Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

53. zk., 1999ko martxoaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
1315

AGINDUA, 1999ko martxoaren 8koa, Kultura sailburuarena, Portugaleteko (Bizkaia) Txurruka Nasaren kaleko 60 zenbakidun eraikina Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean, Monumentu izendapenaz Kultura Ondasun gisa sartzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak Kultura Ondareari dagokion erantzukizun osoa hartu zuen bere gain, Konstituzioaren 148.1.16 atalari jarraituz eta Autonomi Estatutuaren 10.19 atalaren arabera. Era berean, ondare hori esportaziotik eta espoliaziotik babesteko Estatuak ezarritako arauak errespetatzeko konpromezua ere hartu zuen irailaren 26ko 3068/1980 Errege Dekretuaren arabera.

Bere gain hartutako eskumenez baliatuz, Euskal Kultur Ondarearen Legea onartu zen, uztailaren 3ko 7/1990 Legea.

Kultura sailburuordeak, Portugaleteko (Bizkaia) Txurruka Nasaren kaleko 60 zenbakidun eraikinaren garrantzi kulturalaz oharturik, bere balio historiko eta arkitektonikoa kontutan hartuz, eta indarreango legezko xedapenen arabera, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari hasiera ematea erabaki zuen 1998ko irailaren 10ean (1998ko urriaren 16an argitaratuz Erabakia), Kultura Ondareari buruzko Legeak dioenari jarraiki.

Espediente hori administrazio-bidetik izapidatu ahal izateko, aipatutako 7/1990 Legearen 17 eta 11.3. atalean, eta honekin bat datozen gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraituz, jende guztiak espedientearen berri izan zezan, jendaurrean ikusgai jarri zen, eta batera, interesdunekiko izapidetza ere burutuz.

Horrenbestez, legez ezarritako izapidetza guztiak behar bezala beterik, M.ª Luisa Bravo Llorente andreak aurkeztu zuen alegazio bakarra, non Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen hainbat kontzeptu eta hitzi buruzko argibideak eskatzen baitziren. Alegazio horri behar bezala erantzun zitzaion eta, horretaz aparte, ez zen Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko eraikinak izan dezakeen interes kulturalaren kontrako inpugnaziorik aurkeztu.

Orain arte adierazitako guztia kontuan hartuta; aipatutako Legearen 17. atalak ezarritakoari jarraituta; Euskal Kultura Ondarearen Zentruko Zerbitzu Teknikoen txostena ikusirik eta Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak proposatuta, hau,

ERABAKI DUT:

Lehenengoa.– Portugaleteko (Bizkaia) Txurruka Nasaren kaleko 60 zenbakidun eraikina, Monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean, Kultura Ondare gisa sartzea.

Bigarrena.– Aipatutako Ondasunaren deskribapena burutzea II. eranskinean agertzen den moduan eta Agindu honen I. eranskinean agertzen den mugapenarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Portugaleteko Txurruka Nasaren kaleko 60 zenbakidun eraikina Euskal Kultura Ondareari atxikitako Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko eskaria egitea.

Laugarrena.– Portugaleteko Udalari, higiezin hori babesteko bere udal hirigintzako planeamendu tresnan kontutan hartzeko eskaria egitea.

Bosgarrena.– Agindu honen berri Jabetza Erregistroari ematea, Euskal Kultur Ondareari buruzko Legearen 26. atalak diona betetzearren.

Seigarrena.– Interesdunei, Portugaleteko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura, Hirigintza eta Ogasun Departamentuei eta Eusko Jaurlaritzako Lurraldearen Antolaketa, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailari agindu hau jakinaraztea.

Zazpigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Egunkari Ofizialean argitaratzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.– Sartzeko Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango du efektua.

Bigarrena.– Administrazio-bidea agortzen duen Agindu honen aurka administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Herriko Auzitegi Nagusian, hau bere azken argitaralpen dataren hurrengo egunetik kontatzen hasita bi hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 1999ko martxoaren 8a.

Kultura sailburua,

M.ª CARMEN GARMENDIA LASA.

I. ERANSKINA / ANEXO I

fotolito

I. ERANSKINA

Mugapenak eraikin beraren esparrua hartzen du, fatxada nagusiko lehen solairuko aterrazamendua barne hartuz.

II. ERANSKINA

DESKRIBAPENA

Portugaleteko Txurruka Nasaren kaleko 60. zenbakian kokaturiko eraikina da, oin laukizuzena eta erdigunean eskilaradun sarrerarekin bere fatxada nagusian hormoin bat duela, bere ataurrea harrizko balaustrada batek defendatuz.

Behe solairua ertzetan bi bano hirukoitzez osatzen da, egurrezko behatoki kubiko batek jarraitzen duelarik, sarrera nagusiak eta elementuen errepikapenak (behatokia eta bano hirukoitzak) fatxadaren beste aldean. Bi behatokietan dauden pilastra kopurua nabarmentzen da.

Hiru solairudun gorputza harrizko bi pabilioiz antolatua gelditzen da, hauetako batek kantoiko alboko fatxadaruntz izanik garapena, bihurgune haundiz.

Barnealdeko horman bost bano ardatz irekitzen dira, lehen solairukoek burdinlandun barandetan landareria hornidura eta goialdean dintela agertzen dute; bigarren solairukoek, itsasontzi lepo moduan arkutuak hornidura berdintsuarekin; eta hirugarren solairuan itsasontzi lepo moduko banoekin, hornidurarik gabe bere dintelean; non jarraiko friso bat baitago mansarda bat aurkeztuz bi arlo zatitzen dituena, bata behatokien erremateek osatzen dutena balaustradadun balkoi bat sortuz, eta bestea, frontoia zatituta azaltzen duten bost banoek osatzen dutena (hauek fatxadaren barneko hormaldearekin bat datozelarik).

Kantoialdera ematen duen fatxadak behe solairuan zazpi bano ardatz irekitzen ditu eta sei besteetan. Atzealdeko fatxadan sarrerako atariaren ingurua nabarmentzen da.

Deskribapena «eklektiko» eraikin moduarekin dator bat, mende honen haseran eraikia izateagatik bere aldakortasunagatik ezaguna den arkitektura estilo hori jarraituz, forma, material berrien erabilpena, etabarren aniztasunean murgilduz, ordurarteko arkitektura estilo bakunen nagusitzari amaiera emanaz. Zehazki, eraikin hau Eklektikotasunaren barne dagoen 2. Inperioko estiloari dagokio, frantziar arkitekturaren ezaugarriak dituzten hainbat elementurekin.

Txurruka Nasaren kaleko beste eraikin batzuekin batera, hau mende haserako etxebizitza arkitekturaren eredu nabarmena da, garai eta arkitektura estilo baten testigu. Bera nabarmentzen da Ibaizabal ibaiaren aurrealdeko Portugaleteko udalerriaren hiri irudi eta fatxada bezala. Eraiki zen garaiko eraikin eder bezala, Txurruka Nasaren kaleko besteekin batera, hirigintza osagai zehaztaile eta egituratzaile bilakatu da, gune horren ondorengo garapenaren ildoa ezartzeko balio izan duena.


Azterketa dokumentala