Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

42. zk., 1998ko martxoaren 3a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Garraioak eta Herrilanak
973

AGINDUA, 1998ko otsailaren 17koa, Garraio eta Herrilan sailburuarena, Euskal Autonomi Elkartean bidaiariak hirien artean errepidez garraiatzeko zerbitzu publiko erregular erabilpen orokorrekoetako tarifak eta gutxienez ordaindu beharrekoak igotzeko dena.

Euskal Autonomi Elkartean bidaiariak hirien artean errepidez garraiatzeko zerbitzu publiko erregular erabilpen orokorrekoetako tarifak osatzen dituzten elementuetan prezioak gora egin, eta sektoreko elkarte batzuk horrela eskatu dutenez, bidezko da indarrean dauden tarifak igotzea.

Hala eta guztiz ere, emakiden artean dauden ezberdintasun nabarmenengatik, batez-besteko igoera orokor hori ezin dezakegu uniformetzat hartu sektore guztian, eta horregatik, eskatzen duten enpresei tarifen berrazterketa egiteko aukera emango zaie.

Ondorioz, uztailaren 30eko 16/1987 Legearen 19. atala kontuan izanik eta Garraio eta Herrilan Sailaren egitura eta egitekoei buruzko uztailaren 18ko 384/1995 Dekretuaren atalak ematen didan eskuduntza erabiliz, hauxe

XEDATU DUT:

1. atala.– Baimena ematea Euskal Autonomi Elkartean bidaiariak hirien artean errepidez garraiatzeko zerbitzu publiko erregular erabilpen orokorrekoetan indarrean dagoen tarifaren enpresaren zatia %2,6 igotzeko.

2. atala.– Bidaiariak hirien artean errepidez garraiatzeko zerbitzu publiko erregular erabilpen orokorrekoetarako baimena duten enpresek, beren emakida guztien tarifen banakako berrazterketa eskatu ahal izango dute. Horretarako, eskabide arrazoitua aurkeztu beharko dute enpresek, dagokien Lurralde Historikoko Garraio Zuzendaritza edo zerbitzuan; eskabide horretan, enpresa-kostuak sortarazten dituzten gorabehera ekonomikoen multzoa adierazi beharko dute eta, erabilpen orokorreko eta bereziko zerbitzu erregularren dirusarrerak eta gastuak zehaztu. Lurralde Historikoetako aginpidedun organoek, hala behar izanez gero, enpresak aurkeztutako informazioa egiaztatu ahal izateko beharrezko peritu frogak egitea agindu ahal izango dute, eta horren kostuak eskatzailearen kontura izango dira. Dena dela, Administrazioak esango du nork egin behar dituen azterketa eta egiaztapen horiek, eta egin beharrekoak ere hark zuzenduko ditu.

3. atala.– Tarifen banakako berrazterketa aukeratzen duten enpresek, dagokien baimenaren azterketa ekonomikotik ateratako formula polinomikoaren arabera igo ahal izango dituzte tarifak. Formula polinomiko hori bera izango da aurrerantzean baimena eguneratzeko erabili beharko den formula, eta ezin izango dute batez-besteko formula polinomikorik erabili, ez eta tarifen gehiketa orokorrik ezarri.

4. atala.– Kasuan kasuko formula polinomikoen gaineko banakako berrazterketarako Euskal Autonomi Elkartearen eremuan sektore horretan izandako batez-besteko igoera indizeak erabiliko dira eta, hortaz, ezin izango dira partikularretan egiten diren gehiketak aplikatu.

5. atala.– Emakidaren kostu-egituraren azterketaren ondorioz, enpresaren kudeaketa txarra dela ikusiz gero, eskatutako igoerak erabat edo zati batean ukatu ahal izango dizkio Administrazioak.

6. atala.– Euskal Autonomi Elkartean bidaiariak errepidez garraiatzeko zerbitzu publiko erregularretan gutxienez ehun eta bost (110) pezeta ordaindu beharko da.

7. atala.– Eskualde bereko hainbat linea erregularretarako emakidak dituzten enpresek edo, linea bakarrerako emakida izanik, eskualde oso bat hartzen dutenek, bezeroei zerbitzu hobea eskaintzako hainbat txartel ezberdinen kopurua gutxitu eta abonuak eskaini ahal izango dituzte.

Tarifak igotzeko proposamena Lurralde Historikoetako organo aginpidedunei aurkeztu beharko zaie eta horiek, ateratzen diren prezioak onartu ahal izango dituzte, baldin eta 1. atalean ezarritako batez-besteko igoera gainditzen ez badute.

Batez-besteko igoera hori lortzeko, batzen den diru guztiarekiko txartel mota bakoitza zenbatekoa den neurtuko da.

8. atala.– Prezioak, goitik edo behetik, alderik txikienaren arabera, bosten (5) multiploak izango dira.

9. atala.– Linea baten barruan, aurreko ataletan ezarritakoa aplikatu eta prezio igoerarik ez dagokion bidezati bat edo gehiago gertatzen bada, prezioa bost (5) pezeta igo ahal izango da.

10. atala.– Agindu honetan ezarritakoaren araberako tarifen igoerak ez zaizkie aplikatuko Zerga, Administrazio eta Gizarteko Mailako Neurriei buruzko abenduaren 30eko 13/1996 Legearen 167. atalak araututakoari jarraikiz emakidak luzatzea aukeratu duten emakidadunen bidaiariak errepidez garraiatzeko erabilpen orokorreko zerbitzu publiko erregular iraunkorrei.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Baimena ematen zaio Euskal Autonomi Elkartearen Administrazioko Garraio zuzendariari agindu hau eta aplikatu beharreko gainontzeko arauak interpretatzerakoan sortzen diren auzien gaineko erabakiak hartzeko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira Euskal Autonomi Elkarteko bidaiariak hirien artean errepidez garraiatzeko zerbitzu publiko erregular erabilpen orokorrekoetako tarifak eta gutxienez ordaindu beharrekoak igotzen dituen Garraio eta Herrilan sailburuaren 1997ko urtarrilaren 27ko Agindua.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Baimena ematen zaio Euskal Autonomi Elkarteko Garraio zuzendariari agindu hau garatzeko xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin egunaren biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 1998ko otsailaren 17a.

Garraio eta Herrilan sailburua,

JOSÉ ANTONIO MATURANA PLAZA.


Azterketa dokumentala