– Legazpi kalea 4 (hegalkinak)


Azterketa dokumentala