
220. zk., 1997ko azaroaren 17a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Kultura
5784
ERABAKIA, 1997ko azaroaren 12koa HABEren zuzendari nagusiarena, euskaltegi pribatu eta Euskal Etxeei 1997/98 ikasturtean emandako euskara-ikastaroengatik esleituko zaizkien dirulaguntzak arautzen dituena.
Ekainaren 12ko 189/1984 Dekretuak, euskaltegien lege–erregimena eta finantziazioa arautzen dituenak, bere 5. atalean ezarria dauka HABEren zuzendari nagusiaren eskubidea dela euskategi pribatuei, batez ere homologatuei, erakundeak, eskura dauzkan diruen heinean, laguntzak emateko deialdiak egitea.
Era berean, HABEren zuzendari nagusiak 1993ko abuztuaren 3an emandako Erabakiak araututa dauzka euskaltegi pribatu eta publikoek, HABEk ematen dituen dirulaguntzak eskuratu ahal izateko, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak ematean bete beharreko modulu eta baldintzak.
Erabaki horretako 14. atalak ezarria dauka, euskaltegi pribatu homologatuentzako deialdietan, matrikula-sariak, laguntza–moduluak, esleitzeko irizpideak, ordaintzeko epe eta moduak eta beste gorabehera guztiak HABEren zuzendari nagusiaren erabaki batek ezarriko dituela.
Bestalde, maiatzaren 27ko 8/94 Legeak, Euskal Herriko Autonomia Erkidegotik kanpoko erakunde eta euskal etxeekiko harremanak arautzekoak, bere 8.1.j) atalean ezarrita dauka euskal etxeek eta aipatutako lege horren arabera onartutako federazio eta konfederazioek izango dutela euskara-ikastaroak antolatzeko gaitasuna.
Horregatik eta otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak, HABEren egitura organikoa ezartzen duenak ematen dizkidan eskumenez,
ERABAKI DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK
1. atala.– Helburua.
Erabaki honen helburua da euskaltegi pribatuek, homologatu zein libreek eta euskal etxeek 1997/98 ikasturtean (1997ko urria-abendua bitartean eta 1998ko urtarrila-iraila bitartean) emandako euskara-ikastaroengatik esleituko zaizkien dirulaguntzen baldintzak arautzea.
Horrelako laguntzetan emango diren diru-kopuruak HABEren aurrekontuetan horretarako dauden partiden konturakoak izango dira; beraz, hori izango da aurreikusten diren laguntza guztien muga.
Eskari guztiei erantzuteko hainbat diru ez balego partida horietan, hainbanatu egingo da diru-kopurua onuradunen artean, Deialdi honetako irizpideen arabera hartu beharko luketenaren proportzioan.
2. atala.– Onuradunak.
Deialdi honen bitartez banatuko diren laguntzen onuradun izan daitezke HABEko Euskaltegien Erregistroan euskaltegi pribatu, homologatu zein libre, gisa inskribaturik dauden ikastegiak eta Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritza Saileko Euskal Etxeen Erregistroan inkribaturik dauden euskal etxeak, baldin eta hurrengo artikuluek bakoitzari ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
3. atala.– Eskariak.
1.– Onuradun-mota bakoitzari Erabaki honek dagokion kapituluan ezarritako agiriekin batera etorriko den eskaria HABEren zuzendari nagusiari zuzenduko zaio, Erabaki hau Euskal Herriko Agintzaritzaren Aldizkarian argitaratu ondorengo hamabost egunen barruan.
2.– Bidalitako agiriek ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, hamar eguneko epea emango zaie interesatuei hutsuneak bete eta eskatutako agiriak aurkez ditzaten, aldi berean jakinaraziz, horrela ez egitera, eskaria bertan behera utzitakotzat joko dela eta besterik gabe artxiboratuko.
4. atala.– Esleipen-proposamena.
Balorazio-Batzordeari dagokio aurkeztutako eskariak aztertzea eta erabaki-proposamena landu eta HABEren zuzendari nagusiari eskuratzea.
Honako kide hauek osatuko dute Balorazio-Batzordea:
Batzordeburu: Hizkuntza Politikako sailburuordea.
Bokalak: Administrazio Publikoetan euskararen erabilera normaltzeko zuzendaria eta HABEko teknikari bat batzordeburuak izendatua.
Idazkaritzan HABEko teknikari bat arituko da, batzordeburuak izendatua.
Balorazio-Batzordeak, eskari guztiak aztertu ondoren, erabaki-proposamen bat egingo du onuradun izan daitezkeen euskaltegi eta euskal etxeen zerrenda eta 1997/98 ikasturterako bakoitzari eman dakiokeen diru-kopuruarekin.
5. atala.– Erabakia.
1.– Balorazio-Batzordeak egindako proposamena ikusita, HABEren zuzendari nagusiaren erabaki batek ezarriko du onuradun bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa. Dirulaguntzak behin-behinekoak izango dira harik eta erabaki baten bitartez laguntzaren likidazioa zertu arte.
2.– Esleipen-erabakia hitzartua izango da eta dirulaguntzak jasotzetik sortutako moduak eta eginkizunak hitzarmen bidez zehaztuko dira.
3.– Eskariak aurkezteko epea bukatu eta bi hilabeteren buruan emango da Erabakia luzeenik. Ezarritako epe horretan dagokion organoak erabakirik hartuko ez balu, eskaria onartu gabeko joko da.
4.– Erabakiaren berri onuradun bakoitzari eman dakioke eta, gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira onuradunen eta emandako dirulaguntzen zerrendak.
6. atala.– Dirulaguntzen ordainketa.
Dirulaguntzak jarraian azaltzen diren epe eta eran ordainduko dira:
a) Eskariari buruz erabakia hartzean, 1997ko urria-abenduko ikastorduei dagokiona emango da.
b) 1998ko apirilean, esleitutako laguntzaren %50, gastuaren zuriagiriak bidali eta aztertuak izan ondoren.
Laguntzak ez zuritzeak esleitutako laguntza besterik gabe baliogabetzea ekarriko du, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ordaindutako diru-kopururei buruz ezarritakoaren kalterik gabe.
c) Esleitutako dirulaguntzaren gainerakoa likidazio-erabakia emandakoan eta horren arabera ordainduko da.
7. atala.– Laguntzen bategararritasuna.
Erabaki honetan ezarritako laguntzez aparte, beste edozein laguntza har dezakete onuradunek, baldin eta diruz lagundutako jardunean gainfinantziaziorik ez bada.
Horrelako gainfinantziaziorik gertatuko balitz edo 12.1.f) atalean finantziazio publikoetan aurreikusitako mugak gainditu, egoki dadin neurrian gutxituko da laguntzaren kopurua. Diru-kopuru horiek ordainduta baleude, onuradunak, horren berri izan eta hogei eguneko epean bere borondatez sartu beharko du gainfinantziatutako diru-kopurua Euskadiko Diruzaintza Nagusian, eta, horrela egingo ez balu, legez ezarritako itzulpen-arauak aplikatuko zaizkio.
Gainfinantziazioa gertatuko balitz itzuli beharra ezarrita daukaten beste laguntzak tartean direlako, lagundutako jardunaren kostuaren portzentaiari dagokiona izango da itzuli beharreko diru-kopurua.
Langileen soldatak eta lansariak ordaintzeko erabiliko den dirulaguntza, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan lansari-laguntzei murrizketak ezartzen dituzten arauen heinean gutxituko da.
8. atala.– Dirulaguntzen zuriketa.
1.– Ikastaroen garapenari buruz HABEra bidali beharreko agiriez gain, deialdi honen arabera, ikastegi onuradunek Erakunde honek Donostian, Gasteizen eta Bilbon dituen ordezkaritzetan aurkeztu beharko dituzte euskara-ikastaroetan egindako gastu guztien zuriagiriak, eta zeharki honako hauek:
– Dagokion aldiko sarrera-irteeren balantzea (ikus II. eranskina). Sarreren nondikakoa eta ordainketa-egoera ere azalduko dira.
– Aldi horretan emandako ikastorduen azalpena (ikus III. eranskina).
– Aldi horretan euskaltegian lanean aritutakoen zerrenda, beren epealdiko egiteko eta soldatarekin.
– Aldi horretan egindako gastuen (nomina, Gizarte Segurantzako agiriak, fakturak, etab.) orijinalak edo kopia kopultsatuak.
2.– Agiri horiek honako epe hauetan aurkeztu beharko dira HABEren egoitzetan:
a) 1997ko urritik 1998ko martxora bitarteko gastuen zuriagiriak 1998ko apirilaren 15a baino lehenago.
b) 1998ko apirila-iraila bitarteko gastuenak, 1998ko urriaren 15a baino lehenago.
3.– Diruz laguntzeko moduko gastuak honako hauek izango dira:
a) Langileen soldatak. Irakasle azpikontratudunik balego, nomina eta Gizarte Segurantzako agiriz zuritutako soldatak bakarrik hartuko dira aintzat.
b) Lokalen alokairuak. Ondasun higikaitzen alokairuan elkarrekin lotura patrimonialak edo pertsonalak dituzten enpresen arteko fakturarik balitz, aldiko gastu gisa alokatutako ondasunaren urteko amortizazioan aldi horri dagokion kuota onartuko da, eta ez alokairuan azaldutako kostua. Ikastetxea behartua dago horrelako loturarik baduen azaltzera.
c) Mantenimendu-gastuak, euskaltegiak klaseak barnetegi iraunkorretan ematen dituenean.
d) Garbiketa-gastuak, azpikontratatuta daudenean.
e) Argindar, gas eta telefono-gastuak.
f) Gastu didaktikoak (langileen heziketa, material didaktikoa, etab.).
4.– Aipatu berri den hori guztia agiriz zuritzeaz gain, Erabaki honetako onuraduna behartua dago Ekonomi Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak bere eginkizunen kariaz eska diezaioten informazio guztia ematera, horiei baitagokie esleitzen diren dirulaguntzen zertarakoa kontrolatzea, dirulaguntzak arautzen eta Euskal Herriko Ogasunaren Printzipio Arautzaileen Legea aldatu zuen ekainaren 19ko 7/1997 Legearen arabera.
9. atala.– Likidazio-erabakia.
1.– Balorazio-Batzordeak, aurreko atalean aipatutako agiri guztiak jaso eta dirulaguntzei dagozkien gorabehera guztien berri jakindakoan, proposamen bat egingo du 1997/98 ikasturterako dirulaguntzen behin betiko zenbatekoa erabakitzeko.
2.– Balorazio-Batzordearen proposamena ikusita, HABEren zuzendari nagusiak erabaki bat emango du dagokion likidazioa egin ondoren, onuradun bakoitzari luzatuko zaion laguntzaren behin betiko kopurua ezarriko duena.
3.– Erabaki horrek adieraziko du emandako laguntzatik zenbat itzuli beharko den, horrelakorik balitz, eta itzultzeko bi hilebeteko epea emango, ikastegiak erabakia jasotzen duen egunetik hasita.
10. atala.– Ikusketa.
Ekainaren 30eko 14/1994 Legearen 17. atalean, ekainaren 19ko 1997/7 Legearen Bigarren Azken Xedapenak emandako idazkeraren arabera aginduta dagoenez, deialdi honetako onuradunek, horretarako dauden funtzionarioei, lokal eta kontrol-agirietako sarbidea eta faktura edo balio bereko edo ordezko agiriak eta kontrolagai dadin ezein jarduni buruzko agiriak eskuratzeko modua eman behar diete.
Ikusketa-akten ondorio izan daiteke Balorazio-Batzordeak, ikusitako desbiderazioen arabera, eman beharreko diru-kopurua doitzea.
11. atala.– Hutsegiteak.
1.– Hutsegiteak izango dira:
a) Zuriagiriak ezarritako epe eta moduan ez aurkeztea.
b) Ezarritako baldintzak bete gabe dirulaguntzak lortzea.
c) Dirulaguntzaren zertarakoa aldatzea.
d) Dirulaguntzak ematerakoan ezarritako baldintzak ez betetzea.
e) 7/1997 Legeak ezarritako kontrolak oztopatu edo galaraztea.
f) Beste ezein xedapenek ezarritako edozein betebehar ez betetzea.
2.– Bete ezaren aldarrikapena HABEren zuzendari nagusiaren erabakiz egingo da, dagokion espedientea gauzatu ondoren, eta, bidezko dadin beste edozein ekintzaz gain, jasotako diru–kopuruak, beren legezko interesekin, Euskadiko Diruzaintza Nagusira itzuli beharra ekarriko du, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ezarri zuen bezala (EHAA, 1992-02-07).
II. KAPITULUA
EUSKALTEGI PRIBATUENTZAKO DIRULAGUNTZAK
12. atala.– Onuradunen baldintzak.
Deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzak eskuratzeko eskubiderik izateko, euskaltegiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte: 1.– Eskakizun orokorrak:
a) Erabaki honek araututako dirulaguntzen onuradun izateko, matrikula-saria gutxienez 130 pezetakoa izango da ikasle/orduko.
b) HABEren Euskaltegien Erregistroan inskribatuta egongo da eta datu guztiak egunean edukiko ditu.
c) Zerga guztiak ordainduta edukiko ditu.
d) Eskariarekin batera, Erabaki honen 13. atalean zerrendatutako agiriak zuzen bete eta ekarri beharko ditu.
e) Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak emandako dirulaguntzak oro zurituak edukitzea.
f) Finantziazio publikoa (Europako edo Estatuko Erakundeetatik, Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundi edo Udaletatik edo Administrazio Publikoaren baitako beste Erakunde Autonomoetatik datorrena), gehienez, diruz lagundutako jardunaren aurrekontu osoaren %70 izango da.
2.– Betekizun akademikoak.
Betekizun akademikoei dagokienez, euskaltegiek, homologatu zein libreek, HABEren zuzendari nagusiak 1993ko abuztuaren 3an hartutako Erabakian ezarritakoa bete beharko dute ( EHAA. 1993-08-13, 153. zenb.).
13. atala.– Eskariarekin batera ekarri beharreko agiriak.
Honako agiri hauek ekarri beharko dira dirulaguntza–eskariarekin batera:
– Eskaria, euskaltegiaren legezko ordezkariak sinatua (ikus I. eranskina).
– Sorrerako eskritura.
– Euskaltegiaren estatutuak.
– Euskaltegiaren legezko ordezkariaren podere-eskritura.
– Euskaltegiak zergak ordainduak dituela egiaztatzen duen agiria Foru Ogasunak emana eta bereziki Jardun Ekonomikoei aipamen egiten diena.
– 1997/98 ikasturteko sarrera-irteeren aurreikuspen xehetua (ikus II. eranskina).
– 1997/98 ikasturtean guztira emango diren ikastorduen zenbatekoa (ikus III. eranskina).
– Euskaltegiak jardun bererako beste erekundeei egin dizkien eskarien azalpena, zertan diren eta, hala balitz, esleitutako laguntzaren zenbatekoa (ikus IV. eranskina).
– Epealdi horretan euskaltegiari atxikitako langileen zerrenda, 1997/1998an jasoko dituzten soldata gordinen eta eginkizunen azalpenarekin batera.
14. atala.– Dirulantza-moduluak.
Dirulaguntza-modulua da laguntzen kopuru osoa kalkulatzeko balio duten eta 15. eta 17. ataletan bildutako irizpideen arabera ezarritako zenbatekoa.
Honako hauek izango dira 1997/98 ikasturteko moduluak:
1.– Euskaltegi homologatuak.
a) Irakaskuntza-modulua: Balorazio-Batzordeak euskaltegi bakoitzari 1997ko urtarrila-irailerako ikasle/orduko finkatua dion modulu txikiena izango da.
b) Barnetegi iraunkorrak: ikasle eta eguneko 3.850 pezetakoa izango da, pentsio osoa denean eta 2.216.pezetakoa pentsio-erdia denean, kontuan hartuz egunean eman beharreko ikastorduak sei izango direla.
c) HAEEk aukeratu eta HABEri bidalitako ikasleentzako modulua, ikastorduen erreserbaren truke izango da arestiko a) puntuan ezarritakoa eta gehienez 183 pezeta ikasle/orduko, saioak euskaltegian bertan egiten direnean, edo 175 pezeta ikasle/orduko HAEEren lokaletan edo antzekoetan egiten direnean.
2.– Euskaltegi libreak.
a) Irakaskuntza-modulua: txikiena ikasle/orduko 50 pezetakoa izango da.
b) Barnetegi iraunkorretako ikastaroak: ikasle eta eguneko 1.500 pezetakoa izango da modulua, aintzat hartuz egunean eman beharreko ikastorduak sei izango direla.
15. atala.– Dirulaguntzen behin-behineko kalkulua.
1.– Euskaltegi bakoitzari emango zaion laguntzaren behin-behineko zenbatekoa erabakitzeko aplika dakiokeen modulua, hots aurreko atalean aurreikusitakoa biderkatuko da, gehienez, 1996/97 ikasturtean emandako orduen kopuru osoarekin. Emandako orduen kopuru hori euskaltegi pribatuei 1997an dirulaguntzak esleitzeko HABEren zuzendari nagusiak hartutako erabakiek markatuko dute, eta behar denean, zenbait eskualde edo udal txikitan ikastordu-eskaintzarik ez dagoelako, HABEk onartutako orduak gehituko zaizkio kopuru horri.
2.– Nolanahi ere, HAEEk aukeratu eta HABEk euskaltegira bidalitako ikasleak aurreko parrafoan aurreikusitako ordu-kopuruen barruan sartuta egongo dira. Deialdi honetan araututako dirulaguntzak eska ditzaten ikastegiak ikasle horiek hartzera behartuta daude. Kasu honetan behin-behineko kalkuloa egiteko aurreko atalaren 1.c) puntuan jasotzen diren moduloak haeek bidalitako ikasleentzat erreserbatutako ikastorduei aplikatuko zaizkie.
16. atala.– Hitzarmenak.
Erabaki honen 5. atalean aurreikusi bezala, euskaltegiekin sinatuko diren hitzarmenetan zehaztuko dira, alde bakoitzaren eskubide eta betekizunak hitzartzekoan garrantzizko izan daitezkeen beste zenbait gorabeherekin batera, ikastegiak 1997/98 ikasturtean guztira emango dituen ikastorduen kopurua, funtzionariak euskaldundu eta alfabetatzekoak berezituz, eta euskaltegiek eta HABEk irakasleen heziketan eta material didaktikoaren prestakuntzan egingo duten elkarlana.
17. atala.– Dirulaguntzen behin betiko kalkulua
1.– Dirulaguntzen behin betiko kalkulua egingo da 1997/98 ikasturtean benetan emandako ikastorduen kopurua kontuan hartuta, baldin eta kopuru hori 1996/97an emandakoena baino txikiagoa bada, (handiagoa balitz, urte horretan emandakoei dagokiena aplikatuko baitzaie), eta Balorazio-Batzordeak proposatuta HABEren zuzendari nagusiak erabakitako modulua aplikatuz.
2.– Euskaltegiei aplikatu beharreko behin betiko modulua ezarriko da ikastetxe horretako irakasleen soldaten normalizazio-maila kontuan hartuta. Baremo horrek modulua %10 arte handi dezake.
3.– Euskaltegiak 1996/97 ikasturtean emandakoez beste ordu-kopuru bat emango balu, aldaketa horrek neurri berean eta alderantziz eragingo luke laguntza-moduluaren azken kalkuluan, alderik handiena %20 izan daitekeelarik.
III. KAPITULUA
EUSKAL ETXEENTZAKO
LAGUNTZAK
18. atala.– Onuradunen betebeharrak.
Deialdi honen bidez HABEk emango dituen dirulaguntzak eskuratu ahal izateko, Euskal Etxeek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
1.– Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza Saileko Euskal Etxeen Erregistroan inskribatua egotea eta datu guztiak eguneratuak edukitzea.
2.– Erabaki honetako 19. atalean eskatzen diren agiriak zuzen bete eta aurkeztea.
3.– Dirulaguntzen onuradunek, laguntza horiek jaso ahal izateko, aurrez Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak emandako laguntza guztiak zurituak beharko dituzte izan.
19. atala.– Eskariarekin batera ekarri beharreko agiriak.
Honako agiri hauek ekarri beharko dira eskariarekin batera: – Euskal Etxearen legezko ordezkariak sinatutako eskaria (ikus I. eranskina).
– Dagokion erregistroan inskribatua dagoenaren ziurtagiria. – 1997/98 ikasturteko diru sarrera-irteeren aurreiskuspen xehetua (ikus II. eranskina).
– 1997/98 ikasturtean guztira emango diren ikastorduen kopurua (ikus III. eranskina).
– Jardun bererako beste erakundeei egindako eskarien azalpena, eskarien egoera eta, hala balitz, emandako laguntzaren zenbatekoa (ikus IV. Eranskina).
– Epealdi horretan ikastegiari atxikitako langileen zerrenda, beren soldata gordin eta eginkizunekin (ikus V. eranskina).
20. atala.– Dirulaguntza-moduluak.
Aplikatuko den modulua ikasle/orduko 100 pezetakoa izango da.
21. atala.– Hitzarmenak.
Erabaki honen 5. atalean aurreikusi eta euskal etxeekin sinatu beharreko hitzarmenetan zehaztuko dira, bi aldeen eginkizun eta eskubideak ezartzeko garrantzitsu izan daitezkeen beste gorabehera batzuen artean, urtean urteko euskalduntze plangintza eta egitasmoak, dauden lurraldeak eta beren egoerak sortutako berezitasunak kontuan hartuta.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Erabaki honetan aurreikusi ez den guztirako, ekainaren 19ko 7/1997 Legeak agindutakoa hartuko da aintzat, horrek arautu baititu dirulaguntzak eta aldatu du Euskal Herriko Ogasun Orokorraren Printzipio Arautzaileen Legea, eta, gainera, azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Admnistrazio Publikoen Lege Erregimena eta Prozedura Administratibo Arrunta arautu zituena.
Bigarrena.– Erabaki honen aurka, ez baitu bide administratiboa agortzen, interesatuek helegite arrunta tartejar dezakete HABEren presidentearen aurrean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako egunaren biharamunetik hasita hilabete bateko epean.
Hirugarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian azal dadin egunaren biharamunean jarriko da indarrean
Donostia-San Sebastián, 1997ko azaroaren 12a.
HABEren zuzendari nagusia,
JOKIN AZKUE ARRASTOA.
I. ERANSKINA / ANEXO I
HABEren zuzendari nagusia:
jaunak/andereak NAN duenak eta ko n bere egoitza, eta Euskaltegien erregistroan zenbakia duen ko * euskaltegi pribatu (homologatu/librea) ordezkatzeko behar den lege-ahalmenarekin
ESKATZEN DU:
Onar dakizkiola HABEren zuzendari nagusiaren 199.. ko aren .........ko Erabakiak 1997-98 ikasturteko euskara-ikastaroetarako Euskal Autonomia Erkidegoko euskaltegi pribatuei emango zaizkien dirulaguntzak arautu bezala egin duen eskaria eta aurkeztu dituen beste agiriak.
Aurkeztutako agiriak:
1.– Zergak ordainduak dituenaren ziurtagiria
2.– 1997-98 ikasturteko diru sarrera-irteeren aurreikuspen xehetua.
3.– 1997-98 ikasturtean euskaltegiak emango dituen ikastorduen proposamena.
4.– Beste erakunde batzuei egindako eskarien azalpena.
5.– Denboraldi honetan euskaltegiari atxikitako langileen zerrenda, beren urteko soldata gordina eta egitekoak.
Lekua, data, sinadura eta euskaltegiaren sigilua.
Ilmo. Sr. Director General de HABE:
Por la presente D/Dña. con D.N.I. n.º: domiciliado en ........................................
teniendo poder suficiente para representar al euskaltegi privado (homologado / libre) * . de con n.º de registro ,
SOLICITA:
Sea tenida en
consideración la instancia de solicitud, así como el resto de la documentación presentada, en orden a optar a las subvenciones contempladas en la Resolución del Director General de HABE, de de de 199.., por la que se regula la concesión de ayudas económicas a los euskaltegis privados de la Comunidad Autónoma de Euskadi por las clases de euskara impartidas en el curso 1997-98.
Documentación presentada:
1.– Certificado actualizado de hallarse al corriente del pago de las obligaciones tributarias.
2.– Previsión detallada de ingresos y gastos para el curso 1997-98.
3.– Propuesta del cómputo de horas lectivas a impartir a lo largo del curso 1997-98.
4.– Declaración relativa a las solicitudes de subvención cursadas a otras entidades.
5.– Relación del personal adscrito al euskaltegi en ese período, con su retribución bruta anual y función.
(Lugar, fecha, firma y sello del euskaltegi)
* EUSKALTEGIEN ERREGISTROko izena erabili
* el que figura en el REGISTRO DE EUSKALTEGIS
RSS