
207. zk., 1998ko urriaren 30a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Justizia, Ekonomia, Lana eta Gizarte Segurantza
4877
AGINDUA, 1998ko irailaren 23koa, Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, Euskadiko Podologoen Elkargoaren estatutuak onartzeko dena.
Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaz Euskal Herriko Autonomia Estatutua onartu zen. Estatu horren 10.22 atalean, ezartzen denez, Profesionalen Elkargoen eta Titulatutako Lanbideen alorreko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoari baino ez dagokio, Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. ataletan agindutakoa hautsi gabe, betiere.
Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legea aipatu eskumenaren indarrez eman zen. Lege horren 33. atalean ezartzen denez, elkargoen estatutuak eta horien aldaketak Eusko Jaurlaritzako Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari jakinaraziko zaizkio. Sail horrek, estatutuok legearen barruan daudela egiaztatu ondoren, behin betiko onartuko ditu agindu baten bitartez. Agindua, estatutuekin batera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta Tituludun Lanbideen Erregistroan inskribatuko.
Euskadiko Podologoen Elkargoa Eusko Legebiltzarraren azaroaren 21eko 19/1997 Legearen bidez (1997ko abenduaren 11ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 237 zk.) sortu zen. Lege horren hirugarren aldibaterako xedapenak elkargoaren behin betiko estatutuak landu eta onartzeko egitekoa ezarri zion Elkargoa Eratzeko Batzarrari. Estatutuok Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko organo eskumendunari bidali beharko zaizkio, legezkoak diren egiazta dezan eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindu dezan.
Euskadiko Podologoen Elkargoaren estatutuak legearen araberakoak direla egiaztatuta, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legeak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, hau
ERABAKI DUT:
1. atala.– Onarpena.
Euskadiko Podologoen Elkargoaren estatutuak onartzea.
2. atala.– Argitalpena.
Euskadiko Podologoen Elkargoaren estatutuak agindu honen eranskin gisa argitaratzea.
3. atala.– Inskripzioa.
Euskadiko Podologoen Elkargoaren estatutuak Tituludun Lanbideen Erregistroan inskriba daitezela agintzea, elkargoa formalki osatzen den unean.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Eraginkortasuna.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetan jarriko da indarrean.
Agindu honek amaitu egiten du administrazio bidea. Horren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Salari, argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabete biko epean.
Errekurtsoa aurkezteko, ezinbestekoa izango da organo honi errekurtsoa aurkeztu behar zaiola jakinaraztea aurretik, Herri Administrazioaren Lege Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio Jardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 110. atalean agindutakoari jarraituz.
Vitoria-Gasteiz, 1998ko irailaren 23a.
Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,
SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.
JUSTIZI, EKONOMI, LAN ETA GIZARTE
SEGURANTZA SAILBURUAREN 1998KO
IRAILAREN 23KO AGINDUAREN ERANSKINA
EUSKADIKO PODOLOGOEN ELKARGOAREN ESTATUTUAK
1. IDAZPURUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. atala.– Izena eta izaera.
Euskadiko Podologoen Elkargoa zuzenbide publikoko korporazio bat da, nortasun juridiko propioa duena eta bere hellburuak eta egitekoak betetzeko erabateko gaitasuna duena.
2. atala.– Funtsezko printzipioak.
Barne egiturako eta funtzionamendurako oinarrizko printzipioak hauek dira: kide guztiak berdinak dira, gobernu-organoak demokraziaz hautatzen dira, erabakiak gehiengoz hartzen dira eta jarduera librea da, legeak betez, betiere.
3. atala.– Lurralde eremua.
Elkargoaren lurrale-eremua Euskal Autonomia Erkidegoa da.
4. atala.– Helbidea, egoitza eta ordezkaritzak.
Elkargoaren egoitza Eibarren (Gipuzkoa) dago eta helbidea Bideberrieta kalea, 32 zk., 1. da.
Hiru lurralde historikoetan jarriko dira ordezkaritzak; horiek dagokien eremuan izango dute elkargoaren ordezkaritza.
5. atala.– Araubidea.
Elkargoa estatu hauen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean den legediaz eta Estatuaren oinarrizko legediaz arautuko da.
6. atala.– Elkargoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Jaurlaritzaren arteko harremana.
Elkargoa, korporazio eta instituzioen alorreko gaien inguruan, organo baten bidez jarriko da harremanetan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoarekin.
Bere lanbideko edukiei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoan osasun, kontsumo eta gizarte ongizatearen alorrean eskumenak izendatuta dituen sailekin jarriko da harremanetan.
7. atala.– Elkargoaren harremanak beste erakunde profesional eta publiko batzuekin.
7.1.– Euskadiko Podologoen Elkargoa Estatuaren legedia orokorrak dioenaren arabera jarriko da harremanetan Estatuan Lanbideko Kontseilu Nagusiarekin, sortzen bada.
7.2.– Aurreko atalak agintzen duena gorabehera, Euskadiko Podologoen Elkargoak Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpoko beste elkargo eta elkarteekin elkarrekikotasun eta lankidetza hitzarmenak izenpetu ahalko ditu. 7.3.– Euskadiko Podologoen Elkargoak atzerriko eta nazioarteko profesionalen erakundeekin, indarrean den legediaren barruan, egokitzat jotzen dituen harremanak izan ahalko ditu.
7.4.– Osasun-laguntzarako aseguru-etxeen eta podologia-zerbitzuak emateko ekonomia-baldintzak ezartzeko erakunde ofizialen ordezkariekiko harremanetan Podologoen Elkargoak izango du ordezkaritza, dagokionean, Konpetentzia Babesteari buruzko 16/1989 Legearen 3. atalaren arabera.
8. atala.– Funtzioak hartzea.
Profesionalen Elkargoei buruzko 10/1990 Legearen 27. atalarekin bat etorriz, Euskadiko Podologoen Elkargoak Euskal Autonomia Erkidegorako kontseiluentzat Legeak zehazten dituen egitekoak hartzen ditu.
Lurralde Historiko bateko elkargoko kideen erdiak eta bat gehiagok elkargo burujabe bat osatzea eskatzen badute, hori egiterik izango dute, eskaria dagokion ordezkaritzaren bitartez eginda.
2. IDAZPURUA
ELKARGOAREN HELBURUAK ETA EGITEKOAK
9. atala.– Helburuak.
Euskadiko Podologoen Elkargoak helburu hauek ditu:
a) Lanbidearen jarduna antolatzea, legeek ezartzen duten esparruaren barruan, eta zaintzea.
b) Lanbidearen jardunerako baldintza orokorrak arautzen herri agintariekin lankidetzan aritzea.
c) Lanbidearen interes orokorrak ordezkatzea Euskal Autonomia Erkidegoan, edozein eremutako herri administrazioekiko harremanetan, bereziki. d) Elkargoko kideen lanbideko interesak defendatzea.
e) Elkargoko kideen eta gainerako lanbideen arteko lanbide-harremanak sustatzea.
f) Lanbideko jarduna herritarren behar eta interesetara egokitu dadila zaintzea.
10. atala.– Egitekoak.
Euskadiko Podologoen Elkargoari, bere lurralde-eremuaren barruan, egiteko hauek dagozkio:
a) Lanbideko etika eta herritarren eskubideekiko errespetua zaintzea eta lanbide eta elkargoaren inguruko gaietan diziplina-jurisdikzioa erabiltzea.
b) Administrazioko aholku-organoetan parte hartzea, hark eskatzen duenean, lanbidearen eskumeneko gaietan.
c) Administrazio publiko, instituzio, epaitegi eta lanbidearen interesak ukitzen dituzten auzietan alderdi izateko legitimitatea duten gainerako pertsona juridiko eta pribatuen aurrean lanbidearen ordezkotza eta defentsa egitea.
d) Podologoei eta beren lanbideko jardunari eragiten dioten lanbide-intrusismoko kasu guztiak eragoztea eta, beharrezkoa bada, epaitegietara jotea, lanbide hori erabiltzen denean edo erabili nahi denan.
e) Elkargoko kideentzat interesgarri diren lanbide, kultura, laguntza, prebentzio eta antzerako gaietako ekintza eta zerbitzu amankomunak antolatzea.
f) Etengabeko prestakuntzarako ekintzak prestatzea, hitzaldi, mintegi eta jardunaldien bitartez; aldizkariak, liburuxkak eta zirkularrak argitaratzea; eta, oro har, lanbidea teknika, zientzia eta humanistikaren alorrean hobetzen lagunduko duten baliabideak martxan jartzea.
g) Gobernuak behar den moduan jarduteko egokitzat jotzen diren barne-arauak idaztea; arauok inoiz ez dira estatutuetan agindutakoaren aurkakoak izango.
h) Lanbideko arrazoiak direla-eta elkargoko kideen artean gertatzen diren auzietan bitartekari aritzea arbitraia-prozeduren bitartez.
i) Zerbitzu-sarien baremoak ezartzea; gutxi gora-beherakoak izango dira.
j) Administrazio nahiz Judizio prozeduretan txostenak eta irizpenak egitea, lanbideko zerbitzu-sarien inguruko gaiak eztabaidatzeko.
k) Elkargoko kideek eskatuta, lanbideko zerbitzu-sari, ordainketa eta hartukizunen kobraketez arduratzea.
l) Lege orokorrak eta bereziak, estatutuak eta barne-araubideko araudiak eta elkargoko organoek, beren eskumeneko gaien gainean, hartzen dituzten arauak eta erabakiak betetzea eta elkargoko kideeei betearaztea.
m) Lanbideko arau deontologikoak biltzea eta prestatzea.
n) Lanbidearen jardunerako arau orokorrei buruz eta funtzio, eremu eta zerbitzu-sariei buruz —tarifa nahiz arantzelez finkatzen direnean— Euskal Autonomia Erkidegoko Jaurlaritzak prestatzen dituen arauen berri ematea. o) Lanbideko interesentzat onuragarriak diren eta elkargoaren helburuak lortzeko bideratzen diren gainerako egitekoak eta indarrean den legediarekin bat etorriz izendatzen zaizkionak.
p) Erakunde publiko eta pribatuei, hala eskatzen badute, lanbidean aritzeko gaitasuna egiaztatzea.
q) Publizitateari buruzko arauen ezarketa sustatzea; arauok Deontologia Kodean garatuko dira.
r) Elkargoko kideek aseguramendu-betebeharra betetzen dutela bermatzea.
3. IDAZPURUA
ELKARGOKO KIDE EGITEA
1. ATALBURUA
ELKARGOKO KIDEAK ETA MOTAK.
KIDE EGITEA, HORI UKATZEA ETA KIDE-IZAERA GALTZEA
Elkargora sartzeko eskubidea Podologiako unibertsitate-titulua duen edonork dauka, 649/1998 Errege Dekretuaren eta hori garatzeko arauen arabera; bai eta, arau honen bidez egindako lanbide-eskubideen aintzatespenaren indarrez, 727/1962 Dekretuaz araututako Podologo diploma dutenek ere.
Atzerritarrak Estatutu espainiarrean lanbidean aritzeko baldintzak betetzen dituztenean sartu ahalko dira elkargoan.
Europako Elkarteko edo Nazioarteko Hitzarmenetako arauak aplikatuz, eta urriaren 25eko 1665/1991 Errege Dekretuak (89/48/CEE zuzentarauaren araubidera pasatu ditu) agindutazkoaz bat etorriz, Euskadiko Podologoen Elkargora aurkezten diren tituluak, kasua bada, homologatzeko proposamenak Podologia Klinika bat duten Unibertsitate Eskoletara bidali beharko ditu elkargoak, profesional eskatzaileak osatu behar duen prestakuntzaren ikasketa teoriko eta praktikoak zaintzeko.
12. atala.– Elkargoko kide izatearen betebeharra.
Lanbidean legez aritzeko, ezinbestekoa izango da Elkargoko kide izatea eta legeetan eta estatutuetan eskatzen diren baldintzak beteta izatea.
13. atala.– Gaikuntzak.
Aurreko atalean agindutakoa gorabehera, Espainiako edozein podologoen elkargotan inskribatuta dauden profesionalek elkargo honen eremuan jardun ahal izango dute gaikuntza lortu ondoren.
14. atala.– Gaikuntzak emateko baldintzak.
Espainiako edozien podologoen elkargotako kide diren profesionalek, elkargo honen eremuan jardun nahi badute, dagozkien elkargoen bitartez, honako alderdi hauek adierazi beharko dituzte:
a) Izena, abizenak eta kide deneko lurralde-eremuko lanbide-helbidea.
b) Euskadiko Podologoen Elkargoaren lurralde-eremuan duten helbidea.
c) Euskadiko Podologoen Elkargoaren lurralde-eremuan egin nahi dituzten egintzak; horrela, antolamendu, bisatu, deontologia kontrol eta diziplina-aginpiderako eskumenei loturik geratuko dira, kasuan kasu ezar daitezkeen ekonomia baldintzekin.
d) Estatuko Podologoen Elkargoren batean kide dela, jardunean dabilen podologo legez, egiaztatzen duen agiria; lanbidean aritzeko, erabaki irmo batez gaitasungabetua ez dela izan egiaztatzen duen agiria; eta autonomia erkidego honetan noizean behin egiten duen jardunaren nahiz bigarren kontsultategiaren helbidea.
15. atala.– Gaitutako profesionalen eskubideak eta egitekoak.
1.– Gaikuntza jaso duten profesionalek Euskadiko Elkargoko podologoek bete beharreko deontologia eta diziplina arauak bete beharko dituzte.
2.– Gaikuntza jaso duten profesionalek politika-eskubideak baino ez dituzte erabiltzerik izango jatorrizko elkargoan.
16. atala.– Gaikuntza jaso duten profesionalentzako kargak.
Jatorrizko elkargoan kide egin eta gaitutako podologoei ez zaie sartze-kuotarik eskatuko. Elkargoko kargak, ordea, Elkargora jarduneko podologo gisa sartutako podologoek bezala, ordaindu egin beharko dituzte, gaikuntzaren eraginkortasun-aldiak irauten duen bitartean, Gobernu Batzordeak onartzen dituen arauekin bat etorriz.
17. atala.– Elkargoko kideak.
Euskadiko Podologoen Elkargoa osatzen duten kideak jardunekoak, ez-jardunekoak eta ohorezkoak izan daitezke.
17.1.– Eskatzen diren baldintza guztiak beteta dituztela, Elkargoan sartu diren eta lanbidetzat podologia duten pertsona naturalak dira jardunekoak.
17.2.– Elkargoan sartu diren eta egun podologo lanetan ez dabiltzen pertsona naturalak dira ez-jardunekoak.
17.3.– Ohorezko kideak hauek izango dira: lanbidearen alde egindako zerbitzu nahiz merituengatik, kideen biltzar nagusiaren iritziz eta Gobernu Batzordeak proposatuta, izendapen hori jasotzea merezi duten pertsona naturalak nahiz juridikoak.
18. atala.– Kide izateko eskabidea.
18.1.– Kide izateko baldintzak, lanbideko titulua izateaz gain, hauek izango dira:
a) Eskaera egin beharko zaio, idatziz, Gobernu Batzordeari. b) Titulua egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira. c) Gaitasungabetzen duen epai irmo baten eraginpean ez da egoterik izango.
18.2.– Gobernu Batzordeak hilabete biko epea izango du, eskabidea aurkezten denetik hasita, ebazpena emateko. Eskatzaileari idatziz jakinaraziko dio ebazpena. Erabakia aldekoa bada, interesatuak sartze-kuota ordaindu beharko du, adierazten zaion epearen barruan.
19. atala.– Kide izateko eskabidea ukatzea.
19.1.– Kide izateko eskabidea ukatu egingo da kasu hauetan: <P ALIGN="JUSTIFY">
a) Sartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako agiriak nahikoak ez direnean edo horiek legitimoak diren zalantzak daudenean, edo eskatzaileak kide izateko beharrezko diren datu eta agiriak faltsutu egin dituenean.
b) Eskatzailea lanbidean aritzeko gaitasuna kentzeko epai irmo baten eraginpean dagoenean.
c) Eskatzailea lanbidean aritzeko gaitasungabetze-zigor bat betetzen ari denean.
19.2.– Elkargoko kide izateko eskabidearen ukatze-erabaki hori interesatuari jakinarazi beharko zaio, behar bezala arrazoituta. Erabaki horren aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio Gobernu Batzordeari, hilabeteko epean. Behin betiko ukatze-erabakiaren aurka interesatuak administrazioarekiko auzitarako jurisdikziora jo ahalko du.
20. atala.– Elkargoko kidearen izaera galtzea. 20.1.– Elkargoko kidearen izaera kasu hauetan galduko da:
a) Heriotzean.
b) Legezko ezgaitasun kasuetan.
c) Diziplina-zigor batek banatzea agintzen duenean.
d) Norberak, borondatez, Elkargotik ateratzeko idatziz eskatzen duenean.
e) Derrigorrezko bajen kasuan, ekonomia betebeharrak, sartze-kuota eta elkargoko kide izateko ezarritako gainerako kuotak ez betetzeagatik.
20.2.– Ekonomia betebeharrak ez betetzeagatiko derrigorreko baja eraginkorra izateko, espediente sumario bat instruitu beharko da. Espediente horretan idatzizko errekerimendu bat egingo zaio eraginpean dagoenari, hiru hilabeteko epean zorrak kitatu ditzan. Epe hori iragan eta agindutakoa bete gabe utzi badu, baja emateko erabakia hartuko da, zeina modu adieraziz adieraziko zaion interesatuari.
20.3.– Elkargoko kidearen izaera galtzeak ez du jada sortutako betebeharretatik askatuko. Betebehar horiek interesatuei edo beren oinordekoei eskatu ahalko zaizkie.
2. ATALBURUA
KIDEEN ESKUBIDEAK ETA EGINKIZUNAK
21. atala.– Kideen eskubideak.
Kide guztiek estatutu hauetatik datozten zerbitzu, gaitasun eta pribilegioak izateko eskubidea izango dute, eta, gainera:
a) Ordezkaritza-postuetarako eta zuzendaritza karguetarako kideak hautatzeko eta hautatuak izatekoa.
b) Erakundearen jardunen eta bizitzaren berri eta lanbidean aritzeari buruzko gaien berri izatekoa.
c) Ordezkari izatekoa, hala agintzen zaien kasuetan.
d) Elkargoaren ekonomia eta administrazio kudeaketan parte hartzea, lege edo estatutuetako arauen arabera, eta lanbiderako interesgarriak diren gaien gainean iritzia libreki ematekoa.
e) Elkargoko kide gisa dituzten interesen defentsa egiteko beharrezkoak diren egintzak burutu eta baliabideak erabiltzekoa.
f) Interes legitimoen defentsa egiteko lanbide-jardunean Elkargoaren babesa izatekoa.
g) Elkargoak ordezkatuak izatekoa, Gobernu Batzordeak hala erabakitzen duenean, epaitegi, agintari, erakunde eta entitate publiko eta pribatuen aurrean, lanbideko jardunarekin erlazionatuta dauden egintzak, salbuespenak eta defentsak egin ahal izateko.
h) Elkargoaren biltzar nagusietan parte hartzekoa, hitzaz eta botuaz.
i) Edozein kideren lanbideko edo elkargoko jardueraren aurka, Gobernu Batzordeari kexak aurkeztekoa.
j) Estatutuetako 28.1) atalean ezartzen den prozedurari jarraituz, Gobernu Organoarko titularrak zentsura-botuaren bidez kargutik kentzekoa.
22. atala.– Elkargoko kideen eginkizunak.
Lanbidean legez aritzeko ezinbeteko baldintzak dira podologoentzat:
a) Estatutu hauetan, horiek garatzen dituzten arauetan eta Elkargoak har ditzan erabakietan jasotako manuak betetzea.
b) Elkargoak bere iraunpenerako onartutako kuotak eta eskubideak, ohikoak nahiz ohiz kanpokoak, ezarritako epeetan ordaintzea.
c) Elkargoarekin batera, kudeaketa organoei dagokienez, behar den diziplina zaintzea; eta, kideen artean, lanbideko armonia eginkizunak.
d) Kideren bati edo taldeari eragin diezaioketen egintzen berri ematea Elkargoari; egintza horiek duten garrantziaren arabera, korporazioak parte ahalko du ofizialki.
e) Elkargoari salatzea lanbideko jardunak horretarako ahalmena ematen dien titulurik gabe egiten dituztenak; titulua izanda ere, elkargoko kide ez direnak; eta elkargoko kide izanda ere, betebeharrekoak, kide izatean bere gain hartu zituztenak, bete gabe uzten dituztenak.
f) Elkargoko kideak bere helbidea jakinaraziko beharko dio Elkargoari, jakinarazpenak egiteko, elkargoko ondorio guztietarako. Helbidea aldatuz gero, ondorio horietarako, modu adieraziz jakinarazi beharko dio.
g) Publizitatea onartzen da, baina murrizketa hauekin:
– Publizitate oro lanbidearen duintasuna errespetatuz egin beharko da.
– Publizitateak egiazkoa izan beharko du eta frogatutako ezagupen, esperientzia eta ospearen araberakoa.
– Beste profesional batzuekin erkatzea debekatuta dago.
4. IDAZPURUA
GOBERNU ORGANOAK
1. ATALBURUA
BILTZAR NAGUSIA
23. atala.– Biltzar nagusia.
Biltzar nagusia da Elkargoko organo burujabea. Hori dela eta, hartzen dituen erabakiak elkargoko kide guztiek bete beharrekoak izango dira; hortaz, present ez daudenek, disidenteek eta abstenitzen direnek ere bete egin beharko dituzte.
Eskubide guztiak dituzten elkargoko kide guztiek parte hartu ahal izango dute biltzar nagusian.
24. atala.– Biltzar nagusi motak.
Biltzarrak ohikoak eta ezohikoak izan daitezke.
Ohiko biltzar nagusia urtean bitan egingo da: abenduan eta martxoan. Abenduko ohiko biltzar nagusiko gai-zerrendak jardueren planaren irakurtzea eta hurrengo urteko ekitaldiko aurrekontuen onartzea jasoko ditu.
Martxoko ohiko biltzarrean aurreko urteko aurrekontuaren likidazioa irakurri eta onartuko da eta memoria aurkeztuko.
Ezohiko biltzar nagusia Gobernu Batzordeak erabakitzen duenean egingo da. Elkargoko kideen %20k edo jarduneko kideen %10ek eskatuta hartuko da deialdia egiteko erabakia, gai-zerrenda zehatz batekin. Gai-zerrendan azaltzen diren gaiei buruzko erabakiak baino ez dira hartuko.
25. atala.– Deialdiak.
Biltzar nagusiaren bilerak idatziz eta banan banan jakinaraziko dira, 15 egun lehenago gutxienez; eguna, ordua, lekua eta gai-zerrenda adierazi beharko dira.
26. atala.– Biltzarraren bileren araudia.
1.– Biltzar nagusietako lehendekari Elkargoko lehendakaria izango da eta idazkari elkargoko idazkaria.
2.– Elkargoko kideak beste kide batek soilik ordezkatu ahal izango ditu. Horretarako, idazki bat emango zaio Gobernu Batzordeari, ordezkotza zein kideri eta zein biltzar nagusitarako —eguna jarri beharko da— ematen zaion argi eta garbi azalduz. Agiria behar den moduan izenpetuko dute kide biek eta bertan adierazten den biltzar nagusirako baino ez du balioko.
3.– Kide bakoitzak ordekotza bi eduki ahal izango ditu, gehienez.
4.– Biltzar nagusia balioz eratzeko, kideen erabateko gehiengoak, present daudela nahiz ordezkatuta, egon beharko du lehenengo deialdian. Bigarren deialdian, ordu erdi geroago egingo baita, baliozkoa izango da kideen kopurua, present daudela nahiz ordezkatuta, edozein dela ere.
5.– Gai zerrendan adierazitako gaiei buruzko erabakiak baino ez dira hartuko.
6.– Bozketak modu bikoak izan daitezke: izendunak edo isilpekoak. Lehendakariak ebazten duenean edo biltzarrera joandakoen %20k eskatzen duenean egingo dira isilpean.
7.– Biltzarrera joandakoen eta ordezkatutakoen botuen gehiengo soilaz hartuko dira erabakiak, estatutuetan gai jakin batzuetarako besterik adierazten ez bada.
27. atala.– Akten liburua.
Biltzar nagusietan aktak idatziko dira. Aktak lehendakariak eta idazkariak sinatuko dituzte eta liburu batean erregistratuko dira. Biltzarreko akta biltzarrak berak onartuko du eta betearazteko indarra izango du.
28. atala.– Biltzar nagusiaren eskumenak.
Biltzar nagusiaren egitekoak eta eskumenak dira:
a) Gobernu Batzordea hautatzea.
b) Gobernu Batzordeak aurkeztutako jardueren urteko memoria onartzea, kasua bada.
c) Ekitaldiko balantzea eta emaitzen kontua onartzea, kasua bada.
d) Aurrekontuak onartzea.
e) Gobernu Batzordearen kudeaketa ezagutzea.
f) Barne araubiderako Araudia onartzea.
g) Deontologia Araudia onartzea.
h) Estatutetako aldaketak onartzea.
i) Aldizkakoak ez diren kuotak eta derramak onartzea.
j) Gobernu Batzordeak bere eskumenpean uzten dizkion gaiak ebaztea.
k) Elkargoa bategiteko, zurgatzeko, banatzeko, haren izena aldatzeko eta elkargoa desegiteko proposamenak onartzea, beharrezkoa izango dela biltzarrea joandakoen «erdia eta bat gehiago» gehiengoa lortzea.
l) Gobernu Batzordearen edo bere kideen kudeketa zentsuratzea. Eraginkorra izateko, biltzarrera joandakoen «bi herenak» gehiengoa
beharko da.
m) Gobernu organoetako titularrak kargutik kentzea, biltzarreko bi herenen zentsura-botuaren bidez.
2. ATALBURUA
GOBERNU BATZORDEA
29. atala.– Osaera.
Gobernu Batzordea lehendakariak, lehendakariordeak, idazkariak, diruzainak eta bokal bik osatuko dute.
Gobernu Batzordearen barruan, hiru lurralde historikoetako bina egoiliarrek egon beharko dute derrigor.
Lurralde historiko bakoitzean batzorde iraunkor bat osatuko da, bost kidez osatuta; eta lurralde historiko bakoitzean bizi diren kideen bileran hautatua. Horien egitekoa elkargoaren gobernu batzordaren antolamendua sendotzea izango da. Batzorde horretako berezko kide Gobernu Batzordean dagokion lurralde historiko kide diren bi kide hautatu izango dira.
30. atala.– Gobernu Batzordearen egitekoak.
Gobernu Batzordeari elkargoa zuzentzea eta administratzea dagozkio eta biltzar nagusiak hartutako erabakiak gauzatzea. Gobernu Batzordearen eskumenak hauek dira:
a) Biltzar nagusiaren erabakiak, estatutuak eta elkargoari eragiten dion indarreko legedia betetzea eta betearaztea.
b) Elkargoko kide izateko eskabideak ebaztea.
c) Aldizkako kuoten zenbatekoa finkatzea.
d) Elkargoaren ondasunak administratzea, bai eta kideek ordaindu beharreko kuotak biltzea ere.
e) Elkargoaren interesak defenditzeko beharrezko diren neurriak hartzea.
f) Diziplina-zigorrak jartzea, dagokion espedientea izapidetu ondoren.
g) Elkargoaren egitekoak hobeto betetzeko beharrezko diren lan batzordeak eta taldeak sortzea edo birregituratzea eta desegitea, hori justifikatzen duten arrazoiak daudenean.
h) Elkargoko kideen egitekoak eta eskumenak betetzen diren zaintzea.
i) Ohiko eta ezohiko biltzarren egunak zehaztea.
j) Eta, adierazi ez arren, estatutu hauetatik sortzen diren gainerakoak.
31. atala.– Karguen iraupena.
Karguen iraupena lau urtekoa izango da; berriz ere aukeratu ahalko dira. Gobernu Batzordeko kideren batek kargua uzten badu, arrazoia edozein dela ere, batzordeak ordezko bat izendatuko du bitarteko legez, arauzko lehen hautaketa egiten den arte.
Gobernu Batzordeko kideen erdiak baino gehiagok uzten badute kargua, hauteskundeetarako deia egingo da hilabeteko epean.
32. atala.– Bilerak.
Gobernu Batzordea bi hilean behin bilduko da, normalean. Ezohiko bilerak behar diren guztietan egingo dira, lehendakariak edo biltzarreko kide batek eskatuta.
Zitazioak banan banan egingo dira eta zortzi egun lehenago bidaliko dira. Presa egonez gero, ahoz egin ahal izango da deia, idatzizko jakinarazpen batekin sendetsiko dela. Erabakiak bertaratzen diren kideen gehiengoaz hartuko dira. Berdinketarik gertatuz gero, lehendakariaren botuak ebatziko du.
Beharrezkoa da kide guztiak joatea. Arrazoirik eman barik jarraian hiru biltzarretara joateari huts egiten bazaio, edo jarraian izan gabe, urtebetean sei biletara joateari huts egiten bazaio, kargua utzi egin dela esan nahiko du. Huts egitea idatziz justifikatu beharko da zortzi eguneko epean, biltzarra egin denetik hasita.
Erabakiak hartzeko ezinbestekoa izango da biltzarra osatzen duten kideen «erdia eta bat gehiago» quorum-a izatea.
33. atala.– Gobernu Batzordeko lehendakariaren eskurantzak.
Lehendakariaren eskumenekoak dira:
a) Elkargoaren ordezkari izatea elkargoak herri agintariekin, erakundeekin, edozein motako korporaziorekin eta pertsona fisiko nahiz juridikoekin dituen harremanetan.
b) Elkargoaren zuzendaritza eta kasu urjenteetan bere eskumenekoak ez diren kasuak ebatzea. Holakoetan, hartutako erabakien berri eman beharko dio Gobernu Batzordeari, egiten den lehenengo bileran.
c) Idazkariak egiten dituen egiaztapenak ikus-onestea.
d) Atal honetako a) idazatiarekin zerikusirik duten agiriak baimentzea sinaduraz.
e) Judizio-gaietarako ahalduntzeak ematea, Gobernu Batzordeak horretarako baimena ematen dioenean.
f) Gobernu Batzordearen bileretarako eta ohiko nahiz ezohiko biltzar nagusietarako deia egitea.
g) Elkargoaren kontu korronteak irekitzea, bai banketxeetan zein aurrezki kutxetan, eta fondoak mugitzea, diruzainarekin batera.
h) Diruzainak proposatutakoaren arabera, fondoak mugitzeko baimena ematea. Ezein motako gordailuak eta findantzak eratzea eta deuseztatzea, diruzainarekin batera.
i) Gobernu Batzordeko kide guztien lana koordinatzea.
34. atala.– Lehendakariordearen eskurantzak.
Lehendakariordeak lehendakariak ematen dizkion egiteko guztiak beteko ditu eta lehendakaria ez dagoenean, gaixorik dagoenean edo kargua hutsik dagoenean lehendakariaren egitekoak beteko ditu.
35. atala.– Idazkariaren eskurantzak.
Idazkariaren eskumenak dira:
a) Elkargoko zerbitzuen funtzionamendua ahalik eta ordenatuena izateko behar diren liburuez arduratzea. Beharrezkoak izango dira Biltzar nagusien eta Gobernu Batzordearen akten liburuak eta agirien sarrera eta irteerarena.
b) Akten liburuak idaztea eta sinatzea, lehendakariaren oniritziaz, eta egiaztagiriak egitea.
c) Urteko memoria idaztea.
d) Elkargoko bulegoen funtzionamendua eta langileen jarduera zaintzea.
e) Elkargoko kideen espedienteen izapidetzea kontrolatzea eta elkargoko kideen zerrenda eguneratua izatea une oro.
f) Elkargoaren egintza guztietarako zitazio-ofizioak idaztea eta bidaltzea.
g) Gobernu Batzordeak hartutako erabakiak betetzea.
36. atala.– Diruzainaren ekurantzak.
Diruzainaren eskumenak dira:
a) Elkargoaren fondoak biltzea, zaintzea eta administratzea eta kontularitza-lanak egitea.
b) Gobernu Batzordeak agindutako ordainketak egitea eta elkargoaren fondoak mugitzeko agiriak sinatzea, lehendakariarekin batera.
c) Ekitaldiko emaitzen kontua eta balantzea egitea eta sarreren eta gastuen aurrekontua egitea, biltzar nagusiak onar ditzan.
d) Behar diren kontularitza-liburuez arduratzea eta horiek gainbegiratzea.
e) Egoeraren balantzea egitea, lehendakariak edo Gobernu Batzordeak eskatzen diotenean.
f) Elkargoaren finantza-egoeraren berri ematea Gobernu Batzordeari.
3. ATALBURUA
GOBERNU BATZORDEAREN HAUTESKUNDEAK
37. atala.– Hautesle eta hautagai izateko baldintzak.
Elkargoko betebeharrak beteta dituzten kide guztiek, jardunean ari edo ez, izango dute hautatuak izateko eskubidea, baldin eta gutxienez urtebete igaro bada kide egin zirenetik. Hauek, ordea, ez dute eskubide hori izango: zigor baten ondorioz, oro har, elkargoko jarduerak etenda dituztenek edo eskubide horiek murriztuta dituztenek.
Elkargoko eskubide guztiak dituzten kide guztiek dute botua emateko eskubidea.
38. atala.– Hautagai-zerrendak.
Aukeratu beharreko Gobernu Batzordeko kide guztiak dituzten hautagi-zerrenda oso guztiek parte hartu ahal izango dute hauteskundeetan.
Hautagai bakoitzak zein kargu hartuko duen adieraziz egin beharko dira hautagai-zerrendak.
Kideek ez dute leku eta hautagai-zerrenda batera baino gehiagora aurkezterik izango.
39. atala.– Hautatzeko prozedura.
a) Hauteskundeetarako deia Gobernu Batzordeak egingo du, eguna baino hogeita hamar egun lehenago gutxienez. Deialdiarekin batera, boturako eskubidea duten kideen behin betiko zerrenda argitaratuko du Elkargoko Idazkaritzako iragarkien oholean.
Kideeek hautesleen zerrenden aurka erreklamaziorik aurkeztu nahi izanez gero, bost eguneko epea izango dute, agerian jarri zirenetik hasita.
Erreklamazioak Gobernu Batzordeak ebatziko ditu, aurkezteko epea amaitu eta hurrengo hiru egunen barruan. Erabakia errekurtso egile guztiei jakinaraziko zaie, hurrengo hamar egunen barruan.
b) Hautagai-zerrendak Elkargoaren Idazkaritzan aurkeztu beharko dira, deialdia argitaratu eta hurrengo zortzi egun naturalen barruan. Zortzi egunok iragan ondoren, aurkeztutako hautagai-zerrendak argitaratuko ditu Gobernu Batzordeak, hurrengo hiru egun baliodunen barruan. Hauteskundeetara hautagai-zerrenda bat baino aurkezten ez bada, horixe hartuko da hautatutzat, besterik gabe.
c) Hauteskundeetako Mahaiaren deialdiaren orduan eta lokaletan egingo dira hauteskundeak. Mahaiak lehendakari bat, bokal bi eta idazkari bat izango ditu. Podologorik nagusiena izango da ehendakari eta gazteena idazkari. Hautagai-zerrenda bakoitzak kideen artean kontuhartzaile bat izendatu ahalko du, hauteskundeetako lanetan ordezka dezan.
d) Hauteskunde-mahaian hautestontziak egongo dira. Ontziok itxita egongo dira, botuak sartzeko zirrikitu bat baino ez dute edukiko.
Hauteskunde-mahaia eratuta, lehendakariak hasiera emango dio bozketari eta ixteko jarritako orduan aretoko ateak itxi egingo dira eta barruan dauden kideek baino ez dute bozkatzerik izango.
Ondoren, dagokion egiaztapena eginda, une horretan ziurtatuko postaz, ezarritako baldintzekin, iritsi diren botuak sartuko dira postontzian. Gobernu Batzordeak hautaketaren ordutegia zehaztuko du; zortzi ordukoa izango da gutxienez.
e) Kideek txartel batez soilik emango dute botua. Kidea identifikatuta, txartela lehendakariari emango zaio, eta horrek sartuko du postontzian, hauteslea prestent dela. Mahaiko idazkariak botua eman dutenak seinalatuko ditu kideen zerrendan.
Botua norberak eman ezean, ziurtatutako postaz eman ahalko da, txartela kartazal itxi batean lehendakariari igorriz. Kartazal hori beste kartazal batean sartuko da, NANaren fotokopiarekin batera. Bigarren kartazala ere itxita igorriko da, igorlea nor den argi eta garbi azalduta, sinaduraz. Ziurtatutako postaz emandako botuak Gobernu Batzordeko Idazkaritzara bidaliko dira, lehendakariarentzat. Hauteskundeak egin baino hiru egun lehenago bidali beharko dira; lehendakariak jasoko ditu bozketa amaitzeko jarritako ordua baino lehen.
f) Bozketa amaitu ostean, zenbaketari ekingo zaio. Txartel hauek baliogabetzat joko dira: bozketaren edukinaz besteko adierazpenak dituztenak; hauteslearen nahia behar bezala ikustea eragozten duten orbainak dituztenak; hautagai-zerrenda bat baino gehiago edo hautagai-zerrenda osagabeak izendatzen dutenak.
Zenbaketa amaiturik, lehendaritzak emaitza iragarriko du eta ondoren, boturik gehien lortu duen hautagai-zerrenda hautatutzat joko da.
g) Bozketaren garapenari eta zenbaketaren emaitzari buruzko akta bat egingo da, mahaiko kide guztiek izenpetzekoa. Aktaren kopia bat elkargoaren iragarkien taulan jarriko da.
h) Gobernu Batzorderako hautatuak izan direnek hauteskundearen egunetik hasi eta 15 eguneko epea izango dute karguaz jabetzeko.
i) Izendapenak Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion Sailari jakinaraziko zaizkio, 10 eguneko epean, egiten direnetik hasita.
5. IDAZPURUA
EKONOMIA ARAUBIDEA
40. atala.– Elkargoak ondare-ahalmen osoa du bere ondasunak kudeatu eta administratzeko, bere helburuak bete ahal izateko. Ekonomia-jarduera aurrekontuko prozedurari jarraituz egingo da.
41. atala.– Elkargoaren ekonomia-baliabideak.
41.1.– Elkargoaren fondoak baliabide arruntez eta apartekoez osaturik egongo dira.
41.2.– Baliabide arruntak hauek izango dira:
a) Elkargoaren ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideen errendimendua.
b) Txostenak, irizpenak, azterlanak eta beste zerbitzu batzuk ordainduta egiteko jartzen diren eskubideak.
c) Sartze-eskubideak eta ohiko eta ezohiko kuotak, derramak barne.
d) Egiaztagiri fede-emaileak ematea.
e) Lanbide-partaidetzagatiko eskubideak.
f) Posible den beste edozein, antzeko ezaugarriak dituena. 41.3.– Aparteko baliabideak hauek izango dira:
a) Jatorri publiko edo pribatua duten dirulaguntzak edo dohainak.
b) Oinordetza dela-eta edo beste edozien kausagatik Elkargoaren ondarean sartzen diren ondasunak.
c) Korporazio-kargak kentzeko kuota bereziak.
d) Legez posible den beste edozein, baliabide arrunta ez dena.
42. atala.– Aurrekontua eta likidazioa urtero egingo dira eta elkargoaren gastu eta diru-sarrera guztiak jasoko dituzte.
43. atala.– Gobernu Batzordeak urtero aurkeztuko dizkio biltzar nagusiari, onar ditzan:
a) Aurreko ekitaldiko aurrekontuaren likidazioa.
b) Hurrengo ekitaldirako aurrekontua.
44. atala.– Ondasunak likidatzea.
1.– Elkargoa bere helburuak bertean behera uztearen ondorioz baino ez da desegiterik izango, Biltzar nagusiak erabakia hartu ondoren eta estatutu hauetan ezartzen dren arauzko prozeduraren arabera.
2.– Elkargoa desegiteko proposamena egiteko, kideen ehuneko berrogeita hamarrak eskatu beharko beharko dio idatziz Gobernu Batzordeari. Eskaera jasota, Gobernu Batzordeak berehala egingo du kideen ezhoiko biltzarrerako deia. Deialdia eta gai-zerrenda 30 egun lehenago argitaratu beharko da lurralde historiko bakoitzean gehien saltzen diren hiru egunkaritan eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Kide guztiei jakinaraziko zaie zirkularren bitartez.
3.– Elkargoa deseginez gero, Gobernu Batzordeak batzorde likidatzaile gisa jardungo du. Biltzar nagusiari geratzen diren ondasunen norakoa proposatuko dio; ondasunok Podologiarekin zerikusirik duen eta gizarterako interesgarriak diren egitekoak betetzen dituen edozein erakunderi esleituko zaizkio. Erakunde horrek irabazte-xederik gabekoa izan beharko du.
3.– Oso hutsegite larriak dira:
a) Lanbideko egitekoak ez burutzea, lanbide-jarduera eskatu nahiz hitzartu dutenentzat benetean kaltegarria denean.
b) Lanbidean aritzean engainuzko delituak egitea, partaidetzaren gradua edozein dela ere.
c) Urte biko epean, gutxienez bi hutsegite larri egitea. 2. idazatiko e) letran adierazitako hutsegitea salbuetsi egiten da lerroalde honetatik.
47. atala.– Zigortzeko prezedura.
Edozein diziplina-zigor jartzeko, dagokion espedientea prestatu eta izapidetu beharko da lehenik.
47.1.– Eskumena: Diziplinako ahalmena hauek dute:
a) Lanbideko Kontseiluak, eraginpeko pertsona Gobernu Batzordeko kide denean.
b) Gobernu Batzordeak, kideen gainerako kasuetan, eta a) idazatian jasotako kasuan, Lanbideko Kontseilua sortu artean.
47.2.– Espedientearen formak: zigor-espedienteak bete beharreko arauak:
a) Gobernu Batzordearen erabaki batek emango dio hasiera prozedurari, bai bere ekimenez bai edozein kidek, pertsonak edo erakunde publiko nahiz pribatuk egindako salaketaren ondoriz.
Gobernu Batzordeak salaketa bat jasotzen duenean edo hutsegiteren bat egin dela dakienean, isilpeko informazioa izapidetzea ebatzi ahalko du, espedienteari hasiera ematea edota egintzak, ondoko beste errekurtsorik gabe, artxibatzea ebatzi aurretik.
Espedientea izapidetzeari buruzko egintza guztiak instruktoreak egingo ditu. Instruktorea Gobernu Batzordeak aukeratuko du kideen artean. Espedienteari hasiera eman zaiola eta instruktorea izendatu dela jakinaraziko zaio espedientea egin zaion kideari.
b) Instruktoreari dagozkio egintzak argitzeko egintzak eta probak burutzea eta zigor daitezkeen erantzunkizunak zehaztea. Burututako egintzak ikusita, kargu-plegu bat egingo da; bertan, egotzitako egintzak azalduko dira edo, bestela, espedientea bertan behera utzi eta artxibatzeko proposamena adieraziko da.
c) Karguen plegua interesatuari jakinaraziko zaio eta hamabost egun balioduneko epea emango zaio erantzuteko. Deskargutzeko izapidean, interesatuak erabiliko dituen probak aurkeztu, eta, beharrekoa bada, proposatu beharko ditu.
d) Karguen plegua erantzunda, edo hori egiteko epea igarota, eta dagokion proba eginda, instruktoreak erabaki-proposamena egingo du. Erabaki-proposamen hori interesatuari jakinaraziko zaio hamabost egun balioduneko epean bere defentsarako egokitzat jotzen duena alega dezan. Epe horretan, halaber, burututako egintzak jakinaraziko zaizkio.
e) Erabaki-proposamena, egintza guztiekin, Gobernu Batzordeari igorriko zaio, dagokion erabakia har dezan.
f) Erabaki zigortzaileek probatutako egintzen zerrenda, hutsegiteen zehaztapena eta kalifikazioa jasoko dituzte. Egintzen zerrendak espedientean egindako kargu-pleguaren araberakoa izan beharko du.
48. atala.– Zigorrak.
1.– Hutsegite oso larriek zigor hauek izan ditzakete:
a) Lanbideko gaitasungabetzea, urte bete eta egun bat eta hogei urte bitartean, azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 17. atalaren arabera.
b) 500.001 eta 5.000.000 PTA arteko isuna.
2.– Hutsegite larriek zigor hauek izan ditzakete:
a) Gehienez urtebeteko lanbide-gaitasungabetzea, azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 17. atalaren arabera.
b) 500.001 eta 500.000 PTA arteko isuna.
3.– Hutsegite arinek zigor hauek izan ditzakete.
a) Ohartarazpena.
b) Gehienez 50.000 PTAko isuna.
1.– Oso hutsegite larriek hiru urtera preskribituko dute, larriek urte bira eta arinek urtebetera.
2.– Preskripzioa eten egingo da diziplina-espedientea hasten bada (interesatuari jakinarazi egin beharko zaio). Epea berriz ere iragango da, baldin eta sei hilabetez baino gehiago geldirik egon bada, hausleari egotz ez dakiokeen arrazoi bategatik.
50. atala.– Baliogabetzea.
Hona epeak: urtebete arinentzat, urte bi larrientzat eta hiru urte oso larrientzat.
7. IDAZPURUA
LEGE ARAUBIDEA
51. atala.– Erabakiak jakinaraztea.
Elkargoaren biltzar nagusiaren eta Gobernu Batzordearen erabakiak, eta lehendakariaren eta Gobernu Batzordeko gainerako kideen erabakiak, edozein gairi buruzkoak —diziplinari buruzkoak ere bai—, kideei jakinarazi beharrekoak, elkargoari jakinarazitako lanbide-helbidean jakinaraz daitezke. Erabakiak Herri Administrazioen Lege Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio Jardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. ataleko 1., 2. eta 3. idazatietan jarritako moduan jakinarazterik ez bada, jakinarazpena egintzat joko da Elkargoaren iragarkien oholean hamabost egun agerian egon ondoren, betiere arau horren 61. atalean ezarritakoari eragin gabe.
52. atala.– Errekurtsoak.
1.– Lehendakariaren edo Gobernu Batzordeko gainerako kideen akordio nahiz erabakien aurka errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio batzorde horri, jakinarazten direnetik hasi eta hamabost eguneko epean; ofizioz birjartzen ez bada, biltzarrak egiten duen lehenengo bilkuran ebatziko da errekurtsoa, beste izapiderik egin beharrik gabe.
2.– Gobernu Batzordean eta biltzar nagusian hartutako erabakien aurka, eta horien aurka jarritako korporazio-errekurtsoak ebazten dituztenen aurka, errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Podologoen Elkargoen Kontseilu Nagusiari. Aurkezteko epea hilabetekoa izango da, argitaratzen denetik hasita edo kideei edo eraginpeko pertsonei jakinarazten zaienetik hasita. Kontseilu Nagusi hori sortu artean, Gobernu Batzordetik eta kideen biltzar nagusitik datozen egintzekin amaitu egingo da administrazio-bidea; horiek zuzenean errekurritu ahal izango dira administrazioarekiko auzitarako jurisdikzioan.
Errekurtso arrunta Gobernu Batzordeari aurkeztuko zaio. Gobernu Batzordeak errekurtsoa, aurrekariekin eta dagokion txostenarekin batera, Podologoen Elkargoen Kontseilu Nagusiari igorriko dio, aurkezten den egunetik hasi eta hamar eguneko epean, baldin eta erabakia hartu zuen organoak epe horretan birjartzen ez badu.
Egoera pertsonalei eragiten dieten erabakiak interesatuei jakinarazi beharrekoak izango dira.
Gobernu Batzordeak, arrazoiak emanda, errekurritutako egintzaren gauzatzea eten egin dezake, errekurtso egileak hala eskatzen badio. Podologoen Elkargoen Kontseilu Nagusiak, egoki irizten dion txostenak egin ondoren, erabaki adierazia eman beharko du errekurtsoa aurkeztu eta hurrengo hiru hilabeteren barruan. Erabaki horrek amaiera emango dio administrazio-bideari.
53. atala.– Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna.
1.– Elkargoko organoen egintza eta erabakiak erabat deusezak izango dira, Herri Administrazioen Lege Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio Jardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 62. atalean aurreikusitako kasuren bat gertatzen denean.
2.– Aipatu legeko 63. atalean jasotako kasuetan, deusezgarriak izango dira elkargoko organoen egintzak eta erabakiak.
3.– Gobernu Batzordeak erabat deusezak diren egintzak eten egin beharko ditu eta errekurtsoa aurkeztuko du horien gainean.
54. atala.– Elkargoko organoek, Administrazioak eskuordetutako eskumenak edo ahalmenak erabiliz, agintzen dituen administrazio-egintzen aurka aurkezten diren errekurtsoak ezagutzeko eskumena du Autonomia Administrazioak, aurreko idazatietan agindutakoa gorabehera.
55. atala.– Euskal Autonomia Erkidegoko Profesionalen Elkargoei buruzko Legeak ezartzen dituen erregistro-betebeharrak konplitu beharko ditu Podologoen Elkargoak.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Estatutuak aldatzea.
Elkargoko biltzar nagusiak estatutuak aldatzeko proposamena igorriko dio Eusko Jaurlaritzari, Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren bitartez. Aldaketa hori Gobernu Batzordeak berak eskatuko du, edo, bestela, kideen %20k baino gehiagok edo jardunean ari direnen %10ek baino gehiagok. Erabakia balioduna izateko, emandako botuen bi herenek gutxienez aldekoak izan beharko dute.
RSS