
216. zk., 1998ko azaroaren 12a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Ogasuna eta Herri Administrazioa
5073
AGINDUA, 1998ko urriaren 23koa, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, hainbat ondasun homologagarritzat jotzen dituena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren kontratazioaren eskema organiko berria 136/1996 Dekretuaz tajutu zen. Eskema horrek funtsezko aldaketak egin ditu erosketa zentralizatuko ondasunen kontratazioa arautzen zuen aurreko ereduan. Homologatutako ondasun eta zerbitzuen kontratazioa dekretu horretako IV. atalburuan arautzen da; bertan ezartzen denaren arabera, eragindako sail eta erakunde autonomoek aldez aurretik txostena aurkeztu ondoren, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren aginduz finkatuko da homologa daitezkeen ondasun eta zerbitzuen zerrenda, eta horri dagokion estandarizazio-erabakia hartuko da. Agindu horretan emango da aditzera, baita ere, zein lurralde eta eremu organikotan izango duen eragina.
Dokumentuak erreproduzitzeko ekipoak (fotokopiagailuak) estandarizatzea erabakitzen da agindu honetan, tresna arruntak baitira eta Administrazio osoan erabilitakoak. Horrela uniformetasuna eta prezio hobeak lor daitezke.
Eremuari dagokionez, bidezkotzat jotzen da homologazioaren eraginak Administrazio Orokor osora eta erakunde autonomoetara hedatzea, hezkuntza, sanitatea, polizia eta Justizi Administrazioa alde batera utzita.
Horregatik guztiagatik, 136/1996 Dekretuko 11.3 atalean ezartzen den aldez aurretiko audientzia-izapidea bete delarik, dekretu horretan emandako ahalmenez baliatuz honako hau
XEDATU DUT:
1. atala.– Ondasun homologagarriak.
Ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuan esaten denaren ondorioetarako, ondasun homologagarrizat jotzen dira dokumentuak erreproduzitzeko ekipoak (fotokopiagailuak), baldintza hauek betetzen dituztenei dagokienez: kopiatzeko abiada minutuko ehun eta hogei kopiatik gorakoa ez izatea zuri-beltzezko makinetan, ezta hogei kopiatik gorakoa koloretako makinetan.
Ondasun horien estandarizazioa onartzen da, Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritzak prestatutako oinarri teknikoen pleguen arabera.
2. atala.– Eremua.
Ondasun homologagarria izateko deklarazioa eta aurreko atalean aipatutako estandarizazio-erabakia Administrazio osora eta horren erakunde autonomoetara hedatuko da, hezkuntza, sanitatea, polizia, Justizi Administrazioa eta Osakidetza alde batera utzita.
3. atala.– Eskumenak eskuordetzea.
Administrazio eta Zerbitzu sailburuordeari eskuordetzen zaio dokumentuak erreproduzitzeko ekipoak (fotokopiagailuak) homologatzeko lehiaketa izapidatu eta erabakitzeko eskumena, agindu honetako 1. atalean jasotakoa, baita homologazioa indarrean dagoen bitartean beharrezkoak diren erabakiak hartzeko eskumena ere. Administrazio espedientea Kontratazio Batzorde Nagusiak izapidatuko du.
Ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuaren 13. atalean xedatutakoari lotuko zaio homologatutako ondasunen kontratazioa.
AZKEN XEDAPENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hartuko du indarra agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 1998ko urriaren 23a.
Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
RSS