
130. zk., 1998ko uztailaren 13a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Lurralde Antolamendua, Etxebizitza eta Ingurugiroa
3208
121/1998 DEKRETUA, ekainaren 23koa, Arabako Foru Aldundiak, nahitaezko desjabetza egiteko, "A-3310 errepidea hobetu, plataforma handitu eta zoladura tinkotzeko proiektua 27,480 km (Hereñako gurutzebidea) eta 29,780 km (Pobes) artean" burutzeko beharrezko diren ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu behar dituela deklaratzeko dena.
«A-3310 errepidea hobetu, plataforma handitu eta zoladura tinkotzeko proiektua 27,480 km (Hereñako gurutzebidea) eta 29,780 km (Pobes) artean» burutzeko desjabetu behar diren ondasun eta eskubideak hasiera batean jendaurrean jartzea erabaki zuen Arabako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak 1997ko abenduaren 9an hartutako Akordioz. Horren ostean, 1998ko martxoaren 17an izandako bilkuran, nahitaezko desjabetzaren eraginpean dauden ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzeko eskatu zitzaion Eusko Jaurlaritzari, Nahitaezko Desjabetzari buruzko Legearen 52. atalean ezarritakoaren arabera.
Lehenbailehen hartu beharreko ondasun eta eskubideak banakatuta eta xehatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko beharrezkoak diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian eta, administrazio espedientean adierazten denez, ez zen inolako arrazoibide-idazkirik aurkeztu.
Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saileko zerbitzu teknikoek aldeko irizpena eman dute, aukeratutako lurren erabilpenak eta indarrean dauden legeak bat datozela adierazi baitute.
Ondasun eta eskubide horiek hartzea luza ezinezkotzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:
A-3310 errepideak Manzanos eta Pobes herriak lotzen ditu. Manzanos eta 27,480 km (Hereñako gurutzebidea) arteko errepidetartea zabaldu eta hobetu egin da oraintsu.
Gurutzebide horretatik aurrera ez da plataforma handitzeko lanik egin A-3310 errepidean.
A-3310 errepideak 27,480 km eta 29,780 km arteko errepidetartean duen asfaltoa oso egoera txarrean dago, oso higatuta, ertzetan harriskak kenduta eta zulo eta deformazio handiak baititu.
Azalkaduraren zabalerak aldakorrak dira. Lehenengo errepidetarteak, 400 metroko luzerakoa, Autopista Vasco-Aragonesa eraikitzean egindako saihesbidea dena, 8 metrorainoko zabalera du autopista horren gainean dagoen zubian, gero estutuz doala gainerako errepidearekin bat egin arte.
Lehenengo tarte hori igarotakoan, zabalerak 3,70 m eta 4,50 m bitartekoak dira, azken 200 metrotan izan ezik, 5 metroko zabalera zolatua baitago. Ikus daitekeenez, zabalera horiek ez dira batere egokiak zirkulazioa erosoa eta segurua izan dadin.
Errepideko areka eta drenajeak oso txarto daude zainduta, areaketan landareak ere daudela eta zeharkako drenajeak lurrez estalita.
Zeharkako drenaje horiek hormigoi zentrifugatuzko hodiek osatzen dituzte, diametro txikikoak eta sarrera-irteerak oztopatuta dituztenak. Inguruko finketarako irisbideek eragotzi egiten dute luzera-drenajea, trabatuta baitaude euren bokaleak.
Honako hau da proiektuaren xedea: A-3310 errepidea hobetu, plataforma handitu eta zoladura tinkotzea 27,480 km eta 29,780 km artean, azalkaduraren zabalera 5,00 m-koa izan dadin toki guztietan eta 0,50 m-ko bi bidertz lasta artifizialez tinkotuta, hau da, plataformak 6,00 metroko zabalera izan dezala, ibilbide osoan zehar zabalera berdina izateko moduan. Horrela, zirkulazioa hobeto eta segurtasun handiagorekin joango da.
Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) atalean xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea nahitaezko desjabetzak honako hauek hartzen dituenean: egiterapen-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta lur hirigarrian egin beharreko egintza isolatuak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2 atalean ezarritakoaren arabera, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari zegokion horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluan aurkeztea.
Ondorioz, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 1998ko ekainaren 23an egindako bilkuran aztertu ondoren, hauxe
XEDATU DUT:
Atal bakarra.– Nahitaezko Desjabetzari buruzko Legearen 52. atalean eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, «A-3310 errepidea hobetu, plataforma handitu eta zoladura tinkotzeko proiektua 27,480 km (Hereñako gurutzebidea) eta 29,780 km (Pobes) artean» burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Arabako Foru Aldundiak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.
RSS