Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

106. zk., 1999ko ekainaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saila
2444

237/1999 DEKRETUA, maiatzaren 25ekoa, Errezilgo Udalak, nahitaezko desjabetzaren onuradun denez, nahitaezko desjabetza egiteko, "Artzallus auzoa urez hornitzeko proiektua" burutzeko beharrezko diren ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu behar dituela deklaratzeko dena.

"Artzallus auzoa urez hornitzeko proiektua" burutzeko desjabetu behar diren ondasun eta eskubideak hasiera batean jendaurrean jartzea erabaki zuen Errezilgo Udalak 1998ko abenduaren 23an hartutako erabakiz. Horren ostean, Eusko Jaurlaritzari nahitaezko desjabetzaren eraginpean dauden ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzeko eskatzea erabaki zen, Nahitaezko Desjabetzari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Lehenbailehen hartu beharreko ondasun eta eskubideak banakatuta eta xehatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko beharrezkoak diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian eta, administrazio espedientean adierazten denez, ez zen inolako arrazoibide-idazkirik aurkeztu.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saileko zerbitzu teknikoek aldeko irizpena eman dute, aukeratutako lurren erabilpenak eta indarrean dauden legeak bat datozelako.

Ondasun eta eskubide horiek hartzea luza ezinezkotzat jotzen da honako arrazoi hauengatik:

Gaur egun, ur edangarriaren sareak oso populazio-kopuru gutxi hornitzen du Errezilgo udalerrian. Hirigune eta bere inguruan dauden baserri batzuetako biztanleek erabiltzen dute zerbitzu publiko hori, beharrezkoak diren sareak eta instalazioak oraindik ez zaizkielako iritsi herritar gehienei. Konkretuki, 150 etxebizitza eta baserrietatik, soilik 37 dute ur edangarriaren hornikuntza publikoa. Egoera honek arazo larriak sortu ditu, bai hornikuntza mailan (udaran batez ere) bai osasun mailan (gastroenteritiseko kasuak ugariak izaten dira).

Errezilgo Udalak arazo honi aurre egin behar dio, indarrean dagoen legediak eskunduntza hau bere eskuetan jartzen duelako (Toki-Jaurbideari buruzko Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 1985ko Legeko 25.2.1) artikuluak hain zuzen), dituen baliabideak erabiliz eta lehentasuna duten instalazioak sustatuz, plangintza baten arabera. Ildo honetan, 1996ko azaroaren hogeita zortzian egindako Udalbatza Plenoan Artzalluz Bailarako ur-hornidurako proiektuaren idazlana López y Rojas S.L. injeniariei esleitu zitzaien. Aldi berean, Urola-Kostako Mendi Nekazaritza Elkarteak 15.000.000 PTAko laguntza onartu zuen proiektu hau garatu ahal izateko.

Proiektu hori idatzi ondoren, Errezilgo Udal Plenoak aztertu zuen, baina instituzio honen ahalmenetik kanpo gelditzen zen, obra eta instalazioek zuten kostea ikusirik (100 milioi baino gehiago). Gipuzkoako Ur-Kontsortzioarekin harremanetan jarri ondoren, erakunde honek proiektuaren egokipen bat, Separata baten bitartez egin zuen, eta Alta deritzan sarearen lanak eta instalazioak bere gain hartu zituen.

Altako instalazio horiek egiteko ezinbestekoa egiten da Errezilgo udalerriko Katastroko 12. poligonoko 31. partzela eragitea, bertan ur-depositua kokatu behar baita. Lursail horren jabearekin egin diren saio guztiek emaitz ezkorra izan dute, eta horregatik jabetza derigorrez kentzeko jardunbidea izapidatu behar da, ur-hornikuntzako proiektu hau burutu nahi bada.

1997ko ekitaldian onartu zen dirulaguntza mantentzen da gaur egun, baino lanei hasiera eman behar zaie lehenbailehen, bestelako kasuan galduko lukeelako aipaturiko dirulaguntza Udal horrek. Arrazoi hauengatik desjabetzapen jardunbide honek premiazko izaera eduki behar du, proiektuaren exekuzioa bermatu ahal izateko.

Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) atalak dioenez, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea, baldin eta nahitaezko desjabetzak honako hauek hartzen baditu: jardute unitate osoak, lurraldearen hirigintza antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta, hala badagokio, hiri lurrean egin beharreko banakako egintzak. Lege horren 26.2 artikuluari jarraituz, halaber, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari zegokion Jaurlaritzaren Kontseiluari horretarako proposamena aurkeztea.

Ondorioz, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 1999ko maiatzaren 25ean egindako bileran aztertu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Atal bakarra.– Nahitaezko Desjabetzari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, "Artzallus auzoa urez hornitzeko proiektua" burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak, Errezilgo Udalak, nahitaezko desjabetzaren onuradun denez, nahitaezko desjabetza egiteko, lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

Vitoria-Gasteizen, 1999ko maiatzaren 25ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza

eta Ingurugiro sailburua, FRANCISCO JOSÉ ORMAZABAL ZAMAKONA.


Azterketa dokumentala