Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

226. zk., 1998ko azaroaren 26a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Industria, Nekazaritza eta Arrantza
5354

304/1998 DEKRETUA, azaroaren 10ekoa, Itsasoko Jolas-arrantzari buruzko Arautegia onartzen duena.

Azken hamarkadan, itsasoko jolas-arrantzak gorakada nabarmena egin du Euskal Autonomia Erkidegoko kostaldean. Garapen horren ildotik, Eusko Legebiltzarrak Itsas Arrantzari buruzko martxoaren 13ko 6/1998 Legea onartu du arestian. Lege horren bitartez, jolas-jardunerako lege-markoa ezarri da, eta jardun horren helburu eta gidalerroak finkatu dira; hala, itsasoko jolas-arrantzan aritzeko behar den kohesio materiala eta lege-marko egokia eratu dira.

Itsasoko Jolas-arrantzari buruzko Arautegiak legearen printzipioak garatzen ditu, eta hiru atalburutan banatzen da. I. atalburuak arau orokorrak jartzen ditu, eta jolas-arrantzaren kontzeptua definitzen du (entretenimendu, kirol edo zaletasun hutsagatik eta irabazasmorik gabe egiten dena). Definizio hori legean dago jasota, eta arrantza profesionalari kontrajartzen zaio, zeren arrantza profesionalaren helburua, leku fisiko berean egin daitekeen arren, baliabideak lortu eta etekin ekonomikoa ateratzea baita. Jolas- edo kirol-izaera huts horren haritik, arrantza jarduna bera, baimendutako aparailuak eta arrantzan egiteko modua arautu beharra sortu da, eta hala egin da II. atalburuan. Hortaz, deliberatu da ezen baimendutako aparailuek jolas- edo kirol-izaeraren isla izan behar dutela, eta baztertu behar direla, oso espezializatuak izanik, arrantza profesionalean erabiltzen direnekin lehian egon daitezkeenak, hala nola mailasareak, tretza, otarreak eta gainerako sare finkoak eta trabes sareak.

Azkenik, III. atalburuak urratze eta zehapenei buruz dihardu, eta aipaturiko legearen 55. eta 58. ataletan jasotako lege-markoa ekartzen du, urratzeak eta jokamolde horiei dagozkien zehapenak zein diren zehatz-mehatz jakitea errazagoa izan dadin.

Ondorioz, Industri, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 1998ko azaroaren 10ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATU DUT:

I. ATALBURUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. atala.– Xedea.

Itsasoko jolas-arrantzako arauak jartzea da dekretu honen xedea. Jolas-arrantza da entretenimendu, kirol edo zaletasun hutsagatik egiten dena, inolako irabazasmorik gabe, eta ez da zilegi, beraz, arrantzatutakoarekin inolako salerosketa edo transakziorik egitea.

2. atala.– Aplikazio-eremua.

Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumeneko itsas uretan egiten den jolas-arrantzari aplikatu behar zaio dekretu hau.

3. atala.– Lizentziak.

1.– Itasoko jolas-arrantzan aritzeko, baimen egokia eduki behar da, hau da, arrantza-modalitatearen araberako baimena. Arrantza arloan eskuduna den zuzendaritzak luzatuko du baimena.

2.– Baimena pertsonala da, eta ezin zaio inori utzi. Bestetik, baimena baliozkoa izan dadin, Nortasun Agiri Nazionala eraman behar da, edo jabearen nortasuna frogatzen duen beste edozein agiri.

4. atala.– Lizentzia motak.

1.– Lizentziak bi motatakoak izan daitezke: urazaleko itsasoko jolas-arrantzako baimena eta urpeko itsasoko jolas-arrantzako baimena. a) Lehorretik edo Matrikula Erregistroko Zazpigarren Zerrendako ontzi batetik jolas-arrantzan egiteko ahalmena ematen du urazaleko itsasoko jolas-arrantzako baimenak. Zerrenda horretako ontzien erabilera bakarra irabazasmorik gabeko kirol-arrantza da, edo profesionala ez den arrantza.

b) Birika hutsekin igeri eginez eta urpean arrantzatzeko ahalmena ematen du urpeko itsasoko jolas-arrantzako baimenak.

2.– 1 a) lerroaldean adierazitakoa gorabehera, Matrikula Erregistroko Seigarren Zerrendako ontzi batetik arrantzatzeko ahalmena emango da, ontzia hirugarrenen batek erabil badeza kirol edo jolaserako.

5. atala.– Baimenen indarraldia.

1.– Urazaleko itsasoko jolas-arrantzako baimenen indarraldia bost urtekoa da, bai lehorretik, bai ontzi batetik jarduteko. Baimenok indarraldia amaitu baino lehen berritu behar dira.

2.– Urpeko itsasoko jolas-arrantzako baimenen indarraldia urtebetekoa izango da gehienez. Aseguruaren indarraldia urtebetekoa baino laburragoa bada, baimenena ere laburragoa izango da.

6. atala.– Beste Administrazio batzuek luzatutako baimenen balioa.

1.– Arrantza arloan eskudunak diren beste Autonomia Erkidego batzuek edo Administrazio Zentralak itsasoko jolas-arrantzarako luza ditzaten baimenek ere balioa izango dute Euskal Autonomia Erkidegoaren uretan itsasoko jolas-arrantzan jarduteko, baldin eta EAEko baimenek balioa badute beste Administrazio horien eskumeneko uretan. Bestela izanez gero, dekretu honetan xedatutakoaren arabera luzatutako baimena eduki behar izango da.

2.– Urpeko itsasoko jolas-arrantzako baimenen kasuan, edonola ere, Euskal Autonomia Erkidegoko uretan urpeko jolas-arrantzan egin ahal izateko, beharrezkoa da arrantza arloko zuzendaritza eskudunak baimena berrets dezan.

3.– Aurreko bi lerroaldeetan xedatutakoaren kaltetan jo gabe, arautegi honetan ezarritakoaren arabera jardun behar dute baimendutako pertsona guztiek.

7. atala.– Titularrek bete beharreko eskakizunak.

1.– Itsasoko jolas-arrantzako baimen baten titularra izan ahal izateko, gutxienez hamasei urte eduki behar dira. Adin horretatik beherakoek arrantzan egin ahal izango dute, baldin eta baimena duen pertsona batekin badaude.

2.– Ontzi batetik urazaleko jolas-arrantzan egin ahal izateko, beharrezkoa da, gainera, da ontzi hori Industri, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Ontzien Erregistroko Bigarren Liburuan inskribatzea. Liburu horretan, ontziaren izena, matrikula eta folioa, ontziaren ezaugarriak eta ontziaren titularra jaso behar dira, I. eranskinean xedatutakoaren arabera.

3.– Urpeko jolas-arrantzan egin ahal izateko, beharrekoa da 16 urte beteta edukitzea, eta kirol honetarako gaitasuna frogatzen duen kirol ziurtagiri medikoa eduki behar da. Horrez gain, istripuetarako eta erantzukizun zibileko asegurua eduki behar da, baimenaren titularrak baimenaren indarraldian zehar kalterik eraginez gero, kalte horiek estaltzeko.

II. ATALBURUA

ARRANTZAZ

8. atala.– Baimendutako tresnak.

1.– Jolas-arrantzarako baimendutako tresnak amu aparailu edo lerroak dira, eta, haien barruan, koraina, arrain edo beita artifizialak eta eskuaz edo bide mekanikoez eragindako arpoia sartzen dira.

2.– Aurreko lerroaldean ezarritakoa gorabehera, baimenduta dago salabardoak, erretelak (6 gehienez), eta esku-aparailu batzuk (hala nola aitzurra, eskuarea eta antzerakoak) erabiltzea krustazeoak edo moluskuak harrapatzeko, harrapatutakoa beita gisa edo beste arrantza nagusi baterako osagarri gisa erabiltzeko bada, eta dekretu honen II. eranskinean ezarri diren kopuru eta baldintzak errespetatzen badira.

9. atala.– Urazaleko itsasoko jolas-arrantza: lehorretik.

1.– Urazaleko itsasoko jolas-arrantzarako, lehorretik egiten bada, amu aparailu edo lerroak erabil daizteke; aparailuoi eusteko eskua edo kanabera (jaurtiketaren edo kortxoaren sistemaren bidez) erabil daiteke.

2.– Gehienez ere, 10 amu erabil daitezke baimen bakoitzeko. 10. atala.– Urazaleko itsasoko jolas-arrantza: ontzitik.

1.– Urazaleko itsasoko jolas-arrantzarako, ontzitik egiten bada, gehienez 10 amu erabil daitezke ontzi bakoitzeko. Koraina erabiltzen bada, gehienez lau lerro erabil daitezke baimen bakoitzeko.

Ezin da inola ere amu gehiago erabili, nahiz eta itsasoko jolas-arrantzako baimen baten titularrak bat baino gehiago izan.

2.– Amu aparailu edo lerroek ontziari loturik egon behar dute; bestela, eskuaz edo kanaberaz eutsi behar zaie.

3.– Horrez gain, ondoko modu hauetan bakarrik egin daiteke arrantzan: jaurtiketaren bidez, kortxoaz, kazan eta aingura botata edo ontzia geldi dagoela.

11. atala.– Itsasoko jolas-arrantza, urpekoa.

Urpeko jolas-arrantzan, birika hutsekin egin behar da igeri urpean.

12. atala.– Balizamendua.

Urpeko arrantzan, urpekari guztiek beren kokalekua markatu behar dute erraz ikusteko moduko baliza-buia gorri edo laranja-koloreko batez. 13. atala.– Gehienez harrapa daitezkeen kopuruak.

1.– Urazaleko itsasoko jolas-arrantzako baimen baten titularrak gehienez 5 kg harrapatu ahal izango ditu baimen eta egun bakoitzeko, edota, kopuru hori gaindituz gero, pieza bat baimen eta egun bakoitzeko. Pisu horretatik gorako harrapaketa onar liteke, baldin eta azken harrapakinari egoztekoa izan baledi. Urpeko itsasoko jolas-arrantzan, gehienez 7 kg harrapa daitezke.

2.– Ontzi batetik arrantzatuz gero, gehienez 5 kg harrapa daitezke baimen eta egun bakoitzeko; ontzian hiru edo gehiago badira baimen baten titularrak, gehienez 16 kg harrapa daitezke ontzi eta egun bakoitzeko.

3.– Aurrekoa gorabehera, pelagiko handien arrantzan —tunidoak, ezpatarrainak edo antzerako espezieak— eta legatzaren arrantzan, gehienez 25 kg harrapa daitezke baimen eta egun bakoitzeko. Ontzian bi edo gehiago badira baimen baten titularrak, gehienez 60 kg harrapa daitezke ontzi eta egun bakoitzeko.

4.– Ontziek ezin izango dute arrantzatu, garraiatu edo deskargatu aurreko bi lerroaldeetan adierazitako gehieneko harrapaketetatik gorako kopururik, nahiz eta egun bat baino gehiago eman jarraian nabigatzen.

14. atala.– Gutxieneko neurriak.

1.– Itsasoko jolas-arrantzan, nahitaez errespetatu behar dira Bizkaiko Golkoaren hego-sartaldeko arrantza-tokirako ezarri diren gutxieneko neurriak, eta neurri horietatik beherako arrain guztiak itsasora itzuli behar dira.

15. atala.– Distantziak.

1.– Urazaleko jolas-arrantzan —dela lehorretik, dela ontzi batetik—, gutxienez 100 metroko tartea utzi behar da beste edozein arrantza-tresna edo aparailu profesionaletatik, eta beste horrenbestekoa bainurako edo beste edozein ur-kiroletarako eremuetatik. Hala tresna profesionalek, nola bainurako edo ur-kiroletarako eremu horiek behar bezala seinalaturik eta mugaturik egon behar dute.

2.– Arrasterako aparailuez edo ingurasareez arrantzatzen den zonetatik 300 metroko tartea utzi behar da gutxienez, edo 500 metrokoa tunidoak kanaberaz (edozein modutan) arrantzatzen diren zonetatik.

3.– Bainurako edo beste edozein ur-kiroletarako zonetatik 250 metrora bitartean ezin da urpeko jolas-arrantzan egin (zona horiek behar bezala mugaturik egon behar dute). Legezko arrantza-lan profesionalak egiten diren zonetan jardunez gero, aurreko bi lerroaldeetan ezarritako gutxieneko distantziak errespetatu behar dira.

16. atala.– Arrantza-ontzi profesionalak eta jolas-arrantzakoak zona berean eta aldi berean.

1.– Arrantza-ontzi profesionalak eta jolas-arrantzakoak zona berean eta aldi berean suertatuz gero, arrantza-ontzi profesionalek lehentasun osoa izango dute, beti ere legezko arrantza-lanetan badabiltza.

2.– Arrantza profesionaleko aparailuak behar bezala seinalaturik dauden tokian, jolas-ontziek ezin dute jolas-arrantzan egin.

17. atala.– Arrantzatzeko orduak.

Eguzkia sortzen denetik sartu arte egin daiteke itsasoko urpeko jolas-arrantzan.

18. atala.– Kirol lehiaketak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumeneko uretan edozein kirol-lehiaketa egiteko, beharrezkoa da arrantza arloan eskuduna den zuzendaritzak baimena eman dezan. Pertsona edo erakunde antolatzaileak eskatu behar du baimena, lehiaketa egiteko aurreikusi den eguna baino hilabete lehenago gutxienez. Eskaera egitean, lehiaketaren zertzelada guztiak azalduko ditu: modalitatea, tokia, eguna, ordua eta aurreikusitako lehiakide-kopurua.

2.– Jolas-arrantzako lehiaketetan, legez baimenduta badaude, ez dira errespetatu behar lehen ezarritako gehieneko harrapaketak, ukituriko arrantza-baliabideak babesteko muga bat jartzea beharrezkotzat jo ezik. Hala eta guztiz ere, 13. atalean ezarritako gehieneko kopurutik gorako harrapaketak, behin kontabilizatuz gero, inguruko edo eskualdeko zentro sozialei edo ongintzakoei emango zaizkie.

3.– Kirol-lehiaketak behar bezala eta indarreko legeriaren arabera egiten ote diren egiaztatu ahal izango du Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuak.

19. atala.– Debekatutako aparailu, zona eta metodoak.

1.– Debekatutako aparailuak: debekatuta daude dekretu honetan baimentzen ez diren aparailu guztiak. Argigarri gisa, debekatuta daude ondoko aparailu hauek:

a) «Atxamarta, karpin edo txarpa» izenekoa, mailasareak, tretza, otarreak eta gainerako aparailu finko eta trabes aparailuak, baita bide elektrikoez edo nahastura lehergarri edo detonatzaileez eragindako tresnak ere.

b) Espezieei jarraitzeko tresna hidroirristakorrak edo ibilgailu bereziak erabiltzea, eta urpean igeri egiteko ekipo autonomoak edo erdiautonomoak erabiltzea.

2.1.– Ez da urazaleko jolas-arrantza baimenduko jarraian adieraziko diren zona hauetan:

a) Arrantza-lan profesionalak egiten direneko zonetan, ezarritako gutxieneko distantzia errespetatzen ez bada.

b) Portuetan, ontziak sartu edo irteteko maniobrak egiten diren bitartean; edota nabigazio-kanaletan, ontziak igarotzen diren bitartean. c) Behar bezala seinalaturik dauden eta bainua edo beste edozein ur-kirol egiten deneko zonetan.

d) Geben-lekuetan, erreserba biologikoetan, biotopoetan, babes bereziko aldeetan eta uharri-leku artifizialetan, arau erregulatzaileek hala ezartzen dutenean.

2.2.– Urpeko jolas-arrantza debekatuta dago a), c) eta d) idazatietan adierazitako aldeetan, portuetan, dartsenetan, ohiko ainguratokietan, nabigazio-kanaletan eta ontziak igaro ohi direneko zonetan.

3.– Debekatutako metodoak:

a) Harrapatu beharreko espezieak erakarri eta pilatzeko, jolas-arrantzan dihardutenek ezin dute argi edo apeurik erabili, beita edo mazia ez bada.

b) Propultsio-indarra lortzeko, nahastura detonatzaile edo lehergarriak erabiltzea.

c) Lehergaiak, gai toxikoak, pozoitsuak, geldiarazgarriak, loeragingarriak edo korrosiboak erabili edo edukitzea.

20. atala.– Lehorreratutakoaren aitorpena.

1.– Jolas-ontzien kapitain edo patroiek, edota, kasuan kasu, baimenen titularek, haien kasa edo aintzatetsitako jolas-elkarteen bidez, lehorreratutakoaren aitorpena aurkeztu edo igorri behar dute Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzura, baldin eta babes-neurri berezien menpeko espezierik harrapa badezate, eta, horretarako, eredu ofiziala erabiliko dute. Babes-neurri berezien menpeko espezieak III. eranskineko zerrendakoak dira.

2.– Arrantza arloan eskuduna den zuzendaritzak Itsas Arrantzako Idazkaritza Nagusira igorriko ditu, faxez edo posta elektronikoaren bidez, aitorpenean jasotako datuak.

III. ATALBURUA

URRATZEAK ETA ZEHAPENAK

21. atala.– Urratzeak.

Itsas Arrantzari buruzko martxoaren 13ko 6/1998 Legearen 49. atalean ezarritakoaren arabera, urratzeak arinak, astunak edo oso astunak izan daitezke.

1.– Lege horren 55.1. atalean xedatutakoaren arabera eta jolas-arrantzari dagokionez, ondoko hauek urratze arintzat hartuko dira:

Lizentziarik gabe edo debekatutako hondo eta aldeetan arrantzatzea, hoben edo urratze astuna ez denean; ezarritako ordutegia edo gutxieneko distantziak ez gordetzea; urpeko arrantzan buia-baliza ez erabiltzea; debekatutako apeu edo argiak erabiltzea; baimendutakoak baino kopuru handiagoak edo debekatutako espezieak harrapatu, eduki edo garraiatzea; harrapatutako espezieak saltzea edo beraiekin transakzioak egitea; eta administrazio-baimenik izan gabe kirol-lehiaketak egitea.

2.– 55.2. atalak ezartzen duenez, ondoko hauek urratze astuntzat hartuko dira:

Erreserba biologikoetan, biotopoetan, babes bereziko aldeetan edo uharri-leku artifizialetan aritzea jolas-arrantzan, horretarako baimenik izan gabe; baimenduta ez dauden arrantza-tresna, aparailu, lanabes edo ekipoak izatea edo erabiltzea ontzian; patroiak uko egitea gelditzeari, maniobratzeari edota arrantza-ikuskatzaileak ontzira sartzeko modua erraztera zuzendutako beste ekintza batzuk egiteari; patroiak uko egitea ontzia portura ekartzeari, jagotzako agintari edo agenteek hala agintzen dutenean arauz kontra arrantzatzeagatik; urpeko arrantzan jardutea bainurako aldeetan, beren beregi debekatutako aldeetan, edota ur-kirol edo kirol-lehiaketarik egiten den bitartean; edota urtebeteko epearen barruan urratze arin batean berrerortzea. 3.– 55.4. atalean xedatutakoaren arabera, ondoko hauek urratze oso astuntzat hartuko dira:

Arrantzan tresna elektrikoak erabiltzea, edo lehergaiak, gai toxikoak, pozoitsuak, geldiarazgarriak, loeragingarriak edo korrosiboak erabili edo edukitzea, eta bi urteko epearen barruan urratze astun batean berrerortzea. 22. atala.– Zehapenak.

1.– Martxoaren 13ko 6/1998 Legearen 58. atalean ezarritakoaren arabera, urratze arinak ohartarazpenarekin edo 25.000 PTAra bitarteko isunarekin zehatuko dira; urratze astunak 25.001 PTAtik 100.000 PTAra bitarteko isunarekin zehatuko dira; eta urratze oso astunak 100.001 PTAtik 1.000.000 PTAra bitarteko isunarekin zehatuko dira.

2.– Jolas-arrantzaren arloko urratze astunei, dagokien isunaz gain, ondoko zehapen hauek ezar dakizkieke: tresna, aparailu edo lanabesak bahitzea, eta lortutako produktu edo ondasunak dekomisatzea.

3.– Jolas-arrantzaren arloko urratze oso astunei, dagokien isunaz gain, Itsas Arrantzari buruzko Legearen 56.1. atalaren c), d) eta g) idazatietan jasotako zehapen berezietariko bat edo gehiago ezar dakieke. Hona hemen zehapenok: tresna, aparailu edo lanabesak bahitzea; produktu edo ondasunak dekomisatzea; lizentzia aldi baterako edo behin betiko kentzea.

4.– Harrapatutako espezieak saldu edo haiekin transakziorik eginez gero, harrapatutakoaren balioa besteko gehikuntza izango du zehapenak. Horri dagokionez, lizentzia bakoitzeko, 80.000 pezetatik gora egiten duten espezieak harrapatzea parekatuko da salmenta edo transakzioarekin, baimendutako harrapaketa-muga gainditzen denean.

5.– Zehapenak graduatu eta bakoizteko, kontutan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legearen 14. atalean (3. lerroaldetik 9.era) eta 15. atalean xedatutakoa.

ALDI BATERAKO XEDAPENA

Urazaleko itsasoko jolas-arrantzan egiteko gaur egun indarrean dauden lizentziak berritu egin behar dira, dekretu hau argitaratu eta 6 hilabeteko epearen barruan.

INDARGABETZE XEDAPENAK

Lehenengoa.– Indagabeturik geratzen da apirilaren 2ko 96/1985 Dekretua, zeinaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoaren itsas mugartearen barruan kirol-arrantza egiteko Araudia onartzen baita.

Bigarrena.– Indargabeturik geratzen dira maiatzaren 6ko 102/1997 Dekretuaren lehenengo, laugarren eta bosgarren atalak, dekretu honetan xedatutakoaren aurka dauden heinean.

Hirugarrena.– Era berean, indargabeturik geratzen dira maiatzaren 6ko 102/1997 Dekretuaren II. eranskineko I. taulako «a) Moluskuak» izeneko atalaren lehenengo, bigarren, laugarren zazpigarren eta zortzigarren idazatiak, baita dekretu horren II. eranskinaren azken lerroaldea ere. Indargabeturik gertazen dira, halaber, itsasoko jolas-arrantzaz diharduten eta dekretu honen aurka dauden gainerako xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Eskuespena.

Eskuespena ematen zaio Industri, Nekazaritza eta Arrantza sailburuari dekretu hau garatu eta aplikatzeko.

Bigarrena.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 1998ko azaroaren 10ean.

Lehendakaria,

JOSÉ ANTONIO ARDANZA GARRO.

Industri, Nekazaritza eta Arrantza sailburua,

JAVIER RETEGUI AYASTUY.

I. ERANSKINA

JOLAS-ONTZIEN ERREGISTROKO INSKRIPZIOA

Izena .....................................

Matrikula eta folioa.......................

Ontziaren ezaugarriak:

Luzera ................................. metro

Motor mota Bastidore zk.

Nabigagarritasunaren ziurtagiria Bai Ez.

Ontzia erabiltzeko eskatzen den titulazioa

Baimendutako pertsona kopurua

Ontziaren titularra

Izena

Deiturak

Helbidea

P.K. eta herria Lurralde edo probintzia

Ontziak nabigazio lizentzia dauka?

Ontzia erabiltzeko baimendu den epea

Data eta ontziaren titularraren sinadura.

Oharra: aipaturiko datuak Ontzien Erregistroko Bigarren Liburuan inskribatzeak ez du datuon fede ematen, jabetza-tituluaren, merkataritzako erregistroko ziurtagiriaren eta nabigazio-lizentziaren kopia kautotua aurkeztu ezik.

II. ERANSKINA

JOLAS-ARRANTZALEEK BIL DITZAKETEN

ITSASKI ESPEZIEAK.

Jolas-arrantzarako baimen baten titularrek, gehienez ere eta egun bakoitzeko, 500 gr bil ditzakete jarraian adieraziko diren espezieetarik (espezie batetik edo batzuetatik, baina 500 gr-ko kopurua gainditu gabe). Olagarroaren kasuan, baina, 750 gr bil daitezke. Edonola ere, beste arrantza nagusi baterako beita edo osagarri izateko bil daitezke espezieok, eta gebenaldiak eta gutxieneko neurriak errespetatu behar dira.

IZENA GEBENALDIA GUTXIENEKO NEURRIAK

Moluskuak

Muskuilua (Mytilus edulis) urtarrilak 1 - uztailak 1 50 mm

Datila maiatzak 1 - urriak 1 80 mm

(Solen sp. eta Ensis sp.)

Ostratzarra (Crassostrea sp.) maiatzak 1 - urriak 1 60 mm

Ostra (Ostrea edulis) maiatzak 1 - urriak 1 60 mm Karrakela arrunta ez dago gebenaldirik 15 mm

(Littorina litorea)

Lapa (Patella sp.) ez dago gebenaldirik 20 mm

Txokoa (Sepia officinalis) ez dago gebenaldirik 80 mm

Sepia elegans eta Sepia ez dago gebenaldirik 40 mm

orbignyana txokoak

(Sepia elegans eta Sepia orbignyana)

Olagarro arrunta ez dago gebenaldirik 750 gr

(Octopus vulgaris)

Olagarro zuria ez dago gebenaldirik 750 gr

(Eledone cirrosa)

Halaber, egun bakoitzeko eta baimen bakoitzeko 40 zizare (poliketoak), 40 karramarro beltz (Pachygrapsus marmoratus), 200 gr izkira (Palaemon sp. eta Crangon crangon) bil daitezke, eta, gehienez, 5 kilogramo txibia espezieetarik (Loligo sp.)

Esperimentu gisa, eta itsaskien populazioak zaindu eta babesteko, baimena ematen da txirla lingirdatsua (Venerupis pullastra), txirla handia (Tapes decussatus) eta txirla txikia (Chamelea gallina) izeneko espezieetarik guztira 50 ale biltzeko eguneko, dekretu hau argitaratzen denetik 1998ko abenduaren 31ra bitartean. Epe hori urtean-urtean luzatuko da, baliabideei buruzko azterlan eta ikerketek baliabide horiek nabarmen gutxitu direla frogatu ezik. Edonola ere, gebenaldiei, gutxieneko neurriei eta baimendutako zonei buruzko arauak errespetatu behar dira.

III. ERANSKINA

ITSASOKO JOLAS-ARRANTZAN

LEHORRERATUTAKOAREN AITORPENA

BABES-NEURRIEN MENPEKO ESPEZIEAK

BABES-NEURRIEN MENPEKO

ESPEZIEAK

Atun hegalaburra (Thunnus thynnus); atun hegaluzea (Thunnus alalunga); atun moja (Thunnus obesus); ezpatarraina (Xiphias gladius); Makaira espezieak; Tetrapturus espezieak; belarrain atlantikoa (Istiophorus albicans), eta legatza (Merluccius merluccius).

HARRAPATUTAKO ESPEZIEAK

Izena .......................... Ale kp............................... Pisu osoa (kg).......

AITORTZAILEAREN DATUAK

Izen-deiturak .......................................

NAN .................................................

Lizentzia zk..............Emailea:

Kirol-elkartea ......................................

Lehiaketa baimendu duen erabakiaren data

ONTZIAREN IDENTIFIKAZIOA

Titularra

Izena eta matrikula ........................... Erregistroko liburuko inskripzio zk....

ARRANTZA EREMUA (adierazi buruz baten bidez)

Bizkaiko Golkoa ............ Atlantikoa ............... Mediterraneoa ..................

Data eta aitortzailearen sinadura.


Azterketa dokumentala