
131. zk., 1999ko uztailaren 12a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
3057
AGINDUA, 1999ko ekainaren 24koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena. Agindu honen bidez, Justiziaren zein Giza Eskubideen arloan lan- edo ekonomia- izaerako jardunaldiak, biltzar zientifikoak, ikastaroak eta mintegiak egiteko dirulaguntzak emateko arauak ezartzen dira.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren ustez jardunaldiak, biltzar zientifikoak, ikastaroak eta mintegiak baliabide egokiak dira Giza Eskubideen esparruaren barruko lan-, ekonomia, lege- zein sustapen- arloetako ideia eta ezaguera aurreratuenak elkartrukatzeko eta zabaltzeko. Hori dela-eta, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saiak guztiz interesgarritzat jotzen du Euskal Autonomia Erkidegoan era horretako ekintzak burutzen laguntzea, eta, batez ere, horien maila zientifikoa eta teknikoa bertako zein atzerriko entzute handiko adituen partehartzearen bitartez sustatzea.
Ildo horri jarraiki, aipatutako arloetan lan eginez euskal herritarren arteko elkarrizketa eta komunikazioa sustatzen dituzten erakundeek, entitateek, federazioek zein elkarteek burutzen dituzten zenbait jarduera laguntzeko eremua ezartzen du xedapen honek.
Horri dagokionez, 1998a bitartean, Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak (oraingo Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila, alegia) dirulaguntza hauetarako deia egin zuen, 1999ko uztailaren 29ko Aginduaz (144 zk.dun EHAA, uztailaren 31koa).
Agindu horrek indarrean jarraitzen du, abenduaren 15eko 371/1998 Dekretuan ezarritakoa betez (Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargurakoak izan eta laguntzei eta dirulaguntzei buruzkoak diren zenbait xedapen arautzailek indarrean jarraitzea xedatzen du 371/1998 Dekretuak). Hori dela-eta, irailaren 27ko 1/1994 Legegintza Dekretuko IX. tituluan araututako luzapen-erregimenari jarraiki, aurten eman behar diren dirulaguntzetarako deia egin daiteke (Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-errejimari buruz indarrean dauden lege-xedapenen Bateratutako Testua onartzen du 1/1994 Legegintza Dekretuak).
Agindu honek arazoaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuko (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen du) VI. tituluaren edukiari men egiten dio dirulaguntza bat arautzen duen edozein arauk bete beharreko gutxieneko edukiari dagokionez, eta 1998ko deialdiaren eduki osoa dagoen-dagoenean uzten du, baina, orobat, administrazio- eta jurisdikzio-prozeduran orain dela gutxi egindako aldaketak eransten ditu.
Hain zuzen ere, honako alderdi hauek nabarmentzekoak dira: batetik, eskatzaileak dirulaguntzari uko eginez gero ebazpena eman beharko zaio, berariaz; bestetik, agindu hau indarrean hasi denetik dirulaguntzak eskatzeko deialdiaren prozedura amaitzeko, gehienez, sei hilabeteko epea egongo da, eta epe horren barruan gaia doakienei berariaz eman beharko zaie ebazpenaren berri; eta, azkenik, bai administrazio- zein jurisdikzio-bideko errekurtso sistema berria ezarri da, eta jurisdikzio bideko errekurtsoak badira, inpugnatutako egintza ematen duen organori ez zaio aurretik horren berri eman beharko.
Hori guztia dela-eta, Jaurlaritzaren ekainaren 30ko 7/1981 Legeko 26. artikuluan ezarritakoa beteaz, honako hau
XEDATU DUT:
1. artikulua.– Xedea eta entitate onuradunak. 1.– Justizia eta Giza Eskubideen arloan, 1999an Euskal Autonomia Erkidegoan burutzen diren lan- zein ekonomia-izaerako jardunaldiak, biltzar zientifikoak, ikastaroak eta mintegiak antolatzeko eta burutzeko dirulaguntzak iragartzea da Agindu honen xedea.
Agindu honen ondorioetarako, gutxienez bi motako ekitaldiak dituzten aldizkako biltzarrak joko dira jardunalditzat: zuzen-zuzenean ponentziak aurkezteko helburua dutenak, batetik, eta burutzen ari diren azterketatik ondorioztatzen diren datuak aurkezteko helburuaz egindakoak, bestetik. Xede hori bete dadin, aukeraketa-batzorde bat eduki beharko dute horien maila zientifikoa bermatuta gera dadin.
2.– Aipatutako jarduerak iragarri edo eta antolatzen dituzten Erakundeek, Entitateek, Federazioek zein Elkarteek, egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan dutenek, eskuratu ahal izango dituzte dirulaguntzok.
2. artikulua.– Zerga-obligazioak, Gizarte Segurantzako obligazioak eta dirulaguntza publikoen arloko obligazioak betetzea.
1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko, entitate eskatzaileek, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak xedatutakoa betez, beren zerga-obligazioak eta Gizarte Segurantzakoak beteta dauzkatela egiaztatu beharko dute.
2.– Orobat, dekretu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak amaituta eduki beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek emandako -eta izaera bereko diren- laguntza eta dirulaguntza publikoak itzultzeko prozedura nahiz prozedura zehatzaile oro, prozedura horiek oraindik bideratzen ari badira, behintzat.
3. artikulua.– Dokumentazioa.
Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzetarako eskariak Eranskinean araututako ereduaren araberakoak izango dira, eta honako dokumentazio honekin batera bidali beharko dira:
a) Entitate eskatzailearen identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.
b) "Datuen Alta/Hirugarren Interesatua" inprimakia, behar bezala beterik.
c) Zerga-obligazioak eta Gizarte Segurantzakoak ordainduta daudela egiaztatzen duten agiriak.
d) Dirulaguntza jasotako jardueraren memoria eta aurrekontua, sarrera eta gastuen balantzearekin, atalka zehazturik.
e) Jardueraren behin-behineko edo/eta behin-betiko egitaraua.
f) Batzorde Zientifikoa balego, bere osaketa.
g) Entitate eskatzaileak zinpeko deklarazio bat egin behar du, administrazio honi nahiz beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza zein egoeratan dagoen (emanda, eskatuta nahiz izapideak egiten) jakinarazteko.
h) Entitate eskatzaileak zinpeko deklarazio bat egin behar du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek emandako -eta izaera bereko diren- laguntza eta dirulaguntza publikoak itzultzeko prozedurei nahiz prozedura zehatzaileei buruz, prozedura horiek oraindik bideratzen ari badira, behintzat.
i) Eskabidea justifikatzeko jotzen den behar besteko informazio osagarri guztia.
4. artikulua.– Eskariak aurkezteko tokia eta epea.
1.– Eskariak Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara igorri beharko dira (Wellingtongo Dukea kalea, 2, 01010 / Vitoria-Gasteiz), erreferentzia: "Jardunaldien, mintegien, ikastaroen eta biltzar zientifikoen antolaketa", zuzenean edo eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan ezarritako edozein bideren arabera.
2.– Dirulaguntzetarako eskabideak egiteko hiru hilabeteko epea egongo da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
5. artikulua.– Akatsak konpontzea eta espedientea artxibatzea.
Eskabideak oso-osorik betetzen ez badira edo aurreko artikuluan adierazitako agiriekin aurkezten ez badira, eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio, akatsa zuzendu dezan edo falta diren agiriak aurkez ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, agindutakoa bete ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, Administrazioak ebazpena berariaz eman beharko du, baldintza hori, gertatutako egitateak eta aplikatzekoak diren arauak aipatuz, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1 eta 42 artikuluetan xedatutakoari buruz urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak ezarritakoari jarraiki.
6. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta balorazio-irizpideak.
1.– Dirulaguntza gisa emandako zenbatekoa ez da, inola ere, dirulaguntza jasotako jarduerak sortutako aurrekontuaren ehuneko berrogeita hamarra baino handiagoa izango.
Dirulaguntza, gehienez ere, 500.000 pezetakoa izango da.
2.– Laguntzaren zenbatekoa eman eta zehazteko irizpideak, eta bai gehienez eman daitezkeen puntuak ere, honako hauek dira:
a) Aurkeztutako proiektuaren bitartez jorratu nahi den jarduera zenbateraino egokitzen zaien sail honen jarduerei: 30 puntu gehienez. b) Proiektatutako jardueraren kalitate-maila: 30 puntu gehienez.
c) Batzorde zientifikoaren kalitatea: 15 puntu gehienez.
d) Izaera berritzailea: 15 puntu gehienez.
e) Emakumeentzat aukera-berdintasuna ezartzea: 10 puntu gehienez.
7. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak eta publizitatea.
1.– Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Zerbitzu Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusitako laguntzak.
2.– Agindu honetan ezarritako laguntzak lehiaketaren bidez ebatziko dira. Aurreko artikuluan zehaztutako irizpideen balorazioa egin ahal izateko, ebaluazio-batzorde bat eratuko da. Batzorde hori honako kide hauek osatuko dute: Azterlanen eta Araubide Juridikoaren zuzendariak -batzordeko lehendakari gisa-, Lan eta Gizarte Segurantza zuzendariak, Justizi Administrazioarekiko Harremanetarako zuzendariak, Kabineteko zuzendariak eta Zerbitzu Zuzendaritzako teknikari batek. Kide horiek ez baleude, Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzako teknikari batek, Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaritzako teknikari batek eta Kabinetearen Zuzendaritzako teknikari batek beteko lukete haien lekua. Batzordeak Zerbitzuko buruaren laguntza teknikoa izango du, zeinak idazkari lanak egingo baititu.
Batzorde horrek aztertu eta ebaluatuko ditu aurkeztutako eskabideak, eta ebazpen-proposamenak egingo dizkio Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Zerbitzu zuzendariari; zeinak, ebazpen baten bidez, eskatutako laguntzak eman edo ukatuko baititu. Bai ebazpena, bai ebazpenaren aldaketak, onuradunei jakinaraziko zaizkie, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.
Proposatutako jardueraren kalitateari buruzko balorazio bat eskatu ahal izango die ebaluazio batzordeak arlo bakoitzeko zientzialari adituei.
3.– Ebazpen horrek bide administratiboa agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete, hilabeteko epean, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 107. artikuluaren eta hurrengoen eduki berriaren arabera. Errekurtsoa jartzeko hilabeteko epea egongo da Ebazpen hau jakinarazten den egunaren biharamunean kontatzen hasita, edo, berariaz ebazpena eman ezean, hiru hilabetekoa, prozedura ebazteko epea amaitu den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
4.– Agindu honetan aurreikusitako prozedurak, gehienez, sei hilabete iraungo du, indarrean hasten denetik kontatzen hasita. Agindu honen babesean egindako eskabideak aurkezteko epea amaitu denetik hiru hilabeteko epean ebatzi eta jakinaraziko dira. Aipatutako epearen barruan ebazpenik jakinarazten ez bada, eskariak isiltasun administratiboz ukatuta daudela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren arabera. Nolanahi ere, Administrazioari eska dakioke ebazpena berariaz emateko.
8. artikulua.– Bateragarritasuna.
1.– Dirulaguntza hauek bateragarriak dira beste zernahi dirulaguntzarekin.
2.– Agindu honetako dirulaguntzak eta xede eta helburu beraz entitate onuradunak jasotako dirulaguntzak pilatuta dirulaguntza guztien bitartez lortutako kopuruak agindu honetan aurreikusitako zenbatekoa gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna adieraziko da, eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo du.
9. artikulua.– Ordainketa egiteko modua.
Emandako dirulaguntzen zenbatekoa oso-osorik ordainduko da, onarpena ebatzi eta dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzen denean. Horretarako, honako agiri hauek aurkeztu behar dira, 2000ko martxoaren 31 baino lehen:
a) Egindako egitarauaren edo jardueraren memoria zehaztua. b) Jardunaldiaren, edo eta bere kasuan, mintegiaren, ikastaroaren edo biltzar zientifikoaren benetako kostuen balantze ekonomiko zehaztua, sarrera eta gastu guztiak adierazi behar direla.
c) Emandako dirulaguntzaren helburu diren ataletan izandako gastuen jatorrizko fakturak edo eta horien kopia konpultsatuak.
10. artikulua.– Diru-baliabideak.
Dirulaguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko 1998ko Aurrekontu Orokorretan propio ezarritako diru-ataletatik aterako dira, eta horien diru-erabilgarritasuna izango dute muga.
Agindu hau bete dadin, gehienez sei milioi pezetako zenbatekoa (6.000.000 PTA) zuzenduko da. Nolanahi ere, kopuru hori aldatu ahalko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren 1999ko Aurrekontu Orokorrak onartzen direnean.
11. artikulua.– Onuradunen obligazioak.
1.– Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek honako obligazio hauek dauzkate:
a) Diruz lagundutako jarduerak zabaldu, hedatu nahiz, hala behar izanez gero, argitaratu behar direnean, Eusko Jaurlaritzako Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren babesa jaso izana adierazi beharko da berariaz.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargu dauden dirulaguntzen berme- eta itzulketa-erregimen orokorra arautzen duen eta dirulaguntza horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa betez, zerrenda bidezko bermeen bidez dirulaguntzen norakoa eta erabilera bermatu behar dute. Horretarako:
– Dirulaguntza onartu behar dute. Beraz, entitate onuradunek, dirulaguntza eman zaiela jakinarazteko gutuna jasotzen dutenetik hasi eta hamabost eguneko epean, idatziz uko egiten ez badiote, dirulaguntza onartu egin dutela ulertuko da.
– Dirulaguntza xede jakin bat betetzeko ematen denez, xede jakin horretara bideratu behar da dirulaguntza, dekretu honetako 12. artikuluan ezarritakoa aplikatu behar ez bada, behintzat.
– Deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz eska diezazkieten argibideak eman behar dizkiete Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri-Kontuen Euskal Epaitegiari.
2.– Aurreko puntuan adierazitako obligazioez gain, Euskal Herriko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateratuko 50.2 artikuluan adierazitako obligazioak ere bete beharra dauzkate entitate onuradunek.
12. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Dirulaguntzaren helburua konplitutzat jo delarik eta agindu honetan entitate onuradun izateko ezarritako gutxieneko betebeharrak betetzat jo direlarik, dirulaguntza hori emateko kontuan izandako baldintzak aldatuz gero nahiz beste dirulaguntza batzuk pilatuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, eta, hartara, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa gutxituko da. Horretarako, Zerbitzu Zuzendaritzak likidazioa egiteko ebazpena emango du, eta, ebazpen horren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira.
13. artikulua.– Arauak ez betetzea.
Entitate onuraduna Euskal Herriko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratuko 53.1 artikuluan ezarritako kasuetako batean egonez gero, edo agindu honetan eta aplika daitezkeen arauetan, eta dirulaguntza ematearen aldeko ebazpenean ezarritako arauak bete gabe utziz gero, Zerbitzu zuzendariak, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa betez, ebazpen bat emango du, eta, ebazpen horren bidez, honako hau deklaratuko du: entitate onuradunak ordaintzea falta ziren kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela, eta, hala behar izanez gero, ordurarte jasotako diru-kopuruak eta dirulaguntza ordaindutako unetik aurrera dagozkien legezko interesak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusira itzuli beharra daukala, bidezko beste ekintza batzuen kaltetan gabe.
Diru kopuru horiek herri-dirutzat hartuko dira, dagozkien lege ondorioetarako, eta Euskal Herriko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratuko 64. artikuluan ezarritakoa izango da erantzukizunen erregimena.
14. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.
Arau aplikagarriak bete gabe utziz gero, dirulaguntza itzultzeko prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko Bigarren Idazpuruan ezarritakoa izango da (dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren dirulaguntzak bermatzeko eta itzultzeko erregimena arautzen du, eta dirulaguntza horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betebeharrak, erregimena eta obligazioak arautzen ditu). <P>AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Agindu honetan administrazioaren jardunbidearen gainean aurreikusi gabeko alderdiei Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko zaie. Lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak eta azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Antolatzaileen Legearen Testu Bateratua onartu zuen) aldatu zuten.
Bigarrena.– Agindu honek administrazio-bidea amaitzen duenez, interesdunek, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari, hilabeteko epean, edo, bestela, Administrazioarekiko auzitarako errekurtsoa EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita bi hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 116. eta 117. artikuluetan nahiz Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1a) eta 46.1 artikuluetan xedatutakoa betez.
Hirugarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean agindu hau.
Vitoria-Gasteiz, 1999ko ekainaren 24a.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,
SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.
I. ERANSKINA
ESKABIDEA
Jn. hori:
Agiri hau sinatzen duenak, (bi abizenak eta izena) ,
RSS