
18. zk., 1999ko urtarrilaren 27a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Iragarpenak
Herrizaingo Saila
431
IRAGARPENA, Alberto Elcoroiribe Uribarri jaunari Segurtasun sailburuordeak 1998ko irailaren 24an hartutako Erabakia jakinarazteko dena.
José Manuel Martiarena Lizarazuk, Herrizaingo sailburuak, honakoa
JAKINARAZTEN DU:
Ahaleginak egin arren, ezinezkoa izan da jakinarazpena burutzea Administrazioen Lege Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio Jardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59.2 atalean ezarritako bideetatik; beraz, eta aipatutako 59. atalaren 4. idazatiak ezarritakoa betez, Alberto Elcoroiribe Uribarri jaunari hau jakinarazten zaio: 1998ko irailaren 24an erabaki bat eman dela, zeinak honela dioen hitzez hitz:
«Esp.: 348/98/XXI
775/97-SR
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 1998ko martxoaren 27an, Alberto Elcoroiribe Uribarri jaunak errekurtso arrunta aurkeztu zuen Herritarren Segurtasunerako zuzendariaren 1998ko otsailaren 2ko Erabakiaren aurka; errekurtsogileari ehun mila (100.000) pezetako isuna jarri zitzaion erabaki horren bidez, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoaren 23.c) atalean aurreikusitako falta larri baten egilea izateagatik.
Alberto Elcoroiribe Uribarri jaunak bere errekurtso-idazkian egindako alegazioak honela laburbil daitezke: egotzitako gertaerak eta horien erantzukizuna ukatzen ditu; ez zaiola inoiz espedientea helarazi baiezten du; egotzitako gertaerak preskribitu egin direla zehazten du; adierazten du ezin dela aplikatu batzartzeko eskubideari buruzko araudia eta ez dela kontutan hartu errugabetasun-presuntzioa; uste du espedientea zabaltzean Herrizaingo Sailak ez dituela neurri bakar batekin neurtu antzeko ekintzak; eta azkenik, frogaldiari ekiteko eskatzen du, agirien eta testiguen frogak egitearren.
Bigarrena.– Aipatu den zigorra inpugnatutako erabakian egiaztatutzat jotzen diren ekintzen ondorioa da: 1997ko otsailaren 3ko 20:00etan kontzentrazio bat egin zen Eibarko Untzaga plazan, 40 bat lagunek osatua, Bakearen Aldeko Koordinakundearen talde baten aurrean; kontzentrazio horrek ez zuen bete aldez aurretik gobernuko agintaritzari egin behar zaion jakinarazpenaren baldintza, hots, Batzartzeko Eskubidea Arautzeari buruzko uztailaren 15eko 9/1983 Lege Organikoaren 8. atalean ezarritakoa. «EUSKAL HERRIA ASKATU» eta «OSCAR GARITANO GOSE GREBAN, ELKARTASUNA» lemak zeuzkaten pankartak erakutsi ziren kontzentrazioan, eta Ertzaintzaren agenteek Alberto Elcoroiribe Uribarri jauna ezagutu zuten lehenengo pankarta zeramala. Kontzentrazioa 20:15ean amaitu zen.
ZUZENBIDEZKO OINARRIAK
Lehena.– Segurtasun sailburuak eskumena du errekurtso hau ebazteko, zeina horretarako legitimitatea duen pertsonak aurkeztu baitu ezarritako epearen barruan; beraz, bidezkoa da edukia aztertzea.
Bigarrena.– Jakinarazi ez eta Eibarren 1997ko otsailaren 3an egin zen kontzentrazioa burutu zela, bai eta egotzitako pertsonak pankarta eramanez parte hartu zuela ere, 584X9700106 erreferentzia duen txostenaren bidez aski frogatuta geratu da; Eibarko Ertzainetxeko agenteek egin zuten txosten hori. Izan ere, Herritarren Seguritatea Babesteari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoaren 37. atalak dioenez: «(...) jazoerak ikusi dituzten agintaritzako agenteek emandako informazioak nahikotzat joko dira erabakia hartzeko, baina inkulpatuek ukatuz gero aldez aurretik berretsi badira, salbu eta kontrako frogak egon (...)».
Kasu honetan, hasiarazte-erabakiaren bosgarren oinarri juridikoan bertan ohartarazi zitzaion espedientatuari hamabost egun balioduneko epea zuela, jakinarazpenaz geroztik, egoki iritzitako alegazio, agiri edo informazio guztiak aurkezteko edo, beharrezkoa izanez gero, froga proposatzeko, horretarako erabili nahi zituen baliabideak zehaztuz. Hala ere, eta interesatuari jakinarazpena bere bizilekuan egin zitzaion arren, berak ez zuen alegaziorik aurkeztu; hori dela kausa, eta aipatutako legezko arauan ezarritakoari jarraituz, agerraldiaren akta egin zuen agenteari ez zitzion berrespena eskatu interesatuak errekurtsoa jartzean zituen alegazioak ezagutu arte, eta erabaki hau hartu aurretik, espedientean jasota dagoen moduan.
Hirugarrena.– Deskribatutako jokabidea arau-hauste larria da; horrela dago tipifikatuta Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoaren 23 c) atalean «jendea iragaten den lekuetan bilerak edo manifestazioak egitea, Batzartzeko Eskubidea Arautzeari buruzko 9/1983 Lege Organikoaren 8, 9, 10 eta 11. ataletan ezarritakoa ez betez, horien erantzunkizuna antolatzaile edo sustatzaileei dagokielarik, jokaera horiek arau-hauste penal ez badira». Oraingoan, arau-haustea lege horren 8. atalari dagokio, zeinak jendea iragaten den lekuetan manifestazioak egiteko dagokion gobernu-agintaritzari idatziz jakinarazteko betebeharra ezartzen baitu.
Bileraren kontzeptu legalaren definizioa batzartzeko eskubidea arautzen duen legearen 1.2 atalean dago jasota: «lege honen ondorioetarako, bileratzat jotzen da hogei pertsona baino gehiago ados jarrita eta aldi berean biltzea helburu jakin batekin». Madrilgo Auzitegi Gorenaren 1996ko irailaren 22ko epaiak dioenez, hainbat dira bileraren kontzeptua osatzen duten elementuak legeak ezarritakoaren arabera: batetik, elementu subjektiboa, elkartzen diren pertsonek osatua; bestetik, denbora-elementua, iraupen mugatuak definitua; hirugarrenez, elementu lokal edo erreal bat, bilera egiten den lekuari dagokiona; eta azkenik, xedezko elementua, hau da, bilerak duen xedea. Gertaeren unean bertan zeuden ertzainek egindako txostena –behar bezala berretsia- irakurtzea nahikoa da ondorioztatzeko elementu horien guztien pilatzea.
Hala eta guztiz ere, errekurtsogileak ukatu egiten du bildutako pertsonen artean aldez aurreko adostasunik zegoenik, eta horrek lehen aipatutako elementu subjektiboarekin du zerikusia.
Biltzeko eskubidearen elementu subjektiboaren ezaugarri bereziena adostutako elkarketa izatean datza; izan ere, bileran parte hartzen duen pertsona bakoitzak nolabaiteko lotura subjektiboa du gainerako partaideekin, eta horrek bereizten du bilera oinezko talde baten ustekabeko kontzentrazio hutsetik.
Kasu honetan, espedientean jasota dagoen poliziaren txostenetik argi ondorioztatzen denez, kontzentrazioa bi pankartaren inguruan egin zen. Pankarta horiek aldez aurretik landu ziren, bilgunera eraman ziren eta bileraren lemak zeuzkaten agerian. Espedientatuak adierazitakoa gorabehera, elementu objektibo horiek aski dira zehazteko bildutakoen artean adostutako elkartzea zegoela beren erreibindikazioak adierazteko asmoz.
Ez dago ahazterik aztertzen ari garen kasuan, poliziaren txostenaren arabera, bilera hori Bakearen Aldeko Koordinakundeak deitutako beste batekin batera gertatu zela, egun, ordu eta leku beretan; azken horrek bai, betetzen zituen biltzeko legezko betebehar guztiak. Aipatutako aldiberekotasuna askotan gertatu zen, bai Eibarren, bai Autonomia Erkidegoko beste herri batzuetan, eta horrexek erakusten du bildutakoak ados jarrita elkartzen zirela, hain zuzen ere beren erreibindikazioak Bakearen Aldeko Koordinakundeak bildutakoen aurrean adierazteko, eta ez bestela; beraz, ezin da esan berez elkartu zirenik.
Laugarrena.– Alberto Elcoroiribe Uribarri jauna jokabide horren erantzulea da, egile gisa, manifestazioaren antolatzaile edo sustatzailea zen aldetik.
Bilera edo manifestazioaren antolatzaileak edo sustatzaileak nortzuk diren zehazteko, administrazioaren araudiak beste zehaztasunik ematen ez badu ere, Kode Penalak interpretatzeko irizpideak ematen ditu. Hartara, 514.1 atalak adierazten duenez, bilera edo manifestazioaren zuzendari edo sustatzailetzat joko dira hura deitu dutenak edo haren buru direnak.
Irizpide hori aztertzen ari garen alorrean ere erabil daiteke; hortaz, antolatzaile edo sustatzailetzat jo daitezke ekitaldira deitzen duten pertsonak eta hori burutzeko ekintzak prestatzen dituztenak zein haren buru ageri direnak, partehartzaile huts gisa joan direnetatik bereiztuz.
Gure kasuan, espedientatutako pertsonak burutza lanetan jardun du, ekitaldiaren buruan nabarmen agertuz eta pankarta zeramala, zeinean kontzentrazioaren lema irakurtzen baitzen.
Bosgarrena.– Errekurtsogileak ez zaiola inoiz espedientea helarazi alegatu du, eta horrek defentsarik eza eragin diola, baina hori espedientea izapidetzean ez duelako inoiz eskatu gertatu du. Hark bazekien beraren aurka zigor-prozedura hasiarazita zegoela, 1997ko abenduaren 5ean jakinarazi baitzitzaion izapide hori, espedientean jasota dagoenez, eta jakinarazpena egin zen egunaren biharamunetik hasita 15 egun balioduneko epea eman zitzaion organo izapidegilearen aurrean egoki iritzitako alegazio, agiri edo informazio guztiak aurkezteko, bai eta baliatu nahi zuen froga proposatzeko ere, baina interesatuak ez zuen alegaziorik aurkeztu; horregatik, orain ezin du esan ez zaiola espedientea helarazi.
Seigarrena.– Bestalde, espedientatuak ekintzak preskribitu egin direla alegatu du, 1398/1993 E.D.ko 6.2 atalean oinarrituz; horren arabera, prozedura hasi eta bi hilabeteren buruan inputatuari ez bazaio horren berri ematen, ekintzak artxibatu egin beharko dira. Alegazio horrek ez dauka batere oinarririk, ordea, kasu honetan ez baita gertatu manu horrek aurreikusten duen egitatezko suposamendua.
Errakuntza prozedura zein egunetan hasi zen zehazteko garaian sortzen da: alegatzaileak hori uste badu ere, prozedura ez da hasten ertzainen txostenaren datarekin, Herritarren Segurtasunerako zuzendariaren hasiarazte-erabakiaren datarekin baizik, hau da, 1997ko azaroaren 17an.
1398/1993 E.D.ko 10.1 atalari jarraituz, administrazio bakoitzak erabakiko du zein administrazio-unitateri ematen dizkion eskuduntzak zigor-prozedurak hasiarazteko eta horiek izango dira administrazioaren organo eskudunak horretarako; aipatutako ataleko 2. idazatiak zehazten duenez, hasiarazteko eskumena duten organoak zigortzeko arauetan beren-beregi aurreikusitakoak dira.
Oraingoan, Herritarren Segurtasunerako zuzendariak du eskumena zigor-espediente hau hasiarazteko eta, hala badagokio, erabakitzeko, ondorengoak kontutan hartuz: Herritarren Seguritatea Babesteari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoak (aurrerantzean HSBLO) 2 eta 29. ataletan eta Gehigarrizko Xedapenean ezarritakoa; Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen Gehigarrizko Xedapenetako 17.a; eta Herrizaingo Sailaren egitura organikoa ezartzen duen maiatzaren 14ko 108/1996 Dekretuaren 15. atala.
Are gehiago, 1398/93 E.D.ko 11. atalak dioenez, zigor-prozedurak beti ofizioz hasiko dira, organo eskudunaren erabakiz, hau da, hasiarazte-erabakiak ematen dio hasiera prozedurari, erabaki hori inkoazioa egin duen organoak bere kabuz hartutakoa izan ala goiko agindu batek, eskabide arrazoitu batek edo salaketak eraginda hartutakoa izan.
Zazpigarrena.– Errugabetasun-presuntzioari dagokionez, hala Auzitegi Konstituzionalaren epaiek nola Auzitegi Gorenekoek behin eta berriro adierazi dute Administrazio Zuzenbide Zigortzailean ere aplikatzekoa dela funtsezko eskubide hau (...). Baina iuris tantum erako presuntzioa izanik, indargabetua izan daiteke, baldin eta kargua frogatzeko ekintza bat badago eta horrek errugabetasun-presuntzioa deuseztatzako adinako indarrik badu (EGE 91-03-26). Honi dagokionez, gogoratu behar da oinarrizko eskubide horrek erreakzio-izaera duela eta ez duela eskubidearen titularraren jokabide aktiboaren beharrik, eta bi premisa hauetan oinarritzen dela:
a) Frogatzeko ekintzak egitaterik egon den eta akusatuak horretan partaide izan den hartu behar du kontutan soilik, egitateak baino ezin baitaitezke frogagarri izan (AKE 44/87, AGE 82/88, AKE 161/90,...).
b) Eskubide hori egoteak hau besterik ez du esan nahi: kausan benetan kargukotzat izenda daitekeen frogarik badagoela egiaztatzea (AKE 217/89, AKE 82/92 eta AKE 104/92).
Kasu honetan, bat ere froga-ekintzarik gabe burutu zela espedientearen inkoazioa adierazten da alegazioetan, eta Ertzaintzaren agenteek egindako txostena besterik ez dela aurkeztu. Honi dagokionez, HSBLOaren 37. atala ekarriko dugu berriro gogora; horren arabera, agenteen txostenak, espediente honen abiaburu direnak, inkulpatuek ukatu eta gero berresten direnean, kargu-froga nahikoa dira errugabetasun-presuntzioa indargabetzeko; errugabetasun-presuntzioa, bestalde, uneoro errespetatu da.
Zortzigarrena.– Bestalde, beste erakunde, alderdi eta abarrek deitutako manifestazio eta kontzentrazioen kasuan ez dagoela jasota administrazioko organo zigortzaileak zigorrik ezarri zuenik eta horrek ustez dakarren bidegabekeriari dagokionez, beharrezkoa da aipatzea Euskal Herriko Auzitegi Gorenak 1997ko azaroaren 28ko epaian adierazitakoa alegazio hau bera dela-eta; jarraian emango dugu epai hori, planteamendu berari buruzkoa baita:
«Lehenengo eta behin, errekurtsogileak ez du ezer egin egoera horiek eta aztergai dugun egoera berdinak direla egiaztatzeko eta, beraz, ez dago tratu-berdintasunera jotzerik, frogatzen ez bada jarri nahi den tertium comparationis-ek benetan izen hori merezi duela.
Bigarrenez, alderaketan erabili nahi diren egoeren artetik zein diren guztiz berdinak eztabaidarako zehaztuko balitz ere, argudiatutako arrazoiak ez luke aurrera egingo, berdintasuna legezkotasunaren barruan dauden egoera berdinei aplikatu behar zaielako. Bestela, antolamendu juridikoaren aurka dauden egoerekin berdintzeko ahalegina litzateke, eta hori ez dago inola ere Espainiako Konstituzioaren 14. atalaren oinarrian, izan ere, legea ezartzen zaion horrek ezin du inola ere pentsatu konstituzioko oinarri hori urratu denik zergatik-eta legea ezartzen ez zaielako legea bera bete ez duten batzuei (AKE 21/92, otsailaren 14koa, eta AKA 27/1991).»
Bederatzigarrena.– Azkenik, testiguen froga egiteko eskabideari dagokionez, honakoa adierazi behar da: hasiarazte-erabakian interesatuari 15 egun balioduneko epea eman zitzaion, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasi beharrekoak, organo izapidegilearen aurrean bere defentsarako egoki iritzitako alegazio, agiri edo informazio guztiak aurkez zitzan, eta, hala bazegokion, froga proposa zezan, baliatu nahi zituen frogabideak zehaztuta; hori guztia, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuaren bidez (189. EHAA, 1993ko abuztuaren 9koa) onartutako Zigor Ahalbidearen Jardunerako Jardunbidearen Araubidearen 16. atalean xedatutakoari jarraituz. Baina interesatuak ez zuen ez alegaziorik aurkeztu, ez frogaldia zabaltzeko eskatu zegokion garaian; horregatik, eskaera hori ezetsi egin behar da orain, bidegabea baita. Nolanahi ere, interesatuari espedientean dauden agiri guztien kopia bidaliko zaizkio.
Beraz, Herritarren Segurtasunerako Zuzendaritzak emandako txostenari jarraituz, hau
ERABAKI DUT:
Lehena.– Herritarren Segurtasunerako zuzendariaren 1997ko otsailaren 2ko Erabakiaren aurka Alberto Elcoroiribe Uribarri jaunak jarritako errekurtso arrunta ezestea.
Bigarrena.– Proposatutako testiguaren froga egiteko eskabideari ezezkoa ematea, bidegabea baita.
Hirugarrena.– Interesatuari espedientean dauden agiri guztien kopia bidaltzea.
Laugarrena.– Interesatuari jakinaraztea.
Izpta: José Manuel Martiarena Lizarazu. SEGURTASUN SAILBURUORDEA.»
ERREKURTSOAK
Erabaki honek administrazio bidea amaitzen du, baina beronen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Salan, jakinarazpen hau jaso eta hurrengo egunetik hasita bi hilabeteko epean.
Aipatutako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu nahi izanez gero, Herri Administrazioen Lege Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio Jardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 110.3 atalean adierazten den jakinarazpena egin beharko da aldez aurretik.
Honen guztiaren berri ematen dizut Herri Administrazioen Lege Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio Jardunbideari buruzko Legeari jarraituz.
Vitoria-Gasteiz, 1998ko abenduaren 11.
Herrizaingo sailburua, JOSÉ MANUEL MARTIARENA LIZARAZU.
RSS