Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

187. zk., 1998ko urriaren 1a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitateak eta Ikerketa
4383

AGINDUA, 1998ko ekainaren 22koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa, eta Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuena Unibertsitateaz Kanpoko Hezkuntz Sistemako Ingurugiro Hezkuntzarako Egitaraua onartzen duena.

1996ko ekainaren 26ko Aginduak (irailaren 2ko EHAA), Ingurugiroarekiko Irakasbideen Hezkuntza eta Ikerketarako Ikastegien (IIHII) bidez ingurugiro hezkuntzaren programa arautzen duenak, Ingurugiro Hezkuntzarako Egitaraua onartzea begiz jotzen du.

Egitaraua gauzatzeaz eta idazteaz arduratu behar zuen bitariko batzordeak, 1997ko irailaren 2an, Egitarauaren zirriborroa igorri zien Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa, eta Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuei.

Bitariko batzordeak proposatutako Egitarauak erabat bermatzen du unibertsitateaz kanpoko ingurugiro hezkuntzarako estrategia bateratua eta eraginkorra.

Ondorioz, hauxe

XEDATU DUGU:

Atal bakarra.– Agindu honen Eraskina den Unibertsitateaz kanpoko Ingurugiro Hezkuntzarako Egitaraua onartzea.

Vitoria-Gasteiz, 1998ko ekainaren 22a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

IÑAXIO OLIVERI ALBISU.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburua,

FRANCISCO JOSÉ ORMAZABAL ZAMAKONA.

INGURUGIRO-HEZKUNTZAREN PROGRAMA UNIBERTSITATEAZ KANPOKO HEZKUNTZA-SISTEMAN

AURKIBIDEA

1.– Sarrera.

2.– Testuingurua: Ingurugiro-Hezkuntzaren Oinarriak.

3.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarekin eta Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailarekin sektore-politikak garatu eta koordinatzeko egitura.

4.– Ikerketa eta Esperimentazio Plana.

5.– Irakasleen etengabeko prestakuntza.

6.– Sentsibilizazioa eta kontzientziazioa.

7.– Irakasleei aintzatespena.

8.– Urteko garapen eta Planen egutegia.

9.– Programa garatzeko Sail bakoitzaren kostu eta ekarpenen balorazioa.

10.– Jarraipena eta Ebaluazioa.

11.– Arauen aldaketak, unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-sisteman Ingurugiro-Hezkuntzaren programaren garapena hobetzeko asmoz.

12.– Bi aldeko batzordea, unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-sisteman Ingurugiro-Hezkuntzaren Programaren jarraipena egiteko.

1.– Sarrera.

Ingurugiro-hezkuntza ingurugiroaren kudeaketa egokira heldu ahal izateko oinarri garrantzitsuenetako bat da.

Hau dela eta, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bat eginik ingurugiro-hezkuntzari buruzko politika garatzeko asmoa dute, honen bidez ingurugiroaren kudeaketan erantzukizunez parte hartzea ahalbidetuko duen hiritarren kontzientziazio eta gaitasun egokia lor dadin.

1996ko ekainaren 26ko Aginduak (irailaren 2ko EHAA), Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuak eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak izenpetuak, 1. atalean Hezkuntza-sisteman ingurugiro-hezkuntza garatzeko Jarduketa Bateraturako Plan-Markoaren ezarpena xedatzen du; eta 3. atalean, berriz, bi aldeko lan-batzorde batek Hezkuntza-sistemako Ingurugiro-hezkuntzaren Programaren zirriborroa egingo duela xedatzen du, gero programa hori ones dadin.

Halaber, aipaturiko Aginduaren 5. atalak Ingurugiro-hezkuntzaren Programaren ardatz nagusiak ondoko hauek izango direla ezartzen du:

1.– Urtebeteko denboralizazioa izango duen ikerketa eta esperimentazio planaren proposamena, zeinak ondoko alderdiak barne hartu beharko dituen:

a) Ingurugiro-hezkuntzako jarduerak diseinatu, egin eta sustatzeko estrategiak, eskolaz kanpoko ingurugiro-hezkuntzako zentroetan egonaldiak eta ingurugiroari buruzko curriculum-berriztapeneko proiektuak egitea.

b) Ingurugiro-hezkuntzaren arloko materialak argitaratu eta hedatzea.

c) Ingurugiroari buruzko gaiak barne hartzea unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-mailetako curriculumetan.

2.– Irakasleak ingurugiro-hezkuntzan prestatzeko planaren proposamena eta denboralizazioa.

3.– Ingurugiroari buruzko sentsibilizazio- eta kontzientziazio-programen proposamenak.

4.– Esparru proposamena, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Ingurugiro-hezkuntzaren Programan barne harturiko ikerketa-, esperimentazio- eta prestakuntza-jardueretan irakasleek izandako partehartzea antzatetsi dezaten.

5.– Ikerketa eta esperimentazio planak, irakasleen prestakuntza-planak eta sentsibilizazio- eta kontzientziazio-programak garatzeko Sail bakoitzaren kostuak eta ekarpenak baloratzea.

2.– Testuingurua: ingurugiro-hezkuntzaren oinarriak.

Ingurugiro arazoak.

Gizakiaren eta ingurugiroaren artean ezarritako erlazio eta elkarreraginak eraldatu eta garatu egin dira gizateriaren gizarte eta kultura bilakaera-prozesuan zehar. Nolanahi ere, gizakiak erlazio hauek aldatzeko eta ingurugiroa eraldatzeko duen gaitasunak intentsitate anitzeko faseak izan ditu eta gaitasun hau oso nabarmen handitu da azken mendeetan, batik bat iraultza teknologikoa gertatuz geroztik, honek desoreka nabarmenak sortu dituelarik planeta osoan.

Zientzia, kultura eta teknologiaren aurrerapenak gizaki guztion onerako izan daitezke, baina aurrerapen hauen gaur egungo aplikazioak ondorio negatiboak ditu planetaren ingurugirorako, bizi-kalitaterako eta gizakien biziraupenerako. «Ingurugiro arazo» deitu duguna, gizakien bizia garatu ahal izateko inguru biofisiko eta soziala eta ingurugiro-kalitatea kaltetzen duten egoera-multzoa da. Egoera hauek gizakiak burututako baliabide naturalen neurri gabeko (eta desoreka handiko) ustiaketaren eta gizakiak, bizi den inguruneko espezie gisa, ingurune honetan duen eragina ez ezagutzearen edo ez aintzat hartzearen ondorio dira.

Gizarte teknologikoak gizakien komunitateen garapenak ingurugiroan duen eraginaz eta eragin horiek, epe labur eta luzean, Biosferaren orekan duten eraginaz jabetuz geroztik, argi eta garbi ikusi da premiazkoa dela soluzioak bilatzea. Baina ingurugiro arazoek gizarte osoan dutela eragina eta pertsona bakoitzari loturik daudela kontuan harturik, ez dira aski administrazio-mailako soluzio soilak. Ingurugiroa berreskuratzeko lanean benetan eraginkor izan nahi badugu, nahitaezkoa da gizarte osoak hori egiteko neurriak jartzea eta horrelaxe sortu da, hain zuzen ere, ingurugiro-hezkuntzaren beharra. Honen ondorioz, ingurugiroaren kontzepzioa eta honi loturiko arazoak dira ingurugiro-hezkuntzaren (IH) abiapuntu eta lan-eremua.

Ingurugiroaren kontzepzioa.

«Ingurugiro» hitza berria da eta esanahi konplexu eta subjektibokoa, beraz hainbat zailtasun nabarmentzen dira hitza definitu eta erabiltzean. Gurea bezalako gizarteetan, «ingurugiro» hitzarekin ez dugu gizakien ingurugiro naturala izendatzen soilik, gizakien ekintzek inguru horretan duten eragina ere baizik, ekintza horiek sozialak, kulturalak, eta abar, izan daitezkeelarik. Aix-en-Provenceko mahainguruan (1972) honela definitu zen ingurugiroa: «epe laburrean nahiz luzean gizakiengan eta gizakien jarduerengan eragin zuzena edo zeharkakoa izan dezaketen une jakin bateko alderdi fisiko, kimiko eta biologikoen eta alderdi sozial eta ekonomikoen multzoa».

Kontzeptua hobeto ulertu ahal izateko, komenigarria da «ingurugiroa elkarrekin loturik dauden elementu fisiko eta sozio-kulturalez osatutako sistematzat jotzea, elementu horiek gizakien bizitza baldintzatzen dutelarik eta, aldi berean, gizakiek elementu horiek aldatu eta baldintzatzen dituztelarik» (Novo, María, 1986, Educación y Medio Ambiente. Madril, UHUN). Honekin bat eginik, planeta azpisistema natural eta aldatuz eta sistema sozial, ekonomiko eta teknologikoz osaturik dagoen makrosistematzat hartu behar dugu.

1973an MABeko (Man & Biosphere) lan-talde batek oso zehatza ez baina, aldiz, oso osatua den definizo sistemikoa eman zuen: «Ingurugiroak etengabe aldatzen ari diren elkarreragin konplexuko sistema multidimentsionalak dira».

Ingurugiroa sistematzat jotzeak kontzeptuaren konplexutasuna onartzea dakar ondoriotzat, ez baita ingurugiroaren konposizio soila aintzat hartzen, bere antolamendu-maila altua eta aldakorra baizik. Sistema hau ez da bere zati osagarrien deribatua, osagarri horiek txertatuta daudeneko egitura antzeko bat baizik, non osagarri horiek lotura hertsiagoa duten multzo osoarekin beren artean baino.

Ingurugiro-hezkuntzaren perspektiba historikoa, kontzeptua eta helburuak.

Ingurugiro-hezkuntzaren inguruan ere berdefinizio-prozesua garatu da, gizarte perspektibetan eta gizarteak berak, ingurugiroari eragindako kalte larriak ikusita, eskatzen dituen aldaketa-beharretan izandako bilakaeraren ondorioz.

Giza Inguruneari buruzko Nazio Elkartuen Konferentziak (Stockholm, 1972) egin zuen IH-ren beharrari buruzko lehen pronuntziamendua. Konferentzia honetan gure garaiko ingurugiro-arazoei eta hauen arrazoiei buruzko hausnarketa sakona egin zen. Aipaturiko Konferentzia horretako printzipioetako batean ondoko hau ezarri zen: «nahitaezkoa da ingurugiroari buruzko hezkuntza eskaintzea, ingurugiroa -osotasun gisa hartuz- babestu eta hobetzeko erantzukizuna garatzeko».

1972an Nazio Elkartuen Ingurugirorako Plana (PNUMA) sortu zen. Plan honen eginkizunetako bat batik bat ingurunearen kudeaketan erantzukizuna duten pertsonei informazioa, hezkuntza eta gaitasuna eskaintzea da.

UNESCOk eta PNUMAk bat eginik, Ingurugiro-hezkuntzako Nazioarteko Programa (PIEA) sortzea erabaki zuten eta programa honen lehen jarduketa 1975ean antolatutako Belgradeko Nazioarteko Mintegia izan zen. Belgradeko eztabaidak «Belgradeko Gutun» izenaz ezagutzen den dokumentuaren onespenarekin amaitu ziren, non gizateriari garapen kontzeptua berplantea dezan eta pertsonei beren lehentasun-eskemak berregoki ditzaten eskatzen zaien, eskema horietan ingurugiroarekiko eta munduko gainerako biztanleekiko konpromisoari lekua eginaz.

1977ko Tbilisiko (Georgia) Gobernuarteko Konferentzia Belgradeko Mintegiaren jarraipena izan zen. Konferentzia honetan gaur egungo gizartearen ingurugiro arazo nagusiak aztertu ziren eta arazo hauek konpontzeko ingurugiro-hezkuntzak duen zeregina landu zen. Konferentzia honetako Deklarazioa eta Gomendioak nahitaezko erreferentzia bihurtu ziren hezkuntzaz arduratzen diren erakunde eta pertsonentzat, IH-ren helburuak finkatu baitzituen.

Tbilisin eman zitzaion ikuspegiaren arabera, ingurugiroa «aldi berean alderdi naturalak eta gizakien jardueretatik eratorritako alderdiak barne hartzen dituen osotasuna da; IH ingurugiroak planteatzen dituen arazo zehatzak prebenitu eta konpontzera zuzenduriko hezkuntzaren eduki eta praktikaren dimentsioa da, diziplinarteko ikuspuntuaren eta pertsona bakoitzaren eta kolektibitate osoaren partehartze aktiboaren bidez».

1992an Río de Janeiron eginiko Ingurugiro eta Garapenari buruzko Nazioarteko Konferentziak ingurugiroaren degradazioa geldiaraztera bideratutako nazioarteko ingurugiro-politika sustatu nahi duen estrategia orokorra erabaki zuen (21 Programa). Hezkuntzaren ikuspegitik, Tbilisiko gomendioak hartzen ditu abiapuntutzat Konferentziak, baina praktikan ingurugiro-hezkuntza (IH) garapen mantengarriaren zerbitzurako tresna gisa bideratzea suposatzen du. Honetaz gain, gizakien kontzientziazioa lehentasunik handieneko eginkizuntzat jotzen du eta gaitasuna sustatzearen aldeko apustua egiten du, giza baliabideak garatzeko eta mundu bideragarriago baterantz egin beharreko ibilbidea errazteko tresnarik garrantzitsuenetakoa baita hau.

21 Programaren 36. Kapituluak ondoko hau dio: «eraginkor izango bada, ingurugiro eta garapenari buruzko hezkuntzak inguru fisiko-biologiko eta inguru sozioekonomikoaren eta giza garapenaren dinamikaz arduratu behar du (garapen horrek izpirituaren garapena ere barne har dezakeelarik), diziplina guztietan barne hartu beharko da eta metodo akademikoak nahiz ez-akademikoak eta komunikabide eraginkorrak erabili beharko dira horretarako». Bestalde, Hiritarren Foro Globalean (Rio de Janeiroko Konferentziaren aldi berean) bildutako Gobernuz Kanpoko Erakundeek ondoko hau adierazi zuten: «IH-k pentsamendu kritiko eta berritzailea izan behar ditu ardatz, edozein une eta lekutan eta era formal, ez-formal nahiz informalean, gizartearen eraldaketa eta eraikuntza sustatuz. IH ez da neutroa, balore jakin batzuetan hartzen du oinarri. Gizartea eraldatzeko ekintza politikoa da».

Ingurugiro-hezkuntza 60ko hamarkadan indarra hartzen hasi zenetik, IH-ri buruzko hainbat definizio azaldu dira gai hau landu duten autoreen liburuetan. Hauetako bi emango ditugu segidan, adibide gisa:

– «pertsona bati, batetik, gizarte batean ezarritako elkarmenpekotasuneko harremanak, gizartearen produkzio-eredua, ideologia eta botere-egitura nagusia ulertu eta juzgatzeko eta, bestetik, egindako azterketaren arabera jarduteko ahalmena emango dioten gaitasun eta jokamoldeak hartzeko nahitaezko diren kontzeptuen asimilazioa eta jarreren barneratzea lortzen lagunduko dion prozesua.» (Cañal, García, Porlán, 1981, Ecología y escuela. Laia, Bartzelona).

– «pertsonak ingurugiroari buruzko ikuspegi osatura hurbilarazteko prozesua (ingurugiroa erlazio anitzeko sistematzat harturik), honela baliabideen artapen eta erabilera egokiarekin eta bizi-kalitatearekin erlazionaturiko gaien inguruan jarrera kritiko eta partehartzailea hartzen lagunduko dieten ezagutzak lortzeko, baloreak argitzeko eta jarrerak eta gaitasunak garatzeko.» (Novo, M., 1986. Educación y Medio Ambiente. Madril, UHUN).

IH-ren helburu nagusia bikoitza da: batetik, banakoek eta kolektibitateek ingurugiro naturalaren eta gizakiak sortutakoaren izaera konplexua uler dezaten, konplexutasun hau ingurugiroaren alderdi biologiko, fisiko, sozial, ekonomiko eta kulturalen elkarreraginaren ondorio delarik; eta bestetik, ingurugiroko arazoen prebentzioan eta konponketan eta baliabideen erabilera razionalarekin eta ingurugiroaren kalitateraekin erlazionaturiko kudeaketan erantzukizunez eta eraginkortasunez parte hartzeko beharrezko diren ezagutzak, baloreak, jokabideak eta trebetasun praktikoak lor ditzaten. Premiazkoa den kudeaketa razional horrek, administrazio-mailako hainbat jarduketez gain, gizarte osoaren mobilizazioa eskatzen du, izan ere pertsona bakoitzak baitu zerikusia ingurugiro arazoekin. Ingurugiro arazoak konpontzera bideratutako banako nahiz kolektibitatearen partehartzea ingurugiro-etika baten gidaritzapean egin beharko da, etika honen baloreak hezkuntza-mundu formalak ere bere egin eta sustatu egin beharko dituelarik, etika hori curriculumean barne hartuz.

Beraz, IH, bere helburu eta funtzioak aintzat hartuz, nahitaez gizarte bizimodura zabaldurik dagoen hezkuntza-praktika da. Eta eskola-elkarteko kide guztiek eta, oro har, gizarte osoak, beren gaitasunen arabera, gizakiaren eta bere ingurunearen arteko harremana hobetzeak suposatzen duen lan konplexu eta solidarioan parte hartzen badute soilik izango da benetan eraginkor hezkuntza hori. Eta hau lortzeko era bakarra gizakiak beren hezkuntzaren gai bihurtzea eta beren konpromiso eta erantzukizunen kontzientzia hartzea da. Hortaz, erraz uler daiteke orain ingurugiroan oinarritutako curriculuma oso formula erakargarria dela hezkuntza bizitzara hurbiltzeko, bizitza zentzu zabalean hartuz.

Helburuak kontuan hartuz, ingurugiro-hezkuntzaren alderdi nagusienetako bat bere dimentsio axiologikoa da. Honek, batetik, gizakiaren eta honen ingurunearen arteko harremanak erregulatuko dituen etika berria barne hartzea eta, bestetik, ingurunea artatu beharreko ondasuntzat jotzea esan nahi du. Ingurugiroa ondasun eta baloretzat jotzen denez, gizakiak ingurugiroarekin duen harremanak ekintzen moralitatea dakar ondoriotzat. Ingurugiro-hezkuntzak balore-sistema batek indartutako etika azaleratu eta benetan mantengarria eta gizatiarra den garapenerako balorerik egokienak bilatzeko prozesua ahalbidetu beharko ditu. Honen ondorioz, jarduketarako irizpideak eraikitzen lagunduko duten funtsezko balore batzuk planteatu beharko dira. Hauetako balore batzuk guztiek onartutakoak dira (tolerantzia, justizia, zuzentasuna, solidaritatea, lankidetza, erantzukizuna,...), eta beste batzuk, berriz, ingurugiroa osotasunez eta ikuspegi sistemikopean aztertu eta interpretatzearen ondorio dira. Hauen bidez, «aurrerabide», «garapen» edo «bizi-kalitate» kontzeptuak eztabaidatu eta berplanteatu nahi dira, kontzeptu hauek lanerako ardatz izan beharko dutelarik hezitzailearentzat, ingurugiroari buruzko baloreak bilatzerakoan. Gainera, ingurugiroaren aldeko ekintzak burutzeko deialdiak talde jakinaren eta taldeko kideen behar eta kezka nagusien arabera bideratu beharko lirateke.

Ingurugiro-hezkuntza eskola-eremuan.

Ingurugiro-hezkuntzaren lege-esparrua.

IH eskola-sisteman barne hartzeko beharra dela eta, aldaketa nabarmena suposatu du LOGSE onartzeak, une honetan IH ikastetxe guztietan landu beharreko gaitzat jotzen baita. Hori adierazten du LOGSE berak, bigarren artikuluan, IH-ren hainbat alderdi aipatzen dituenean. Esate baterako: gizarte, ekonomia eta kultura ingurunearekin harremana eta ingurugiroa errespetatu eta defendatzeko prestakuntza, hauek izan beharko dutelarik hezkuntza-jarduera antolatzeko printzipio nagusiak.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, abuztuaren 11ko 236/1992 eta 237/1992 Dekretuen eta ekainaren 24ko 213/1994 Dekretuaren bidez, Haur Hezkuntza, Lehen mailako Hezkuntza eta DBHko curriculumak zehazten ditu hurrenez hurren Euskal Autonomia Erkidegorako, eta azken bi hezkuntza-etapa hauetako edukiak antolatu eta tratatzean zehar-gaiak hartuko direla erreferentzia gisa adierazten du, hauen artean ingurugiro-hezkuntza delarik aipagarriena.

EAEko Curriculum Garapenaren Dekretuek ondoko helburuak ezarri dituzte IH-ren inguruan:

– Haur Hezkuntzarako: «ingurune hurbila jakinminez eta errespetuan oinarritutako jarreraz behatu eta esploratzea, ingurune hau osatzen duten elementuen ezaugarri eta propietaterik esanguratsuenak eta beren artean ezartzen diren haremanetakoren bat identifikatzea» (4. atala, etapa honetako «e» helburua).

– Lehen mailako Hezkuntzarako: «ingurune natural eta sozialeko ekintza eta fenomenoen arteko harremanak ulertu eta ezartzea eta, ahal den neurrian, ingurugiroa defendatu, artatu eta hobetzeko ekintzetan aktiboki parte hartzea» (4. atala, etapa honetako «e» helburua).

– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako: «ingurune fisikoaren funtzionamendua zuzentzen duten oinarrizko mekanismoak aztertzea, gizakiaren jarduerek ingurune horretan duten eragina baloratzea eta ingurunea defendatu, artatu eta hobetzeko ekintzetan aktiboki parte hartzea, ingurunea bizi-kalitatea baldintzatzen duen elementu gisa hartuz» (4. atala, etapa honetako «e» helburua).

Batxilergoko irakasgaietan ahulagoa da IH-ren helburuen presentzia, Lur eta Ingurugiro Zientziak irakasgaian eta, neurri txikiagoan, Historia, Teknologia, eta Zientzia, Teknologia eta Gizartea (aukerakoa) irakasgaietan izan ezik.

Ingurugiro ikuspuntua curriculumean barne hartzea.

Eremuetako curriculumetan azaltzen diren helburuak IH-ren eremuko helburuekin bat egin badaitezke ere, horrek ez du nahitaez esan nahi helburu horiek garatuz ingurugiro-hezkuntza garatzen denik, honetarako beharrezkoa baita, horretaz gain, IH-ren helburuak eta ezaugarriak ere barne hartzea.

IH-n ikastetxeak hezkuntza-eredu berrira egokitzeko prozesu konplexurako oso garrantzitsu diren hainbat alderdi biltzen dira: IKPn, IIPn eta AJAn ingurunea praktika egituratzeko elementu gisa hartzea; eredu didaktikoak ezaugarri natural edo sozionaturalei egokitzea; ingurugiro arazoak gizartean eta gure ikasgeletan planteatzea; bizia osotasunean aztertuko duen ingurugiroarekiko ikuspegi etikoa gureganatzeko beharra (biozentrismoa), ikuspegi honek zuzentasun eta solidaritate sinkroniko eta diakronikoaren printzipioetan hartuko duelarik oinarri, gizakiarengan soilik oinarritutako eta ingurugiroaren krisialdia sorrarazi duten sistema etikoak (antropozentrismoa) gaindituz; hezitzaileen garapen profesionala eta ikasleen kezken garapena. Prozesu honetan, IH eskola curriculuma osatzen duten elementu nagusiak bildu eta harmonizatzeko gai den aukera gisa azaltzen da.

Ildo honetan, «curriculum» hitzak esanahi konplexua duela zehaztu beharra daukagu. Hezkuntza, hezitzen ari den pertsonarengan egoera eta aukera berriak sortzeko aukera ematen duen etengabeko prozesu dinamiko gisa hartzen badugu, hezkuntza-prozesuen asmoak prozesu horietan esku hartzen duten aldagai eta elkarrekintza guztien berri emango duen eta, aldi berean, elementu orientatzaile gisa balioko duen erreferentzia puntu konplexu baten beharra planteatzen du. Erreferentzia puntu horri «curriculum» esaten badiogu, honek oinarrizko bost osagai izan beharko ditu gutxienez (Novo, M., 1995, La educación ambiental. Universitas argital., Madril):

a) Irakaskuntza-praktikari loturiko irakasleen plangintza, kudeaketa eta ikerketa lanei dagozkienak.

b) Ikasten ari diren pertsonen gizarte-, kultura- eta bilakaera-perfilaren berri ematen dutenak.

c) Hezkuntza-helburuak eta prozesuaren oinarrian dauden irakaskuntza-ikaskuntza ereduak adierazten dituztenak.

d) Testuingurua (ingurune fisikoa eta soziokulturala) eta hezkuntza-mailan dauden behar eta aukerak deskribatzen dituztenak.

e) Komunikazio-giro intrasistemikoa (ikastetxearen barrukoa) eta intersistemikoa (ikastetxea ingurunearekin erlazionatuz) ulertzen laguntzen dutenak.

Honen ondorioz, hauetako osagairen bat aldatzen den neurrian, oso nabarmen aldatuko da curriculumaren izaera, funtsezkoa baita denen arteko erlazioa, eredu integratu eta dinamikoa lortu ahal izateko.

Ikuspuntu honetatik, ingurugiro-hezkuntza, curriculum-sistema bere-berezko dituen printzipioen arabera egokitu edo berrantolarazten duen elementu dinamizatzailea da. Honen ondorioz, IH curriculumean benetan barne hartzeko, ingurugiro ikuspuntuak gainerako zehar-gaiekin hertsiki loturik egon beharko du, eta hau sistema osoan eragin handia duen prozesu radikal eta berritzailea da. Zehar-gaiak osagarri eta bateragarriak dira eta antzeko baloreak sustatzen dituzte; munduaren eta bizi dugun gizarte errealitatearen konplexutasuna onartuko duen hekuntza lortzeko abiapuntu desberdintzat jo ditzakegu.

«Ingurugiro ikuspuntua curriculumean barne hartzeak» IH-ren oinarri diren printzipio etiko, kontzeptual eta metodologikoei koherentziaz egokitzea esan nahi du, honela curriculum osoak erantzun egokia eman diezaien mugimendu berritzaile horren beharkizun eta aukerei. Ildo horretan, «ingurugiro» curriculum batek (Novo, M., 1995, La educación ambiental. Universitas Argita., Madril) ondoko oinarrizko ezaugarriak izan beharko lituzke:

– Egokia, hau da, ikastetxearen eta honen ingurunearen baldintza errealei egokitua.

– Koherentea, hau da, bere planteamendu metodologikoek bat etorri beharko dute oinarri etikoekin, onartutako ikaskuntza-ereduekin, eta abar.

– Sistemikoa, curriculumaren osagaiak sistema batean elkar loturik dauden elementu gisa hartuz, erlazioen eta antolamendu-ereduaren balioa azpimarratuz.

– Ikasleen garapena bilatzen duena, aukera, maila eta erritmo desberdinak aintzat hartuz, honela ikasten ari direnen aniztasuna errespetatzeko asmoz, beti ere ikasleen aldez aurretiko ezagutzak eta jarerrak kontuan hartuz.

– Ingurunera zabaldua, lurraldearen behar eta aukeretara («mikro» testuingurua) eta estatu nahiz mundu mailako ingurugiro arazoetara («meso» eta «makro» eskalak).

– Malgua, beti ere plangintza, ikerketa-ekintza prozesuen bidez pixkanaka aldatuz doan «lan-hipotesi» gisa hartuz.

– Dinamikoa, berrikuntzak eta aldaketak onartzeko prest.

– Prozesuetan oinarritua. Beraz, produktuei ez ezik gertaerei ere behar adinako balioa eman beharko zaie, hau da, hezkuntza-ekintza bakoitzaren unean uneko egoerari.

– Arazoak aintzat hartzen dituena, inguruneko gatazkak ikaskuntzarako baliogarri izango diren interesgune gisa erabiliz.

– Osotasuna eta diziplinarteko ekintza bilatzen dituena, garrantzi handiagoa emanaz diziplina-eremu desberdinen artean eginiko proiektuei, diziplina itxi eta hertsiei baino.

Honetaz gain, ingurugiro arazoa curriculumean barne hartzea ikastetxea bera ingurugiro arazoen inguruan sentsibilizatzeko elementu gisa hartu beharko litzateke. Honela, ikastetxe jakin horretako osagai guztien artean hitzartutako eta ikastetxeko antolamendu eta funtzionamenduari buruzko dokumentu desberdinetan (IHP, IIP, AJA eta IUP) islatutako hitzarmenek bideratutako lan-proiektu komun batean barne harturik geratuko litzateke.

Honela, ingurugiroa ez da ezagutu beharreko errealitatea edo artatu beharreko ondasun soila izango, pertsonen eta ikastetxeen garapenean aktiboki parte hartzen duen zerbait baizik, beharrezko izango delarik berak sorrarazitako eraginetan esku hartzea, eragin positiboak optimizatuz eta negatiboak, berriz, neutralizatuz. Honela, ingurugiro arazoa curriculumean sartzeak hezkuntza-sistema indartzea ekarriko luke ondoriotzat, sistema horretan barnetik eta ez kanpotik bultzaturiko aldaketak sortzeko gai izango liratekeen esperientzia berritzaileak barne hartuko balituzke, honela irakasleen profesionaltasuna garatzeko eta irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko elementu garrantzitsu bihurtuz.

Azkenik, aipamen bezeria merezi dute Heziketa-zikloek. Hauek ere, lanbide-prestakuntza burutzeko zikloak direnez, ingurugiro arazoa bereganatu beharko dute, honetarako zeharkako eredua erabiltzea gomendatzen delarik.

Prestakuntza teknologikoa oso bestelakoa bada ere ikasketa-maila eta jarduera-eremuaren arabera, oinarrizko printzipio batzuk ezarriko ditugu orain (PIEA UNESCO-PNUMA, 1995, La educación ambiental en la formación técnica y profesional. Libros de la Catarata, Bilbao):

1.– Eremu jakin horretako produktuetatik eratorritako ingurugiro arazoen, arazo horiek desagertarazteko aukeraren eta beharrezko liratekeen soluzio tekniko nagusien inguruan kontzientziatzea eta guzti horiek aztertzeko beharrezko diren ezagutzak eta gaitasun teknologiko eta ekonomikoak eskaintzea.

2.– Produkzio-prozesuek sorrarazitako ingurugiro arazoen inguruan kontzientziatzea eta arazo horiek identifikatu eta aztertzeko beharrezko diren ezagutzak eta gaitasun teknologiko eta ekonomikoak eskaintzea, arazo horien artean ondokoak ere barne hartuz:

– azpiproduktuen berziklapen edo erabilera zuzena.

– hondakinak ezabatzeko teknikak.

– leheneratzeko teknikak.

3.– Lan-prozesuan parte hartzen duten pertsonen eta norberaren segurtasun- eta osasun-arazoen inguruan kontzientziatzea eta arazo hauek identifikatu eta aztertzeko beharrezko diren ezagutzak eta gaitasunak eskaintzea.

Ingurugiro-hezkuntzarako ikuspuntu metodologikoak.

Pertsonen pentsamendua eta jokabidea, hau da, mundua ulertu eta bertan jarduteko era errotik aldatu nahi baditugu, beharrezkoa da aldaketa hori bideratuko duten helburuez gain, aldaketa ahalbidetuko duten irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak ondo ezagutzea. Gai honi buruzko literaturari begiratzen badiogu, gaur egun ikasle nahiz irakaslearen ikerketan oinarritutako eredu didaktiko berri bat zabaltzen ari dela ikusiko dugu. IH-ren joera ere ikerketa bidezko ikasketarantz (García, J.E., Porlán, R., 1990, IRES Proiektua, Sevilla) bideratzea da, ikerketak errealitatera ikuspuntu bateratuz hurbiltzea ahalbidetzen baitu, ikerketari ikuspuntu holista eta sistemikoa emanaz, honetarako gomendagarria delarik diziplinarteko bideari ekitea.

Ikerketa, helburutzat arazoak antzematea, formulatzea eta konpontzea duen prozesua da -arazoa automatikoki konpon ezin daitekeen edozein zailtasun gisa hartuz, beharrezko delarik zailtasun hori konpontzeko jarduerak martxan jartzea-.

Ikaslearen ikerketan oinarritutako irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak ikasgelako botere-erlazio hierakikoetan oinarritutako gizarte elkarreraginak zalantzan jartzea eta erlazio horiek nahitaez gertatuko den aurreikuspen eta interes aniztasuna erregulatuko duten negoziazio demokratikoko prozesuekin ordezkatzea dakar ondoriotzat; irakasleak, elkarlanean, ikasgelan gertatzen denari buruzko rol ikertzaile eta hausnartzailea bere gain hartzen duela eta bere lana hausnarketa horren arabera berformulatzen duela esan nahi du; eta curriculum-diseinua eta -garapena beti zabalik dagoen ikerketa-prozesu gisa hartzea esan nahi du, curriculum jakin bakoitza beste lan-hipotesi bat gehiago izango litzatekeelarik.

Ezaugarri hauek dituen ikerketa-eredua lagungarri izango da lortu nahi diren kontzeptu, metodologia eta jarrera mailako aldaketetan aurrera egiteko, eredu honek inguruneko gizarte arazoak eta jarrera nahiz etika alderdiak ikastetxeko jardueran barne hartzen lagunduko baitu. Metodologia-proposamen hau ikuspuntu hirukoitzaren ondorio da:

– lkuspuntu epistemologiko sistemiko konplexua: gaur egun oraindik nagusi den ikuspuntu erredukzionista eta sinplifikatzailearen aurrean, ezagutza antolatua, erlatiboa eta prozesuala dela defendatzen du.

– Ikuspuntu konstruktibista: ohikoak diren ikaskuntza pasibo eta harkorraren aldeko planteamenduen aurrean, ikaskuntza esanguratsua lortzeko baldintzei buruzko orientabideak ematen ditu.

– Ikuspuntu ideologiko kritikoa: hezkuntza-prozesuei buruzko kontzepzio tekniko eta instrumentalaren aurrean, eguneroko hazkuntza aberastea eta konplexuago bihurtzea du helburu, komunikazioan eta lankidetzan oinarritutako gizarte negoziazioko prozesu baten bidez.

Laburbilduz, ingurugiroarekiko ezagutza integratuek ondokoetarako balio beharko dute:

– pertsonen jokabide arduratsua sustatzeko.

– pertsonen parte hartzea eta konpromisoa sustatzeko baliabide naturalen kudeaketan.

3.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarekin eta Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailarekin sektore-politikak garatu eta koordinatzeko egitura.

IIHII-en egitura, antolamendua eta funtzioak, Unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-sisteman Ingurugiro-hezkuntzaren Programa hau onartu aurretik.

Ingurugiro-hezkuntza dela eta UNESCOk emandako gomendioei eta ingurugiroaren gaietan interesaturik dauden hainbat erakunde eta bileretan emaniko jarraibideei jarraiki, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eta Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak irailaren 19ko 202/1989 Dekretua izenpetu zuten 1989an. Dekretu honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroarekiko Irakasbideen Hezkuntza eta Ikerketarako Ikastegien (IIHII) sorrera eta funtzionamendua erregulatzen da eta, Dekretuaren laugarren artikuluan, ikastegi horiek bere gain hartu beharko dituzten funtzioak zehazten dira. Ondoko hauek dira funtzio horiek:

a) Eskola-programazioaren lagungarri izango diren jarduerak sustatu eta bultzatzea, programazioa ingurugiroaren errealitatera hurbiltzeko asmoz.

b) Ingurugiro-hezkuntzaren diziplinarteko tratamendua sustatzea irakaskuntza-programetako eremu desberdinetan.

c) Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarekin lankidetza, ingurugiro-hezkuntza eskola-jardueraren garapenean barne hartzea erraztuko duten irakasleen prestakuntzarako programak diseinatu eta martxan jartzeko.

d) Ikastetxeetako ekimen eta baliabideen koordinazioa sustatzea, ingurugiroari buruzko eskaintza koordinatua eta koherentea antolatu ahal izateko.

e) Eskola-elkarteko estamendu guztiak sentsibilizatzea ingurugiro-hezkuntzaren helburuak lortzeko denak inplikatzeko beharraren inguruan.

f) Ingurugiroari buruzko gaiak ikastetxeetan landu ahal izateko beharrezko den material egokia diseinatu eta osatzea.

(Ikus .PDF)

Dekretu honen arabera, IIHII ikastegietako pertsonala Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko langileek osatuko dute, unibertsitateaz kanpoko eskola-sistemako edozein mailatako irakasleak izango direlarik eta sarbidea gainerako Zerbitzu Lagungarrietarako bera izango delarik. Bestalde, IIHII ikastegietako baliabide materialak prestatzea garai hartako Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailari eta gaur egungo Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailari dagokio.

IIHII ikastegietako jarduketen zuzendaritza, ikuskapena eta koordinazioa Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak burutuko du, zeinak horretarako beharrezko diren baliabide pertsonal eta materialak bideratuko dituen, Ingurugiro-hezkuntzako Zerbitzuaren bitartez.

Lehen IIHII ikastegia, Bilbaokoa, 1990ean jarri zen martxan, bertan 3 pertsona hasi zirelarik lanean. 1992an, Legazpi eta Basauriko ikastegiak sortu ziren eta 1994an, berriz, Vitoria-Gasteizkoa, ikastegi hauetako bakoitzari bi langile esleitu zitzaizkiolarik.

Gero, 1996ko ekainaren 26ko Aginduaren bidez (irailaren 2ko EHAA) bi Sail hauen Jarduketa Bateraturako Plan-Markoa ezarri zen, zeinak hezkuntza-sisteman ingurugiroarekiko hezkuntza, ikerketa eta sentsibilizazioa gara dadin ahalbidetuko duen, IIHII ikastetxeei esleituko zaielarik lan honen koordinazioa.

Hezkuntza-sisteman ingurugiroarekiko hezkuntza, ikerketa eta sentsibilizazioa garatzeko Jarduketa Bateraturako Plan-Markoaren koordinazioa eta garapena IIHII ikastegiei esleitu zaie izaera esklusiboz. Beharrezko gertatuz gero, ikastegi hauek, Pedagogi Berrikuntzako Lurralde-burutzen bidez, gainerako Zerbitzu Lagungarrien lankidetza izango dute, ikastetxeei zehar-gai hau ezartzen eta garatzen lagunduko dieten jarduketa bateratuak planifikatu eta aplikatzeko.

Programa hau onartzen den une honetan IIHII ikastegiek betetzen dituzten funtzioak lehentasunezko hiru jarduketa-ardatzen inguruan garatzen dira, zeinak bi mailatako eginkizunak suposatzen dituzten: Euskal Autonomia Erikidegoko mailan eta IIHII ikastegi bakoitzaren eremu-mailan. Ondoko hauek dira lehentasunezko ardatzak:

– Ikastetxe guztiei eta eskola-elkarte guztiari zuzenduriko informazioa/komunikazioa eta sentsibilizazioa.

– Ingurugiro-hezkuntza eskola-curriculumean barne hartzea.

– Irakasleen prestakuntza.

Lehentasunezko ardatz bakoitzari dagozkion helburuak eta jarduketak adieraziko ditugu segidan:

Informazioa/Komunikazioa eta sentsibilizazioa.

Helburuak:

– Ikastetxeekiko eta beste zentro lagungarri batzuekiko komunikazio-sarea hobetzea.

– IIHII ikastegien zerbitzua hedatzea eta eskaintza zabaltzea: aholkularitza, argitalpenak, baliabideak, prestakuntza-ikastaroak,...

– Ikastegien baliabide-zuzkidura zabaltzea.

– Eskola-elkarteko estamendu guztien sentsibilizazioa sustatzea.

Jarduketak:

– IHITZA Buletina argitaratu eta hiru hilabetero ikastetxe guztietara, Zerbitzu Lagungarrietara eta ingurugiro-hezkuntzari loturiko hainbat eragileetara doan bidaltzea, bai eta ingurugiro-hezkuntzarekin erlazionaturiko eta helburutzat hezkuntza hau curriculumean barne hartzea duten beste hainbat material eta informazio bidaltzea ere.

– Ingurugiro Sailordetzaren menpe dauden ingurugiro-hezkuntzako ekipamenduekin lankidetza.

– Ingurugiroarekiko sentsibilizaziorako AZTERTU programako bi kanpainak diseinatu eta antolatzea: IBAIALDE, ibai eta ibaiertzak babesteari buruz; AZTERKOSTA, itsasertza eta estuarioak babesteari buruz.

– Irakasleei zuzenduriko Ingurugiro-hezkuntzari buruzko Lurralde-Jardunaldiak antolatzea, esperientzia eta proiektuen elkartrukea errazteko.

– IIHII ikastegietako dokumentazio-zentroak eta baliabideak garatzea, ondoko baliabide-mota hauek dituztela kontuan hartuz: Liburutegia, Ikus-entzunezkoak,ikastetxeetako Esperientziak eta Proiektuak, Curriculum-materialak, Jokoak, Ibilbideak.

IH Curriculumean barne hartzea.

Helburuak:

– Irakasleak IH-ko proiektuak burutu eta martxan jartzen laguntzeko animatzea.

– IH curriculumean barne hartzeko ereduei buruzko azterketak sakondu eta egitea.

– Ikastetxeetan IH-ren programak diseina eta gara daitezen sustatzea.

Jarduketak:

– Ikastetxeetan garatzen diren IH-ri buruzko proiektuen jarraipena egitea eta aholkularitza eskaintzea.

– Horrelakorik eskatzen duten ikastetxeetako hezkuntza- eta curriculum-proiektuak osatzeko lankidetza eta orientabideak eskaintzea.

– Ingurugiro-hezkuntza curriculumean barne hartzen lagunduko duten ereduak osatzeko lan-mintegiak antolatzea.

Irakasleen Prestakuntza.

Helburua:

– IIHII ikastegiek Pedagogi Berrikuntzako Zuzendaritzaren Prestakuntza-Planetan proposatutako prestakuntza-ikastaroak eta -mintegiak eskaintzea.

Jarduketak:

– Prestakuntza ikastetxeetan, gutxienez klaustroaren hiru laurdenak parte hartuko duen ikastaroen bidez.

– Iraupen laburreko prestakuntza-jarduerak.

– Proiektuak diseinatu, aplikatu eta ebaluatzea barne hartzen duten prestakuntza-jarduerak.

– Mintegi estensibo autonomoak eta erdi-autonomoak.

– PATek antolatutako irakasleen prestakuntzarako jardueretan lankidetza.

Antzemandako beharrak eta egitura berriaren proposamena.

Lurralde historiko bakoitzak IIHII ikastegi bat edo gehiago izango ditu, zerbitzua eskaini beharreko populazioaren eta lurraldearen ezaugarrien arabera, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eskola-sistemaren Zerbitzu Lagungarri guztietarako erabakitzen duen ereduari jarraiki.

Antzemandako beharrak aintzat harturik, komenigarritzat jotzen da IIHII ikastegiek hiru lurraldeetan segidan azalduko dugun egitura izan dezaten:

Arabak IIHII ikastegi bat izango du eta lurralde osoari eskainiko dio zerbitzua. Ikastegi horretan ondoko zerbitzuak eskainiko dira: dokumentazio- eta baliabide-zentro bat, bilera eta hitzaldietarako gelak eta talde-lanetarako espazioak. Ikastetxeei Vitoria-Gasteizen kokaturiko zentro honetatik bertatik eskainiko zaie zerbitzua, hementxe kokatzen baita populazioaren %80. Nolanahi ere, beharrezkotzat jotzen da lurraldearen iparraldeari (Aiarako eskualdea) eta hegoaldeari ere zerbitzua eskaintzea, denbora partzialeko lankidetzen bidez.

Gipuzkoan beharrezkotzat jotzen dira bi ikastegi, lurralde honen iparraldean populazioaren %55 kokatzen baita. Hortaz, zentroetako bat Donostia-San Sebastiánen zabalduko da, bi lagunek lan egingo dute bertan, batek zuzendaritza lana bete beharko duelarik; eta lurraldeko gainerako biztanleei (Deba bailara, Urola bailara eta Oria bailara Tolosaraino) Legazpiko zentrotik eskainiko zaie zerbitzua.

Donostia-San Sebastiáneko IIHII ikastegian kokatuko da dokumentazio- eta baliabide-zentro nagusia. Nolanahi ere, ikastaroak eta konferentziak antolatzeko eta talde-lanetarako espazioak egongo dira bi zentroetan. Legazpiko zentroan, berriz, landa-zona batean kokatua dagoela eta zentro honen ondoan dagoen aterpetxea erabiltzeko dagoen aukera kontuan harturik, irakasleentzat ikastaroak, topaketak eta jarduerak antola daitezen sustatuko da, bertako instalazioak nahiz ingurunea erabiltzeko aukera izango delarik.

Bizkaian hiru IIHII ikastegi izango dira. Bilbaokoan kokatuko da dokumentazio- eta baliabide-zentro nagusia eta hemen gainerako bietan baino langile gehiago arituko da lanean (laguntzaile bat), batetik jasotzen duen kontsulta-bolumen handiagatik eta, bestetik, bertatik Bizkaiko populazioaren gehiengoari eskaintzen zaiolako aholkua. Halaber, ikastaroak eta konferentziak antolatzeko eta talde-lanetarako espazioak ere izango dira zentro honetan.

Basauriko zentroan, hirigunean kokatua ez dagoela eta Bilbaotik oso gertu dagoela kontuan harturik, espazio bereziak behar dituzten ikastaroak edo jarduerak antolatuko dira (materialak berziklatzeko lantegiak, energia alternatiboak, ...).

Urdaibaiko Biosfera Erreserban, babestutako zona honek Ingurugiro-Hezkuntzako Maneiu-Plana duenez, zentroa Erreserbako Patronatuaren egoitzan kokatuko da. IIHII ikastegi honen zeregina Plan honen koordinazioa eta garapena izango da, gainerako lurraldeetara zabaldu ahal izateko esperientzia-pilotu gisa. Zentro honetan teknikari batek eta laguntzaile batek lan egingo dute.

Lanpostuak esleitzeko proposamena

(Ikus .PDF)

IIHII ikastegietako kide guztiek HE2 hizkuntz eskakizuna izango dute. Beren lanbide-esperientzia eta -jatorria dela eta, ahalegina egingo da eskola-sistemako maila guztiak ordezkatuta egon daitezen eta diziplinarteko taldeak osa daitezen.

Laguntzaileak zerbitzu-eginkizunetako erregimenean dauden irakasleak izango dira.

4.– Ikerketa eta Esperimentazio Plana.

Sarrera

Zientzia arlo guztietako ikerketa datuak, gertakariak eta fenomenoak hobeto ulertzen lagunduko duen informazioa lortzera dago bideratuta, emaitza horien bidez zehaztasun, doitasun eta kalitate handiagoz jokatzen ikasteko asmoz. Hezkuntza-eremuko ikerketek hezkuntzan gertatzen diren fenomenoak ulertzea dute helburu, honela irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren exekuzioa optimizatzeko eta ikasten ari diren pertsonen bizitzarako prestakuntza ziurtatuko duten baliabiderik onenak ondorioztatzeko.

Hezkuntza-ikerketa eta -berrikuntza, gainerako eremu zientifikoetan bezalaxe, ez da bakarka eta isolaturik lan egiten duten ikertzaileen lanaren emaitza. Aitzitik, ikerketa gehienak ikastetxeetako eskola-elkarteen inguruan burutzen dira eta metodo eta teknika pedagogikoei buruzko jakinmin beretsuak dituzten pertsonak dira ikerketa horien protagonista. Pertsona guzti hauek ahalbidetzen dute irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren hobekuntza kualitatiboa.

Gaur egungo munduan hezkuntzaren aldeko apustua egiten da, izan ere hezkuntza-prozesuak ikaslearen bizitzan duen garrantzi ukaezina ikusirik, nahitaezkoa delako irakaskuntza-ikaskuntza prozesu horri buruzko informazioa lortzeko ahalegin guztiak egitea; eta horretarako, hezkuntzari buruzko ikerketa egitea da bide bakarra.

Hezkuntza-ikerketaren lege-esparrua Euskal Autonomia Erkidegoan.

Hezkuntza-administrazioek gertutik jarraitu beharko dituzte hezkuntza-prozesu berritzaileak eta administrazio hauei dagokie, beren erantzukizuna egikarituz, hezkuntza-berrikuntzak baldintza egokietan gara daitezen arau-esparru egokiak ezartzea eta beharrezko diren mekanismoak martxan jartzea.

Euskal Autonomia Erkidegoan arau-esparru bikoitzean garatu da hezkuntza-mailako esperimentazioa eta ikerketa: urtarrilaren 30eko 39/1984 Dekretuak ezarritakoa, zeinak erregimen arrunteko ikastetxeetako esperimentazioa erregulatu zuen; eta abenduko 467/1994 Dekretuak indargabetu eta ordezkatu zuen otsailaren 27ko 48/1990 Dekretuak ezarritakoa, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoko Ikerketa eta Esperimentazio Zentroak erregulatzen dituen.

Urtarrilarren 30eko 39/1984 Dekretuaren bidez, lege-esparru egokia eskaini zitzaien ikastetxeei, irakasleen kezka pedagogikotik sortutako esperientziek beharrezko ziren bermeak izan zitzaten eta 1982an hasitako hezkuntza-erreformaren kalitatea hobe zezaten. Ikastetxeei bertan egiten ari ziren esperientziak berresteko eta metodo didaktiko, ikasketa-plan eta programa, ikastetxeak antolatzeko eta irakasleak prestatzeko sistema berriak eta, oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetako hezkuntzaren kalitatea hobetzen lagun zezakeen edozein hezkuntza-berrikuntza martxan jartzeko planteatu zitzaien.

Ingurugiro-hezkuntza dela eta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eta Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak dirulaguntzen deialdia egiteko aginduak argitaratzen dituzte urtero, interesaturik dauden ikastetxeek eskaera egin eta ikastetxe osoan nahiz zati batean eragina izango duen esperimentazio eta ikerketa proiektuak burutzeko aukera izan dezaten. Hezkuntza-berrikuntzako proiektuaren ezaugarrien arabera, ikastetxeek tratamendu berezia lor dezakete laguntza tekniko, baliabide material eta irakasleen prestakuntzari dagokienean, beti ere proiektu horiek burutzeko beharrezkoa bada.

Gaur egun ondokoetarako laguntzak eska daitezke:

– Curriculum-berriztapeneko proiektuak.

– IH ikastetxeetan barne hartzeko proiektuak.

– Eskolaz kanpoko IH-ko zentroetan egonaldiak.

– Elkartrukeak eta egonaldiak Urdaibain.

Berrikuntza eta ikerketa ingurugiro-hezkuntza zehar-gaian.

Ingurugiro-hezkuntza curriculumeko zehar-gai gisa hartzeko proposamenak -gai hau formulazio erretoriko hutsean gera ez dadin- praktikan jartzeko eta ikastetxeko jarduera dinamizatu eta irakaskuntzari aurrera eginaraziko dioten ekimen berritzaile anitzen sortzaile bihurtzeko era berriak aurkitu beharko ditu.

Ingurugiro-hezkuntzak ikuspuntu berria eskaintzen dio eskola-curriculumari, ikuspuntu horrek eraiki nahi den pertsona- eta gizarte-mota eta, hortaz, banaka nahiz talde-mailan planteatzen diren egoeren-arazoen konponketan aktiboki parte hartzeko ikasleei eskainiko zaizkien balore-gidariak planteatzen dituelarik. Aldi berean, ingurugiro-hezkuntza hezkuntza-eskuhartzearen berrikuntza teoriko eta praktikorako proposamena da ikastetxeentzat eta honek berriztapen garrantzitsuak dakartza ondoriotzat, metodologia-mailan nahiz curriculumeko gainerako alderdietan.

Hezkuntzaren testuinguruan eta hausnarketa pedagogikoaren baitan, ingurugiro-hezkuntzak ikasleen errealitatearekin eta esperientzia pertsonalarekin erlazionaturik egon beharko du, errealitate horretan gertatzen baitira ingurugiro arazoak. Beraz, beharrezkoa da konbibentzian oinarrituta dagoen eta jarrera pertsonalen aldaketa suposatuko duen ingurugiro-hezkuntza garatzea, gaur egungo errealitate konplexuko arazoari erantzun ahal izateko.

Ikastetxeek IHP, IIP eta AJA osatuz ekin beharko diote ingurugiro-hezkuntzari, hezkuntza honek ikastetxeetako egitura, antolamendu eta sistemetan izango baitu eragina. Arazo hauei ikuspegi holista aintzat harturik ekiteko beharrak, errealitate sozial eta fisikoa curriculumaren ardatz egituratzaile izango den hezkuntza-gai gisa hartuko duen ikuspegi osatu eta diziplinartekoa garatzera behartzen du.

Errealitatea aztertu eta kritikoki baloratzeko beharrak, honela errealitate horretan esku hartu ahal izateko, ondokoak barne hartuko dituen eta ikerketan eta partehartzean oinarrituriko metodologia garatzeko beharra plantetatzen du:

– arazo bati buruzko informazioa eta sentsibilizazioa.

– banako nahiz taldeen inplikazioen azterketa eta kontzientziazioa arazoaren aurrean.

– erabakia hartu eta parte hartzea.

Ikasleek gizarte testuinguru jakin batean eraikitzen dute ezagutza, bere ideiak abiapuntu harturik eta, batik bat, eskola-elkarteko beste kide batzuekin elkarlanean. Egoera-arazo hauen edukiak curriculum-edukiak dira, gaur egungo gaiak direlako. Metodologiak ikasleak izan beharko ditu ardatz nagusi eta curriculum-arloen barruan garatu beharko dira, testuingurua emanaz eta ikasten ikastea eta bizitzen ikastea bateratuko dituen funtzionaltasuna eskaini beharko zaie.

Planteamendu hauek aintzat harturik eta zehar-gaiak curriculumetan barne hartzeko orientabideekin bat eginik, ingurugiro-hezkuntzaren ikerketa eta esperimentazio prozesuak ondoko hezkuntza-eremuak bete beharko ditu:

– Eskola-elkarteak ikastetxearen erreferentziazko etika-esparrua berdefinitu beharko du (baloreei buruzko adostasuna lortuz eta batzuei lehentasuna emanaz). Esparru honetatik, balore bakoitzarekin eta ingurugiro arazo desberdinekin erlazionaturiko jarrerak, prozesuak, kontzeptuak, gertakariak eta helburuak zehaztu eta sekuentziatu beharko dira. Adibide gisa, jarrera arduratsuak jarrera autokritikoa eta ingurugiroan eragina duten ohiko jokabideen kritika, ingurunea zaintzeko ahalegin pertsonala, ingurugiro arazoak konpontzen laguntzeko jarrera erabakiorra eta ingurugiroaren aldeko erabaki koherenteak hartzea dakartza ondoriotzat.

– Ikastetxe bakoitzaren hezkuntza-praktika berrikusi eta praktika horri buruzko hausnarketa egin beharko da, jarrera ireki eta malguaz beti ere: zer, nola eta zertarako. Batetik, alderdi esplizituak hartu beharko dira aintzat: eremuak, metodologia, antolamendua, erlazioa, funtzionamendu-arauak; eta bestetik, hain esplizituak ez diren beste alderdi batzuk: giro sozio-afektiboa, konturatu gabe ikasleengan sustatzen diren baloreak eta jarrerak (balore-judizioak, emandako sariak, aurreikuspen eta prototipo kulturalak), ikastetxean, familian nahiz ingurunean eskaintzen diren erreferentziazko ereduak.

Zehar-gaietako abantailetako bat eskola-elkartea ondoko hausnarketa egitera bultzatzea da: eskola-elkarteak ikaslegoari adierazi eta erakusten dizkion eta erakutsi nahi dizkion balore eta jarreren aurrean eta gizarteak aldarrikatzen dituenen aurrean duen zeregina. Hausnarketa honi esker, maila ezkutuan (curriculum ezkutua) ikastetxeetan garatzen ari den guztia eta askotan irakasten den hezkuntza-motaren baldintzatzaile izan den guztia maila kontzientera azaleratuko da, hau ikastetxearen curriculumean islatuko delarik.

– Ondokoekin erlazionaturiko hitzarmenak egin beharko dira: ikastetxearen antolamendua eta bizitza; espazio, material eta baliabideen erabilera eta kudeaketa; partehartze demokratikoa ikastetxean; ingurugiro-hezkuntzan diharduten beste ikastetxe, erakunde eta Europar Batasuneko erakundeekin harremana eta lankidetza.

Euskal Eskola Publikoaren Legeak 31.2 artikuluan ikastetxeetako Ordezkaritza-Organo Gorenari (OOG) esleitzen dizkion funtzioen artean, ondokoak dira aipagarrienak:

– beste ikastetxe batzuekiko lankidetza-harremanak ezartzea, hezkuntza eta kultura sustatzeko asmoz.

– ikastetxeetako instalazioen eta ekipoen berrikuntza sustatzea, bai eta hauen artapena zaintzea ere.

Ordezkaritza-Organo Gorenak (OOG) bere funtzioak betetzeko, irakasle, ikasle, guraso, elkarte eta erakundeetako ordezkariek osatutako ingurugiro-kudeaketarako batzorde baten laguntza izan dezake, ingurugiroari buruzko jarduketak planifikatu eta ikastetxeak IH mailan planteatu dituen helburuak lortzeko behar dituen baliabideak eskuratu ahal izateko.

– Ikasgelako hezkuntza-eskuhartzea dela eta, batetik, planteamendu osatu eta diziplinartekoak bultzatu beharko dira, ikasleen ikaskuntza esanguratsua sustatu eta erraztuko duten proiektu berritzaile eta partehartzaileen bidez, eta, bestetik, orain arte aintzat hartu ez diren kontzeptuak barne hartu eta curriculum-arloetan kontzeptu hauei ematen zaien trataera berraztertu eta antolatu beharko da.

IH curriculumean barne hartzean, bi eredu-motari jarraitu zaie: eredu multidiziplinarrak eta diziplinarteko ereduak.

Eredu multidiziplinarrek diziplinetan oinarrituriko curriculum-antolamenduari eusten diote, baina hauetan ingurugiroaren ikuspuntua barne hartuz.

Diziplinarteko ereduaren adibidea, ostera, curriculuma proiektuen inguruan antolatzea litzateke, proiektu bat ingurugiroarentzat garrantzitsua den arazo baten azterketa suposatzen duen unitate integratzailea litzatekeelarik.

Lortutako hitzarmenak ikastetxeetako hezkuntza-jarduera bideratu eta antolatzen duten dokumentu desberdinetan islatu beharko dira: IHP, IIP, AJA eta ikasgelako programazioak.

IH curriculumean eraginkortasunez barne hartu ahal izateko, ondokoekin lan egin daiteke:

– Departamentu didaktikoekin, ondokoak eginaz: departamentu hauetako arduradunekin aztertzea noiz eta zein unetan lan daitezkeen ingurugiroarekin zuzenean loturik dauden edukiak, edukiak arlo desberdinetako programazio orokorrean sartzea eta eduki horiek programazioan lortu duten benetako integrazioaren jarraipena egitea.

– Zikloko irakasleekin, ondokoak eginaz: ikasgela eta/edo talde bakoitzaren behar zehatzak eta antzematen diren jarrerak aztertu, ingurugiro-hezkuntzaren programa orokorra egokitzeko eta praktikan jarri ahal izateko, ikasleek ikas dezaten.

– Tutoreekin, zehar-gaien inguruan arlo bakoitzean landutako baloreei batasuna emanaz.

– Ikastetxeko Zuzendaritza-taldearekin, ingurugiro-hezkuntzako ziklo/etapa baten programa orokorra osatzeko urteko plana egiten lagunduz.

– Ikastetxeetako irakasleekin, ikasgelan erabili ahal izateko ingurugiro-hezkuntzari buruzko baliabide didaktikoak prestatuz.

– Zikloko irakasleekin, ingurugiro-hezkuntzaren alderdiei buruz osatutako unitate didaktikoak esperimentatuz eta hauen emaitzak zabalduz.

Halaber, ingurugiro-hezkuntza eskola-curriculumean benetan integratuko bada, nahitaezkoa da irakasleei helburu hori lortzeko behar dituzten baliabide guztiak eskaintzea eta irakasleen artean baliabide horiek osatu eta trukatzeko beharra sustatzea.

Programa hau onartzen duen une honetan argitaratzen ari diren material-bilduma batzuen berri emango dugu segidan:

– IHITZA hiru hileko Buletina.

– Ingurugiro-hezkuntzari buruzko Nazioarteko Programaren Bilduma.

– «Eskola ekologikoa» proiektuaren material-bilduma: hormirudiak eta liburuskak.

– GARATU planaren ikastaro eta mintegietan erabil daitezkeen irakasleen prestakuntzarako materialak.

– Curriculum-materialak.

– Ikasgelako eta ikastetxeko esperientziak.

– Dirulaguntza jaso duten ingurugiro-hezkuntzari buruzko jarduera batzuen txostena.

– AZTERKOSTA eta IBAIALDE sentsibilizazio kanpainetako hormirudiak, unitate didaktikoak eta amaierako txostenak.

– Hiri-inguruneari buruzko hormirudiak.

5.– Irakasleen etengabeko prestakuntza.

Printzipio estrategikoak.

Ingurugiro-hezkuntzako irakasleen etengabeko prestakuntza-planaren helburua, ingurugiro ikuspuntua curriculumean eta ikastetxean barne hartzea ahalbidetuko duen irakasleen garapen profesionala sustatzea da. Prestakuntza horrek ondoko printzipio estrategiko eta antolamendukoak izan beharko ditu ardatz gisa:

1.– Curriculum-arlo guztietako irakasleei arreta eskaintzea.

Ingurugiro-hezkuntza, zehar-gaia denez gero, irakasle-talde osoaren erantzukizuna da, kontzeptuzko eta prozedurazko gai batzuk lantzean arlo batzuek pisu gehiago izan dezaketen arren.

Irakasleen ingurugiro-prestakuntza, zehar-gaia denez, ezin da irakasleen prestakuntza orokorretik at utzi, ez eta honen metodologiatik ere. Hortaz, zehar-gaietan nahiz curriculumetako arlo, irakasgai eta moduluetan aholkularitza nahiz prestakuntza lanetan esku hartzen duten erakunde eta eragile desberdinen arteko koordinazio egokia ezarri beharko da.

2.– Aniztasuna errespetatzea, ingurugiroari buruzko kontzientziari nahiz lanbide- eta curriculum-garapenari dagokienean.

Prestakuntza-eskaintza irakasle eta ikastetxeek ingurugiroaren arazoekiko erakusten duten kontzientziazio-maila eta -erritmoari egokitu beharko zaio, ondokoak hartu beharko direlarik aintzat: ingurugiro arazoa curriculumean eta ikastetxearen antolamenduan barne hartzeko ikusten duten beharra, horretarako duten gaitasuna edota curriculum-berriztapenaren eta -garapenaren aurrean duten jarrera.

3.– Ikastetxeen autonomia pedagogikoa eta autoantolamendu profesionala.

Banako, talde nahiz ikastetxeei zuzenduriko prestakuntzan, ikastetxean burutzeko prestakuntzari emango zaio lehetasuna, erreferentzia gisa ikastetxearen inguruko ingurugiro arazoa hartuko duten proiektuen bidez. Izan ere, prestakuntza honek era hobezinean lotuko ditu ikastetxearen antolamendu-garapena eta irakasleen garapen profesionala gaur egungo hezkuntza-testuinguruan, non bermatuta baitago ikastetxeen hezkuntza-autonomia eta oso garrantzitsua baita klaustroen zeregina eskola-curriculumak osatzean, honek oso nabarmen erraztuko duelarik prestakuntza-ibilbide koherenteak eta truke profesionalerako sareak sendotzea.

4.– Ezagutza pertsonal esanguratsuaren sorrera eta jatorriari buruzko kontzepzio konstruktibista.

Irakasleei eta ikastetxeei eskainitako ingurugiro-prestakuntzak, lanbidean aritzeko nahitaezkoa den ezagutza eraikitzeko prozesuak osatzen dituzten gutxieneko etapak landu beharko ditu: banakoen kontzepzioak aztertzea eta talde- edo ikastetxe-mailan edo ikastetxeen artean ere aztertzea (arloetan, mintegietan, departamentuetan); kontzepzio horiek zalantzan jartzea, ideiak eztabaidatuz, eta eztabaida aberastu eta praktikan egiaztatu beharko diren hipotesiak ezartzera eramango duen informazio berria eskaintzea; ondorioak osatzea, lanbide-praktika aldatzea eta prozesua ebaluatzea.

5.– Ikerketa-ekintzari loturiko prestakuntza.

Prestakuntza irakasle lanaren praktikarekin hertsiki loturik burutu beharko da. Ikasgelan eginiko interbentzioari edo irakasle lanaren praktikari buruzko talde-mailako ikerketari eta hemendik erator daitezkeen materialen hedapenari emango zaio lehentasuna (material didaktikoak, esperientzia berritzaileen emaitzak...). Irakasle batzuek era esperimentalean landu eta osatutako curriculum-materialek eta ikastetxe batzuetan garatutako esperientziak hedatu eta zabaltzeak beste talde eta ikastetxe batzuen prestakuntza susta dezakete.

6.– Prestakuntza ibilbide gisa.

Irakasleen ingurugiro prestakuntza aberastasun profesionala sustatuko duen etengabeko prozesua da, zeinak ondoko bilakaera bilatu beharko duen: banakoen jarreretatik taldean erabakitakoetara, ikuspuntu pasiboetatik (igorlea) aktiboetara (inplikatzaileak), kanpotik zuzenduriko prestakuntza kontzeptutik (heteroprestakuntza) kontzepzio autonomoago batera (autoprestakuntza). Ibilbide koherenteak ondoko faseak izango lituzkeen balore jakin batzuetan oinarritutako hezkuntza-prozesua suposatuko luke: ezagutza, sentsibilizazioa, konpromisoa, gaitasuna eta partehartzea.

Helburuak.

Ingurugiro-hezkuntzako irakasleen etengabeko prestakuntzarako politikak ingurugiro-hezkuntza orokorreko edozein jarduketak landu beharreko bost helburu-kategoriak hartu beharko ditu aintzat:

1.– Ezagutza.

– Ingurugiro-hezkuntzaren ardatz diren helburu, printzipio eta asmoen ezagutza garatzea.

– Ingurugiroa eta honek dituen arazoak ikuspegi holistatik ulertu eta garatzea, inguru hurbilenetik hasi eta planeta-mailara heldu arte.

– Ingurugiroarekiko baliabide desberdinei buruzko ezagutza garatzea, ikuspegi didaktikotik.

2.– Sentsibilizazioa.

– Ingurugiroari eta honen arazoei buruzko kontzientzia, sentsibilizazioa eta ardura garatzea, arazo horien prebentzioan eta horietarako egon litezkeen soluzioetan parte hartuz.

– Ikastetxeak beren ingurune sozial, natural eta kulturalean inplika daitezen sustatzea.

3.– Konpromisoa.

– Gizakiaren eta ingurunearen arteko harreman-mota berrian oinarritutako etika garatzea, baliabideen kudeaketa egokiari eta etorkizuneko belaunaldiekiko erantzukizunari hobeto egokitutako baloreak abiapuntu hartuz (solidaritatea, tolerantzia, lankidetza,...).

– Ingurugiroarekiko eta pentsamendu kritiko eta berritzailearekiko konpromisoa garatzea.

– Ikastetxean ingurugiroa defendatu eta babesteko konpromisoa garatzea.

4.– Gaitasuna.

– Ingurugiro arazoak tratatzeko egokiak diren plangintzak eta diziplinarteko ikuspuntuak burutzeko gaitasuna garatzea.

– Ingurugiro arazoak hautatu eta formulatzeari buruzko erabakiak hartzeko gaitasuna garatzea, bai eta arazo horiei aurre egiteko estrategia metodologikoak hautatzeko gaitasuna garatzea ere.

– Ingurugiroarekin loturiko ezagutzak, gaitasunak, baloreak, jarrerak eta jokabideak integratzeko gaitasuna garatzea (bost kategorietako helburu komuna).

– Hezkuntza-jarduketaren ebaluazio sistematikoa egiteko gaitasuna garatzea, bai eta ingurugiro-hezkuntzako proiektu eta programen ebaluazioa egiteko gaitasuna ere.

– Eskola-jarduerak ingurugiroan duen eragina aztertzeko gaitasuna garatzea.

5.– Partehartzea.

– Ingurugiroari buruzko baliabide-mota anitzen probetxamendu didaktikoa garatzea.

– Curriculum nahiz kudeaketa mailako hezkuntza-praktiken eraldaketa sustatzea.

– Irakasleen lanari buruzko banako nahiz taldeko hausnarketa, autoprestakuntza eta garapen profesionalerako tresna nagusi gisa garatzea.

– Ingurugiroari buruzko materialen osaketa eta proiektuetan partehartzea garatzea, talde-lana eta lankidetza sustatuz.

– Ingurugiroari buruzko material eta proiektuen garapen, esperimentazio, ebaluazio eta trukea garatzea irakasleen artean.

– Ingurugiroaren defentsa eta babesaren aldeko partehartzea garatzea hezkuntza-arloan.

Edukiak hautatzeko premisak.

Ingurugiro arazoak direla eta, irakasleen etengabeko prestakuntzak ondokoak gainditzera jo beharko du:

– Ingurugiroari buruzko kontzepzio erredukzionistak; ingurugiroa ez da inguru natural soil gisa aztertuko, inguru sozial, ekonomiko, teknologiko eta kultural gisa baizik.

– Munduaren kontzepzio mekanizistak edo erredukzionismo zientifikoak, ingurugiro-hezkuntza ez baita ilustrazio edo informazio soila, ingurugiroarekiko konpromisora eta haren aldeko interbentziora eramango duten baloreen gizarte eraikuntza baizik.

– Irakasleak elementu didaktiko soil gisa ikustea. Honetarako, curriculumaren edo ikasgelaren eremua gainditzen duten edukiak erantsiko dira, honela antolamendu-alderdiak landu ahal izateko.

– Ikastetxea bere ingurunetik isolatua egotea; ildo honetan, ikastetxea ingurura zabal dadin lortzeko gaitasuna eskainiko zaie irakasleei, eskolaz kanpoko edo eskola inguruko edukien bidez.

– Ingurugiroak gizakiaren jarduerarekin zerikusirik ez duela dioen interpretazioa; honetarako, gizaki-ingurunearen arteko elkarreraginaren ikuspegitik landuko dira ingurugiroari buruzko edukiak: ekonomi jarduerak eta garapen-ereduak ingurugiroaren egoeran duten eragina, eskola-praktikek ingurugiroan duten eragina, ingurune hurbileko eta orokorreko ingurugiro arazoak konpondu ahal izateko inplikazio pertsonalak duen garrantzia.

– Zehar-gaien tratamendu partziala eta itxia. Koherentzia eta koordinazioa bilatu beharko da irakasleen ingurugiro-prestakuntzaren eta beste zehar-gai batzuei -batik bat garapenerako hezkuntzari- dagokienaren artean, azken hau hertsiki loturik baitago ingurugiro-hezkuntzarekin, gaiari buruzko literaturari nahiz nazioarteko hitzarmenei dagokienean.

Beharrak antzematea.

Ingurugiro-hezkuntzari buruzko prestakuntza-eskaintzak maila guztietan antzemandako beharrei erantzun beharko die:

– IIHII ikastegiak, irakasleen prestakuntzarako zerbitzuarekin, ingurugiro-hezkuntzako zerbitzuarekin eta gainerako zerbitzu lagungarriekin koordinatuz, hezkuntza-sistemak dituen beharrak eta eskaintzen dituen aukerak, eta ingurugiro-hezkuntzari buruzko nazioarteko joerak ezagutzen dituen neurrian.

– Ikastetxeak, beren proiektu orokorretatik eta, batik bat, ingurugiroarekin erlazionaturiko proiektuetatik sor daitezkeen prestakuntza-eskaeren bidez.

– Irakasle-ekipoak eta -taldeak, beren izaera berritzaileagatik eta ikerketa-ekintzatik hurbilago egoteagatik.

– Irakasleak bakarka.

Jarduketa-eremuak.

1.– Ikastetxeak (klaustroak edo ikastetxeen arteko taldeak).

Ingurugiro-hezkuntza komunitateari loturik dagoenez, ikastetxea da irakasleak ingurugiro-hezkuntzan prestatzeko lekurik aproposena. Prestakuntza horretan, nahitaezkoa da ondokoen arteko koherentzia sustatzea: ikastetxeek beren ingurunearekin izan beharreko konpromisoa, ingurugiroaren aldetik egokia den ikastetxearen kudeaketa eta ingurugiro ikuspuntua curriculumean benetan barne hartzea.

Ingurugiro-hezkuntzan aintzindari diren ikastetxeetan eta klaustroak ingurugiro ikuspuntua curriculumean eta eskolan barne hartzearen aldeko jarrera eta inplikazioa erakusten duen ikastetxeetan, hezkuntza-komunitate guztiari zuzenduriko izaera esperimentaleko ingurugiro-prestakuntzari buruzko programak sustatuko dira, honela ikastetxea bera ingurunea eta komunitatea ingurugiro arazoen inguruan kontzientziatzeko ardatz bihurtuko delarik.

2.– Irakasle-taldeak.

Talde-lana eta ingurugiro-hezkuntzan motibaziorik eta esperientziarik gehien duten pertsonen arteko esperientzia trukea sustatuko da, honela curriculum- edo antolamendu-berriztapenak bultzatzeko eta material esperimentalak garatzeko.

3.– Irakasleak banaka.

Irakasleei banaka zuzenduriko ingurugiro-prestakuntzak esperimentazio-talde gisa sendotzea izango du helburutzat eta, batik bat, irakasle horiek beren ikastetxeetan ingurugiro-hezkuntzako proiektuak diseinatu eta martxan jartzea ahalbidetuko duten ardatz dinamizatzaile bihurtzeko gaitasuna lor dezaten izango du helburutzat.

Ikastetxeko proiektuen garapenetik eratorritako banako prestakuntza-beharrei ere emango zaie erantzuna.

4.– Zerbitzu lagungarrietako aholkulariak.

Oso garrantzitsua da aholkularien prestakuntza, ikastetxeei eskaini behar dieten aholkularitzan zehar-dimentsioa ere barne hartu behar baitute.

Prestakuntza hornitzeko erakunde-bideak.

Irakasle bakoitza eta ikastetxe bakoitzaren autoprestakuntza gora-behera, hauen beharrei erantzungo dien erakunde-sarea aurreikusten da:

– IIHII ikastegiak, ikastegiaren egoitzan bertan, jatorri heterogeneoko irakasle-taldeei zuzenduriko jarduketa-multzorako. Ikastegi hauetatik, irakasleen lanbide-garapena eta ikastetxeetako informazio-beharrak sustatuko dira, bertako dokumentazio-zerbitzuen bidez (mediatekak).

– IIHII ikastegia, ikastetxean eskainiko den aholkularitzaren bidez, klaustro, departamentu edo mintegi osoak parte hartzen duten prestakuntza-prozesuetarako edota ikastetxeko dinamika orokorrei erantzuten dieten prestakuntza-prozesuetarako.

– Eskualdeetako zerbitzu lagungarriak (PAT), IIHII ikastegiekin koordinatuz, ikastetxeei curiculum-arlo guztietan eta zehar-gaiak barne hartzean eskaini beharreko aholkularitza orokorreko lanetan.

– Kanpoko erakundeak (unibertsitateak,...), hezkuntza-sistemaren zerbitzu lagungarrietatik zuzenean landu ezin daitezkeen interes orokorreko jardueretarako. Kanpoko erakunde hauen lana IIHII ikastegieen plangintza orokor eta jarraipenaren menpe egongo da.

– Beren planak garatzean, banako gisa, irakasleen interesekin bat egiten duten prestakuntza-erakundeak.

– Ikastetxeen arteko lankidetza. Nahitaezkoa da ikastetxe eta irakasleen arteko esperientzia eta material trukea, honela etengabeko hobekuntza sustatuz, ikerketa-ekintza eta lankidetzan oinarrituriko garapen-eredua abiapuntutzat harturik.

Prestakuntza-modalitateak.

Segidan emango dugun prestakuntza-modalitateen zerrenda, Pedagogi Berrikuntzako Zuzendaritzak ezartzen dituen lehentasunen menpe geldituko da.

– Ikastetxeetan garatzen diren prestakuntza-prozesuak. Ikastetxea prestakuntza-leku nagusi bihurtzen da, hemen baitaude eztabaida, azterketa eta jarduketa koordinaturako bideak.

Prestakuntza-mota hau maila berekoen lankidetzan dago oinarriturik IIHII ikastegietako kanpo-aholkularitzaren laguntzaz.

Ikastetxean bertan buruturiko prestakuntza eraginkorra izan dadin, beharrezkoak dira ondoko hauek: lankidetzaren aldeko giroa, proiektu batean sinisten duen irakasle-taldea, prestakuntza-prozesuaren bidez argitu nahi den arazoaren definizio argia, eta hausnarketa eztabaidatzailean eta ikerketa-ekintzan oinarrituriko metodologia.

Ikastetxe bertako prestakuntzan maila askotariko jarduerak lan daitezke: mintegi edo departamentu bateko eta departamentuen arteko berriztapen-mintegiak; aholkularitzaren laguntzaz garatutako ingurugiro-hezkuntzako proiektuak: berriztapen-talde autonomoak; klaustro osoari zuzenduriko ingurugiro-hezkuntzari buruzko oinarrizko ikastaroak;...

IIHII ikastegiek garatutako prestakuntza-eskaintzaren plangintza ikastetxeen prestakuntza-eskaerei eman beharreko erantzunaren araberakoa izango da.

– Mintegi estensibo autonomoak. Helburutzat curriculum-garapena edo hezkuntza-berriztapena duten eta prestakuntza-prozesua garatzen duten ikastetxe bereko edo hainbat ikastetxetako irakasle-taldeak dira.

IIHII ikastegien zeregina taldeen arteko esperientzia-trukea eta elkar aberastasuna ahalbidetzea da, bai eta, aldizkako topaketen bidez, esperientzia horien ondorioak gainerako irakasleen artean zabaltzea eta IHITZA Buletina edota sortutako material batzuk argitaratzea. Helburua ingurugiro-hezkuntzaren garapenean aitzindari izango diren lan-taldeen sarea osatu eta prestatzea izango da.

– Mintegi estensibo erdi-autonomoak: lehengoak bezain autonomo ez diren baina beren ekimenez prestaturiko hausnarketa-taldeak dira. Talde hauek IIHII ikastegiak edo beste prestakuntza-erakunderen batek buruturiko aldizkako aholkularitza eta jarraipena dute.

Talde hauen gero eta autonomia handiagoa eta talde iraunkor gisa sendo daitezen sustatuko da.

– Iraupen luzeko ikastaroak. Ingurugiro-hezkuntza, curriculumaren zehar-gaia denez, helburutzat irakasleen espezializazioa eta kualifikazioa duten GARATU planeko iraupen luzeko ikastaroetan eskainiko da. Ikastaro hauetan ingurugiro ikuspuntua benetan barne hartzeko beharrezko den koordinazioa IIHII ikastegiak burutuko du.

Bestalde, zehar-gaietan edo ingurugiro-hezkuntzan kualifikatzeko ikastaroak antolatuko dira aldizka, IIHII ikastegiak ikastaro hauen plangintza, antolamendu, irakaspen eta ebaluazioan parte hartuko duelarik.

– Iraupen laburreko prestakuntza-jarduerak. GARATU planak irakasleen interes-aniztasunari erantzungo dion ingurugiro-prestakuntzari buruzko jarduera-eskaintza egingo du urtero, orain arte bezala. Eskaintza horrek ondokoak barne hartu beharko ditu gutxienez:

. Mintegi estensiboak, zeinak pixkanaka mintegi iraunkor eta autonomoak bihurtuko diren.

. Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak antolatutako ingurugiroarekiko sentsibilizazio kanpainei loturiko prestakuntza-jarduerak.

. Fase praktikoa barne hartuko duten ikastaro laburrak.

. Ikastetxeetan garatutako ingurugiro-hezkuntzako proiektuei loturiko ikastaroak.

. Topaketak. Jarduera-mota honen helburua ikastetxeen edo irakasleen arteko esperientzia eta material trukea sustatu eta erraztea da.

6.– Sentsibilizazioa eta kontzientziazioa.

Eskolaz kanpoko ingurugiro-hezkuntzako ekipamenduak.

Eskolaz kanpoko ingurugiro-hezkuntzako ekipamenduak leku ezin hobeak dira ikasleak ingurugiro arazoen inguruan sentsibilizatzeko, hezkuntza-eredu berriak eskaintzen baitituzte lan praktikoko metodologian oinarrituriko ikaskuntza-espazioak sortzean, metodologia hauek aztertuko diren objektuekin, ikaskuntza-aldien denbora-antolamenduaren beste era batzuekin eta hainbat programekin harreman zuzenean garatu direlarik.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak ikasleek ekipamendu hauetan egonaldiak egin ditzaten erraztuko duten dirulaguntzen deialdiak ezarriko ditu. Dirulaguntzen politikak ondokoak sustatuko ditu:

– Eskolaz kanpoko ingurugiro-hezkuntzako ekipamenduetan eginiko egonaldiak pixkanaka ikastetxeko curriculum-proiektuekin eta ikasgelaren programazioekin lotzea, ekipamendu horien programa itxiekin eta ikastetxe edo irakasle bakoitzaren inguru-hezkuntzaren norabidearekin inolako loturarik ez dutenekin lotu ordez.

– Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak pixkanaka zehaztuko dituen homologazio- eta azterketa-baldintzak onartuko dituzten ekipamenduak laguntzea (zuzkidura, titulazioa eta etengabeko prestakuntza; baldintza fisikoak eta ekipamenduen zuzkidurak; hezkuntza-proiektua eta antolamendu- eta kudeaketa-planak; eta abar).

Sentsibilizazio eta kontzientziazio programa orokorretarako sarbidea ikastetxeentzat.

IIHII ikastegiak diseinatu eta garatuko ditu, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak gizarte osoarentzat sustatutako ingurugiroarekiko sentsibilizazio, kontzientziazio eta partehartze kanpaina, jardunaldi edo programetan, oro har, hezkuntza-komunitate osoa eta, bereziki, ikastetxeetako ikasleak barne hartzeko estrategiak: ekosistema anitzak babestu eta defendatzeko kanpainak (itsasertza, ibaia, hiria, mendia, eta abar); egun bereziak ospatzeko jardunaldiak (zuhaitzaren eguna, ingurugiroaren eguna, naturaren eguna,...); borondatezko lanak sustatzeko jarduketak (garbiketa-kanpainak, elkarte naturalistikoen sustapena,...); erakusketak ikustea edo interes didaktikoa duten inguruneetarako irteera gidatuak edo autogidatuak; eta abar.

Gizartea eskolako kanpainetan inplikatzea.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak behar diren bideak ezarriko ditu, «Eskola ekologikoa» proiektua dela eta IIHII ikastegietan hezkuntza-sistemarako sortutako sentsibilizazio kanpainak ikastetxeak kokaturik daudeneko komunitate eta inguruneetara zabaldu eta hedatzeko, bai eta hezkuntza-sisteman eskumena duten administrazio guztiek (Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila, Udalak,...) ere, beren kudeaketa-eremutik, ingurugiro arazoa ikastetxeetara helarazteko ahalegina egin dezaten ere.

Ikasleen mugikortasuna eta trukeak.

Hezkuntza eta Ingurugiroko administrazioek euskal ikasleen mugikortasuna sustatuko dute, ingurugiroaren ikuspegitik interes berezia duten Euskal Herriko nahiz Europako espazioetan zehar (espazio babestuak, biosferako erreserbak, area degradatuak, era berritze-prozesuan dauden zonak, hondakinak edo urak kudeatzeko adibideak, ...). Horretarako:

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Euskal Herriko, Espainiako nahiz Europako ikasle-trukerako programetan ingurugiroarekin erlazionaturiko gaiak barne har daitezen sustatuko du.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak ingurugiro-hezkuntzan esperientzia eta lanibilbide nabarmena duten euskal ikastetxeak beren antzeko konpromiso-maila duten iikastetxeetan integra daitezen sustatuko du. Honetarako, euskal ikastetxeen arteko nahiz hauen eta Europako ikastetxeen arteko trukeak, bidaiak edo lotura iraunkorrak sortzeko programak sustatuko dira (sare informatikoa, ikastetxeen arteko posta,...).

IIHII ikastetxeak aholkua eskainiko die ikastetxeei ikastetxearen ikasketa-proiektuan aurreikusitako ikasleen irteeretan ingurugiro ikuspegia ere barne har dezaten.

7.– Irakasleei aintzatespena.

Oro har, irakasleei ikerketa eta esperimentazio jardueretan, prestakuntza-jardueretan eta sentsibilizazio eta kontzientziazio jardueretan parte hartzeagatik egingo zaien aintzatespena dagokion deialdian zehaztuko da.

Ikerketa eta esperimentazioa.

Hezkuntza-berriztapena eta -esperimentazioa eta ikastetxeetako prestakuntza sustatzeko, eta mintegiak edo lan -talde iraunkor autonomoak sendotzeko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren deialdietako arauak betetzen dituzten ingurugiro-proiektuek, orain arte bezala, Pedagogi Berrikuntza Zuzendaritzaren ziurtagiria izango dute, ziurtagiri hauetan burututako lanaren izaera zehaztu beharko delarik (tutoretza, koordinazioa, partehartzea,...), beti ere proiektuaren balorazio positiboa egingo balitz.

Bi Sailek batera deitutako eta IIHII ikastegiak positiboki ebaluatutako ingurugiro-hezkuntzako programei loturiko proiektuetan parte hartzea eta hauen koordinazioa Pedagogi Berrikuntza Zuzendaritzak eta Ingurugiro Baliabideen Zuzendaritzak ziurtatuko dute, orain arte bezala.

Bi ziurtagiri horiek puntuazio bera izango dute Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko irakasleak hautatzeko eta etengabeko prestakuntzako eskaintzan onartzeko prozesuak erregulatzen dituzten baremoetan.

Mintegietan edo irakasle-taldeen artean eginiko lanean sortutako eta gerora Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak edo Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak edo biek batera argitaratuko dituzten ingurugiro-hezkuntzari buruzko materialetan, egileen izenak aipatuko dira.

Irakasleen prestakuntza.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko irakasleen etengabeko prestakuntzarako deialdi orokorraren bidez (GARATU) deituriko ikastaro, mintegi, jardunaldi, biltzar, topaketa, eta abarretan, parte hartzea, orain arte bezala, Pedagogi Berrikuntza Zuzendaritzak eman beharreko ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko da IIHII ikastegiak, PATek, CEIk edo Sailaren beste zerbitzu lagungarriren batek emaniko jarduerak direnean; eta Pedagogi Berrikuntza Zuzendaritzak eta ikastaroa eman duen entitateko zuzendaritzak edo idazkaritzak batera egiaztatu beharreko ziurtagiriaz, IIHII ikastegiek aholkatutako baina Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak kontratatutako kanpoko entitateek edota horretarako beharrezko den lankidetza-hitzarmena sinatu duten entitateek emaniko jarduerak direnean. Ziurtagiri guzti hauek ikastaroa emango duen entitate edo pertsonak egin beharko duen balorazio positiboaren baldintzapean geratuko dira eta jasotako prestakuntza-orduak zehaztu beharko dira.

Pedagogi Berrikuntza Zuzendaritzak GARATU planeko ingurugiro-prestakuntzako jardueren irakaskuntza ziurtatuko die jarduera hauek irakasten dituztenei, kasu honetan izan ezik: zerbitzu lagungarrietako edo saileko ikuskaritza teknikoko kide izanik, jarduera hauek beren funtzioen egikaritzan betetzen dituztenean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko zerbitzu lagungarriren batek edo Sailak berak emaniko jarduerak direnean.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailetik kanpoko entitate batekin eginiko kontratu edo hitzarmen baten bidez burututako GARATU planeko ingurugiro-prestakuntzako jarduerak direnean, jarduera horien irakasleei entitateak berak eman beharko die ziurtagiria, entitate horren arauen araberako prozedurari jarraiki.

Sentsibilizazioa eta kontzientziazioa.

Irakasleek eskolaz kanpoko ingurugiro-hezkuntzako zentroetako egonaldietan izandako partehartzea bisitatutako ekipamenduek ziurtatuko dute, hauek eta Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailaren artean hitzartutako formulen bidez. Administrazio honek zentro horiei ematen dien homologazio- eta onarpen- mailak baldintzatuko du zentro hauek kasu bakoitzean eman beharko duten ziurtagiriaren balioa.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak hezkuntza-mundura zuzendurik egin ditzakeen ingurugiroari buruzko sentsibilizazio kanpainetan parte hartzen duten irakasleek ez dute ziurtagiri berezirik jasoko, bai ordea kanpainei loturiko etengabeko prestakuntzako edo ikastetxeko proiektuetako jardueretan parte hartzen dutenek.

8.– Urteko garapen eta planen egutegia.

Ingurugiro-hezkuntzaren programa lau ikasturtetan zehar garatuko da, 1997-98 ikasturtean hasirik. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eta Lurralde Antolamendu, Etxebizita eta Ingurugiro Sailak ikasturteari dagokion plana onetsiko dute urtero, bi aldeko Batzordeak eginiko proposamena abiapuntutzat harturik.

Urteko Planen proposamenak egiteko informazio-iturriak irakasleen, ikastetxeen, bi Sailen menpe dauden zerbitzuen eta IIHII ikastegien beharrak izango dira.

Programa koordinatu eta garatzea IIHII ikastegiei dagokie, bi Sailetako zerbitzuen aholkularitza teknikoaz baliatzea ere posible delarik.

Bi Sailek Urteko Planaren eta Programaren ebaluazioa egiteko beharrezko diren baliabideak eskainiko dituzte.

Ingurugiro-hezkuntzari buruzko Urteko Planak irakasleen eta ikastetxeen artean zabalduko dira, plan hauen berri izan eta aplika ditzaten.

Testu honen eranskin gisa, 1997-98 ikasturteari dagokion Urteko Plana aurkeztuko dugu, hauxe da hain zuzen ere Programa honen ildotik garatu den lehen Plana.

9.– Programa garatzeko sail bakoitzaren kostu eta ekarpenen balorazioa.

Alderdi orokorrak.

Unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-sisteman ingurugiro-hezkuntzaren programa garatzeko egingo diren urteko planak exekutatu, diseinatu, jarraipena egin eta ebaluatzeko prozesuarekin batera, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak plan horiek finantzatzeko bideak ezarriko ditu, ekitaldi bakoitzeko aurrekontuen bidez.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari dagozkio ondoko gastuak:

– IIHII ikastegietako pertsonalaren soldatak.

– GARATU programaren bidez urteko planetan barne harturiko irakasleen etengabeko prestakuntzarako ikastaroetan parte hartzen duten txostenegileen ordainsariak.

– Izaera orokorreko berriztapen-proiektuei edo zehar-gai bat baino gehiago lantzen duten proiektuei dirulaguntzak.

– Argitalpenak.

– Ingurugiro-hezkuntzari buruzko autonomien arteko topaketak, eskumena duten Hezkuntza Sailen artean.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailari dagozkio ondoko gastuak:

– IIHII ikastegietako instalazioak erosi, ekipatu eta mantentzea.

– IIHII ikastegietako gastu arruntak eta funtzionamendukoak.

– Ingurugiro-hezkuntzako argitalpenei buruzko politika.

– Kontzientziazio eta sentsibilizazio kanpainak.

– Sailari dagozkion eskolaz kanpoko ingurugiro-hezkuntzako zentroak kudeatzea (Peñas Negraseko Ingurugiro Interpretaziorako Zentroa, Azpeitiko Museo Medioambiental / Ingurugiro Etxea eta etorkizunean sor daitekeen beste edozein).

– Ikastetxeetan ingurugiro ikuspuntua garatzen duten proiektuetarako eta ikasleek eskolaz kanpoko ingurugiro-hezkuntzako zentroetan egingo dituzten egonaladietarako dirulaguntzak.

– Eskolako ingurugiro-hezkuntzari buruzko azterketak.

1997-98 urteko planaren aurrekontuak.

Koadro honetan, unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-sisteman ingurugiro-hezkuntzari buruzko 1997-98 urteko planaren garapenerako aurreikusitako aurrekontuak azalduko ditugu:

(Ikus .PDF)

Etorkizuna.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ondoko konpromisoa hartu dute: datozen ikasturteetan, gastuaren bilakaera KPI eta urteroko aurrekontuetan Sail horiei esleitzen zaien gastu-ahalmenaren igoera baino baxuagoa ez den gehitze iraunkorrari egokitzea.

Aurreko puntuetan adierazitako gastu iraunkorrez gain, 1997-1998-1999 hirurtekorako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailaren ardura izango den inbertsio berezia aurreikusi da, Azpeitiko Ingurugiro Etxeko erakusketa-espazio guztiak berritzeko, aurreikusitako gastua 60 milioikoa izango delarik gutxienez.

10.– Jarraipena eta Ebaluazioa.

Ohar orokorrak.

Ingurugiro-hezkuntzaren Programa hau urtero egingo diren planetan zehaztuko diren jardueketetarako esparru gisa eskaintzen da, aldi berean plan horiek sortzen diren testuinguruetara egokitu beharko direlarik.

Programa irekia denez, ebaluazioak funtsezko zeregina izango du programa horren funtzionamenduan.

Ingurugiro-hezkuntzaren Programaren ebaluazioak zeregin zehatza du: aztertu eta sistematizatu ondoren, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailari eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari informazioa eskainiko dioten datuak lortzea, finkatutako helburuak lortzen lagunduko duten jarduketak hobetu edo ekimen berriak martxan jarri ahal izateko hausnarketa egin eta erabakiak hartzeko.

Beraz, nahitaezkoa da Programaren garapenari buruzko datuak sistematikoki jasotzea, honela edozein unetan Programaren baliagarritasun, funtzionamendu eta eraginkortasunari buruzko iritzi arrazoitua eman ahal izateko.

Ebaluazioa kualitatiboa izango da koantitatiboa baino gehiago, nahitaezkoa baita ebaluazio horrek testuinguruaren baldintzak aintzat hartu eta Programaren diseinua eta garapena uler ditzan.

Ebaluazio-irizpideak.

Ebaluazioaren plangintza zehatza egitea oso zaila bada ere, Programaren diseinua, garapena eta eragina ebaluatu beharko dira.

Diseinuaren ebaluazioa ondoko irizpideen arabera egin beharko da:

– programaren interes berritzailea,

– ingurugiro-hezkuntza ikastetxeetan barne hartzeko dauden beharretara egokitzen den ala ez,

– programaren helburuen eta eskura dauden baliabideen eta aurreikusitako jarduketen arteko koherentzia,

– malgutasuna,

– bideragarritasuna.

Programaren garapena eta eragina ebaluatzeko ondoko irizpideak erabiliko ditugu, besteak beste:

A) Ikerketa eta Esperimentazio Plana dela eta:

– IH ikastetxeen curriculumean nahiz funtzionamenduan barne hartzeko esperientziak, proiektuak eta planak garatzea.

– IH-k ikastetxeen oinarrizko dokumentuetan (IHP, IIP, AJA eta IP) duen integrazio-maila.

– Erakundeen laguntza IH eskola-eremuan barne hartzeko (finantzaketa, aholkularitza, orokor daitezkeen esperientziak zabaltzea,...).

B) Irakasleen etengabeko prestakuntza dela eta:

– IH-ren printzipio eta helburuen zabaltze-maila; ngurugiroko arazoei buruzko ezagutzaren garapena.

– Fenomeno naturalen eta sozialen arteko elkarreraginaren ezagutza, lekuan lekuko nahiz mundu mailan.

– Ingurugiroa defendatzeko ekintzetan parte hartzea sustatzeko baliabide didaktiko anitzen ezagutza-maila.

– Irakasleek ingurugiroarekiko duten sentsibilizazio mailak beren lanean duen eragina.

C) Sentsibilizazioa eta kontzientziazioa dela eta:

– Ikastetxeek ingurugiroaren aldeko sentsibilizazioa, kontzientziazioa eta partehartzea sustatzeko kanpaina, jardunaldi edo programetan erakutsitako inplikazioa.

– Ikastetxeak IH-ren eremuko lana erraztuko duten eskola-trukeko programetan parte hartzea.

D) Ikastetxeetako barne nahiz kanpo bizitzako eragileengan Programa honen garapenak eragin dituen aldaketak direla eta:

– baliabideen erabilera egokia,

– ingurunearekiko jarrera positiboen garapen-maila,

– ingurugiroaren hobekuntzan parte hartzea,

– ingurugiro kudeaketaren azterketa kritiko eta objektiboa,

– ingurugiroan eragin negatiboak saihesteko borondatea eta jarrera erabakiorra.

E) Programa garatzeko erabilitako baliabideak direla eta:

– kantitatea, kalitatea, egokipena eta eraginkortasuna.

Ebaluazio-prozesua.

Informazioa jasotzeko erabiliko diren tresnak aldatu egingo dira edukien arabera. Eduki bakoitzerako metodo bat baino gehiago erabiliko dira, honela informazio osagarriak lortu eta ikertu nahi denari buruzko ikuspegi zehatzagoa lortu ahal izateko.

Ebaluazio-prozesuan Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, IIHII ikastegiak eta ikastetxeetako irakasleek hartuko dute parte. Nolanahi ere, une jakin batzuetan, beharrezkoa izango da erabakiak hartu ahal izateko beharrezko den informazioa osatuko duen kanpo-ebaluazioaren laguntza.

Ebaluazio-uneak direla eta, ondokoak egin beharko dira:

– Hasierako edo diagnostiko gisako ebaluazioa. Hemen, Programaren diseinua aztertzeaz gain, IH-k hezkuntza-sisteman duen ezarpenaren egoera ere aztertuko da.

– Programaren garapenean zehar etengabe egingo den prozesu-ebaluazioa, honela Urteko Planaren garapenean zehar edota Plan horiek diseinatzean jarduketa batzuek berbideratzeko behar posibleak ikusi ahal izateko.

– Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Programa hau ezarritako unetik (1997-98) lau ikasturtera egingo den azken ebaluazio kritikoa, izaera orokorrekoa, zeinak lortutako garapen-mailaren arabera beharrezko diren helburuak, jarduerak, baliabideak eta egitura berdefinituko dituen Programa berria diseinatu ahal izateko diagnostiko gisa balio beharko baitu.

11.– Arauen aldaketak, unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-sisteman ingurugiro-hezkuntzaren programaren garapena hobetzeko asmoz.

Ingurugiro-hezkuntzaren Programa hau unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-sisteman martxan jartzeko, gomendagarria da IIHII ikastegien inguruan indarrean den araudia egokitzea, araudi hori ondokoekin bat etor dadin:

– Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saiburuaren 1996ko ekainaren 26ko Agindua, zeinak unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-sistemako ingurugiro-hezkuntza erregulatzen duen, IIHII ikastegien bidez.

– Unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-sistemarako Ingurugiro-hezkuntzaren Programa hau.

Gaur egun indarrean dagoen araudiaren egokipen eta batasuna segidan emango ditugun helburuak izango dituzten dekretu eta/edo agindu bateratuen bidez egingo da:

– IIHII ikastegiak sortzea, egun indarrean dauden dekretuak baliogabetuz, eta IIHII ikastegien egitura bat sortzea, lurralde historiko bakoitzak hedadura desberdineko Ikastegi bat izango duelarik:

– Araba: Vitoria-Gasteiz, Aiara, Errioxa.

– Bizkaia: Bilbao, Urdaibai eta, hala badagokio, Basauri.

– Gipuzkoa: Donostia-San Sebastián eta Legazpi.

– Lanpostu-hornikuntzarako prozedura definitzea, irakasle-kidegoen Legearen arabera.

– IIHII ikastegien menpekotasun organiko eta funtzionala, beren funtzioak eta bakoitzaren dimentsionamendua zehaztea, unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-sistemako Ingurugiro-hezkuntzaren Programa honen 3. idazatian aurreikusitakoaren arabera.

Oinarrizko araudia argitaratu ondoren eta dagozkien lanpostu-zerrendetan definitutakoari jarraiki, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak lanpostuak hornitzeari ekingo dio, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailarekin batera erabakitako prozeduraren bidez.

12.– Bi aldeko batzordea, unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-sisteman ingurugiro-hezkuntzaren programaren jarraipena egiteko.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren eta Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren 1996ko ekainaren 26ko Aginduaren 3. atalaren arabera, zeina unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-sistemarako ingurugiro-hezkuntzaren Programa honen jatorri den, Programa hau erredaktatu duen bi aldeko batzordeak du jarraipena egiteko erantzukizuna.

Bi aldeko batzorde hori ondoko kideek osatuko dute:

– Pedagogi Berrikuntzako Zuzendaria edo eskuordetutako pertsona.

– Ingurugiro Baliabideen Zuzendaria edo eskuordetutako pertsona.

– IIHII ikastegietako plantilako bi (2) kide.

Bi aldeko batzordeak, Programaren eta hau garatzeko egingo diren urteko planen jarraipen egokia egin ahal izateko, ondoko funtzioak bete beharko ditu:

PROGRAMAZIOA

– IIHII ikastegiek, Ingurugiro-prestakuntza zerbitzuak edo Pedagogi Berrikuntza Zuzendaritzak urteko planetan barne hartzeko egiten dituzten jarduera- eta programa-proposamenak ikuskatu eta baloratzea.

– Urteko planak, ezarri beharko diren ikasturte hasiera (iraila) baino bederatzi hilabete lehenago diseinatu eta proposatzea.

AURREKONTUAREN JARRAIPENA

– Proposamenen aurrekontu-kostuen kalkulu xehatua egitea.

– Jarduketa-proposamenak dauden aurrekontu-aukerei egokitzea.

– Gastuaren exekuzioaren jarraipena egitea.

EBALUAZIOA

– Unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-sistemako Ingurugiro-hezkuntzaren Programaren garapen koherente eta mailakatua bermatuko duten ebaluazio partzialak eta osoak egiteko prozedurak proposatzea.

– Ebaluazioen emaitzak Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailari eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari jakinaraztea.

IIHII-EN JARRAIPENA

– IIHII ikastegiek eginiko jarduketen jarraipen zuzena egitea, 1996ko ekainaren 26ko Aginduaren zazpigarren artikuluan aurreikusitakoa betetzeko. Agindu horrek bi aldeko batzordeak diseinaturiko eta Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak onetsitako urteko planak koordinatu eta garatzeko eginkizuna esleitzen die IIHII ikastetxeei.

ERANSKINA: INGURUGIRO-HEZKUNTZAREN PLANA 1997-98 UNIBERTSITATEAZ KANPOKO HEZKUNTZA-SISTEMAN

LEHENTASUNEZKO JARDUKETA-ARDATZAK

1.– Ikastetxeei eta hezkuntza-sare guztiari zuzenduriko sentsibilizazioa.

2.– Ingurugiro-hezkuntza eskola-curriculumean barne hartzea.

3.– Irakasleen ingurugiro-prestakuntza.

1.– Ikastetxeei eta hezkuntza-sare guztiari zuzenduriko sentsibilizazioa.

– Aztertu

Ingurugiroa defendatu, zaindu eta babestea hiritar guztiei nahiz admnistrazioei dagokie. Itsasertz, estuario eta ibaien azterketaren bidezko ingurugiroaren egoerari buruzko sentsibilizazioa hiritarren kontzientziaziorako abiapuntua izango da. Hori aintzat harturik, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak AZTERKOSTA eta IBAIALDE sentsibilizazio kanpainak sustatzen ditu, ikasleen nahiz gainerako hiritarren artean, IIHII ikastegiek izango dutelarik eskola-eremuan kanpaina hauen koordinazioa egiteko ardura.

– AZTERKOSTA: Itsasertzaren erabilerak eta itsasertzeko uren poluzioa behatzea, isurketa-iturrien eta itsasertzean pilatzen diren hondakinen azterketaren bidez, honela itsasertza zaintzeko beharraren inguruan sentsibilizatzeko. Seigarren kanpaina egitea (1997ko urria). 2.000 lagunetik gorako partehartzea lortu nahi da eta itsasertz eta estuarioko 400 km. inguru aztertzea da helburua.

Hurrengo Azterkosta 98 kanpaina prestatzea eta proposamen didaktikoak osatzea eta kanpainan parte hartuko duten irakasleentzat prestakuntza-ikastaroa.

– IBAIALDE: Ibaietako ekosistemen arazoak aztertzea; uren eta izaki bizidunen egoera, eraginak: ibaialdeen eraldaketak, poluzioa, eta abar. Ibaiei buruzko hirugarren sentsibilizazio kanpaina prestatu eta martxan jartzea (1998ko udaberria), ikastetxeak kanpaina honen ezagutzan eta ibai-ubideen kudeaketa egokia lortzeko jardueretan inplikatuz.

Kanpainarako material didaktikoak eta irakasleentzat prestakuntza-ikastaroa aurkeztea.

– Eskola ekologikoa.

Ikastetxea ingurune paregabea da ingurugiroarekiko errespetuan oinarritutako bizimodua praktikatzeko eta papera, ura edo energia bezalako baliabideen erabilerari buruzko hausnarketa bultzatzeko. Ingurunearen eta pertsonen arteko harremanen aldaketak baliagarri izan daitezke ikastetxeetan ingurugiroarekiko errespetua sustatzeko.

Ikasturte honetan «Ekologia Eskolan» proiektua jarriko da martxan, kanpaina honekin bat egiten duten ikastetxeentzat esperientzia pilotua, zeina euskal hiriburuetako IIHII ikastegiek eta Udalek koordinatuko duten.

IIHII ikastegian, hasitako curriculum-zehaztapenen osagarri izango diren material berriak osatzeari ekingo zaio, kartel orokorrean planteatutako alderdi bakoitzaren garapena ahalbidetzeko eta eskola praktika hobetzeko.

– Lurralde-topaketak.

Euskadiko Ingurugiro-hezkuntzari buruzko II Jardunaldiak ospatuz geroztik, urtero, egun berezi bat aukeratzen da lurralde bakoitzean ikastetxeen arteko esperientzia-trukea eta ingurugiro arazo jakin bati buruzko ekipamendu-trukea egiteko.

IIHII ikastegiek antolaturik, VII Lurralde-Topaketak ospatuko dira (1998ko udaberria), ingurugiro-hezkuntzan lan egiten duten pertsonen artean esperientziak trukatu eta baliabideak eta harremanak zabaltzeko.

– Ingurugiro-hezkuntzako ekipamenduak.

Ekipamenduak (baserri-eskolak, intrepretaziorako zentroak, museoak,...) ingurugiroarekiko sentsibilizaziorako leku oso aproposak dira, aztertu beharreko objektu edo gaiekin harreman zuzena izanaz garatu diren ikaskuntza berriak eskaintzen baitituzte.

Ingurugiro Sailordetzaren ekipamenduekiko elkarlanari eutsiko zaio:

– PEÑAS NEGRASEKO INGURUGIRO INTERPRETAZIORAKO ZENTROA: Zugastietako (Bizkaia) garai bateko meatze-zonaren interpretazioan dihardu, bertako erakusketa-gelaren eta ikasleentzat prestatzen diren ibilbide gidatuen bidez.

– «INGURUGIRO ETXEA»: Azpeitiko «Umeentzako Museoa» ingurugiroaren interpretazioari emaniko zentroa izan da. Hamar urteko ibilbidearen ondoren, berritzen eta eraldatzen ari da une honetan eta izena ere berritu du: «Ingurugiro Etxea» du izena orain.

Bilerak egiten dira beste erakunde eta elkarte pribatuetako ekipamenduekin eta bilera hauetan Natura-Ikasgela, Baserri-Eskola, IH-ko Zentro eta beste hainbat taldeetako ordezkariak biltzen dira, arazo komunak aztertzeko, informazioa trukatzeko eta estrategia bateratuak planifikatzeko.

Datorren ikasturtean, ikastetxe hauetan aplikagarri den araudia osatuko da, honela beren hezkuntza-eskaintza bermatu ahal izateko.

– Urdaibai sarien edizioa.

1997ko urtarrilaren 24an Erreserbako Patronatuak onetsi zuen «Urdaibaiko Biosfera Erreserban Interpretazioa, Ikerketa eta Ingurugiro-hezkuntza garatzeko Maneiu-Plana» garatuko duten jarduerak egitea.

Urdaibai sarien edizioak Urdaibaiko Biosfera Erreserban eginiko ingurugiro-hezkuntza eta -ikerketari buruzko proiektuetarako sail bat barne hartuko du.

– Beste erakunde batzuek sustatutako kanpainetan parte hartuko duten ikastetxeen koordinazioa.

IIHII ikastegiek burutuko dute Mankomunitate, Udal, Foru Aldundi edo beste erakunde batzuekin izan beharreko koordinazioa, ingurugiroarekiko sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainei buruzko aholkua eskaintzeko edota kanpaina hauek sustatzeko.

2.– Ingurugiro-hezkuntza eskola-curriculumean barne hartzea.

– Ingurugiro-hezkuntzari buruzko ikastetxeen ikerketa eta esperimentazio lanei laguntzak.

Ingurugiro-hezkuntzako jarduerak egiteko dirulaguntzak eskaintzea ikastetxeei, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eta Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak sustaturik.

– Curriculum-berriztapeneko proiektuak.

– IH ikastetxeetan barne hartzeko proiektuak: 1996ko abenduaren 17ko Aginduak unibertsitateaz kanpoko ikastetxeei dirulaguntzak emateko prozedurak erregulatzen ditu, ikastetxe horietan ingurugiro-hezkuntza barne hartu edo sustatuko duten proiektuak garatzeko.

– Egonaldiak eskolaz kanpoko IH-ko zentroetan: 1996ko abenduaren 17ko Aginduak unibertsitateaz kanpoko ikastetxeei dirulaguntzak emateko prozedurak erregulatzen ditu, eskolaz kanpoko ingurugiro-hezkuntzako zentroetan egonaldiak egiteko.

– Ibilbideak, trukeak edo topaketak Urdaibain: Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren eremuan ibilbideak, trukeak eta topaketak egiteko proposamenetarako dirulaguntzak erregulatzen dira.

– Aholkularitza.

IIHII ikastegiek ingurugiro-hezkuntza eskola-curriculumetan barne har dadin sustatuko dute, horretarako beren dokumentazio-zentroetako baliabideak eta aholkularitza pertsonalak eskainiz irakasle eta ikastetxeei.

Dirulaguntza jaso duten proiektuen jarraipena eta aholkularitza. Ingurugiro-hezkuntza ikastetxeetan barne hartu edo indartzeko proiektuak garatzeko dirulaguntzen deialdian parte hartzeak aldez aurretik IIHII ikastegiarekin hitzartutako irakasleen prestakuntzarako konpromisoa dakar ondoriotzat, prestakuntza hori 97/98 GARATU Programako ikastaroen bidez nahiz ikastetxean bertan jasoko den aholkularitza zuzenaren bidez burutuko delarik. Proiektuen jarraipena, dagozkien IIHII ikastegien lehen bilera baten bidez (eskualde bereko ikastetxeen arteko koordinazioa sustatzeko asmoz) eta ikasturtean zehar ikastetxeetara egin beharko den gutxieneko bisitaldi baten bidez egingo da. 97-98 ikasturtea amaitzean, garatutako proiektua, proiektuaren ebaluazioa eta sortutako materialak jasoko dituen txostena aurkeztu beharko dute ikastetxeek.

Ikastetxean egiten diren eskolaz kanpoko jarduera osagarrien arduradun diren irakasleekin elkarlana, jarduera hauek egin ahal izateko materialak eta aholkularitza eskainiz.

Eskolako baratzea martxan duten ikastetxeekin elkarlana, material didaktikoen eskaintzaren, esperientzia trukeen eta lan-talde eta ekipamenduen koordinazioaren bidez (Biolur, Landatur, Eskoriatzako Museoa,...).

Ikastetxeek hala eskatuta, beren hezkuntza- eta curriculum-proiektuak osatzen laguntzea eta orientabideak ematea.

– Baliabideak.

– Ihitza Buletina.

IIHII ikastegiak sortuz geroztik, IHITZA Buletina izan da informazioa zabaltzeko erabili den tresna. Buletin honetan ingurugiro arazoei eta IH garatzeko metodologiari buruzko informazioa biltzen da; honetaz gain, ikastetxeen esperientziak trukatu eta hainbat baliabide eskaintzen dira: ibilbideak, simulazio-jokoak, berri bibliografikoak, eta abar. Erkidegoko ikastetxe guztiei eta eskatzen duten erakundeei eta ingurugiro-hezkuntzaren eragileei bidaltzen zaie Buletin hau.

Ikasturte honetarako, ondoko hiru IHITZA Buletinak argitaratzea eta ikastetxe guztietara doan bidaltzea aurreikusten da:

IHITZA, 26. zenb. (97ko abendua)

IHITZA, 27. zenb. (98ko apirila)

IHITZA, 28. zenb. (98ko iraila)

– Dokumentazio-zentroak.

Ingurugiroa elkarrekin loturik dauden elementu fisiko eta sozio-kulturalez osaturiko sistema gisa hartzen duten lanek ikuspegi orokorra aintzat harturik aztertu beharko dute ingurugiroa, diziplina desberdinetako ezagutzak batuz. Beraz, beharrezkoa da ingurugiroan espezializaturikoaz gain, ingurugiro-hezkuntzarako metodo anitzetan ere espezializaturiko dokumentazio-zentroak izatea. Hau horrela izanik, IIHII ikastegien zereginetako bat dokumentazio-zentro hauek sortu eta garatzea izan da, zentro hauetan liburuak, aldizkariak, prentsako artikuluak, ikus-entzunezko materiala eta ikastetxeetan garatutako proeiktuen materialak jaso direlarik. Zentro hauek zabalik dituzte ateak irakasleek kontsultak egin ditzaten eta ikastetxeetan ere erabili daitezke.

Ikasturte honetan ere garatuz joango dira dokumentazio-zentroak, material berriak erosiz eta bideotekako fondoak eta beste hainbat material informatizatuz.

Modem bidezko sare informatikoa osatzea ere proposatu da, honela IIHII ikastegien eta Ingurugiro Sailordetzaren arteko konexioa ahalbidetuz.

– Unitate didaktikoak.

Ingurugiro-hezkuntza ikastetxeetan barne hartu eta garatuko bada, ezinbestekoa da horretarako material didaktiko egokiak izatea. Hau dela eta, ahalegin handia egin da derrigorrezko hezkuntzako ziklo guztietarako unitate didaktikoak diseinatu eta osatzeko, zailtasun edo interes bereziko gaiak ere barne hartuz.

Unitate didaktikoak aurkeztu, zabaldu eta ebaluatuko dira eta hauei buruzko aholkularitza eskainiko da:

Haur Hezkuntza.

– Izaki bizidunak zaindu eta errespetatzea: animaliak eta landareak.

– Baliabide materialak.

Lehen mailako Hezkuntza

1. zikloa.

– Biodibertsitatea deskubritzea.

– Ingurunearen poluzioa antzematea.

– Eguneroko bizimoduan erabiltzen diren produktuak. Produkzio-, banaketa- eta kontsumo-prozesuak.

2. zikloa.

– Biodibertsitatea aprobetxatzea.

– Uraren poluzioa.

– Lanbideak.

3. zikloa.

– Biodibertsitatea ezagutzea.

– Hiri-poluzioa.

– Produkzioa lehen sektorean. Ingurugiroan duen eragina.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.

1. zikloa.

– Biodibertsitatearen aurkako mehatxuak.

– Berotegi-efektua.

– Industria.

2. zikloa.

– Biodibertsitatea.

– Euri azidoa.

– Ekonomi jarduerak eta ingurugiroa: kontsumoa.

– Ingurugiro-hezkuntzako materialak osatzea.

Ingurugiroari buruzko arazoak ezagutarazteko eta gai horien inguruko kontzientziazioa zabaltzeko materialak osatzea da IIHII ikastegien zereginetako bat. Ikasturte honetarako, IIHII ikastegien helburu, funtzio eta zerbitzuen berri eta «Eskola ekologikoa», «Itsasertzeko ekosistema» eta «Ibaietako ekosistema» hormirudien erabilera didaktikoaren berri emango duten informazio-liburuskak argitaratu eta zabaltzea proposatu da.

Hormirudi berri bat prestatuko da «Hiri-ingurunea»ri buruz.

«Eskola ekologikoa» proiektua garatzeko koadernoak prestatu eta zabalduko dira, orain arte bezala.

– IIHII ikastegien partehartzea ingurugiro-hezkuntzako jardueren koordinazioan.

Ingurugiro-hezkuntza sustatzen duten erakunde eta organismo aukera zabala ikusirik, nahitaezkoak dira kolaborazioa eta lankidetza, irizpideak bateratu eta ingurugiro-hezkuntzari buruzko lanei batera ekin ahal izateko. IIHII ikastetxeek, orain arte bezala, ondoko proiektuetan parte hartuko dute:

– ACLIMA (Ingurugiroko enpresa-clusterraren elkartea):

Giza baliabideen batzordearekin koordinazioa eta lankidetza CEI-ko aholkulari batekin batera, heziketa-ziklo berrietan ingurugiro-hezkuntzako materialak osatzeko.

– LENBUR (Natura eta burdinaren artisautza):

Legazpiko Udalak sustatzen duen Lenbur planarekin lankidetza.

– BESTE EKIMEN BATZUK:

IKHE-arekin lankidetza (Ingurugiro- eta Kontsumitzaile-hezkuntzako Elkartea), «Ekoeskolak» programa garatzeko, programa honi ekin nahi dioten ikastetxeetan.

– ERKIDEGOEN ARTEKO ERAKUNDEAK

Hezkuntza-mailan eskumena duten Autonomia Erkidegoetako ingurugiro-hezkuntzako ordezkarien eta Hezkuntza Ministerioko ordezkarien arteko bileretan parte hartzea, batetik, infomazioa trukatu eta, bestetik, ingurugiro-hezkuntza hezkuntza-sisteman eraginkortasunez integratu eta garatu ahal izateko irizpideak eta estrategiak bateratzeko.

– NAZIOARTEKO KOORDINAZIOA:

Portugaletik zuzenduriko proiektu batean parte hartzea «Ingurugiro Arloko enpresetan ikastetxeak sortzeko», «Leonardo da Vinci» deialdiaren baitan, aholkularitza eta materialak eskainiz.

– CERES Proiektua.

«Hego Europako Ingurugiro-hezkuntzari buruzko VII Topaketetan» parte hartzea.

3.– Irakasleen ingurugiro-prestakuntza.

– 1997/98 GARATU Planean jasotako ingurugiro-hezkuntzari buruzko prestakuntza-ikastaroak.

GARATU 97-98 Planaren bidez eskainiko diren eta datorren ikasturterako proposatzen diren ikastaro eta mintegi batzuk zerrendatuko ditugu segidan.

– IBAIETAKO EKOSISTEMAREN AZTERKETA. Ibaialde kanpaina aztertzera zuzenduriko ikastaroa, bertan ibaietako ekosistemen arazoak aztertuko direlarik. 30 ordu. Ikastaro bat egingo da lurralde bakoitzean.

– HIRI EKOSISTEMA. Hiri-ingurugiroari eta honen tratamendu didaktikoari buruzko ikastaroa. 30 ordu. Bizkaian egingo da ikastaroa.

– ITSASERTZEKO EKOSISTEMA. Azterkosta kanpaina aztertzera zuzenduriko ikastaroa, bertan itsasertzeko ekosistemen arazoak aztertuko direlarik. 30 ordu. Ikastaro bat egingo da lurralde bakoitzean.

– ESKOLA EKOLOGIKOA. Eskola ekologikoa lortu ahal izateko ikastetxea eta honen funtzionamendua aldatzeko erak aztertuko dituen ikastaroa. 30 ordu.

– ESKOLA EKOLOGIKOARI BURUZKO MINTEGIA. Aurreko ikastaroaren jarraipena, ikastetxeetan egingo den esperimentazioaren bidez.

– IH-rako ESKOLA-ESTRATEGIAK. IH ikastetxeetan lantzeko dauden erei buruzko ikastaroa. Ikastaro honen fase praktikoan, hainbat proiektu diseinatu, aplikatu eta ebaluatuko dira. 40 ordu. Bizkaian egingo da ikastaroa.

– IH-ri buruzko SARRERA-IKASTAROA URDAIBAIN. IH-ri buruzko azterketa espazio babestu batean.

– INGURUGIRO-HEZKUNTZARI BURUZKO JARDUNALDIAK. Legazpiko aterpetxean egingo dira eta hainbat ingurugiro arazo aztertuko dira bertan, alderdi biofisiko eta sozialak barne hartuz. Bi egun. Legazpin.

– INGURUGIRO ARAZOEN AZTERKETA DBH eta DBHO-ko CURRICULUMETAN. Gai hauek garatzeko lau hitzaldiko zikloa eta material didaktikoak. 20 ordu. Hiru ikastaro egingo dira.

– LUR ETA INGURUGIRO ZIENTZIETAKO CURRICULUMA GARATZEKO MINTEGIA. Irakasgai honetarako material didaktikoak diseinatu, aplikatu eta ebaluatzeko.

– UNITATE DIDAKTIKOEN ESPERIMENTAZIOA. Material didaktikoak esperimentatu eta ebaluatuko dira. Hiru lurraldeetan egingo da ikastaroa. 30 ordu. Hiru ikastaro.

– EKOLOGIA HIRIAN GAIARI BURUZKO MINTEGIA HHI-rako. Hirietako arazorik ohikoenak eta ingurugiro-hezkuntzak ematen dituen alternatibak aztertuko dira. 45 ordu. Bizkaia eta Araban.

– ESKOLAKO BARATZEARI BURUZKO SARRERA-IKASTAROA. Eskolan baratze bat antolatzeko behar den antolamendua eta landareak landatzeko oinarrizko teknikak aztertuko dira. 30 ordu. Gipuzkoan.

– IH-ri buruzko SARRERA-IKASTAROA IKASTETXEETAN. IH-ren jatorria, helburuak eta baliabideak, eta proiektuak martxan jartzea ikastetxeetan. 20 ordu. Ikastaroa eskatzen duten ikastetxeetan garatuko da.

IIHII ikastegietako prestakuntza-jarduerak.

IIHII ikastegietako langileen etengabeko prestakuntza proposatzen da, ingurugiroari buruzko prestakuntza-jardueretan parte hartuz:

– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Zerbitzu Lagungarriek ondoko gaiei buruz antolatutako prestakuntza-jardunaldietan parte hartzea: curriculumaren egokitzapenak, zehar-gaien integrazioa, metodologia, edukien testuingurua eta sekuentziazioa, eta abar.

– Ingurugiro-hezkuntzarekin eta ingurugiroarekin erlazionaturiko alderdiren bat sakontzeko ikastaroak antolatu eta bertan parte hartzea (zehar-gaiak, baloreak, konstruktibismoa,...).


Azterketa dokumentala