Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

53. zk., 1999ko martxoaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
1312

130/1999 DEKRETUA, otsailaren 23koa, zuzenbide pribatuko ente publikoetako eta sozietate publikoetako zuzendaritza-taldekideen estatutu pertsonala arautzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko kargudun publikoen araubide juridikoaren alderdi nagusiak arautzen dituzten legeek beren baitan hartzen dituzte zuzenbide pribatuko ente publikoetako eta sozietate publikoetako zuzendaritza-taldekideak; esaterako, bateraezintasunei buruzko 1983ko Legeak edo goi-kargudunen ordainsariei buruzko 1988ko Legeak. Baina zuzendaritza-taldekide horien esparruan nortzuk sartzen diren arauz mugatzea ez da oraindik lortu.

Araudia nori aplikatu eta nori ez aplikatu zehazteko, dekretu honen helburua da prozedura bat ezartzea ente eta sozietate bakoitzak erabaki dezan bertako zein zuzendaritza-taldekide baliokidetu daitekeen Administrazioko goi-kargudunekin eta, hartara, lehen aipaturiko legeak zuzen aplikatu. Horrela gaindituko da Administrazio Orokorrean eta Instituzionalean indarra izango duen zuzendaritza-taldekideen kategoria orokor batean horiek sartzeko zegoen traba handiena, eta gainera, enpresaren sektore publiko deritzonarekin uztartuta dauden Administrazioaren bi alor horietan garrantzizko zuzendaritza-lanak eta kudeaketakoak egiten dituztenei dagokienez, orain arte egon den arauen sakabanaketa amaituko da.

Baliokidetza hori, bistan da, taxuz egin beharra dago, hortxe batzen baitira Administrazio Zuzenbidea eta Merkataritzako Zuzenbidea. Alegia, bi eremu horiek elkartzeak azaltzen du korapiloaren gaitza: nola bereizi argiro, batetik, Administrazio Orokorreko goi-kargudunen (sailburu eta zuzendarien) isla diren ente eta sozietateetako zuzendaritza-taldekideak, eta, bestetik, goi-mailako zuzendaritza-lanak edo kudeaketakoak egiten dituzten baina enpresa pribatuetako karguen peto-petoak direnak. Azken kasu horretan, konparazioaren ondorioz, asimilazioa Administrazio Orokorrean eta erakunde autonomoetan zuzendaritza-taldekide edo buru diren funtzionarioekin egin beharko litzateke.

Hori guztia dela eta, batzuen eta besteen egoeraren parekatze praktikoa egiteko, Dekretuak irizpide objektibo batzuk ezartzen ditu, ente eta sozietateetako zein zuzendaritza-taldekide baliokidetu daitekeen Administrazioko goi-kargudunekin jakiteko. Behin prozedura ezarriz gero, berez etorriko da kargu horiek betetzen dituztenei bateraezintasunei eta ordainsariei buruzko araubide juridikoa, jada indarrean urteak daramatzana, aplikatzea.

Bateraezintasunak direla-eta, 1983ko Legea eta Legea garatzen duten arauak bere horretan aplikatzekoak direnez gero, ez da definitu edo gehitu behar inolako bateraezintasunik, ezta jardueren eta ondarezko eskubide-ondasunen adierazpenik eta errejistrorik ere. Ordainsariei dagokienez, ordea, esperientziak erakutsi digu komenigarria dela aldaketa garrantzitsuak ezartzea goi-kargudunen ordainsariei buruzko 14/1988 Legeak jasotzen dituen pizgarri zenbateko finkorik gabekoen alorrean (maiatzaren 23ko 131/1989 Dekretuak garatu zituen pizgarri horiek, hots, Eusko Jaurlaritzako kideei, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazoko goi-kargudunei eta Administrazio horren zerbitzuan lan egiten duen konfidantzazko edo behin-behineko pertsonalari euren karguak edo lanpostuak uzteagatik dagozkien kalte-ordainak eta aldi baterako ordainketen araubidea arautzen duen Dekretuak). Bada, aldaketok, funtsean, bi beharrek eraginda planteatu dira: kudeaketa planaren barruan sartu beharra, eta ente eta sozietateen kudeaketa eta emaitza hobeak bermatuko dituzten informazio eta kontrol bide eraginkorrak sortu beharra, ekitaldian ekitaldiko aurrekontu-legean ezartzen diren irizpideei men eginda.

Halaber, nola eta kudeaketa publikoaren helmena —eta ondorioz bere gardentasuna, objektibotasuna eta herritarren interesen onerako eman behar den zerbitzu eraginkorra— Administrazio Instituzionaletik hara doan eta sektore publiko osoa menean hartzen duen, egoki ikusi da Administrazio horrentzat xedatutakoa dekretu honetan islatzea ere, eta, ahal den neurrian, baita Autonomia Erkidegoaren Administrazioa partaide deneko merkataritza sozietateetan ere.

Horiek horrela, Ogasun eta Herri Administrazio sailburu eta lehendakariordearen proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 1999ko otsailaren 23an egindako bilkuran aztertu eta onartu eta gero, hauxe

XEDATU DUT:

I. ATALBURUA

HELBURUA ETA APLIKAZIO EREMUA

1. atala.– Helburua.

1.– Dekretu honen helburua da zuzenbide pribatuko ente publikoetako eta sozietate publikoetako zuzendaritza-taldekideen estatutu pertsonalaren edukiak, hainbat legeren indarrez aplikagarri direnak, garatzea.

2.– Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoa partaide deneko sozietateetako zuzendaritza-taldekideen ordainsari-araubidea arautuko du.

2. atala.– Aplikazio-eremua.

1.– Dekretuaren menpean geldituko dira 3. atalean halakotzat jotako zuzenbide pribatuko ente publikoetako eta sozietate publikoetako zuzendaritza-taldekideak.

2.– Aipatutako ente eta sozietateetan lan-kontratu arruntarekin diharduen pertsonala berariaz kanpoan geldituko da, nahiz eta eginkizun exekutiboetan jardun eta bere lan-baldintzak banan-banan hitzartu, inongo hitzarmen kolektiborekin loturarik eduki gabe alegia.

Aurrekoa gorabehera, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak ahalmena izango du pertsonal horren ezaugarri ekonomikoen gainean egoki ikusten dituen informazio- eta kontrol-bideak ezartzeko, Ekonomia Gaietarako Ordezko Batzordearen txostena jaso ondoren.

3. atala.– Zuzendaritza-taldekideak zeintzuk diren zehaztea.

1.– Jaurlaritzaren Kontseiluak, zuzenbide pribatuko ente publikoetako eta sozietate publikoetako enteak atxikita dituzten sailetako titularren proposamenez, ente horietako zuzendaritza-taldekideen zerrenda onartuko du dekretu bidez.

2.– Jaurlaritzaren Kontseiluak aztertu behar dituen proposamen horiek erabaki bidez hartuko dituzte, urtero, zuzenbide pribatuko ente publikoetako eta sozietate publikoetako enteetako organo artezkariek edo administrazio kontseiluek; eta, erabakietan bertan, dekretu honen ondorioetarako zuzendaritza-taldekidetzat zeintzuk jotzen diren zehazten dituen zerrendak agertuko dira.

3.– Aurreko puntuan aipaturiko zerrendak irizpide hauetantxe oinarrituko dira:

a) Estatutu bidezko ahalordetzarik badagoen ala ez, halako kargudunek ente publikoko edo sozietate publikoko entearekiko botere-esparru handiak beregana ditzaten, hain zuzen, enpresa orohar edo enpresaren lurraldearen edo funtzioen inguru edo harremana mendean hartzen duten botere-esparruak.

b) Kargudunak entearen edo sozietatearen egituraketan (hierarkikoki eta erantzukizunen mailan) postu berezirik duen; alegia, ahalmenik duen bertako sektore zehatz batzuk kudeatzeko soilik eta zuzenean gerentziaren edo administrazio kontseiluaren aginduz.

4. atala.– Lan-kontratua.

1.– Dekretu honen menpean dauden zuzendaritza-taldekideek, beti ere, goi-zuzendaritzako kontratu berezi bat izango dute ente publikoetako edo sozietate publikoetako enteekin.

2.– Honakoei ez zaie aplikatuko aurreko lerroaldean ezarritakoa:

a) Merkataritzako Zuzenbideak arautariko harreman juridikoen babesean diharduten zuzenbide pribatuko ente publikoetako edo sozietate publikoetako zuzendaritza-taldekideak.

b) Aplikagarri zaien lege arautzailearen eta legea garatzen duen araudiaren babesean, lanpostua izendapen administratibo baten bidez lortu duten zuzenbide pribatuko ente publikoetako zuzendaritza-taldekideak.

II. ATALBURUA

ZUZENBIDE PRIBATUKO ENTE PUBLIKOAK

ETA SOZIETATE PUBLIKOAK

5. atala.– Bateraezintasunak, debekuak eta kontrola.

1.– Zuzenbide pribatuko ente publikoetako eta sozietate publikoetako zuzendaritza-taldekideei Euskal Autonomia Erkidegoan funtzio publikoetan jarduteagatiko bateraezintasunei buruzko abenduaren 20ko 32/1983 Legean ezarritako bateraezintasun- eta debeku-araubidea aplikatuko zaie.

2.– Horrekin batera, halaber, Jaurlaritzako kideen, Administrazioko goi-kargudunen eta zuzenbide pribatuko ente publikoen eta sozietate publikoen zuzendaritza-taldekideen jarduerak eta ondarezko eskubide-ondasunak adieraztea eta errejistratzea arautzen duen otsailaren 23ko 129/1999 Legea ere aplikatuko zaie.

6. atala.– Eskubide ekonomikoak.

Kasuan kasuko organo artezkariak edo administrazio kontseiluak ezarriko du zuzenbide pribatuko ente publikoetako eta sozietate publikoetako zuzendaritza-taldekideen ordainsari-araubidea. Kontzeptu guztiengatik, orotara hartuta eta datorren atalean aipatzen diren pizgarriak barne, jaso daitekeen gehienezko ordainsaria urteroko aurrekontu-legeak adierazitakoa izango da.

7. atala.– Pizgarriak, helburuak betetzeagatik.

1.– Atal honetan eta 14/1988 Legean ezarritakoaren arabera, zuzenbide pribatuko ente publikoek eta sozietate publikoek bere esku izango dute zenbatekoa finkaturik ez duten pizgarriak ezartzea euren zuzendaritza-taldekideentzat, kudeaketa-helburuak betetzearen truke.

2.– Pizgarriak ezarri aurretik, beharrezkoa izango da ongi zehaztea horiek banan-banan zein irizpiderekin esleituko diren. Horretarako, kontuan hartuko da urteko aurrekontuak bete diren, memorian jasotako helburu kualitatiboak bete diren eta urteko kudeaketa-plana zenbateraino bete den. Horietaz gainera, ezinbesteakoa izango da:

a) Kudeaketa-plana indarrean dagoen artean, bertan ente edo sozietatearen lan-ildoren batean edo guztietan bete beharreko helburuak zehaztea.

b) Emaitzak baloratzeko behar diren indikatzaileak zehaztea. c) Gainbegiratze- eta kontrol-bideak aurreikustea —bai atxikita dauden sailaren aldetik, bai Ogasun eta Herri Administrazioa Sailaren aldetik—, kudeaketa lanaren etengabeko jarraipena ziurtatzeko.

3.– Pizgarriak ezarri aurretik, kudeaketa-planarekin bat, beharrezkoa izango da entea edo sozietatea atxikita dagoen sailak bere onarpena agindu bidez eman diezaion, Ekonomia Gaietarako Ordezko Batzordearen txostena jaso ondoren.

8. atala.– Kargu-uztearen kalte-ordaina.

1.– Zuzenbide pribatuko ente publikoetako eta sozietate publikoetako zuzendaritza-taldekideek, kargua uzten dutenean, 14/1988 Legean Jaurlaritzako kideentzat eta Administrazioko goi-kargudunentzat ezarritako kalte-ordainaren baliokidea jasoko dute.

2.– Zuzenbide pribatuko ente publikoak eta sozietate publikoak aurreko lerroaldean ezarritakora makurtuko dira; ezin izango dute, gainera, kalte-ordain ekonomiko gisa bestelako kontraturik sinatu edo hitzartu, edozein motatakoa edo zenbatekotakoa delarik ere.

9. atala.– Informazioa.

Lehengo 7. atalean ezarritakoa urratu gabe eta berariazko araudien indarrez kontrol ekonomikoa eta kontabilitatezkoa betetze aldera eman behar duten informazioa errespetatuta, zuzenbide pribatuko ente publikoek eta sozietate publikoek honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute Ogasun eta Herri Administrazio Sailean:

a) Txosten bat, aurrekontu orokorretan ekitaldi bakoitzerako programatu diren helburuak zenbateraino bete diren azaltzen duena.

b) Bertako zuzendaritza-taldekideek jaso dituzten ordainsari gordinen eta urteko pizgarrien azalpena, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egindako banakatzeaz.

III. ATALBURUA

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO

ADMINISTRAZIOA PARTAIDE DENEKO

SOZIETATEAK

10. atala.– Ordainsariak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren partaidetza kapital sozialaren %50 edo hortik beherakoa duten merkataritza sozietateen borondatearen autonomiaren printzipioa urratu gabe, Jaurlaritzak sozietate horietan aurreko atalburuan ezarri den moduko ordainsari-araubidea ezartzea bultzatuko du.

2.– Nolanahi ere den, Administrazioaren interesak ordezten dituztenek beti emango dute ezezko botoa segidan aipatzen diren merkataritza sozietateetako zuzendaritza-taldekideen ordainsariei dagokienez, baldin eta dekretu honetan eta aplikagarria den gainerako arauetan ezarritakoaren kontrako erabakirik proposatzen bada:

a) Bazkide guztiak administrazio, entitate edo erakunde publikoak badira.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa nagusi agertzen bada, Merkataritzaren Kodeko 42. atalean ezarritakoaren arabera.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa kapital sozialaren %50aren jabe bada eta, gainera, sozietatearen diru-laguntzaile nagusia bada.

Aurreko lerroaldean aipatutako kasuetan ez da beharrezkoa izango dekretu honetako 2. atalean adierazitako Ekonomia Gaietarako Ordezko Batzordearen txostena.

11. atala.– Informazioa.

Atalburu honetan aipatzen diren sozietateetan Administrazioaren interesak ordezten dituztenek bertako zuzendaritza-taldekideen ordainsarien eta pizgarrien berri, eta lan-kontratuak iraungitzeagatik sortzen diren kalte-ordainena, emango diote Jaurlaritzari. Organo eskudunak gorabehera horiek onetsi bezain laster edo goi-zuzendaritzako lan-kontratuak formalizatu orduko egingo dira jakinarazpenak.

IV. ATALBURUA

LEGEBILTZARRARI JAKINARAZTEA

12. atala.– Legebiltzarrari jakinaraztea.

Aurrekontu-ekitaldien hasieran, aurreko ekitaldian pizgarrietan zenbat diru ordaindu den jakinaraziko dio Jaurlaritzak Legebiltzarrari.

Aurreko ataleko informazioa ere maiztasun berberaz bidaliko zaio.

GEHIGARRIZKO XEDAPENAK Lehenengoa.– Estatutu sozialak eta kontratuak egokitzea.

1.– Dekretua indarrean jarri eta sei hilabete baino lehen, sozietate publikoek euren estatutu sozialak De-kretuan ezarritakora egokitu beharko dituzte.

2.– Epe bera izango dute zuzenbide pribatuko ente publikoek eta sozietate publikoek, beharrezkoak diren klausulak sartzeko bertako zuzendaritza-taldekideekin sinatutako kontratuetan eta organo artezkariek edo administrazio kontseiluek egindako izendapenetan.

3.– Aurreko idazatietan adierazitako aldaketak egiten ez diren bitartean, zuzenbide pribatuko ente publikoek eta sozietate publikoek ezin izango dute pizgarrien ordainketarik erabaki, eta dekretu honen aurkako klausularik duten kontratuak desegitea sustatuko dute. Desegiteak indarrean dagoen legeriaren arabera burutuko dira.

4.– Epe horretan bertan (sei hilabete), Jaurlaritzak 10. atalean xedatutakoa betetzearren behar diren jarduerak egingo ditu.

Bigarrena.– Zuzenbide pribatuko ente publiko berriak eta sozietate publiko berriak.

1.– Sortzen diren sozietate publiko berriek beren-beregi sartuko dute euren estatutu sozialetan dekretu honetatik aplikagarri zaizkien xedapenak.

2.– Sortzen diren zuzenbide pribatuko ente publiko berriek eta sozietate publiko berriek, halaber, euren izendapenetan eta zuzendaritza-taldekideekin sinaturiko kontratuetan, aplikagarri diren xedapenak sartuko dituzte.

Hirugarrena.– 1999ko ordainsarien gehienezko muga.

Euskal Autonomia Erkidegoko 1998rako aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 21/1997 Legearen 21. atalean xedatutakoaren arabera, zuzenbide pribatuko ente publikoetako eta sozietate publikoetako zuzendaritza-taldekideek 1999an jaso dezaketen gehienezko soldataren zenbatekoak ezin izango dira Eusko Jaurlaritzako sailburuek urtean jasotzen dituzten ordainsari osoak baino handiagoak izan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Maiatzaren 23ko 131/1989 Dekretuaren hirugarren gehigarrizko xedapena indargabetzea.

Eusko Jaurlaritzako kideei, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazoko goi-kargudunei eta Administrazio horren zerbitzuan lan egiten duen konfidantzazko edo behin-behineko pertsonalari euren karguak edo lanpostuak uzteagatik dagozkien kalte-ordainak eta aldi baterako ordainketen araubidea arautzen duen maiatzaren 23ko 131/1989 Dekretuaren hirugarren gehigarrizko xedapena indargabetzen da.

Bigarrena.– Dekretuaren garapena.

Ahalmena ematen zaio Ogasun eta Herri administrazio sailburuari, dekretu hau garatzeko eta aplikatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Hirugarrena.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau 1999ko apirilaren 1ean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 1999ko otsailaren 23an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUZABEITIA BELDARRAIN.


Azterketa dokumentala