
220. zk., 1997ko azaroaren 17a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Agintariak eta Langileak
Ogasuna eta Herri Administrazioa
5768
ERABAKIA, 1997ko azaroaren 10ekoa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio Orokorreko langileriari zuzendutako 1997-1998 ikasturteko bigarren lauhilabeterako hizkuntza eskakizunen araberako euskarazko ikastaroetara dei egiten duena.
ERABAKI DUT:
Atal bakarra.– Euskal Autonomia Elkarteko Administrazio Orokorreko langileriaren 1997-1998 ikasturteko bigarren lauhilabeterako lehenengo hiru hizkuntza eskakizunen araberako ikastaro-deialdia onartzea, I. eta II. eranskinetan ezarritakoarekin bat etorriz.
Vitoria-Gasteiz, 1997ko azaroaren 10a.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.
I. ERANSKINA
1997-1998 IKASTURTEKO BIGARREN
LAUHILABETEAN EUSKARAZKO IKASTAROETARA DEI EGITEN DUEN ERABAKIARENA
OINARRIAK
Lehenengoa.– Helburua.
Euskal Autonomia Elkarteko Administrazio Orokorreko langileriaren hizkuntza eskakizunen araberako hizkuntza gaikuntza eragin eta bultzatzea.
Bigarrena.– Nori zuzendua.
Euskal Autonomia Elkarteko Administrazio Orokorrarekin honako harreman juridikoa dutenei zuzenduta dago: karrerako funtzionarioa, epe gabeko lan ituneko langilea, bitarteko funtzionarioa edota aldibaterako langilea.
86/1997 Dekretuan ezarritakoaren arabera, Hezkuntza-Administrazioa, Osasun-Administrazioa eta Ertzaintzako langileria honako deialdi honetatik kanpo geratzen dira.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE) Euskal Autonomia Elkarteko Administrazio Orokorraren zerbitzupean lanean dihardutenen lan baldintzak arautzeko 1996 urterako hitzarmenean ezarritako lehentasun-irizpideak jarraituko ditu, kredito nahikoko aurrekontu-beharrizanen kaltetan gabe:
1.– Hizkuntza eskakizuna derrigorrezko epea baino lehen bete beharra duen lanposturen batean diharduen funtzionario orok antolatuko diren ikastaroetan parte hartzeko eskubidea izango du.
2.– Hizkuntza eskakizuna derrigorrezko epe gabe bete beharra duen lanposturen batean diharduten funtzionarioek antolatuko diren ikastaroetan parte hartu ahal izango dute, zerbitzuko premiak beteta badaude, lanpostuak duen hizkuntza eskakizuna lortu arte.
3.– Lehentasuna dutenen artean hirugarren lekuan, betetzen duten lanpostuak duen hizkuntza eskakizuna baino goragoko euskalduntzea eta/edo alfabetatzea eskatzen duten funtzionarioak egongo dira.
4.– Lehentasunen artean laugarrenak, aurreko aukeren artean sartu ez badira, bitarteko funtzionarioak egongo dira, lanpostuak duen hizkuntza eskakizuna lortu arte. Hauen artean lehentasuna izango dute betegabeko lanpostuetan bete arte daudenek.
Hirugarrena.– Lanordutako ikastaro eskaintza.
Deialdi honetan lanordutan egiteko ikastaroak II. eranskinean adierazitakoak dira.
HAEEk ondoen iritzitako egokitzapenak egin ditzake II. eranskinean zehazten diren hasiera eta bukaera egunetan nahiz ordutegietan.
Laugarrena.– Lanordutako eskaerak.
Eskaera inprimakiak eskura daude HAEEren hiru hiriburuetako egoitzetan eta Oñatikoan, baita Sail guztietako Zerbitzu Zuzendaritzetan ere.
Eskaerak HAEEko zuzendariari bidali behar zaizkio helbide honetara, Adriano VI, 20. 01008 Vitoria-Gasteiz, eta aurkeztuko dira HAEEko edozein egoitzatan, posta bidez edo azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Lege Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio Ihardunbideari buruzkoa, 38.4 artikuluan zehaztutako edozein modutan.
Eskatzeko epea honako Erabaki hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean kontatzen hasita hamabost egun balioduneko epean bukatuko da. Eskaera modulu eta ordutegi bakarrerako da. Eskatzaileak eskaeraren kopia bere saileko Zerbitzu Zuzendaritzara helarazi behar du.
Eskaerak Erabaki honen oinarrietan dauden betekizunak gorde ezik, lehen aipatutako 30/1992 Legearen 71 artikuluan adierazitakoaren arabera, interesatuari eskatuko zaio hamar eguneko epean hutsuneak bete edota ezinbesteko agiriak gehitzeko; hola egingo ez balu eskaera bertan behera utzi eta besterik gabe artxibatu egingo litzateke.
Bosgarrena.– Lanordutako eskaeren onespen-araubidea.
HAEEk zuzenketetarako epea amaiturik, jasotako eskaeren zerrenda bidaliko du kasuan kasuko Zerbitzu Zuzendaritzara zehaztuko den epean baimenak ziurtatzeko.
Langilearen euskara ezagupena neurtu behar bada HAEEk egoki iritzitako mailaketa probak burutzera deituko du Zerbitzu Zuzendaritzaren bitartez. Deitutako langileren bat ezarritako egun eta orduan mailaketa probara agertzen ez bada eta ez badu mailaketa proba egunetik bi lanegun baino lehen egokiro arrazoitzen Erakunde honek bere eskaera indar gabe utziko du.
Baimenak jaso eta mailaketa probak egin ondoren HAEEk taldeak egingo ditu.
Taldeak egitean HAEEk ahal den neurrian Zerbitzu Zuzendaritza bakoitzak sendetsitako eta baimendutako modulua gordeko du. Nolanahi ere, modulu edota ordutegi jakin batean taldea osatzeko behar adinako eskaerarik ez badago, HAEEk bere esku du egoki iritzitako aldaketak egitea.
Zerbitzuko beharrizanengatik HAEEren proposamena burutzerik ez badago, Erakunde honek matrikula orria eskura diezaioke langileari Zerbitzu Zuzendaritzaren bitartez, orrian bertan zehaztutako epearen barruan bere aukerako euskaltegi publiko edo pribatu homologatuan aurkez dezan.
Horrelakoetan ikastaroak gutxienez astean zortzi eskolorduko trinkotasuna izan behar du. Alfabetatzeko eta EGAko ikastaroetan, dituzten berezitasunengatik, HAEEk kasuan kasuan aztertuko du matrikula orria onargarria den ala ez.
Langileak euskaltegiaren egutegira moldatu behar du Administrazioaren ikastaroenarekin bat ez datorrenean.
Seigarrena.– Lanordutako ikastaroetara joatea eta eskola uztea.
Ondorio guztietarako ikastegia lantokia da langilearentzat. Beraz, eskolaratze eta puntualitate huts guztiak Zerbitzu Zuzendaritzaren aurrean justifikatu beharrekoak dira beste edozein laneratze huts zuritu ohi den bezalaxe.
Euskarazko ikastaroetara joateko baimena ematea Zerbitzu Zuzendaritzaren ardura izaki, beroni dagokio baimendutako epean langileen etenik gabeko eskolaratzea bermatzea.
Era berean, Sailen ardura izango da ikastaroetan parte hartuko duten langileek beren oporrak ikastaroak dirauen epetik kanpo hartzea, ikastaroen aprobetxamenduan kalterik izan ez dadin.
Ikastaroa hasita lehenengo hamar eskolegunetan agertzen ez diren ikasleei baja emango die HAEEk ofizioz, baldin eta ez badute eskolegun horietan zehar eskolaratu ez izanaren idatzizko arrazoirik ematen Zerbitzu Zuzendaritzaren bitartez.
Halaber, eskolan hasi ondoren langileak ikastaroa behinbetikoz utziz gero, horren berri eman beharko dio langileak HAEEri eskola uztea gertatu eta hogei eskoleguneko epearen barruan. Horretarako, «jakinarazpena: euskarazko eskolara joateari uztea» izeneko inprimakia bete eta, Zerbitzu Zuzendariaren oniritziarekin, HAEEko Zuzendariari bidali beharko dio. Inprimaki hori, Sailetako Zerbitzu Zuzendaritzetan eta HAEEren egoitzetan eskuratu ahal izango da.
Gaixotasun bajak eraginda eskola aldibaterako uzten den kasuan, langileak berreskolaratzea eskatu ahalko dio HAEEri. Eskaera hori egiteko ezinbestekoa izango da aldez aurretik langileak eskola uztea jakinarazita edukitzea HAEEri. Erakunde hau berreskolaratzea burutzen saiatuko da, horretarako disponibilitateak kontuan izanda.
Zazpigarrena.– Lan orduz kanpoko ikastaroen araubidea.
Deialdi honetan ez da ikasle berririk (lehenengo lauhilabetean aritu ez denik) onartuko. Beraz, lehenengo lauhilabetean barnetegian edo bost ordukoetan aritutakoek soilik pasatu ahal izango dira lanorduz kanpoko ikastaroetara.
Ikastaroak gutxienez astean zortzi eskolorduko trinkotasuna izan behar du. Alfabetatzeko eta EGAko ikastaroetan, dituzten berezitasunengatik, HAEEk kasuan kasuan aztertuko du matrikula orria onargarria den ala ez.
Eskaera inprimakiak eskura daude HAEEk hiru hiriburuetan dituen egoitzetan eta Oñatikoan, baita Sail guztietako zerbitzu zuzendaritzetan ere.
Eskatzaileak HAEEko zuzendariari zuzenduko dio eskaera ondorengo helbidera: Adriano VI 20, 01008 Vitoria-Gasteiz.
Eskatzeko epea honako Erabaki hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean kontatzen hasita hamabost egun balioduneko epean bukatuko da. Aldibaterako langileek ikastaroak dirauen bitartean Autonomia-Administrazioarekiko lan-hitzarmena dutela egiaztatu beharko dute agiri baten bitartez.
Behin HAEEk eskaera onartu ondoren matrikula orria bidaliko dio eskatzaileari, orrian bertan zehaztutako epearen barruan bere aukerako euskaltegi publiko edo pribatu homologatuan aurkez dezan. Langilea inon matrikulatzen ez bada ahalik lasterren itzuli behar du aipatutako matrikula orria HAEEra.
HAEEk matrikularen kostua ordainduko du soil-soilik, baina dirulaguntza ukatuko du honako bi kasuotan:
a) 1997-1998 ikasturteko lehenengo lauhilabetea amaitu aurretik langileak eskolaratzeari utzi dionean HAEEra eskola uztearen jakinarazpena 1998ko otsailaren 6a baino lehen bidali gabe. Horretarako, «jakinarazpena: euskarazko eskolara joateari uztea» izeneko inprimakia bete eta, Zerbitzu Zuzendariaren oniritziarekin, HAEEko Zuzendariari bidali beharko dio. Inprimaki hori Sailetako Zerbitzu Zuzendaritzetan eta HAEEren egoitzetan eskuratu ahal izango da.
b) 1997-1998 ikasturteko lehenengo lauhilabetean langilearen aprobetxamendua zortzigarren oinarrian zehaztutako gutxienekora heltzen ez denean.
Bi kasuotan, HAEEk ez du dirulaguntzarik emango harik eta langileak bere kabuz urratsa gainditu arte. Gaindipena eskaera egiteko epearen barruan egiaztatu beharra dago.
Irizpide hauek aplikatzeko erreferentea beti ere aurreko ikasturtea izango da; beraz, 1997-1998 ikasturteko aprobetxamenduak balioa izango du 1998-1999 ikasturteko dirulaguntzak ematerakoan.
Zortzigarrena.– Ikastaroen aprobetxamendua.
Langileak urratsak gainditzeko ezarritako aldizkako ebaluaketa probak burutzeko konpromezua hartzen du.
HAEEk aprobetxamendua nahikotzat jotzen du gutxienez ondorengo baldintzetariko bat betetzen denean:
1.– Asistentziari dagokionez, lauhilabete osoarenak gutxienez %80koa izan behar du.
2.– Ebaluaketari dagokionez, lauhilabetean egin beharreko ebaluaketen erdia baino gehiago gainditu beharra dago, asistentzia %80a baino gutxiago den guztietan. Kasuotan honakoa eskatzen da:
– Ebaluaketa bakarreko lauhilabetean ebaluaketa hori gainditzea.
– Bi ebaluaketako lauhilabetean biak gainditzea.
– Hiru ebaluaketako lauhilabetean gutxienez bi ebaluaketa gainditzea.
– Lau ebaluaketako lauhilabetean gutxienez hiru ebaluaketa gainditzea.
HAEEk ikasturtearen bukaeran Zerbitzu Zuzendaritzetara bidali ohi duen txostenean agertzen dira datu hauek. Sail bakoitzari dagokio balioespena egitea eta, HAEEren proposamenak kontuan hartuta, ongien iritzitako erabakiak hartzea.
Agerturiko irizpideok osatzen dute aprobetxamendu maila, Administrazioaren zerbitzupean diharduten funtzionarioen lan baldintzak arautzen dituen Hitzarmeneko 8.3an zehazten den baimena eman ahal izateko esijitu beharrekoa.
II. ERANSKINA
Lanordutako ikastaro-eskaintza.
1.– Ikastaro trinkoak.
1.1.– Oñatiko Barnetegia.
Egunean 6 eskola ordu dira, gainontzeko denbora ekintza osagarrietarako delarik.
Barnetegi egonaldietan hobetsitako iraupena lauhilabetekoa da, baina egonaldi laburragoak ere onar daitezke.
Otsailak 16 - ekainak 26 (lau ebaluaketa egingo dira).
Apirilaren 6, 7 eta 8a eskola egunak izango dira ondorio guztietarako.
Administrazioko taldeen egunez eguneko egutegia sailetara bidaliko du HAEEk lauhilabetea hasi baino lehen.
HAEEk bere gain hartuko ditu soil-soilik matrikula eta egonaldiaren gastuak.
1.2.– Bost orduko ikastaroak.
Euskalduntzeko nahiz alfabetatzeko ikastaroak dira, baina euskalduntzeko ikastaro trinkoak egin behar dituzten langileek lehentasunez Oñatiko barnetegira joan behar dute. Ondorioz, ikastaroak barnetegian egiteko ezintasun nabarmena duenak, eskaerarekin batera justifikatzeko ziurtagiria aurkeztu behar du.
Modulu honek egun osoko lan-liberazioa eskatzen du, eskola orduei ikasleak lan pertsonalerako behar duen denbora gehitu beharra dagoelako. Ikastaroek beti ere lauhilabeteko iraupena dute. Bigarren lauhilabetearen iraupena ondorengoa da:
Otsailak 16 - Ekainak 26 (hiru ebaluaketa egingo dira euskalduntzean).
Apirilaren 6, 7 eta 8a eskola egunak izango dira ondorio guztietarako.
Administrazioko taldeen egunez eguneko egutegia sailetara bidaliko du HAEEk lauhilabetea hasi baino lehen.
HAEEk bere gain hartuko ditu soil-soilik matrikula gastuak. 2.– Modulu-aldaketak.
Modulu aldaketak ikastaro trinkoetatik bi ordukoetara, edo alderantziz, direnean onartuko dira soilik.
Modulu aldaketa eskatuz gero, bi orduko eskoletarako eskariak lehenengo lauhilabetean hasitako taldeetan leudekeen plazak betetzeko dira lehenik. Ondoren, talde berriak sor daitezke baldin eta horretarako behar adina eskari badago.
Laugarren urratsetik gorako bi orduko taldeek astebeteko barnetegialdia burutu ahal izango dute Oñatiko barnetegiko disponibilitatearen arabera. Hala denean, Zerbitzu Zuzendariei zabaltagiri baten bitartez jakinaraziko zaie beren Saileko langileek burutu beharko dituzten egonaldien egutegi zehatzak, zerbitzuko beharrizanak aurrikusita, egonaldi hauetara joatea izan dezaten. Langileren batek joatea ez badauka ezinjoana aldez aurretik idatziz adierazi beharko du.
Barnetegialdi hauetan HAEEk bere gain hartuko ditu soil-soilik matrikula eta egonaldiaren gastuak.
Modulu-aldaketaren ondorioz, bi orduko eskoletara doazenek honako egutegia izango dute administrazioko taldeetan:
a) Goizeko eskolak: Otsailak 2 - Maiatzak 29 (ebaluaketa bat egingo da euskalduntzean).
b) Arratsaldeko eskolak: Urtarrilak 26 - Maiatzak 28 (ebaluaketa bat egingo da euskalduntzean).
Administrazioko taldeen egunez eguneko egutegia ikasturtearen hasieran HAEEk sailetara bidalitakoa da.
Arratsaldeko eskolak astelehenetik ostegunera bitartean dira administrazioko taldeetan.
Orduak:
Bilbo eta Donostia-San Sebastián:8:00-10:00 eta 15:30-17:30.
Vitoria-Gasteiz: 8:30-10:30 eta 15:00-17:00.
RSS