Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

220. zk., 1997ko azaroaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura
5779

ERABAKIA, 1997ko urriaren 17koa, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearena. Honen bidez Euskal Autonomi Elkarteko Ondare Arkitektoniko, Arkeologiko, Industrial eta Etnografikoaren Zabalkundearen esparruan jarduerak garatzeko dirulaguntzak ematen dira.

Kultura sailburuak 1997ko apirilaren 17an emandako agindu bidez Euskal Autonomi Elkarteko Ondare Arkitektoniko, Arkeologiko, Industrial eta Etnografikoaren Zabalkundearen esparruan jarduerak garatzeko dirulaguntzak, 1997rakoak, emateko modua arautu zen. Agindu hori apirilaren 23an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (76. zk.)

Honako pertsona eta erakunde hauek egin zuten dirulaguntza eskaera horretarako ezarritako epean: Zestoako Udala, «Debegesa» Elkartea, Aguraingo Udala, «Labein» Ikerketa Teknologikoko Zentroa, «Denboraren Argia» Elkartea, «Usatxi» Kultur Elkartea, Tolosako Udala, Armando Dolader, Ormaiztegiko Udala, Beasaingo Udala, «Orbela» Elkartea eta Legazpiko Udala.

Goian aipatutako aginduaren 13. atalean ohartemanda dagoen Balorazio-Batzordea 1997ko ekainaren 24an bildu zen, Lakuan, aurkeztutako dirulaguntza eskaerak aztertu eta ebaluatzeko. Bilera horretan erabaki proposamen bat egin zuten eta bertan esandako guztiak biltzen zituen akta ere bai.

Zestoako Udalak aurkeztutako proiektuak, hau da, Ekaingo leizezuloko fotogrametria ikerketa egitea, ez dauka, berez, kultura ondarearen zabalkundea egiteko helbururik, zabalkundearen aurretik egin beharreko pausua da, izan ere. Horregatik, dirulaguntzak arautzen dituen Aginduaren 4. atalean eskatutako betekizuna betetzen ez duenez, hots, «zabalkundea xede duten jarduerek jaso ditzakete dirulagutzak (...)», ez da proiektu horren baloraziorik egin. Dena den, Kultura Sailak dirulaguntzei buruz argitaratutako Agindu Orokorraren bidez aztertzera bidali da, haren bidez dirulaguntzarik jaso dezakeen ikusteko. Proiektuaren jatorrizko izena hau da: «Estudio de fotogrametría de la Cueva de Ekain».

Labein, Ikerketa teknologikoko zentroak aurkeztutako proiektuak, hau da, arkitektura erlijiosozko eraikin zenbaiten kontserbazio egoeraren zabalkundea egiteko jardunaldi bat antolatzea eta eraikin horiek zaharberritzeko metodologia aurkeztea, ez dauka, berez, kultura ondarearen zabalkundea egiteko helbururik, eta horixe da dirulaguntzen Aginduaren 1. atalak ezartzen duen eskakizuna. Proiektu honek egiten duena da ikerketa zientifiko baten datuak ematea; alde batetik, aukeratutako eraikinak zein neurritan hondatuak dauden aztertzen du eta, bestetik, horiek behar bezala konpontzeko metodoa bilatu nahi du. Horrenbestez, proiektu hau ere ez zaie egokitzen dirulaguntzen Aginduan finkatutako helburuei eta, beraz, Balorazio Batzordeak ez du baloratu. Dena den, Kultura Sailak dirulaguntzei buruz argitaratutako Agindu Orokorraren bidez aztertzera bidali da, haren bidez dirulaguntzarik jaso dezakeen ikusteko. Proiektuaren jatorrizko izena hau da: «La organización de una jornada de difusión sobre el estado de conservación de ejemplos de arquitectura religiosa. Metodología para su rehabilitación».

Denboraren Argia elkarteak aurkeztutako proiektua, hau da arkeologia eta informatikari buruzko nazioarteko mahai-inguru bat egitea Bilbon, elaboratutako datuen segurtasunaren eta zaintzaren gaia aztertzeko ez dauka kultura ondarearen zabalkundea egiteko helbururik, eta horixe da dirulaguntzen Aginduak ezartzen duen eskakizuna. Horrenbestez ez da proiektua baloratu, baina, Kultura Sailak dirulaguntzei buruz argitaratutako Agindu Orokorraren bidez aztertzera bidali da, haren bidez dirulaguntzarik jaso dezakeen ikusteko. Proiektuaren jatorrizko izena hau da: «La Conservación de los Datos Arqueológicos y los Sistemas Informáticos, las autopistas de la información y la arqueología».

Deba Behereko ekonomi garapenerako elkarteak, «Debegesa», aurkeztutako proiektua Ekaingo leizezuloko arkeologi ondarearen zabalkundea egiteko da, baina asmoa da 1998 eta 1999 urteetan egitea. Dirulaguntzen Aginduaren xedea euskal kultura ondarearen berri zabaltzeko jarduerak gauzatzea da, bai, baina jarduera horiek, 1. atalak dioenez, «1997an zehar» egin beharko dira. Gainera, zera zehazten du 7. atalak: «Honako deialdi honen xedeko jarduera guztiek 1997ko abenduaren 31 baino lehen burututa egon beharko dute».

Aguraingo Udalak bere eskualdeko kultura ondarearen zabalkundea egiteko proiektua aurkeztu du, baina dirulaguntzen Aginduaren 3. atalak ezartzen duenez, eskatzaileei beste laguntza bat emango zaie bakar-bakarrik «Administrazio honek aurreko ekitaldietan xede berdinerako emandako laguntzak justifikatu badituzte». Aguraingo Udalak ez dio aurkeztu Administrazio honi 1996an jasotako dirulaguntza justifikatzeko agiririk.

Hauek dira dirulaguntzak arautzen dituen Aginduaren 12. atalean eskaerak baloratze aldera ezarritako irizpideak:

1.– Proiektu orokorraren eta jarduera partikularraren kalitatea eta bideragarritasuna (0-60 puntu).

2.– Jardueraren proiekzioak hartuko duen esparru geografikoa (0-20 puntu).

3.– Aurrekontuaren egokitasuna orokorrean, eta partikularki, finantzabide ez publikoan lorpenari dagokionez (0-10 puntu).

4.– Proiektuaren burutzapenean euskararen sustapena eta erabilera zuzena (0-10 puntu).

Horien arabera, aurkeztutako proiektuek honako puntuazio hau lortu dute:

– «Usatxi» Kultur Elkartea:

Proiektua: Gure museoa kalera («Nuestro Museo a la calle»). Aipatutako irizpideen balorazioa:

1) 30 puntu 2) 5 puntu 3) 0 puntu 4) 0 puntu Guztira: 35 puntu

– Tolosako Udala:

Proiektua: «Zuloaga Txiki Karobia».

Aipatutako irizpideen balorazioa:

1) 25 puntu 2) 5 puntu 3) 0 puntu 4) 10 puntu Guztira: 40 puntu

– Armando Dolader:

Proiektua: Euskal Herriko hirigune historikoei buruzko zortzi programa («Ocho programas sobre Cascos Históricos de Euskal Herria»)

Aipatutako irizpideen balorazioa:

1) 30 puntu 2) 15 puntu 3) 5 puntu 4) 10 puntu Guztira: 60 puntu

– Ormaiztegiko Udala:

Proiektua: Ormaiztegiko zubibidea: balioan jartzea eta haren zabalkundea egitea («Viaducto de Ormaiztegi: puesta en valor y difusión»)

Aipatutako irizpideen balorazioa:

1) 50 puntu 2) 10 puntu 3) 0 puntu 4) 10 puntu Guztira: 70 puntu

– Beasaingo Udala:

Proiektua: «Loinazko San Martin eta Igartzako Gunea».

Aipatutako irizpideen balorazioa:

1) 45 puntu 2) 10 puntu 3) 5 puntu 4) 10 puntu Guztira: 70 puntu

– «Orbela» Elkartea:

Proiektuak:

I) Ibilbide historikoa Gernikako industrian barrena («Recorrido histórico por la industria de Gernika»).

II) Abandonatutako trenbideak: EAEko ondarea ezagutzeko aukera («Líneas de ferrocarril abandonadas: una oportunidad para conocer el patrimonio cultural de la CAPV»).

Aipatutako irizpideen balorazioa:

I. proiektuan:

1) 20 puntu 2) 10 puntu 3) 5 puntu 4) 10 puntu Guztira: 45 puntu

II. proiektuan:

1) 45 puntu 2) 10 puntu 3) 5 puntu 4) 10 puntu Guztira: 70 puntu

– Legazpiko Udala:

Proiektua: «LENBUR: Legazpi, Natura eta Burdina».

Aipatutako irizpideen balorazioa:

1) 40 puntu 2) 12,5 puntu 3) 7,5 puntu 4) 10 puntu Guztira: 70 puntu

Lortutako puntuazioak ikusirik, eta Aginduaren 6.2. atalean ezarrita dagoena kontutan hartuz, hauxe esaten baitu: «emango diren dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira, baina, dirulaguntzaren gehienezko muga errespetatuz, hautaturiko jarduera guztiak egina ahal izango direla ziurtatzeko moduko entitate-kopurua besterik ez da hautatuko, hautapena 12. atalean finkatutako irizpideen arabera eginez», Aginduan horretarako ohartemanda dauden diru baliabideak banatzeari ekin behar diogu, guztira 10.000.000 PTA, aipatutako balorazio irizpideen arabera puntuazio altuena lortu duten proiektuen artean.

Aipatutako lege xedapenak, Erabaki Proposamena eta aplika daitezkeen gainerako xedapen orokor eta bereziak aztertu ondoren, honako hau, ERABAKI DUT:

Lehena: Ondoren aipatzen diren eskatzaileei honako dirulaguntza hauek ematea:

– Legazpiko Udala:

Proiektua: «Lenbur: Legazpi, Natura eta Burdina».

Dirulaguntzaren zenbatekoa: 3.123.728 PTA

– Ormaiztegiko Udala:

Proiektua: Ormaiztegiko zubibidea: balioan jartzea eta haren zabalkundea egitea («Viaducto de Ormaiztegi: puesta en valor y difusión»).

Dirulaguntzaren zenbatekoa: 3.041.619 PTA.

– Beasaingo Udala:

Proiektua: «Loinazko San Martin eta Igartzako Gunea».

Dirulaguntzaren zenbatekoa: 2.942.159 PTA

– «Orbela» Elkartea:

II. proiektua: Abandonatutako trenbideak: EAEko ondarea ezagutzeko aukera («Líneas de ferrocarril abandonadas: una oportunidad para conocer el patrimonio cultural de la CAPV»).

Dirulaguntzaren zenbatekoa: 892.494 PTA

Bigarrena: Zestoako Udalak, Labein ikerketa teknologikoko zentroak eta Denboraren Argia elkarteak aurkeztutako proiektuak ez baloratzea, horien helburuak ez direlako jasotzen dirulaguntzei buruzko Aginduan. Dena den, proiektu horiek, Kultura Sailak dirulaguntzei buruz argitaratutako Agindu Orokorraren bidez aztertzera bidali dira, haren bidez dirulaguntzarik jaso dezaketen ikusteko.

Hirugarrena: Debegasak aurkeztutako proiektuari dirulaguntzarik ez ematea, Aginduaren 7. atalak jarduera guztiak 1997ko abenduaren 31rako bukatuak egon behar dutela ezartzen duelako eta proiektu hori aipatutako dataren ondoren egitekoa zelako. Aguraingo Udalak aurkeztutako proiektuari ere dirulaguntzarik ez ematea, Aginduaren 3. atalak ezartzen baitu entitate eskatzaileek justifikatuak izan behar dituztela helburu berberaz aurreko ekitaldietan jasotako laguntzak eta, udal horrek 1996an jasotakoak ez ditu justifikatu. Bestalde, Tolosako Udalak, «Usatxi» kultur elkarteak eta Armando Doladerek aurkeztutako proiektuei eta ORBELA elkarteak aurkeztutako 1. proiektuari ere dirulaguntzarik ez ematea, proiektu horiek ez direlako lehentasunezkoak dirulaguntzak arautzen dituen Aginduan finkatutako balorazio irizpideen arabera, lehen aipatu baititugu.

Laugarrena: onuradunek dirulaguntzen nondik norakoak arautzen dituen Aginduan ezarritako baldintzak onartu behar dituzte eta, horiez gain, Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio Orokorreko beste gainerako arau orokorrak ere bai.

Diruz lagundutako jarduera guztiak 1997ko abenduaren 31rako bukatuta egon beharko dute.

Dirulaguntza justifikatzeari, likidatzeari eta ordaintzeari dagokionez Aginduaren 18. atalean ezarritakoari jarraituko zaio, eta bertan adierazten den dokumentazioa Kultura Ondarearen Zentrora bidali beharko da, aurreko idazatian esandako datatik aurrera kontatzen hasi eta bi hilabeteko epean.

Bosgarrena: Erabaki hau 1997ko apirilaren 17ko Aginduaren babesean dirulaguntzaren bat eskatu zutenei jakinarazi egin behar zaie, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da, edozeinek honen berri izan dezan. Hauexek dira eskatzaileak: Zestoako Udala, «Debegesa» Elkartea, Aguraingo Udala, «Labein» Ikerketa Teknologikoko Zentroa, «Denboraren Argia» Elkartea, «Usatxi» Kultur Elkartea, Tolosako Udala, Armando Dolader, Ormaiztegiko Udala, Beasaingo Udala, «Orbela» Elkartea, eta Legazpiko Udala.

Erabaki honen aurka errekurtso arrunta jarri ahal izango zaio Kultura sailburuari. Horretarako hilabeteko epea izango da, interesatuei jakinarazten zaienetik kontatzen hasita.

Vitoria-Gasteiz, 1997ko urriaren 17a.

Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea,

JOSÉ M.ª AGIRRE ESKISABEL.


Azterketa dokumentala