
73. zk., 1999ko apirilaren 20a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Herrizaingo Saila
1729
AGINDUA, 1999ko martxoaren 22koa, Herrizaingo sailburuarena, udalei dirulaguntza batzuk, zehazki, ikuskizun publikoak eta aisialdi-jardunak eskaini ohi dituzten lokalak eta instalazioak ikuskatzeko eta horiei buruzko ziurtapenak egiteko Plan Orokorra egikaritzeko direnak, emateko dena.
Ikuskizun publikoak eta aisialdi-jardunak eskaini ohi dituzten lokalak eta instalazioak ikuskatzeko eta horiei buruzko ziurtapenak egiteko Plan Orokorra, abuztuaren 31ko 216/1998 Dekretuaren bitartez onartu zen. Bada, plan horretan honako programazio hau ezarri zen: lokalak eta instalazioak ondoren aipatzen diren lege eta arauei egokitzen zaizkien ala ez egiaztatzeko dena. Direlako lege eta arauak: Jendaurreko Ikuskizunak eta Jolas Jarduerei buruzko azaroaren 10eko 4/1995 Legea, eta ikuskizun publikoen eta jolas jardueren arloan indarrean diren gainontzeko arauak.
Herrizaingo Sailak, esandakoari dagokionez, laguntza hauetarako deialdia egin zuen, 1998ko azaroaren 12ko agindu baten bitartez egin ere.
Aurrekontuen luzapenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuen Kargura diren dirulaguntza eta laguntzak arautzen dituzten zenbait arau indarrean mantentzeari buruzko abenduaren 15eko 371/1998 Dekretuaren arabera, aipatu aginduak oraindik indarrean dirau. Eta hori dela-eta, Euskadiko Aurrekontu-Erregimenari buruz indarrean diren xedapen legalak batzen dituen testuari buruzko irailaren 27ko 1/1994 Legegintza Dekretuaren IX. izenburuan araututako aurrekontu-luzapenaren erregimenaren arabera, urte honi dagozkion laguntzei buruzko deialdia egin daiteke.
Hortaz, zelan batetik honelako lokalen segurtasunaren interes soziala handia den, eta bestetik aipatu plan orokorrean ikuskaketei buruzko zehaztasun oso handia eskatzen denez gero, udalek ikuskaketa eta ziurtapenen plan orokorreko aginduak errezago bete ditzaten, komenigarritzat jotzen da ondoren zehazten diren udalei dirulaguntzak ematea: 1998ko abenduaren 21eko eta 1998ko azaroaren 12ko aginduen bitartez horrelako dirulaguntzarik jaso ez zutenei alegia.
Beraz, indarrean den ordenamendu juridikoak ematen dizkidan ahalmenen arabera, honako hau,
XEDATU DUT:
1. atala.– Helburua.
Ikuskaketen eta Ziurtapenen Plan Orokorra egikaritzeko, udalei dirulaguntzak ematea da agindu honen helburua. Plan orokor hori, abuztuaren 31ko 216/1998 Dekretuaren bitartez, onartu zen, eta ikuskizun publikoak eta jolas-jardunak eskaini ohi dituzten lokal eta instalazioei dagokie.
Helburu horretarako 20.000.000 (120.202,42 Euros)PTA erabiliko dira.
2. atala.– Onuradunak.
1.– Hurrengo atalean zehaztutako ikuskaketak egin ditzaten Euskal Autonomia Erkidegoko udalak izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunak.
2.– Agindu honek arautzen duen dirulaguntzarik ezin dute jaso honako udal hauek: Herrizaingo sailburuaren 1998ko abenduaren 21eko Aginduaren bitartez, honelako dirulaguntza jaso dutenek.
3. atala.– Dirulaguntza izan dezaketen jarduerak.
Beherago aipatzen diren lokaletan eta instalazioetan, 1998ko urriaren 1etik 1999ko irailaren 30era arte egindako ikuskaketek izan dezakete dirulaguntza:
a) 700 pertsona hartzeko aforoa duten titularitate publikopeko guztiak.
b) 300etik 700era arteko aforoa duten titularitate pribatupeko guztiak. Horretan ez dira sartzen: Jendaurreko Ikuskizun eta Jolas Jarduerei buruzko 4/1995 Legean aipatzen den katalogoan, ostalaritza eta sukaldaritza epigrafean, jasotzen diren lokalak.
4. atala.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Agindu honek aipatzen dituen dirulaguntzak jasotzeko interesa duten udalek, alkateak sinatutako eta Herrizaingo sailburuari zuzendutako eskabidea aurkeztu beharko dute, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzan, Wellington dukea, 2, Vitoria-Gasteizen, edo Herri Administrazioen Lege-Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio jardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. atalean aurreikusitako eraren baten aurkeztu ere, eta betiere agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Argitara dadinetik harako hilabeteko epearen barruan.
2.– Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Egingo diren ikuskaketen programazioa, betiere ikuskizun publikoak eta aisialdi-jardunak eskaini ohi dituzten lokalak eta instalazioak ikuskatzeko eta horiei buruzko ziurtapenak egiteko Plan Orokorraren I. eranskinean erasotzen den ereduaren araberakoa.
b) Lokalen egoera egiaztatzeko egin beharreko berariazko egiaztapen edo probak egiteari buruzko aurreikuspena.
5. atala.– Dirulaguntzak kudeatzeko organoa. Agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko eginkizunak burutzea Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari dagokio.
6. atala.– Epaimahai kalifikatzailea.
1.– Aurkeztutako eskabideak ebaluatzeko eta aztertzeko, ondoko kideak dituen epaimahai kalifikatzailea eratuko da:
a) Lehendakaria: Joko eta Ikuskizun zuzendaria.
b) Bokalak:
– Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzako Izapide eta Baimen arduraduna.
– Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzako Zigor eta Errekurtso arduraduna.
c) Idazkaria: Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzako teknikari bat, Joko eta Ikuskizun zuzendariak izendatutakoa, hitz egiteko eskubidea izango duena baina ez botoa ematekoa.
2.– Gehiengo soilaz, dirulaguntzak esleitzeko irizpideetan oinarrituta, hartuko ditu erabakiak epaimahai kalifikatzaileak, eta proposamen bat aurkeztuko dio Herrizaingo sailburuari.
7. atala.– Dirulaguntzak esleitzeko irizpideak.
Abuztuaren 31ko 216/1998 Dekretuaren 2. ataleko 2. idazatian ezarritakoaren arabera, udal bakoitzak ikuskatutako lokal kopura izango da dirulaguntzak emateko irizpidea, eta betiere kontuan izango da: lokalen egoera egiaztatzeko egin beharreko berariazko egiaztapen teknikoak eta probak egiteari buruzko aurreikuspena.
8. atala.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateraezintasuna.
Helburu bererako beste edozein erakunde publikok emandako beste edozein laguntza ez da bateragarria laguntza hauek ematearekin.
9. atala.– Erabakia.
1.– Epaimahai kalifikatzaileak aurkeztutako proposamena aztertutakoan, Herrizaingo sailburuak emango du agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak ematearen gaineko erabakia, betiere eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik harako hiru hilabeteko epearen barruan. Agindua esleipendunei jakinarazi eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
2.– Herri Administrazioen Lege-Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio Jardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43.2.c) atalean ezarritakoarekin bat, ezarritako epearen barruan ez bada ematen erabakirik, eskabideak ezetsitzat joko dira.
10. atala.– Onuradunaren obligazioak.
Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek ondoko obligazio hauek bete beharko dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Eta horretarako, esleipena egiteko agindua jakinarazten denetik harako hamabost eguneko epearen barruan, dirulaguntzari idatziz eta espreski ez bazaio uko egiten, onartu egin dela kontsideratuko da.
b) Ematean zeukan destinorako erabiltzea dirulaguntza.
c) Dirulaguntzen helburu diren ikuskaketen garapena eta gorabeherei buruz eska dakien dokumentazioa ematea Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari.
d) Agindu honen kargura jasotako dirulaguntzei dagokienez, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak bere funtzioak betetzeko eska diezaien informazio oro ematea epaitegi horri.
11. atala.– Dirulaguntzak pagatzea.
1.– Dirulaguntza duten ikuskaketa-jarduerak burututakoan, dirulaguntza ordainketa baten pagatuko da, betiere Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari ondoko dokumentazio hau aurkeztu ezkero:
a) Egindako ikuskaketen aktak, betiere, Ikuskizun publikoak eta aisialdi-jardunak eskaini ohi dituzten lokalak eta instalazioak ikuskatzeko eta horiei buruzko ziurtapenak egiteko Plan Orokorraren II. eranskinean erasotako ereduaren arabera egindakoak.
b) Ikuskizun publikoak eta aisialdi-jardunak eskaini ohi dituzten lokalak eta instalazioak ikuskatzeko eta horiei buruzko ziurtapenak egiteko Plan Orokorreko 2.3 eta 2.4 puntuetan jasotako zirkunstantziei buruzko txostenak, eskudun teknikariek egindakoak.
c) Lokalen egoera egiaztatzeko egin beharreko berariazko egiaztapen eta probak burutu izanari buruzko ziurtagiria.
d) Titularitate publiko edo pribatuko lokalen eta instalazioen kasuan, aginduzko lizentziarik ez dagoela detektatu ezkero, lizentzia emateko prozedura egokia hasi izanari buruzko kreditazioa, betiere Ikuskizun publikoak eta aisialdi-jardunak eskaini ohi dituzten lokalak eta instalazioak ikuskatzeko eta horiei buruzko ziurtapenak egiteko Plan Orokorreko 2.5 puntuan ezarritakoaren arabera.
2.– Ikuskaketa bakoitzaren egunetik harako bi hilabetekoa izango da ordainketa egiteko dokumentazioa entregatzeko epea.
3.– Ordainketa bakarraren libramendua egiteko, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak entregatutako dokumentazioa aztertzeaz gain, aldeko txosna eman beharko du.
12. atala.– Ez-betetzeak.
Ikuskaketen eta ziurtapenen Plan Orokorrean jasotako jarraibideak betetzeari dagokionez irregulartasunik atzemanez gero, Eusko Jaurlaritzak, udal interesatuari entzundakoan, aitortutako dirulaguntzak indarrik gabe utziko ditu, eta, beharrezkoa bada, entregatutako dirulaguntzak, bidezko diren interes legalekin, itzultzea exijituko, betiere ondoko dekretu eta legeetan ezarritakoaren arabera: azaroaren 10eko 4/1995 Legea, ekainaren 19ko 7/1997 Legea, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.
13. atala.– Errekurtsoak.
Agindu honetatik datozen egintzak eta agindu hau berau ere inpugnatu ditzakete interesatuek, betiere Herri Administrazioen Lege-Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio Jardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 legean ezarritako eran eta epean.
AZKEN XEDAPENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean indarrean izango da agindu hau.
Vitoria-Gasteiz, 1999ko martxoaren 22a.
Herrizaingo sailburua, JAVIER BALZA AGUILERA.
RSS