Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

12. zk., 1999ko urtarrilaren 19a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Jaurlaritzaren Lehendakaritza
228

1/1999 DEKRETUA, urtarrilaren 12koa, Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohien Estatutua arautzen duena.

Lehendakariak, Eusko Jaurlaritzako lehendakari gisa eta gure Erkidegoan Estatuaren ohiko ordezkari modura, Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkari nagusiaren kargua du.

Ordezkaritza honen garrantziak, eta dagokion izenak, lehendakariari bere agintea bukatzean bere karguaren lehentasuna eta duintasuna bermatzea aholkatzen du.

Ondorioz, eta legez lehendakari ohien estatutu pertsonala arautzen duen behin-betiko erregimena onartzen ez den bitartean, Jaurlaritzaren Kontseiluak 1999ko urtarrilaren 12an egindako bileran aztertu ondoren, hauxe,

XEDATU DUT:

1. atala.– Tratamendua eta ohoreak.

1.– Lehendakariak, bere kargua utzita gero, bizitza guztirako, «Lehendakari» tituluaren ohorezko erabilera egiteko eskubidea izango du, Jaun Txit Gorenaren tratamendua mantenduko du, eta Eusko Jaurlaritzako kideei dagokien tokiaren hurrengoa beteko du.

2.– Halaber, bere tituluari dagozkion lehentasun eta duintasunaren araberako ohoreak egingo zaizkio, gai horretan indarrean dauden arauen arabera eta, egoki denean, aurreko atalean ezarrita dagoen lehentasun-protokolarioa kontutan izanik.

2. atala.– Bere zerbitzuan izango duen pertsonala eta baliabide materialak.

1.– Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, bere agintea bukatuta gero, honako baliabide hauek izateko eskubidea du:

a) Laguntza Idazkaritza bat, bere proposamenez izendaturiko pertsona batekin.

b) Bulego bat, Euskal Autonomia Erkidegoak bere esku jarriko duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ibilgailuen parkeko kotxe bat, bere proposamenez izendaturiko gidariarekin.

2.– Eskura jartzen diren baliabideak, atal honetan aipatzen direnak, erabiliz sortzen diren gastuak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura izango dira. Laguntza Idazkaritzako pertsonala eta gidaria behin-behineko langileekin beteko dira, langileok lanpostuen zerrendetan sartuaz eta euren aurrekontu dotazioak ezarriaz.

3.– Kargua uzten dutenetik bi urte igarotakoan, Laguntza Idazkaritzako pertsonal izateko aukera bertan behera garatuko da kasu honetan: lehendakari ohiek, ordainsaria jasota, izaera publiko edo pribatuko jarduerak burutzea; baina, honako salbuespen hau kontutan izanda, Jaurlaritzako kideentzako ere bateragarriak izatea jarduerak.

3. atala.– Jarduera instituzionala.

Euskal Autonomia Erkidegoko Herri-Erakundeek hala eskatuta, egiten dituzten berariazko ordezkaritza zerbitzuak direla-eta, sortzen zaizkien gastu guztien ordainsaria jasotzeko eskubidea izango dute Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiek.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Dekretu hau argitaratu baino lehen agintea utzi zuten lehendakarientzako ere balio dute dekretu honetako xedapenek.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadineko egunean hartuko du indarra dekretu honek.

Vitoria-Gasteizen, 1999ko urtarrilaren 12an.

Lehendakaria,

JUAN JOSE IBARRETXE MARKUARTU.


Azterketa dokumentala