Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

7. zk., 1998ko urtarrilaren 13a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura
169

AGINDUA, 1997ko abenduaren 11koa, Kultura sailburuarena. Honen bidez frekuentzia modulatudun uhin metrikoetako irratizabalkunde zerbitzurako baimena ematen zaio Arrasateko Udalari.

Martxoaren 22ko 138/1994 Dekretuak Euskal Autonomi Elkarteko Udal Erakundeei frekuentzia modulatudun uhin metrikoetako irratizabalkunde zerbitzu publikorako baimena emateko modua arautzen du. Arrasateko Udalak, Dekretu horretan ezarritakoari jarraituz, zerbitzu hori eman ahal izateko behar den titulu juridikoa lortze aldera hasi beharreko prozedura hastea eskatu zuen.

Horretarako Dekretu horren 3. atalean zehaztutako dokumentazioa bidali zuen eta, horien artetik aipatzekoa da indarrean dagoen legediak ezartzen dituenen artetik zuzeneko kudeaketarako aukeratutako gestio formula, udalek frekuentzia modulatudun uhin metrikoetako irratizabalkunde zerbitzua eman ahal izatekoa alegia.

Ildo horretatik, irratsaioak espektro radioelektrikoa erabiliz egin ahal izateko frekuentzia-erreserba egin ondoren, Estatuko Administrazioak emisioetarako prestatutako proiektu teknikoa onartu eta frekuentziaren erreserba egin zuen, eta honako parametro hauek eman zitzaizkion zerbitzua emateko:

Proiektu teknikoa onartu eta zerbitzua emateko erabiliko den tresneria behar bezala jarria dagoela egiaztatu ondoren, dagokion baimena eman behar da, martxoaren 22ko 138/1994 Dekretuaren 5. atalaren arabera, hau da, entitate lokalek frekuentzia modulatudun irratizabalkunde zerbitzua eman ahal izateko behar duten titulu juridikoa.

Horiek horrela izanik, Arrasateko Udalak eskatuta hasitako espedientea ikusirik eta martxoaren 22ko 138/1994 Dekretuaren 5. atalak ematen dizkidan ahalmenez baliatuz, honako hau

ERABAKI DUT:

Lehen atala.– Arrasateko Udalari baimena ematea frekuentzia modulatudun uhin metrikoetako irratizabalkunde zerbitzua emateko kudeaketa zuzena formularen bidez, parametro hauetan:

– Koordenatuak:

43.º 03' 47'' I

02.º 29' 19'' M

– Kota (m): 272.

– Emisioaren izena: 256KF8EHF (*).

– Frekuentzia (MHz): 107,7.

– Gehienezko potentzia radiatu aparentea (w): 89.

– Transmisiorako tresneriaren gehinezko potentzia nominala (w): 100.

– Transmisiorako tresneriaren baimendutako irteera-potentzia (w): 100.

– Sistema radiantea : Dipolo 1. Norabide bakarrekoa.

– Antenaren zentru elektrikoaren altuera lurraren gainetik (m): 9'5.

– Mastaren altuera (m): 10,25.

– Gehinezko altuera efektiboa (m): - 38.

– Polarizazioa: BERTIKALA

Bigarren atala.– Baimen honetaz baliatu ahal izateko honako betekizun hauek bete beharko dira:

– Arrasateko Udaleko legezko ordezkari baimenduak Agindu honen eranskina sinatu beharko du, bertan agertzen baitira zerbitzuaren ezaugarriak eta araubidea, martxoaren 22ko 138/1994 Dekretuaren 5.2. atalaren araberakoa.

– Zerbitzua martxan jartzeko baimena lortu beharko da, espektro radioelektrikoa kudeatzeko eta administratzeko eskumenak dituen organuak emisorearen instalazioa aztertu eta egiaztatu ondoren.

Vitoria-Gasteiz, 1997ko abenduaren 11.

Kultura sailburua,

M.ª CARMEN GARMENDIA LASA.

ERANSKINA

UDALEN TITULARTASUNEKO EMISOREEK

FREKUENTZIA MODULATUDUN UHIN

METRIKOETAKO IRRATIZABALKUNDE

ZERBITZUA EMATEKO ARAUBIDEA

1.– Araubide juridikoa.–

Udalen emisoreek ematen duten frekuentzia modulatudun uhin metrikoetako irratizabalkunde zerbitzua apirilaren 8ko 11/1991 Legean eta martxoaren 22ko 138/1994 Dekretuan ezarritakoaren arabera ematen da. Aipatutako legea udalen irratizabalkundeko emisoreei buruzkoa da eta dekretua, berriz, Euskal Autonomi Elkarteko Udal Erakundeei frekuentzia modulatudun uhin metrikoetako irratizabalkunde zerbitzu publikorako baimena emateko araubideari buruzkoa.

2.– Zerbitzuaren emakidaduna.–

Zerbitzua emateko baimena jaso duen udalerriak eman beharko du zerbitzua eta, horretarako, Toki-Jardunbidearen Oinarriak arautzen dituen Legeak ezartzen dituen gestio zuzeneko edozein formulaz baliatu ahal izango da (apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 85.3. atala). Baimen hori ezin da eskualdatu. Hasieran aukeratutako formula aldatzen baldin bada, horren berri eman beharko zaio Euskal Autonomi Elkartean gizarte-komunikabideen gaian eskumenak dituen organuari. Horretarako hiru eguneko epea izango da, udalak zerbitzua emateko formula aldatzeko erabakia hartzen duen egunetik kontatzen hasita.

Udalak zerbitzua emateko aukeratzen duen formula dena dela ere, azpikontratuak prestazio osagarrietarako baino ezingo dira egin eta errespetatu egin beharko ditu administrazio publikoekiko kontratuetarako araudi orokorrean jarritako mugak.

3.– Espektro radioelektrikoa erabiltzea.–

Euskal Autonomi Elkarteko administrazio orokorrean gizarte-komunikabide arloan eskumenak dituen organoak formalki jakinarazten dituen parametroei jarraituz emango da zerbitzua, eta emakidadunak ezingo du, inola ere, bere aldetik aldatu.

Parametro teknikoetan eragina duen gora-behera oro aipatutako administrazio organu horri jakinarazi beharko zaio, eta emakidadunak aldez aurretik administrazioaren organu eskumendunaren baimena izan beharko du emandako parametro teknikoetan egindako aldaketak egiteko.

Emakidadunak onartu egin beharko ditu parametro teknikoetan egindako aldaketak, aldaketa horiek koordinazio arrazoiengatik, espektro radioelektrioaren ustiapena hobetzeko arrazoiengatik edo interes orokorreko edozein arrazoirengatik egiten diren kasuetan, eta baimena ematen duen organuak aldaketa horiek formalki jakinarazten baditu.

Nolanahi ere, espektro radiolektrikoa erabiltzeari eta hartaz baliatzeari dagokionez, ezarrita dauden akordio eta xedapenek diotena errespetatu beharko da, eta horren titular den administrazioak ezartzen dituenak ere bai. Bestalde, jabari publiko hori era pribatiboan erabiltzeagatik ordaindu beharreko tasa eta diru kopuruak ordaindu beharko dira.

4.– Zerbitzu emanketa eta programazioaren edukia.–

Irratsaioak egiteko baimena duenak egunean sei orduko zerbitzua eman beharko du gutxienez eta zerbitzuaren jarraipena uneoro bermatu beharko du. Gutxieneko ordu kopurua errespetatu beharko da beti, ezinbesteko arrazoiren bat ez badago behintzat.

Apirilaren 8ko 11/1991 Legean ezarritakoaren arabera, egiten diren emisio guztietan honako printzipio hauek bete beharko dira:

– Ematen diren informazioak objetiboak, egiazkoak eta inpartzialak izatea.

– Informazio soila eta iritziak bereiztea. Iritziak ematen dituztenak identifikatzea eta horiek beren adierazpenak askatasunez egitea, Konstituzioaren 20. ataleko 4. azpiatalean agertzen diren mugak errespetatuz. – Pluralismo politikoa, erlijiosoa, soziala, kulturala eta linguistikoa errespetatzea.

– Pertsonen ohorea, intimitatea, irudia eta herritarrek onartuta dituzten gainerako eskubide eta askatasunak errespetatzea.

– Gazteak eta haurrak babestea.

– Berdintasun-baloreak errespetatzea.

Dena dela erezerbitzua kudeatzeko aukeratzen den formula, udalbatza arduratuko da lehen aipatutako printzipio horiek betetzen direla kontrolatzeaz eta bermatzeaz, horretarako ezartzen diren organuek ere egin ahal izango dutela ahaztu gabe.

Zerbitzua emateko baimena duena behartua dago Eusko Jaurlaritzak bidaltzen dizkion komunikatu eta ohar ofizial eta guztien intereserakoak osorik eta dohainik plazaratzera, eta horretarako ahalmena daukaten beste agintariek bidalitakoak ere bai.

Emititzen den programazioaren zati bat euskaraz egin beharko da eta, beraz, emititzen den ordu kopuru osotik euskararen presentzia zenbatekoa izan beharko duen kalkulatzeko EUSTATek argitaratutako azken Euskal Estatistika Urtekarian agertzen diren datuak hartu beharko dira kontuan. Hortik abiatuta, euskararen gutxieneko erabilera urtekarian azaldutako kolektibo euskaldun guztien portzentaien batuketaren araberakoa izango da. Kanpo gelditzen dira iragarki-blokeak eta zuzenean ematen diren musika-emanaldiak.

Haur eta gazteak oso kontuan hartu beharko dira eta, gazteenei zuzendutako irratsaioetan, aipatutako portzentaia EUSTATen datuen arabera talde horrentzat (18 urte arte) ateratzen diren portzentaiei egokituko zaizkie.

5.– Kontrola eta ikuskaritza.–

Irratsaioak egiteko baimena daukanak irratiko instalazioak, ekipoak eta irratsaioak egiteko erabiltzen diren gainerako tresnak aztertzen utzi beharko diete teknikari eta langileei, teknikari eta langile horiek zerbitzua emateko baimena eman duen administraziokoak direla nahiz espektro radioelektrikoaren jabea den adminsitraziokoak direla.

Horrez gain, udalaren irratiko datu eta dokumentuak zerbitzua emateko baimena eman dion administrazioaren esku jartzeko obligazioa izango du, makidadunak zerbitzua emateko bete beharreko baldintzak betetzen dituen ala ez ikusterik izan dezan. Horretarako, baimena eman duen administrazioak zerbitzua ematen duen entitatearen urteko kontuen kopia ere eskatu ahal izango du.

Hori emisioak egiten diren orduetan egin beharko da eta beharrezkoa izango da emakida hau arautzen duten arauetakoren bat hautsi izanaren susmoa izatea.

6.– Zigor araubidea.–

Emakida honen arau hauste- eta zigor-araubideak telekomunikazio arloko araudi orokorrean irratizabalkundeko zerbitzuetarako ezarritakoak izango dira.

Horren ildotik, eta dena dela ere udalak frekuentzia modulatudun uhin metrikoetako irratizabalkunde zerbitzurako aukeratzen duen zuzeneko prestazio formula, Euskal Autonomi Elkarteko administrazio orokorraren ikuskaritza eta zigor ahalmena osatzen duten legezko xedapenak aplikatuko zaizkio, hori baita zerbitzu publiko hau egiteko baimena ematen duena.

7.– Iraupena eta luzapena.–

Zerbitzua emateko epea hamar urtekoa da, baimena ematea erabakitzen duen Agindua ematen denetik hasita. Hala ere, beste hamar urtetarako ere luza daiteke, baldin eta luzapena emakida hau bukatu aurreko lau hilabeteetan eskatzen badu.


Azterketa dokumentala