Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

45. zk., 1998ko martxoaren 6a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendua, Etxebizitza eta Ingurugiroa
1061

33/1998 DEKRETUA, otsailaren 24koa, Arabako Foru Aldundiak, nahitaezko desjabetza egiteko, "Pobesen (Araba) A-2622 eta A-3314 errepideen arteko lotunea antolatu eta hobetzeko proiektua" burutzeko beharrezko diren ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu behar dituela deklaratzeko dena.

«Pobesen (Araba) A-2622 eta A-3314 errepideen arteko lotunea antolatu eta hobetzeko proiektua» burutzeko desjabetu behar diren ondasun eta eskubideak hasiera batean jendaurrean jartzea erabaki zuen Arabako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak 1997ko ekainaren 3an hartutako Akordioz. Horren ostean nahitaezko desjabetzaren eraginpean dauden ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzeko eskatu zitzaion Eusko Jaurlaritzari, Nahitaezko Desjabetzari buruzko Legearen 52. atalean ezarritakoaren arabera.

Lehenbailehen hartu beharreko ondasun eta eskubideak banakatuta eta xehatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko beharrezkoak diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian eta, administrazio espedientean adierazten denez, ez zen inolako arrazoibide-idazkirik aurkeztu.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saileko zerbitzu teknikoek aldeko irizpena eman dute, aukeratutako lurren erabilpenak eta indarrean dauden legeak bat datozela adierazi baitute.

Ondasun eta eskubide horiek hartzea luza ezinezkotzat jotzen da, gaur egun bide segurtasunerako oso arriskutsua izan daitekeen lotunea ezabatzeko, honako hauek batzen direlako bertan:

A-2622 errepideak bi zati desberdin ditu, lehena Langraiz Okan gaur egungo N-1 errepidearen eta Espejon A-2625 errepidearekiko lutunearen artean, eta bigarrena Villanañen A-2625 errepidearekiko lotunetik Burgos probintziaren mugaraino Bóveda igarota.

Aipatutako tarteetako lehena ere beste bi tartetan banatu daiteke sarearen barruan duen funtzionaltasunaren eta jasaten duen trafikoaren arabera, bata, Langraiz Okan N-1 errepidearekiko lotunearen eta Subijana-Morillas inguruan A-3314 errepidearekiko lotunearen artean, eta bestea azken lotune honen eta A-2625 errepidearekiko lotunearen artean Espejon.

Errepide honek duen trafikoa, beraz, aldakor samarra da tarteen arabera. Horrela, 1995. urtean eguneko batezbestekoak honako trafiko emaria aurkeztu zuen:

– N-1 errepidearen eta Langraiz Okako hirigunearen artean, 3.336 ibilgailu/eguneko, horietako %6 astunak.

– Langraiz Okako hirigunearen amaieraren eta A-3314 errepidearekiko lotunearen artean, 1.751 ibilgailu/eguneko, horietako %4,5 astunak.

– Pobes eta Añana artean, 551 ibilgailu/eguneko, horietako %7 astunak.

– Añana eta Espejo artean, 503 ibilgailu/eguneko, horietako %7 astunak.

A-3314 errepideak, bestetik, 421 ibilgailu/eguneko batezbestekoa izan zuen 1995. urtean, A-2622 errepidearekiko lotunearen eta Zuatzu Kuartangon A-3316 errepidearekiko lotunearen artean.

Bestetik, A-2622 eta A-3316 errepideen arteko lotuneak ez du antolaketa egokia gaur egun, lotunearen segurtasun eta funtzionaltasun aldetik bi arazo garrantzitsu dituela, hain zuzen, ikuspen eza Langraiz Oka-Pobes egiteko eta bideraketa eskasa, lotunean funtsezkoa den mugimendua egiteko, hau da, Pobes-Langraiz Oka. Ondorioz, ibilgailuak ia geldirik geratu behar dira bira emateko.

Gaur egungo lotuneak oso arriskutsua izan daitekeen eta birmoldaketa behar duen puntua du, ondorioz.

Aipatutako proiektuaren xedea, hortaz, A-2622 eta A-3314 errepideen arteko lotunea antolatu eta hobetzea da, lotunearen edukiera, funtzionaltasuna eta segurtasuna hobe daitezen.

Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) atalean xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea nahitaezko desjabetzak honako hauek hartzen dituenean: egiterapen-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta lur hirigarrian egin beharreko egintza isolatuak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2 atalean ezarritakoaren arabera, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari zegokion horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluan aurkeztea.

Ondorioz, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 1998ko otsailaren 24an egindako bilkuran aztertu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Atal bakarra.– Nahitaezko Desjabetzari buruzko Legearen 52. atalean eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, «Pobesen (Araba) A-2622 eta A-3314 errepideen arteko lotunea antolatu eta hobetzeko proiektua» burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Arabako Foru Aldundiak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

Vitoria-Gasteizen, 1998ko otsailaren 24an.

Lehendakaria,

JOSÉ ANTONIO ARDANZA GARRO.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza

eta Ingurugiro sailburua,

FRANCISCO JOSÉ ORMAZABAL ZAMAKONA.


Azterketa dokumentala