Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

226. zk., 1998ko azaroaren 26a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Justizia, Ekonomia, Lana eta Gizarte Segurantza
5355

305/1998 DEKRETUA, azaroaren 10ekoa. Dekretu honen bidez, Arabako eta Gipuzkoako Industri Ingeniarien Elkargo Ofizialak eratu dira, lehengo elkargotik bereiztuta.

Autonomia Estatutuko 10.22 atalak, elkargo profesionalei eta tituludun lanbideei dagozkienetan, erabateko eskuduntza ematen dio Euskal Autonomia Erkidegoari, nahiz Konstituzioko 36. eta 139. atalak ere bete behar diren.

Uztailaren 8ko 1547/1994 Errege Dekretuaren eta uztailaren 12ko 293/1994 Dekretuaren ondorioz, Estatuko Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmen bat onartu zuten, elkargo ofizialen eta profesionalen arloan Estatuko Administrazioarenak ziren zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatzeko, eta, horrenbestez, autonomia erkidegoaren lurraldean, ez beste inon, diharduten elkargoen arloan Estatuko Administrazioa betetzen ari zen eginkizun guztiak bere gain hartu zituen Euskal Autonomia Erkidegoak.

Hitzarmen horren H atalean ezarritakoaren arabera, eskualdaketa gauzatu baino lehen Estatuko Administrazioari Autonomia Erkidegoko elkargoak bereizteko edo sortzeko eskaera eginda izanez gero, Autonomia Erkidegoak erabakiko du eskaera behin betiko, Estatuko Administrazioak bere eskumeneko jardunak egin eta gero. Beraz, aldi baterako xedapen horren «a contrario sensu» interpretaziotik ondorioztatzen denez, Autonomia Erkidegoa eskudun da hitzarmena gauzatu eta gero hasitako bereizte-espedienteak bideratzeko eta erabakitzeko.

Eskuduntza hori garatzeko, azaroaren 21eko 18/1997 Legea promulgatu zen (tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzkoa da lege hori). Lege horren 29.3 atalean ezarrita dagoenez, elkargo profesional bat sortzeko -dela beste elkargo bat nahiz elkargo bat baino gehiago deseginda, dela eremu handiagoko beste elkargo batetik bereiztuta-, desegiteak nahiz bereizketak eragindako elkargo guztiek aldeko txostena egin behar dute lehenik; gero, kontseilu profesionalak derrigorrezko txostena egin behar du; eta, azkenik, Jaurlaritzak dekretu bat prestatu behar du, eta dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da.

1998ko apirilaren 3an egindako batzar berezian, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako Industri Ingeniarien Elkargo Ofizialak hiru elkargo ofizialetan (Arabakoa, Gipuzkoakoa eta Nafarroakoa) banantzea erabaki zuen, lurralde horietako ordezkaritzak bereiztuta. Ordezkaritza horiek erabakia berretsi zuten, eta Industri Ingeniarien Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak onartu egin zuen erabakia, 1998ko maiatzaren 7an egindako osoko bileran.

Horren guztiaren babesean, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako Industri Ingeniarien Elkargo Ofizialak Arabako Industri Ingeniarien Elkargo Ofiziala eta Gipuzkoako Industri Ingeniarien Elkargo Ofiziala eratzeko eskaera egin zion Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari, elkargo horiek lehengo elkargotik bereiztuta daudenez.

Horiek horrela, elkargo horrek egindako eskabidea arrazoizkoa iruditzen zaigu. Beraz, indarrean dauden legeetan aurreikusitako izapideak eginik, eta Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak eta Industria, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 1998ko azaroaren 10ean gaia eztabaidatu eta onartu duelarik, honako hau

XEDATU DUT:

Ingeniarien Elkargo Ofizialak eratu dira, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako Industri Ingeniarien Elkargo Ofizialetik bereiztuta.

2. atala.– Arabako Industri Ingeniarien Elkargo Ofizialak Arabako Lurralde Historikoan jardungo du, eta bere egoitza Gasteizen egongo da.

3. atala.– Gipuzkoako Industri Ingeniarien Elkargo Ofizialak Gipuzkoako Lurralde Historikoan jardungo du, eta bere egoitza Donostia-San Sebatiánen egongo da.

ALDI BATERAKO LEHENENGO XEDAPENA

Dekretu hau indarrean jartzen denetik hasi eta sei hilabetetan, Arabako eta Gipuzkoako Industri Ingeniarien Elkargo Ofizialek beren gobernu-batzordeak hautatzeko deialdia egingo dute.

ALDI BATERAKO BIGARREN XEDAPENA

Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako Industri Ingeniarien Elkargo Ofizialak gaur egun Araban eta Gipuzkoan dituen ordezkaritzak beren elkargoen gobernu-batzordeen hauteskundeetara dei egiteaz eta hauteskundeak antolatzeaz arduratuko dira. Hain zuzen ere, hauteskundeak Industri Ingeniarien Elkargo Ofizialen Estatutuetan eta elkargoen araudi organikoetan ezarritako arauak betez egingo dira, arau horiek azaroaren 21eko 18/1997 Legearen kontrakoak ez badira, behintzat (tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzkoa da lege hori).

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 1998ko azaroaren 10ean.

Lehendakaria,

JOSÉ ANTONIO ARDANZA GARRO.

Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte

Segurantza sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.

Industri, Nekazaritza eta Arrantza sailburua,

JAVIER RETEGUI AYASTUI.


Azterketa dokumentala