Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

83. zk., 1998ko maiatzaren 7a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Lurralde Antolamendua, Etxebizitza eta Ingurugiroa
1867

75/1998 DEKRETUA, apirilaren 21ekoa, "industri aurriak" eraisteko proiektuak idazteko eta/edo burutzeko laguntzak arautzen dituena.

Industri aurriek arazo gogorrak sortzen dituzte Euskal Autonomi Erkidegoan. Agortutako meategiek eta birmoldaketa prozesu bortitzak eta inbertsiorik ezak jotako sektoreetako industri instalazioek ingurugiroaren aldaketa ekarri dute eskualde horietara. Industri instalazio zaharkituak eta aurrituak ikus daitezke. Inguru horietako irudia sano andeatuta agertzen da gure begietara eta, ondorioz, dinamika berriak sortzeko orduan eragozpen handiak agertzen dira eta azalera horiek atzera ere bereoneratzeko edo eratzeko beharra dakar.

Sail honek sustatutako lurralde-antolamendurako baliabideak bat datoz lurralde antolaketari buruz erabili beharreko oinarrizko elementuetako bat, Euskal Autonomi Erkidegoko hainbat eta hainbat lurraldek behar duten bereoneratzea dela adieraztean; sarri eraitsi egin behar izaten dira.

Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko industri aurrien zerrendak egin ondoren jakin denez, industri aurrien arazoa larria da Euskal Autonomi Erkidegoan. Bestalde, lurralde antolamendurako dauden tresna ezberdinak bat etorri dira honako hau agerian jarri dutenean: industri aurrien eraginpeko zabalera handiko lurraldeak bereoneratzea da, besteak beste, lurraldea antolatzerakoan nabarmendu beharreko elementu bat. Arrazoi horiengatik hain zuzen ere, Jaurlaritzaren Batzordeak, 162/1993 Dekretua onartu zuen ekainaren 1ean, «industri aurriak» eraisteko proiektuak idazteko eta/edo burutzeko laguntzak arautzen dituena hain zuzen ere. Ondoren, izen bera zuen ekainaren 20ko 314/1995 Dekretua eta 1995eko Dekretuari aldaketa puntual bat egin zion otsailaren 25eko 41/1997 Dekretua ere eman zituen, helburu berari eusteko.

Dekretu hau, aurrekoak bezalaxe, arazo horri aurre egiteko jarduketa-esparru sistematiko lez jartzen da; horren bidez, aurri egoeran dauden industri-eraikinak lurreratzeko ekintzak diruz laguntzea arautzen da.

Eraikin horiek ingurua baldartu egiten dutenez, horien eragina baretzea da jarduketa hauen helburua; eta ez planeamenduko zehaztapenak gauzatzea, egoitza-, industria- eta planeamendu-eremu berriak eskainiz. Euskal Autonomi Erkidegoko Administrazioa jabeturik dago egoera horretaz eta lurreratzeko asmoak gauzatu egin nahi ditu benetan, planeamendua burutzen denentz kontutan hartzeke eta aurri-egoeran dauden instalazioen jabeentzat pizgarriak izan daitezkeen dirubideak sortuz eta arautuz.

Dekretu honetan jasotzen denetik, udalek jardun ahal izango dute baldin eta eurek emandako burutze aginduen arabera subsidiarioki burutu behar badituzte aurri-egoeran dauden eraikin eta instalazioak lurreratzeko obrak.

Aurriak lurreratzeko obrak burutzeko kosteari dagokion zenbatekoa Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak aurreratzean datza egitarau hau. Zenbateko hori hirigintza gastu lez jasoko da jarduketa-eremuaren bihar-etziko hirigintza-garapena jasotzen duen agirian. Diru-kopurua, hirigintza-garapena eta eremuaren hirigintza egin ondoren, Eusko Jaurlaritzari itzuliko zaizkio; ez garapenik ez eta hirigintzarik ere ez bada gertatzen, 10 urteko epean itzuli beharko da kopuru hori.

Honako Dekretu honek, gainera, helburu bikoitza du:

Alde batetik, gai honetako araubideak, Euskal Herriko Ogasuna Ordenatzeko Printzipioen Legeari onespena ematen dion eta duela gutxi onetsi den azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu legegileari egokitzea eta orain arte indarrean egon diren arau guztiak testu bakarrean bateratzea.

Bestetik, dokumentazioa aurkezteko bete behar denaren inguruan gauzak argitzeko aldaketa batzuk sartzea, hala nola, programa gestionatzen azken urteotan bildutako esperientziaren ondorioz, dirulaguntza jaso dezaketen kontzeptuak zehaztea. Halere, ez da beste aldaketarik egingo, programak behar bezala funtzionatzen duela frogatu den heinean.

Horiek horrela, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 1998ko apirilaren 21ean egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. atala.– Laguntzen xedea eta izaera.

1.– «Industri aurriak» lurreratzeko proiektuak idazteko eta/edo burutzeko laguntzak arautzea da Dekretu honen xedea. Laguntza horiek epe luzerako eta interesik gabeko maileguak izango dira eta 15. atalean ezarritako baldintzetan itzuli beharko dira.

2.– Salbuespen moduan honako hauek izan daitezke dirulaguntza hauen gai: lurraldean eragin ezkorra duten eraikin edo instalazioak, utzikeria, zaharkitze eta erabilpen eskasa dutelako eraistea komeni denean.

3.– atala honetan xedatutakoaren ondorioetarako, industri aurritzat hartu eta laguntzak eskuratzeko kasu lez, honako instalazio hauek joko dira: lurrari buruzko indarreko legeriaren arabera, udalak euren aurri-egoera deklaratu dueneko eraikin eta instalazioak, hala nola deklarazio horrek hartu ez baina utzikeria, zaharkitze edo erabilpen eskaseko egoeran dauden instalazioak, eta azken ezaugarri horiek, laguntza hauek emateko Epaimahai Kalifikatzaileak baloratu behar ditu.

4.– Dekretu honetan aurreikusitako laguntzak emateko aldizkako deialdiak Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren aginduz egingo dira eta aginduak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, deialdi horretarako ekonomikoa zein den adieraziz.

2. atala.– Onuradunak.

Dekretu honetan ezartzen diren baldintzak, betebeharrak eta prozedura kontutan izanik, honako hauek eskatu ahal izango dituzte laguntzak: 1.– Eraikin eta instalazioen titular erregistralak diren pertsona pribatuek, fisiko zein juridikoek.

2.– Udalek ere eskatu ahal izango dituzte laguntzak, bai titular lez edo ordezkatze-ejekuzioaren arabera jardunez, eta horretarako berariazko legerian ezarritako formaltasun eta eskakizunak bete behar dituzte. 3.– Foru Aldundiek edo beste edozein Administrazio Publikok, hala nola beren menpeko Ente edo Erakundeek, aurriaren jabe gisa jardunez.

Onuradunak itzulketa exigitzeko edo zehapena ezartzeko prozeduraren baten pean baldin badaude, laguntzaren emakida bera eta, hala badagokio, dirulaguntzak eta laguntzak onuradunei ordaintzea baldintzaturik geratuko da, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere organismo autonomoek emandako izaera berdineko laguntza edo dirulaguntzen esparruan hasirik eta oraindik izapideak egiteko dagoen itzulketako edo zehapeneko prozedura amaitu bitartean.

3. atala.– Laguntza jaso dezaketen jarduerak.

1.– Eraispen-obren burutzapenaren barruan, ondoko jarduerak izango dira dirulaguntza jaso dezaketenak:

a) Proiektuaren idazketak, eraispen-obren Zuzendaritzak eta, halakorik balego, elkargo profesionalaren tasek eta bisatuak duten kostua.

b) Eraispen obren burutzapenaren kostua.

c) Udal-eskudunak emandako eraispen-obren baimenaren kostua. d) Dirulaguntza ematen duen Administrazioak exigitutako kartelen ezarpena, publizitatea, argazki-dokumentazioa eta ikusentzunezkoa.

e) Eraispen-lanak modu egokian egin daitezen, dirulaguntza eman duen Administrazioak eska ditzakeen gainerako jarduera guztiak.

2.– Ezein kasutan ere, laguntzaren objektua ez da proiektuaren idazketa bakarrik izango.

3.– Dekretu honetan jasotako laguntzak eskuratuz gero, proiektuaren idazketa eta obren burutzapena bi eta lau hilabeteko epeetan egingo dira, 12. atalean aurreikusitako Hitzarmena izenpetzen denetik kontatzen hasita. Edozein kasutan ere, obrak burutzeko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, aipatu hitzarmena izenpetzen denetik kontatzen hasita.

4.– Epe hauek Lurralde Antolamendurako zuzendariaren ebazpenez luzatu ahal izango dira. Horretarako, laguntzaren onuradunak, hasieran ezarritako epeak amaitu baino lehen aurkeztu beharko du luzamendua eskatzeko idazkia, atzerapena sortu duen arrazoia ezagutu duenetik hilabeteko epea baino lehen, atzerapenaren arrazoiak alegatuz eta zernolako iraupena izan dezakeen adieraziz.

Luzamendua onartzea ebazten bada, galdutako denboraren iraupen berdina izango du, non eta onuradunak epe laburragoa eskatzen ez duen. 4. atala.– Laguntzetarako eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Laguntza horiek eskatu ahal izateko, horretan arduraturik daudenek, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskabidea formalizatzeari buruzko idazkia.

b) Eskatzailearen nortasunari eta, beharko balitz, bere gain duen ordezkapenari buruzko egiaztagiria.

c) Jabego Erroldaren ziurtagiria, lur-jabegoaren, egon dagoen eraiketaren edo eraikinaren eta horien gain dauden kargen titularitatea erasota utziz. Eraistekoa den eraikina duela gutxi erosi edo eskuratutakoa bada, nahikoa izango da jabegoa eskatzaileari eskualdatu izanaren eskritura publikoaren kopia bat eta dagokion Jabego Erroldan aurkeztu izanaren idazpena aurkeztea.

d) Aurreproiektua edo Proiektua, lurreratze obren erabateko zenbatekoari buruzkoa; eta profesionalen alokairuen zenbatekoaren justifikazioa (Proiektua eta Obren Zuzendaritza barne). Gutxi gora-beherakotzat onartuko da eraispena gauzatzeko eskudun diren elkargo ofizialen tarifen arabera egindako kalkulua.

e) Inbentarioa eta industri esparruaren barruan biltegiratutako edo bazter utzitako materialen ezaugarriak (Aurreproiektuan edo Proiektuan barne hartu ahal izango da).

f) Zertarako diren edo, beharko balitz, materialak deuseztatzeko erabiliko diren bideak (Aurreproiektuan edo Proiektuan barne hartu ahal izango da).

g) Laguntzen diruzenbatekoak jasota egongo direneko agiria; laguntza horiek, helburu bera duten beste izaiki batzuei emandakoak edo horiei eskatutakoak izango dira, diruzenbatekoa adieraziz. Beste laguntzarik ez badago, horixe adieraziko da.

h) Laguntza hirurehun mila pezetatik gorakoa baldin bada, (Euskal Sektoreko Publikoan barne harturiko Ente edo Erakundeak salbu) dagokion Foru Ogasunaren ziurtapena aurkeztu beharko da, eskatzaileak zergen inguruko obligazioak beteta dituela kreditatuz.

2.– Udalek, eurek emandako burutze aginduen arabera, laguntzak eskatzen badituzte, izapidetutako aurri-deklarapenari buruzko espedientearen egiaztatutako kopia ere aurkeztu beharko dute, burutzapen subsidiarioa gauzatzeko erabakia barne.

5. atala.– Laguntzak gestionatzeko organoa.

Dekretu honetan aurreikusitako laguntzen gestioa Lurralde Antolamendurako Zuzendaritzari dagokio.

6. atala.– Aurkeztutako eskabidean izandako akatsak zuzentzea.

Lurralde Antolamendurako zuzendaritzak eskabideren batean akatsen bat edo datu okerren bat dagoela ikusten badu, eskatzaileari jakinaraziko dio, akatsa edo okerra zuzentzeko 10 eguneko epea emanez. Epe hori amaitu eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidea beste tramiterik gabe artxibatuko da.

7. atala.– Epaimahai Kalifikatzailea.

Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, Lurralde Antolamendurako zuzendariak eta Zuzendaritza horri atxikitako bi funtzionarik osatutako Epaimahai Kalifikatzailea eratuko da. Epaimahai horrek Lurralde Antolamendu eta Etxebizitzarako sailburuordeari igorriko dio dagokion ebazpen-proposamena.

8. atala.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak, dagokion unean egon dauden aurrekontu habilitazioen arabera, proiektua idaztearen eta/edo obrak burutzearen kostu garbiaren %100ari (balio erantsiaren gaineko zerga salbu) dagokion laguntza eman dezake.

2.– Lurralde Antolamendurako zuzendaritzak laguntzen zenbatekoa ezartzeko prozesuan erabiltzen duen irizpide orokorraren arabera, 3. ataleko atal guztien diru-munta osoa eraitsi beharreko eraikinaren m3 bakoitzeko 500 pezetakoa da, eraikin horren egitura hormigoizkoa edo fabrikakoa baldin bada. Eraitsi beharreko eraikinaren egitura burdinazkoa izanez gero, adierazitako zenbateko hori egiturako txatarraren salmenta-balioaz murriztuko litzateke. Aipatutako Dekretua aplikatzeaz salbuetsita geratzen dira behar bezala justifikaturik kostu handiagoa dutela kreditatzen duten kasuak.

3.– Egon dagoen aurrekontu-habilitazioak ezinezkoa egiten badu aurreko lerroaldean ohartemandako laguntzarekiko ehunekoa ematea, aurkeztutako eskabideei emango zaien laguntzaren zenbatekoa mailakatu egingo da, hurrengo atalean ezarritako irizpideen arabera.

9. atala.– Laguntzak emateko lehentasuna sortzen duten zirkunstantziak.

Zortzigarren ataleko hirugarren paragrafoan aurreikusitako kasuan, laguntzak emateko lehentasuna sortzen duten zirkunstantziatzat hartuko dira ondoko hauek:

a) instalazioak lurraldeari dagokionez duen desegokitasuna eta eragin txarra (0 puntutik 20ra bitartean baloratuko da).

b) bihar-etzi izango duen hirigintza-garapenari begira, lurraldean duen kokapena (0 puntutik 30era bitartean baloratuko da).

c) hirigintza eta ingurugiro alorretako andeapen-arazoek beriziki eragindako hiri-eremuetan edo inguruetan kokatuta dagoenentz, langabetu-tasa handiak dituzten industri birmoldaketaren ondoriozko egoerak direnean (0 puntutik 30era bitartean baloratuko da).

d) benetako eta agiango arrisku egoera, bai norbanakoen osasunari eta segurtasunari dagokienean zein inguruneari dagokionean (0 puntutik 20ra bitartean baloratuko da).

10. atala.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Honako laguntza hauen emakida beste edozein laguntzarekin bateratu ahal izango da, bestea fondo publikoetatik nahiz pribatuetatik jasotzen dela ere. Dena den, helburu berberaz lortutako laguntzen guztizko zenbatekoak guztizko kostua gainditzen badu, emandako laguntzaren zenbatekoa soberakoari dagokion kopuruan gutxituko da.

11. atala.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurreikustako dirulaguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena, Epaimahai Kalifikatzaileak igorritako proposamena ikusirik, Lurralde Antolamendurako eta Etxebizitzarako sailburuordeak emango du, eskabideak aurkezteko epea amaitu ondorengo bi hilabeteko epean. Ebazpen hori esleipendunei jakinaraziko zaie eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

2.– Herri Administrazioen Araubidearen eta Guztientzako Administrazio Ihardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43.2.c) atalean ezarritakoaren arabera, epe hori amaitu eta behin, doakionari Ebazpenari buruzko inolako jakinarazpenik igorri ez bazaio, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da.

3.– Ebazpenean espreski adieraziko dira xedea, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epeak eta onuradunak eskakizunak betetzen dituela justifikatzeko modua, aditzera emanez, gainera, ebazpen horren aurka tartejar daitezkeen bidezko errekurtsoak, zein organo administratibo edo judizialaren aurrean aurkeztu behar diren eta tartejartzeko epea zein den.

12. atala.– Hitzarmena izenpetzea.

1.– Aurreko atalean aipatutako ebazpena ematen den egunetik hasi eta hilabeteko epearen barruan, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak eta esleipendunek, aldeek berenganatzen dituzten konpromezu, eskubide, eginbehar, onartutako dirulaguntza eta eraispen-proiektuak jasoko direneko hitzarmena izenpetuko dute. Honako hauek aipatu beharko dira hitzarmen horretan gutxienez:

a) Eman den dirulaguntzaren zenbatekoa eta helburua.

b) Proiektua idazteko eta/edo eraispen-obrak egiteko epea, 3. atalean horretarako ezartzen denaren arabera.

c) Emandako dirulaguntza itzuliko dela ziurtatzeko behar adinako bermea, indarreko legerian ezarritako bermeetakoren batez baliatuz instrumentatuko delarik.

– Dirulaguntzaren zenbatekoa 30.000.000 PTAtik gorakoa ez denean ez da bermea jartzerik eskatuko, ez eta dirulaguntzaren onuraduna Foru Aldundia, Udala edo edozein administrazio publiko edo horien menpeko izaiki edo erakundeak direnean ere.

– Salbuespen gisa, Eusko Jaurlaritzak, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren eta Ogasunekoaren proposamenez, emandako dirulaguntza itzultzeko bermearen jarri beharretik jare utzi ahal izango du kasu bakoitzean.

13. atala.– Laguntzaren ordainketa.

1.– Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak emandako dirulaguntzaren ordainketa onuradunek beren gain hartutako eta 3. atalean aurreikusitako gastuen justifikagirien originalak edo kopia konpultsatuak aurkezten dituztenetik aurrera egingo da hilabeteko epearen barruan.

2.– Ordainketa bi fasetan egin ahal izango da, bata eraispen-proiektua entregatutakoan eta bestea eraispen-obrak amaitutakoan.

3.– Ordainketa-ebazpenak eman aurretik, proiektua eta, hala badagokio obren amaiera, onartutako Proiektuaren arabera egin direla kreditatuz Lurralde Antolamendurako Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek jaulkiko duten aldeko txostena ikusi beharko da.

14. atala.– Onuradunaren obligazioak.

Dekretu honetan araututako laguntzen onuradunek kasu guztietan bete beharko dituzte ondoko obligazioak:

a) Emandako laguntza onartzea. Zentzu honetan, dirulaguntza eman izana aditzera emanez igorritako jakinarazpena jasotzen duten egunetik hasi eta hamabost eguneko epean, pertsona/entitate onuradunek laguntza horri espreski eta idatziz uko egiten ez badiote, onartu dutela ulertuko da.

b) Dirulaguntza, emana izan den helbururako zehatz-mehatz erabiltzea.

c) Kontrol Ekonomikorako Bulegoari eta Kontu Publikoen Euskal Erakundeari, deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzen inguruan, beren zeregina betez eskatzen duten informazioa ematea.

15. atala.– Laguntza edo interes gabeko maileguaren baldintzak.

1.– Laguntzen onuradunek gehienez ere sei hilabeteko epean itzuli beharko dute eman zaien diru-kopurua, epe hori urbanizazio-proiektua onetsi denetik edo, horrelako proiekturik ezean, eraikitzeko obra-baimena lortu dutenetik kontatzen hasita. Urbanizazioa eta eraikuntza gauzatzen ez badira, gehienez 10 urteko epean itzuli beharko dute, epe hori Hitzarmena izenpetu denetik kontatzen hasita.

Aurreko paragrafoan aipaturiko itzulketa Euskal Herriko Diruzaintza Nagusian diru-sarrera eginez edo hirigintza-aprobetxamenduak lagatzearen bitartez egin ahal izango da.

2.– Bigarren kasua aukeratuz gero, laguntzen onuradunek jarduketaren esparru bereko aprobetxamenduen lagapena edo besteren batekoa egin ahal izango dute. Bigarren kasu honetarako, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak espreski eman beharko du baimena. Bi kasuetan ere, lagapen horren baldintzak arautuko dituen agiria formalizatuko da.

3.– Eraispenaren xede diren instalazioak kokaturik dauden esparruaren garapen-plangintza xehekatuak azterlan ekonomiko-finantzarioan bildu beharko du, esparruari egoz dakiokeen kostu gisa, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak emandako laguntzen zenbatekoa, eta kostu hori lurzatiketarako eta/edo urbanizaziorako Proiektuetara igorri beharko da.

16. atala.– Eraispena Administrazioak izapidatzen dueneko kasua.

1.– Aurkeztutako eskaeraren batean edo batzuetan 9. atalean aurreikusitako zirkunstantzia guztiak biltzen direnean, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak aukera egin ahal izango du, onuradun titularra pribatua baldin bada, eskatzaileari laguntza ematearen eta Proiektua idazteko eta/edo eraispen-obrak burutzeko lanen kontratazioa bere kabuz egitearen artean, eta lan horiek ordansarien minuta eta/edo obra-ziurtapen egokiak aurkeztutakoan ordainduko dira.

2.– Kasu honetan ere, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak eta aurri-egoeran dauden instalazioen titular erregistralak Hitzarmena izenpetuko dute, bertan gutxienez ondokoa zehazturik: a) Sail honek konpromezupean hartzen duen gehienezko zenbatekoa; b) proiektua idazteko eta/edo obrak burutzeko gutxi gora-beherako epeak; c) Eusko Jaurlaritzak bere gain hartutako kostua, onuradunak, Dekretu honetako 15. atalean aurreikusitako baldintzen arabera itzultzeko hartzen duen konpromezua.

17. atala.– Laguntzarako baldintzen aldaketa. Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzen aldaketa orok, beti ere laguntzaren xedea bete dela ulerturik, eta hala dagokionean, eskatzaileak beste edozein erakunde publiko nahiz pribaturen beste laguntzaren bat lortzeak, dirulaguntza emateko Ebazpena aldatzea ekar dezakete. Ondorio horietarako, Lurralde Antolamendurako Zuzendaritzak dagokion Likidazio-Ebazpena emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituz.

18. atala.– Baldintzak ez betetzea.

Kasuren batean, dirulaguntza ematea arrazoitu zuten baldintzak bete ez direla egiaztatzen baldin bada, jasotako diru-kopuruak eta dagozkien legezko interesak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko obligazioa sortuko da, eta itzulketa hori 1/1997 Dekretu Legegileaz onetsitako Euskal Herriko Ogasun Orokorra Ordenatzeko Printzipioen Legearen Testu Bateratuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera eta bertan ezarritako baldintzetan egin beharko da.

19. atala.– Baliabideak.

Dekretu honetatik ondoriotutako ekintza guztiei aurka egin ahal izango zaie, Herri Administrazioen Araubidearen eta Guztientzako Administrazio Ihardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako epeen barruan eta bertan adierazitako bideetatik.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Dekretu honetako hamabosgarren atala, laguntza edo interesik gabeko mailegua itzultzeko baldintzak ezartzen dituena, indarrean dauden hitzarmenei aplikatzekoa izango da, hau da, 1993ko ekainaren 19az geroztik eta Dekretu hau indarrean sartu aurretik izenpetutakoei.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indargabeturik geratzen dira «industri aurriak» eraisteko proiektuak idazteko eta/edo burutzeko laguntzak arautzen dituen ekainaren 20ko 314/1995 Dekretua, honen aldaketa ezartzen duen otsailaren 25eko 41/1997 Dekretua eta eraispen-proiektuak idazteko eta/edo burutzeko laguntzen gaietan honako Dekretu honen aurkakoa den beste edozein xedapen.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.– Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari esku ematen zaio dekretu hau garatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko.

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.

Hirugarrena.– Arau honen aurka Administrazioarekiko Auzi-errekurtsoa tartejarri ahal izango da Euskal Herriko Justizi Auzitegi Gorenaren aurrean, argitara ematen denetik hasi eta bi hilabeteko epearen barruan.

Vitoria-Gasteizen, 1998ko apirilaren 21ean.

Lehendakaria,

JOSÉ ANTONIO ARDANZA GARRO.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburua,

FRANCISCO JOSÉ ORMAZABAL ZAMAKONA.


Azterketa dokumentala