Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 1997ko otsailaren 28a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Nekazaritza eta Arrantza
1085

AGINDUA, 1997ko otsailaren 20koa, Industri, Nekazaritza eta Arrantza sailburuarena, Euskal Autonomi Elkartean dauden eta unibertsitatekoak ez diren irakastegiei eskola-baratzeak sustatzeko eman behar zaizkien dirulaguntzen banaketa arautzeko eta 1997ko deialdia egiteko dena.

Industri, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren helburu nagusietako bat gizarte osoak natur ingurunea sustatzea, ezagutzea eta errespetatzea da. Helburu hori betetzeko, beharrezkoa da belaunaldi berrien prestakuntzan jarduera praktikoak, eskulanen ingurukoak eta talde-lanak sartzea, eta jarduera hauek lan intelektualarekin bateratuz ikasteko ahalegina, nekazaritza munduarekin, ekoizpen moduekin eta inguru sozio-naturalarekin harremanetan jartzea.

Hau horrela, gizarte hiritarrean integraturik dagoen ikaslegoa eskola-baratzearen figuraren bitartez ekoizpen-ingurune naturalera hurbiltzea bide eraginkorra izan da azken ekitaldiotan aipatu xedea lortzeko; hori dela eta, eutsi egin behar zaio esperientzia positibo honi, xede hori betetzeko behar diren laguntzetarako bosgarren urtez jarraian deialdia eginez.

Ondorioz, Euskal Autonomi Elkartearen 1997rako Aurrekontu Orokorrak onesten dituen 10/1996eko abenduaren 27ko Legean ezarritakoaren arabera gaituriko gastuan oinarriturik, hauxe

XEDATU DUT:

1. atala.– Xedea.

Agindu honen xedea da eskola-baratzeak sustatu ahal izateko eta ondorengo helburuak dituzten heziketa-jarduerak garatu ahal izateko dirulaguntzak arautzea, eta 1997. urteko deialdia egitea. Helburuak:

a) Natur ingurunearen ezagutza eta natur balioekiko begirunea suspertzea.

b) Hiri-inguruak landa-inguruarekin duen harremana hobetzea. c) Nekazaritzako ekoizpen-tekniken ezagutza suspertzea.

d) Natur inguruneak eta bere balioen defentsak, batetik, eta natur baliabideen arrazoizko ustiapenak, bestetik, elkarren artean gorde behar duten oreka bilatzea.

2. atala.– Onuradunak.

1.– Euskal Autonomi Elkartean dauden eta unibertsitatekoak ez diren irakastegi guztiek, baita minusbaliatu psikikoak dituzten helduentzako heziketa-zentro ez-ekoizleek ere, eskatu ahal izango dituzte agindu honetako deialdiko laguntzak, subentzioa jasotzeko proiekturik aurkezten badute.

2.– Ikastegi batek baino gehiagok proiektu bera aurkez dezakete batera.

3. atala.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak. 1.– Agindu honetan aurrikusitako dirulaguntzak ez-itzultzekoak izango dira eta, proposatutakoa martxan jartzeko beharrezkoak diren instalazioak, tresneria eta ekoizpen gastuak finantzatzeko erabiliko dira.

Nolanahi ere, aurreko urteetan dirulaguntza jaso duten irakastegiek, bakarrik materiala berritzeko edo daukaten baratzea handiagotzeko eskuratu ahal izango dute dirulaguntza.

2.– Dirulaguntzen zenbatekoa, aurkezturiko aurrekontuen % 100eraino irits daiteke.

Edonola ere, proiektu bakoitzerako emango den dirulaguntza ez da izango berrehun mila (200.000,-) pezetatik gorakoa, salbu proiektu bera irakastegi batek baino gehiagok aurkezten badu; horrela izango balitz, aipaturiko muga irakastegi bakoitzari aplikatuko litzaioke.

4. atala.– Eskabideen aurkezpena.

Eskabideak aurkezteko epea egutegiko 30 egunekoa izango da, honako agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean kontatzen hasita. Eskabideak honako helbidera bidaliko dira:

«Eskola-baratzeetako dirulaguntzak - 1997»

Natur Ingurunearen Antolakuntza eta Ikerketa Zuzendaritza. Industri, Nekazaritza eta Arrantza Saila.

Eusko Jaurlaritza.

Wellingtongo dukea, 2

01010 Vitoria-Gasteiz.

Eskabidea helbide honetan aurkeztuko da zuzenean, edo Herri-Administrazioen Lege-Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio-Ihardunbideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 atalburuan aurrikusitakoari jarraituz.

5. atala.– Aurkeztu behar den dokumentazioa.

1.– Agindu honetan arautautako dirulaguntzak lortu nahi dituzten eskola zentroek agindu honekin batera datorren eraskineko eskabidea eta agiriak aurkeztu behar dituzte.

Proiektua irakastegi baten baino gehiagoren artean aurkezten dutenean, proiektuari irakastegi bakoitzeko eskaera bat erantsiko zaio eta proiektuan bertan argi zehaztuko da zein irakastegitara bidaliko den dirulaguntza.

2.– Edonola ere, Natur Ingurunearen Antolamendu eta Ikerketa Zuzendaritzak, dirulaguntza-espedienteei buruzko erabakia hartzeko beharrezkotzat hartzen dituen informazio eta agiri osagarri guztiak eskatu ahal izango ditu.

3.– Halaber, aurkeztutako eskabideak ikastetxe publikoenak direnean, aipatutako Zuzendaritzak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren onespena lortuko du.

6. atala.– Baloratzeko irizpideak.

Dirulaguntzak eta haien zenbatekoa ezartzeko honako irizpide orokor hauek hartuko dira kontutan:

a) Proiektuak hezkuntza arloan duen interesa.

b) Ikasleen partehartzea.

c) Jardueren aniztasun eta antolaketa.

d) Proposamenaren bideragarritasuna.

e) Aurreko urteetan jasotako dirulaguntzak eta haien zenbatekoa.

f) Eskola-baratzeen garapenari buruz Industri, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 1996-97 ikasturtean egin duen jarraipenaren ebaluazioaren emaitza.

2.– Orain arte egin diren deialdietan dirulaguntzarik jaso ez duten irakastetxeen proiektu berriek izango dute lehentasuna.

3.– Gaitziritzi egingo dira beti, batetik, aurreko deialdietan onuradunak izan eta ondorioz hartutako konpromezuak bete ez dituzten irakastetxeen eskabideak eta, bestetik, jarraipen egitarauaren ebaluazioa ontzat eman ez den irakastetxeenak.

7. atala.– Erabakia.

1.– Epaimahai balioztatzailea egongo da. Mahaia Natur Ingurunearen Antolakuntza eta Ikerketa zuzendariak gehi berak horretarako izendatutako teknikari bik osatuko dute.

Epaimahai balioztatzaileak, berak bidezko ikusten dituen jardueren ondotik eta ezarri diren beharkizunak betetzen dituzten proiektuak baloratuz gero, erabakiaren proposamena egingo du idatziz.

2.– Natur Ingurunearen Antolakuntza eta Ikerketa zuzendariak, dirulaguntzak eman ala ukatzea erabakiko du EHAAn argitaratuko den erabakiaren bidez; halaber, interesatuei jakinaraziko zaie laguntza eman ala ukatu zaien.

Eskabideak egiteko epea amaitu den egunetik kontatzen hasi eta hiru hilabeteren buruan ez bada erabakirik hartzen, gaitziritzi egin dela ulertuko da azaroaren 26ko 30/1992 Legearen ondorioetarako.

8. atala.– Laguntzaren onespena.

1.– Laguntza eman dela jakinarazi ondoren, adjudikatariek 10 eguneko epean ez badiote laguntzari beren beregi eta idatziz uko egiten, laguntza onartu dela ulertuko da.

2.– Dirulaguntza onartzeak deialdiaren oinarriak onartzea dakar berarekin.

9. atala.– Proiektuak burutzeko epea.

Onetsitako proiektuak 1997-1998 ikasturtean burutu beharko dira.

10. atala.– Laguntzaren ordainketa.

Onartutako dirulaguntzaren ordainketa agindu honen 8. atalean xedatutako epea amaitu ondoren egingo da.

11.– atala.– Bateraezintasunak.

Hemen araututako dirulaguntzak bateraezinak izango dira beste edozein Herri-administrazio, entitate edo erakunde publiko zein pribatuk helburu berdintsuekin eman dezakeen beste edozeinekin.

12. atala.– Jarraipena eta kontrola.

1.– Natur Ingurunearen Antolamendu eta Ikerketa Zuzendaritzak eskola-baratzeen garapenaren jarraipena egingo du. Dirulaguntza jaso duten irakastegiek amore emango diote Zuzendaritzaren jarraipenari, zein ekoizpen tekniketan eta egindako jardunaren interpretazio pedagogikoetan oinarrituko baita.

2.– Dirulaguntza jasotzeak ondoko konpromezu hauek ekarriko dizkie irakastegi onuradunei:

a) Natur Ingurunearen Antolamendu eta Ikerketa Zuzendaritzaren jarraipen eta ebaluaziora makurtzea.

b) Zuzendaritza horrek eskaturik, aldian-aldiko txostenak aurkeztea.

c) Buruturiko jardueren azken txostena eta onetsitako gastuen faktura jatorrizkoak aurkeztea, 1998ko ekainaren 30a baino lehen.

d) Onetsitako aurrekontutik erabili ez den diru-kopura Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio Orokorrari itzultzea.

13. atala.– Itzulketa.

Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurrikusitakoarekin bat etorriz, onuradunak ez badu betetzen Agindu honetan ezarritakoa edo laguntza emateko erabakian ezarritako baldintza teknikoak, Natur Ingurunearen Antolamendu eta Ikerketa Zuzendaritzak hasiko duen espedientea tramitatu ondoren eta interesatuari hamabost eguneko epearen barruan entzun ondoren, onuradunak dirulaguntza galduko du, eta orduraino jasotako ordainak eta aplikatzekoak diren legezko korrituak itzuli beharko dizkio Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari, bi hilabeteko epean gehienez.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honetan aurrikusten ez den guztirako, azaroaren 26ko Herri-Administrazioen Lege-Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio-Ihardunbideari buruzko 30/1992 Legean araututakoa aplikatuko da.

Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.


Azterketa dokumentala