
220. zk., 1997ko azaroaren 17a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Agintariak eta Langileak
Ogasuna eta Herri Administrazioa
5767
ERABAKIA, 1997ko azaroaren 10ekoa, Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko frogetarako deia egiten duena.
Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak 33. atalean ezartzen duenez, Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, sei hilabetetan behin bederen, hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko frogak egiteko deia zabaldu behar du. Froga horietara Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren zerbitzuan diharduten langileak aurkez daitezke, beti ere, euren lanpostuak Dekretu honen ezarpen esparru barrukoak badira.
Bestalde, martxoaren 11ko 49/1997 Dekretuak ezartzen du Justizi Administrazioko ofizial, laguntzaile eta ajenteen kidegoetako funtzionarioek eta auzitegi medikuen kidegoko funtzionarioek aukera izango dutela Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeak hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko antolatzen dituen deialdietara aurkezteko.
Horiek direla eta, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua eta martxoaren 11ko 49/1997 Dekretua betez, hauxe
ERABAKI DUT:
Atal bakarra.– Hizkuntza eskakizunak egiaztatzearren euskara frogak egiteko deialdia onartzea, eranskinean agertzen diren oinarrien arabera.
AZKEN XEDAPENA
Erabaki honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Vitoria-Gasteiz, 1997ko azaroaren 10a.
Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.
ERANSKINA
HIZKUNTZA ESKAKIZUNAK EGIAZTATZEKO DEIALDIAREN ERABAKIARENA OINARRIAK
1. oinarria.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren zerbitzuan diharduten langileek parte har dezakete froga hauetan, beti ere, euren lanpostuak apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren ezarpen esparru barrukoak badira. Modu berean, martxoaren 11ko 49/1997 Dekretuak ezartzen duena betez, Justizi Administrazioko ofizial, laguntzaile eta ajenteen kidegoetako funtzionarioek eta auzitegi medikuen kidegoko funtzionarioek ere aukera izango dute froga hauetan parte hartzeko.
2. oinarria.– Deialdi honek lehenengo, bigarren, hirugarren eta laugarren hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko aukera ematen du. Edozein modutara, azterketarigaiek hizkuntza eskakizun bakarreko azterketa egin ahal izango dute.
3. oinarria.– Laugarren hizkuntza eskakizuneko azterketa, lanpostuan hizkuntza eskakizun hori daukaten langileek, lanpostuan 3. hizkuntza eskakizuna edukita 3. hori egiaztatu duten langileek eta, azkenik, 4. hizkuntza eskakizunerako lau prestakuntza-moduluak gaindituta dituzten langileek egin ahal izango dute.
4. oinarria.– Eskabide kopurua handia delako eskatzaile guztiei azterketa saio bakarrean egiterik ez badago, azterketen antolamenduari begira, Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeak erabaki dezake ondoren zehazten diren lehentasunen arabera jokatzea:
a) Lehentasuna izango dute lanpostuan derrigorrezko hizkuntza eskakizuna duten karrerako funtzionarioek, praktikaldiko langileek eta lan-hitzarmen finkoa duten langileek.
b) Bigarren mailako lehentasuna izango dute lanpostuan derrigortasunik gabeko hizkuntza eskakizuna duten karrerako funtzionarioek, praktikaldiko langileek eta lan-hitzarmen finkoa duten langileek.
c) Hirugarren mailako lehentasuna izango dute lanpostuan derrigorrezko hizkuntza eskakizuna duten bitarteko funtzionarioek eta aldi baterako lan-hitzarmena duten langileek.
d) Laugarren mailako lehentasuna izango dute lanpostuan derrigortasunik gabeko hizkuntza eskakizuna duten bitarteko funtzionarioek eta aldi baterako lan-hitzarmena duten langileek.
5. oinarria.– Azterketak zuzendu eta neurtuko dituzten epaimahaikide titularrak eta ordezkoak Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak izendatuko ditu erabaki bidez. Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuari jarraituz, epaitu beharreko proben edukiak nolakoak diren kontuan hartuta osatuko da Epaimahaia. Epaimahaikiderik gehienak karrerako funtzionarioak edo langile finkoak izango dira eta 4. hizkuntza eskakizuna egiaztatuta izan beharko dute.
Nolanahi ere, epaimahaiburua Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Euskalduntze zerbitzuburua edo berak izendatutako ordezkoa izango da eta idazkaria Erakunde bereko teknikari bat.
Epaimahaiak barne-iharduerarako hartutako arauen kalterik gabe, egoki ikusten dituen laguntzaileak izendatu ahal izango ditu.
6. oinarria.– Azterketetan parte hartu nahi izanez gero, eskabideak aurkezteko epea Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den biharamunetik hasita, 15 egun naturalekoa izango da.
Eskabideak, epe horren barruan, Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeak beren beregi prestatutako eskari-orriaren bidez aurkeztu beharko dira, eta ez da beste inolako eskari-orririk onartuko.
Eskari-orriak Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egoitzetan, Eusko Jaurlaritzan, udaletxeetan eta foru aldundietan eskainiko dira.
Eskabideak Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundearen edozein egoitzatan aurkeztu beharko dira. Hona hemen helbideak:
Gasteiz: Adriano VI, 20.
Oñati: Unibertsitate Zaharra.
Bilbo: Errekalde zumarkalea, 18.
Donostia-San Sebastián: Prim, 7.
Halaber, eskabideak aurkez daitezke azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Jardunbide Komunaren 30/1992 Legearen 38.4. atalak dioen edozein eratan.
7. oinarria.– Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeak antolatutako deialdietara lehenengo aldiz aurkezten direnek, eskabidearekin batera, jarraian zehazten diren agiriak aurkeztu beharko dituzte:
NANaren fotokopia.
Karrerako edo praktikaldiko funtzionarioak badira, funtzionario izendapenaren fotokopia edo, hau ezean, jabetza-hartzearen egiaztagiriaren fotokopia.
Lan-hitzarmen finkodun langileak badira, lan-hitzarmenaren fotokopia.
Bitarteko funtzionarioak badira, bitarteko funtzionario izendapenaren fotokopia.
Aldi baterako lan-hitzarmena duten langileak badira, lan-hitzarmenaren fotokopia.
Dokumentu hauek aurkezterik ez duten langileek beren lan egoera egiaztatzen duen funtzio publikoko gaietan eskumena duen organo titularraren agiria bidali beharko dute.
8. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hilabeteko epean, onartutako eta baztertutako azterketarigaien behin-behineko zerrenda jakinaraziko du Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendari jaunak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den erabakiaren bidez.
Onartutako eta baztertutako azterketarigaien behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, 7 egun naturaleko epea izango dute interesatuek erreklamazioak aurkezteko. Erreklamaziook idatziz aurkeztu behar zaizkio Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariari.
9. oinarria.– Epea amaituta erreklamaziorik ez bada, onartutako eta baztertutako azterketarigaien behin-behineko zerrenda behin-betiko bihurtuko da.
Erreklamaziorik egon bada, aurkeztutakoak aztertu eta ebatzi ondoren, onartutako eta baztertutako azterketarigaien behin-betiko zerrenda argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Azterketak egiten direnerako behin-betiko zerrenda argitaraturik ez badago, erreklamazioa aurkeztu duten azterketarigaiek azterketa egin ahal izango dute. Azterketa honek, ordea, balioa izango du bakarrik azterketarigaia onartuta gelditzen bada.
10. oinarria.– Azterketen egunak, tokiak eta orduak epaimahaikideak izendatzeko erabakian bertan jakinaraziko dira. Erabaki hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Eskatzaile kopurua handia delako azterketak bi saiotan egin behar badira, bigarren saioko azterketen egunak, tokiak eta orduak gutxienez astebeteko aurrerapenaz jakinaraziko dira.
11. oinarria.– Azterketetan zenbait ariketa egin beharko da eta horien helburua azterketariek duten euskararen ezagupena neurtzea izango da. Ezagupen hori neurtzeko, 86/1997 Dekretuaren 13.2. atalean eta Eraskinean hizkuntza eskakizun bakoitzerako zehaztutako hizkuntza gaitasunak eta Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusiaren 1990.eko uztailaren 5eko Erabakian hizkuntza eskakizun bakoitzerako ezarritako egitarauak hartuko dira kontuan.
12. oinarria.– Kalifikazioa orokorra izango da, hau da, «gai» edo «ez gai», trebetasun bakoitzerako gaitasuna ere adieraziko delarik. Emaitza orokorra «ez gai» denean, trebetasunen bat gainditu izanak ez du baliorik izango deialdi honetako konparaziozko azterketarako, ezta ondorengo deialdietarako ere.
13. oinarria.– Azterketen behin-behineko emaitzak Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren erabaki bidez jakinaraziko dira eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira. Emaitzak argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, 7 egun naturaleko epea izango dute interesatuek erreklamazioak aurkezteko Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren aurrean.
Epe hori igaro ondoren, erreklamaziorik aurkeztu ez duten azterketarien emaitzak behin-betiko bihurtuko dira eta emaitza hauek argitaratutako egunetik hasita izango dituzte ondorioak hizkuntza eskakizunen egiaztapenek.
14. oinarria.– Emaitzen kontrako erreklamazio epea amaituta, Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak aurkeztutako erreklamazioak onartuz edo gaitzetsiz ebatziko ditu. Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Erabaki honen kontra errekurtso arrunta ezarri ahal izango da Ogasun eta Herri Administrazio Saileko sailburuaren aurrean, berau argitaratu eta hilabeteko epean.
Epe hori igarota, errekurtsorik aurkeztu ezean, erreklamazioen ondorioz erabakitako emaitzak behin-betiko bihurtuko dira eta emaitza hauek argitaratutako egunetik hasita izango dituzte ondorioak hizkuntza eskakizunen egiaztapenek.
15. oinarria.– Azterketara aurkeztu eta suspenditu duten azterketariek konparaziozko azterketa egiteko aukera izango dute, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak ezarritakoaren arabera.
Konparaziozko azterketa hauetarako tokiak, egunak eta orduak aditzera emango ditu Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeak zuzendariaren erabaki bidez eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko ditu. 16. oinarria.– Konparaziozko azterketen behin-behineko emaitzak Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren erabaki bidez jakinaraziko dira eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira. Emaitzak argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, 7 egun naturaleko epea izango dute interesatuek erreklamazioak aurkezteko Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren aurrean.
Epe hori igaro ondoren, erreklamaziorik aurkeztu ez duten azterketarien emaitzak behin-betiko bihurtuko dira eta konparaziozko azterketen emaitza hauek argitaratutako egunetik hasita izango dituzte ondorioak hizkuntza eskakizunen egiaztapenek.
17. oinarria.– Konparaziozko azterketen emaitzen kontrako erreklamazio epea amaituta, Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak aurkeztutako erreklamazioak onartuz edo gaitzetsiz ebatziko ditu. Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Erabaki honen kontra errekurtso arrunta ezarri ahal izango da Ogasun eta Herri Administrazio Saileko sailburuaren aurrean, erabakia argitaratu eta hilabeteko epean.
Epe hori igarota, errekurtsorik aurkeztu ezean, erreklamazioen ondorioz erabakitako emaitzak behin-betiko bihurtuko dira eta konparaziozko azterketen emaitza hauek argitaratutako egunetik hasita izango dituzte ondorioak hizkuntza eskakizunen egiaztapenek.
18. oinarria.– Minusbaliotasun fisikoren bat duten azterketarigaiek eskari-orrian adierazi behar dute zein minusbaliotasun-mota duten. Kasuan kasuko egoerak aztertu ondoren, Epaimahaiak erabakiko du egokitzapenik egin behar den, beti ere, azterketan eskatu beharreko gaitasuna gutxitu gabe.
19. oinarria.– Hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko frogak gainditzen dituztenek Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren egiaztagiria jasoko dute, egiaztatutako hizkuntza eskakizuna zehaztuko duena. 20. oinarria.– Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren erabaki honen kontra, lehen aipatutako azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Jardunbide Komunaren 30/1992 Legearen 114 eta hurrengo atalen arabera, Ogasun eta Herri Administrazio Saileko sailburuaren aurrean errekurtso arrunta ezarri ahal izango da, erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hilabeteko epean. Errekurtsoari erantzunik ematen ez bazaio, ezezkotzat eman beharko da.
RSS