Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

106. zk., 1999ko ekainaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saila
2443

236/1999 DEKRETUA, maiatzaren 25ekoa, Euskal Herriko Unibertsitateak, nahitaezko desjabetzaren onuradun denez, "Leioako Campuseko Plan Bereziaren S-7 kirolaldea izeneko proiektua" burutzeko beharrezko diren ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu behar dituela deklaratzeko dena.

"Leioako Campuseko Plan Bereziaren S-7 kirolaldea izeneko proiektua" burutzeko desjabetu behar diren ondasun eta eskubideak hasiera batean jendaurrean jartzea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuak 1999ko otsailaren 15ean emandako aginduz. Agindu berean erabaki zen Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluari nahitaezko desjabetzaren eraginpean dauden ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzeko eskatzea, Nahitaezko Desjabetzari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Lehenbailehen hartu beharreko ondasun eta eskubideak banakatuta eta xehatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko beharrezkoak diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian, arrazoibide-idazki bat aurkeztu zen eta administrazio espedientean adierazten den moduan ebatzi zen idazki hori.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saileko zerbitzu teknikoek aldeko irizpena eman dute, aukeratutako lurren erabilpenak eta indarrean dauden legeak bat datozelako.

Ondasun eta eskubide horiek hartzea luza ezinezkotzat jotzen da Leioako Campusean behar bezalako instalazioak jar daitezen kirola egin ahal izateko.

Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluak dioenez, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea, baldin eta nahitaezko desjabetzak honako hauek hartzen baditu: jardute unitate osoak, lurraldearen hirigintza antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta, hala badagokio, hiri lurrean egin beharreko banakako egintzak. Lege horren 26.2 artikuluari jarraituz, halaber, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari zegokion Jaurlaritzaren Kontseiluari horretarako proposamena aurkeztea.

Ondorioz, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 1999ko maiatzaren 25ean egindako bileran aztertu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, "Leioako Campuseko Plan Bereziaren S-7 kirolaldea izeneko proiektua" burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Euskal Herriko Unibertsitateak, nahitaezko desjabetzaren onuradun denez, lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

Vitoria-Gasteizen, 1999ko maiatzaren 25ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza

eta Ingurugiro sailburua, FRANCISCO JOSÉ ORMAZABAL ZAMAKONA.


Azterketa dokumentala