Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

220. zk., 1997ko azaroaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendua, Etxebizitza eta Ingurugiroa
5785

258/1997 DEKRETUA, azaroaren 11koa, Orozkoko Udalak, nahitaezko desjabetza egiteko, "Orozko Hornitzeko Sare Primario Berria egiteko proiektua. II. Fasea. Ibarrako hodiak eta biltoki berria" burutzeko beharrezko diren ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu behar dituela deklaratzeko dena.

«Orozko Hornitzeko Sare Primario Berria egiteko proiektua. II. Fasea. Ibarrako hodiak eta biltoki berria» burutzeko desjabetu behar diren ondasun eta eskubideak hasiera batean jendaurrean jartzea erabaki zen Orozkoko Udalak 1997ko ekainaren 11n izandako osoko bilkuran. Horren ostean nahitaezko desjabetzaren eraginpean dauden ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzeko eskatu zitzaion Eusko Jaurlaritzari, Nahitaezko Desjabetzari buruzko Legearen 52. atalean ezarritakoaren arabera.

Lehenbailehen hartu beharreko ondasun eta eskubideak banakatuta eta xehatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko beharrezkoak diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian, zenbait arrazoibide-idazki aurkeztu ziren eta administrazio espedientean adierazten den moduan ebatzi ziren idazkiok.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saileko zerbitzu teknikoek aldeko irizpena eman dute, aukeratutako lurren erabilpenak eta indarrean dauden legeak bat datozela adierazi baitute.

Honako hauengatik jotzen da proiektu hori lehenbailehen burutu beharrekoa dela:

Urez hornitzeko sare publikoa ez egokia izateak eta horren arazketa faltak hainbat arazo sortarazi dituzte azken urteotan, uraren kopuru zein kalitatean.

Ur biltzaileak, batez ere, Usabel eta Altxandi, udal sarera hornidura gehien ematen dutenetakoak, euri sasoietan zikindu egiten direnez, ur hornidura eskasa egoten da, ura uhertasun handiz eta edateko balio ez duela hornitzen baita.

Gaur egungo hornidura sisteman antzematen den lehenengo gauza zera da: ur biltzaile eskasetan oinarrituta dauden sare kopuru handia, loturarik gabeko biltokiak, ia bat auzo bakoitzean, eta guztietan arazketa falta dagoela. Beraz, zail egiten da ura behar bezalako kopuruan eta kalitatean hornitzea.

Auzo bakoitzak bere ur biltzailea eta biltokia ditu, ur emari txikiak dituztela, batez ere uda partean, eta gehienetan klorazio eta inongo tratamendurik gabe. Horietako biltoki batzuek ez dute auzo bereko zenbait baserri hornitzen, kota falta dela eta, eta gainera behi-azienda garrantzitsua eta beste espezie batzuena ere badago, kontutan hartu beharrekoak direnak arazoa larriagoa egiten baitute.

Ondorioz, helburua ura hornitzeko sistema bat lortzean zetzan, erabiltzaileei behar besteko ur kopurua eta Tratamendu Planta duten udalerriek duten antzeko kalitatea emango ziena, alegia.

Udalak onetsitako proiektu honek, hain zuzen, «Orozko Hornitzeko Sare Primario Berria egiteko proiektua. II. Fasea. Ibarrako hodiak eta biltoki berria», honako hauek lortu nahi ditu funtsean:

1.– Ugarriza eta Altzandiko hornidura sareak hobetzea, fundizio harikorreko tutua jarriz Ibarrako biltokiraino.

2.– Hornidura handitzea Usabel ur biltzailetik Ibarrako biltokiraino, ponpa bat ezarriz, ura aipatutako biltokira hel dadin ahalbideratuko duena.

3.– Ibarran biltodi berria egitea bai eta egingo den Tratamentu Planta kokatzeko obra zibila ere.

4.– Bide berria egitea Ibarrako biltoki berrira eta egingo den Tratamentu Plantara iristeko, horren jarduna eta mantenimendua bai eta burutzen dela ere berma daitezen.

Jarduera honen bitartez udalerriko biztanleen %80 hornitzea lortuko da (Ibarra, Unibaso, Aranguren, Lekubarri, Jauregia, Beraza, Zubiaur, San Juan, Bengoetxea, San Martín, Legorburu, Andramari, Olabarri, Mendiola, Udiaga, etab auzoak, hau da, ia auzo guztiak altuak deritzenak izan ezik), Ibarrako biltokia eta Tratamendu Plantaren bidez, bideraketa bakarra eginez eta ur araztuaz.

Hartu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharra honako bi arrazoi hauetan oinarritzen da, batez ere:

1.– Hartu beharreko ondasun eta eskubideak Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurugiro eta Lurralde Ekintzarako Sailari eskuratzen zaizkiola egiaztatu beharra, obrak lehenbailehen burutzeko, eta udalerrian edateko uraren hornidurarekin dagoen arazoa ere lehenbailehen konpontzea, kalte handiagorik gertatu aurretik. Halaber, adierazi beharra dago espedienteak ia 100 finkari eragiten diela eta 30 edo 40 bat jaberi.

2.– Dena dela, Udal horren asmo da akordio ekonomikoa hartzea eraginpekoekin eta horretarako prezio baremoa finkatu du, lurrak erosteko, hodien tartean zortasun iraunkorra ezartzean eta obra burutzeko beharrezkoak diren lurrak aldibaterako hartzean. Era berean, zenbait bilera izan dira eraginpekoen Batzordearekin, desjabetzarako espedientea bere amaieraraino eraman beharrik egon ez dadin.

Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) atalak dioenez, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea, baldin eta nahitaezko desjabetzak honako hauek hartzen baditu: ihardute unitate osoak, lurraldearen hirigintza antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta, hala badagokio, hiri lurrean egin beharreko banakako egintzak. Lege horren 26.2 atalari jarraituz, halaber, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari zegokion Jaurlaritzaren Kontseiluari horretarako proposamena aurkeztea.

Ondorioz, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 1997ko azaroaren 11n egindako bileran aztertu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Atal bakarra.– Nahitaezko Desjabetzari buruzko Legearen 52. atalean eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, «Orozko Hornitzeko Sare Primario Berria egiteko proiektua. II. Fasea. Ibarrako hodiak eta biltoki berria» burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Orozkoko Udalak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

Vitoria-Gasteizen, 1997ko azaroaren 11n.

Lehendakariordea,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza

eta Ingurugiro sailburua,

FRANCISCO JOSÉ ORMAZABAL ZAMAKONA.


Azterketa dokumentala