Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

106. zk., 1999ko ekainaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
2433

AGINDUA, 1999ko maiatzaren 14koa, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, Euskal Estatistika Erakundea erakunde autonomoaren kontratazio-espedienteetarako kontratazio-mahaia ezartzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko kontratazio-arauei buruzko ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuak, 4. artikuluan, zehazten du sail bakoitzean, eta, beharrezko balitz, erakunde autonomo bakoitzean, kontratazio-mahai bakar bat eratuko dela, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak eta dagokion saileko sailburuak batera emandako agindu baten bidez.

Horren arabera, Administrazio Kontratazioko Aholku Batzordeak irizpena eman ondoren,

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Euskal Estatistika Erakundeko kontratazio-mahaia.

1.– Zuzendaritzari atxikita, Euskal Estatistika Erakundeko kontratazio-mahaia eratzen da, erakunde horren espedienteei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko kontratazio-arauei buruzko ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuko 5. eta 7. artikuluetan jasotako egitekoak burutu ditzan, artikulu horietan jasotako jardute-eremuan.

2.– Aipatutako mahai horrek honako kide hauek izango ditu: a) Mahaiburua: Errolda, Gidazerrenda eta Landa-Lan Arloko burua. Lanpostu hori hutsik badago -edo burua kanpoan edo gaixorik badago, edo legezko beste arrazoiren bat badago-, Ekonomi Estatistiken Arloko arduradunak ordezkatuko du.

b) Mahaikidea: espedienteari hasiera ematea eskatu duen arloko arduraduna.

c) Hiru mahaikide: bata, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren ordezkari gisa; beste bat, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren ordezkari gisa, eta bestea, Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritzaren ordezkari gisa. Azken hori informatikazko ondasun eta zerbitzuei buruzko espedienteetan baino ez. Hirurak kasuan kasuko titularrek izendatuko dituzte, 136/1996 Dekretuko 6. artikuluko 5. paragrafoan jasotako kasuetan eta paragrafo horretan jasotako arauei jarraiki.

d) Mahaikide-idazkaria: Lege-Administrazio Arloko arduraduna; lege-aholkulari eta mahaiko idazkari lanak egingo ditu, eta hitz eta botoa izango ditu.

2. artikulua.– 136/1996 Dekretuko 6. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, agindu honetan izaera bereziz egiten ez diren izendapenak eta jasotzen ez diren ordezkatzeak, halakorik balego, Euskal Estatistika Erakundeko zuzendariak erabakiko ditu, agindu honetan bestelakorik zehaztu ezean. Izendapen horiek egiterakoan, kontuan izango da izendatuak ahalik eta gutxien aldatu behar dutela; horrelakorik balego, espedientean jasota utzi beharko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indargabetuta geratuko da Ogasun eta Herri Administrazio, eta Justizia, Ekonomia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuen 1996ko uztailaren 12ko Aginduraren 2. artikulua. Agindu horren bidez, Justizia, Ekonomia, Lan eta Gizarte Segurantza saileko eta Euskal Estatistika Erakundeko kontratazio-mahaiak eratu ziren.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 1999ko maiatzaren 14a.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUZABEITIA BELDARRAIN.


Azterketa dokumentala