
130. zk., 1998ko uztailaren 13a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Osasuna
3205
AGINDUA, 1998ko ekainaren 4koa, Osasun sailburuarena, Begoña Ortega Arteagak jarritako errekurtso arrunta ezesteko eta farmazia bulegoa sortzeko epea geldiaraztea ukatzeko dena.
Begoña Ortega Arteaga andreak errekurtso arrunta jarri zuen Osasun sailburuordearen 1998ko martxoaren 16ko erabakiaren aurka (1998ko apirilaren 6ko EHAA, 65. zk.), zeinaren bidez Fernando Sendino Revueltaren farmazia bulegoari funtzionamendu-baimena ematen baitzitzaion. Hori ikusirik, eta kontutan izanik ondoko
GERTAKARIAK
1.– Osasun sailburuaren 1997ko apirilaren 23ko erabakiaren bidez (1997ko maiatzaren 22ko EHAA, 96. zk.), Fernando Sendino Revuelta jaunari baimena eman zitzaion farmazia bulego bat sortzeko, Barakaldoko (Bizkaia) udalerriko Aragón kaleko 3.ean (sarrera Ronda Resurrección M.ª Azkue, z/g-tik), hain zuzen. Sortzeko baimen hori baldintzatua geratzen zen funtzionamendu-baimena lortu arte.
2.– 1998ko martxoaren 16ko erabakiaren bidez, aipatutako farmazia bulegoari funtzionamendu-baimena eman zitzaion.
3.– Funtzionamendu-baimena emateko zen 1998ko martxoaren 16ko erabaki horren aurka errekurtso arrunta jarri zuen Begoña Ortega Arteaga andreak, errekurtsoan bertan adierazitako gertakariak eta arrazoiketa juridikoak alegatuz.
4.– Herri Administrazioen Lege Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio Jardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 112.2 atalari jarraituz, gainerako interesatuei errekurtsoaren jakinarazpena egin zitzaien, bidezko iritzitako alegazioak egin zitzaten.
Fernando Sendino Revuelta jaunak eta Cristina Urquidi Díaz andreak (Amparo Díaz Armayor andrearen izenean) alegazio-idazki bana aurkeztu zuten, 98.05.14an eta 98.05.27an, hurrenez hurren.
ZUZENBIDEZKO OINARRIAK
Lehena.– Osasun sailburuari dagokio errekurtso hau erabakitzea, Herri Administrazioen Lege Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio Jardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107 eta 114 atalek diotenaren arabera, Osasun Sailaren egitura organikoari buruzko uztailaren 11ko 369/1995 Dekretuaren 3. atalari eta Jaurlaritzari buruzko 7/1981 Legearen 26.5 atalari dagokienez.
Bigarrena.– Ortega andreak aurkeztutako errekurtsoari erantzun aurretik, zehazkizun bat egin behar da haren eskaera bati buruz: Ortega andreak 1998ko martxoaren 16ko erabakia ofiziozko berrikusketaren bidez baliogabetzeko eskatu zuen; eskaera hori bidegabea da, batetik, interesatuak jarri duen errekurtso administratiboarekin bateraezina delako eta, bestetik, ez dituelako betetzen ordenamendu juridikoak (azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 102 atalean) administrazio-egintzak ofizioz berrikusteko ezartzen dituen betekizunak.
Dena dela, ofiziozko berrikusketaren bidez baliogabetzeko eskatu den egintza horrek ez du administrazio bidea agortzen eta berorren aurka Ortega andreak dagokion errekurtso arrunta jarri du epearen barruan.
Hirugarrena.– Ortega andreak jarritako errekurtsoa aztertuta, lehenengo eta behin esan behar da bertan ageri diren alegazioek ez dutela baliogabetzen errekurritutako erabakiaren zuzenbidearekiko atxikimendua.
Interesatuak adierazitako lehen eragozpenaren arabera, agiriak aurkezteko legezko epea amaituta zegoen eta, ondorioz, Sendino jaunaren eskubidea iraungita. Baina errekurtsogilea premisa oker batean oinarritzen da, agiriak aurkezteko epea amaitu zen eguna ez baitzen 1997ko abenduaren 22a izan, 1998ko urtarrilaren 8a baizik, eta egun horretantxe aurkeztu zituen beharrezko agiriak Sendino jaunak.
Data hori dela-eta, Sendino jaunari iraungipen-errekerimenduaren jakinarazpena egin zitzaion, 97.09.29an lehenbizi eta 97.10.07an berriro (97.10.08ko jakinarazpena), lehenengo jakinarazpenean huts material bat aurkitu baitzen.
Interesatuak egindako bigarren alegazioa Sendino jaunaren ustezko bateraezintasunari buruzkoa da. Ortega andreak uste duenez, Sendino jauna, behin esleitu zaion farmazia zabaldu ondoren, bere ohiko lanera itzuliko da. Hori Sendino jaunaren asmoei buruzko ustea baino ez dela esan beharra dago.
Izan ere, horretarako zabaldu zen espedientean egiaztatuta geratu denez, Fernando Sendino jaunak lehenbizi norbere arazoengatiko baimena lortu zuen, eta gero, borondatezko eszedentzia (98.03.11tik aurrerako ondorioekin), eta hori guztia Barakaldon jarri nahi zuen farmazia bulegoaren funtzionamendu-baimena eman baino lehen gertatu zen.
Beraz, alderdi horri dagokionez, 11/1994ko Legearen 40. atalak aurreikusten dituen bateraezintasun-zioetan ez sartzeko ahaleginak egin ditu Sendino jaunak.
Laugarrena.– Ortega andreari farmazia bulego bat sortzeko epea eman zitzaion, eta 97.12.22an jakinarazi zitzaion hori. Hark epea geldiarazteko eskatu zuen. Honi dagokionez, Ortega andrearen alegazioak ez direnez aintzat hartu, hau da, Sendino jaunaren farmazia bulegoaren funtzionamendu-baimena zuzenbideari lotzen zaionez, ez dago arrazoirik Ortega andreari bere farmazia bulegoa sortzeko eskaerarako bere garaian eman zitzaion epeak eraginkortasun juridiko osoa izan ez dezan, beraz, eskatutako geldiarazpena ez da bidezkoa.
Adierazitako guztiagatik, aipatutako arauak eta oro har ezar daitezkeenak ikusirik, hau
ERABAKI DUT
Lehena.– Osasun sailburuaren 1998ko martxoaren 16ko erabakiaren aurka Begoña Ortega Arteaga andreak jarritako errekurtso arrunta ezestea. Erabaki haren bidez, Fernando Sendino Revuelta jaunaren farmazia bulegoari funtzionamendu-baimena ematen zitzaion eta orain osorik baiesten da baimen hori.
Bigarrena.– Begoña Ortega Arteaga andreari Barakaldon (Bizkaia) farmazia bulego bat sortzeko beharrezko agiriak aurkezteko eman zitzaion epea geldiarazteko eskaera ukatzea.
Hirugarrena.– Interesatuei erabaki hau jakinarazi behar zaie; halaber, ohartarazi behar zaie erabaki honek administrazio-bideari amaiera ematen diola eta bere aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko dutela Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko salan, jakinarazpena egin eta bi hilabeteko epean, aldez aurretik sail honi errekurtsoaren berri emanik. Horretaz gain, egoki iritzitako beste edozein errekurtso egiteko aukera ere izango dute.
Vitoria-Gasteiz, 1998ko ekainaren 4a.
Osasun sailburua,
IÑAKI AZKUNA URRETA.
RSS