Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

193. zk., 1996ko urriaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Industria, Nekazaritza eta Arrantza
4622

229/1996 DEKRETUA, irailaren 24koa, Euskal Autonomi Elkartean nekazaritza ekologikoa, eta bere produktuen elaborazioa eta merkaturatzea arautzeko, eta Nekazaritza Ekologikoaren Euskal Kontseilua eratzeko dena.

<FONT SIZE=2><P>1991ko ekainaren 24ko Kontseiluak onetsi zuen nekazaritza ekologikoari eta nekazaritzako produktuetan eta elikagaietan haren aipua egiteko moduari buruzko 2092/1991 (EEE) Arautegia. Arautegi horretan ezartzen da kontrol-araubide batera makurtu behar direla nekazaritza zein abeltzaintza ekologikoko produktuak merkaturatu nahi dituzten ekoizle, inportatzaile edo transformatzaileak. Kontrol horren helburu nagusia da ekonomi agenteek errespeta ditzaten Europako Elkarteko ekoizpen-arauak, eta erabil ez dezaten Europako Elkarteko arauetan baimenduta ez dagoen produkturik (ongarriak, landare-osasunerako produktuak eta abar).

Aipaturiko kontrol-araubidea aplikatzeko ardura dutenak estatu kideak izanik, eta Konstituzioaren eta Euskal Herrirako Autonomia Estatutuaren ondorioz eskumenak banatzeko eratu den sistema kontuan harturik, Euskal Autonomi Elkarteari dagokio bere lurralde-eremuaren barruan kontrola egiteko eskuduna den agintaria izendatzea, eta Euskal Autonomi Elkarteari dagokio, halaber, behar diren antolaketa-neurriak eta xedapen arau-emaileak hartzea, batetik, produktuak ekoizbide ekologikoari buruzko aipuren batekin aurkeztu ahal izateko kontrol-sistemaz baliatzeko modua bermatzeko jarduleei, eta, bestetik, produktu hauen ezagutza eta sinesgarritasuna sendotzeko kontsumitzaileen artean.

Ondorioz, Industri, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 1996ko irailaren 26an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. atala.- Aplikazio-eremua.

Kontseiluaren ekainaren 24ko 2092/1991 (EEE) Arautegiaren araberako ekoizbide ekologikoari buruzko aipuren bat daramaten nekaritzako produktuak eta elikagaiak ekoiztu, elaboratu eta merkaturatzeko modua Euskal Autonomi Elkartearen eskumen eta geografi eremuaren barruan arautzea, eta nekazaritza ekologikoaren arloan sustapen, kontrol eta aholkamendurako tresnak arautzea dira dekretu honetara bildutako xedapenen xedea.

Dekretu honen aplikazio-eremuaren barruan dauden nekazaritzako produktuak eta elikagaiak ondoko hauek dira:

a) Nekazaritzako produktu begetal transformatu gabeak, eta abereak eta abere-produktu transformatu gabeak, azkeneko bi hauen kasuan ustiategien ekoizpen-abiaburuak eta kontrolerako arau zehatzak ezartzen diren neurrian.

b) Jatorri begetaleko osagai bat edo gehiago duten eta giza elikadurarako diren produktuak, eta abere-jatorriko osagaiak dituzten eta giza elikadurarako diren produktuak, baldin eta, azkeneko kasu honi dagokionez, aurreko idazatian abere-ekoizpenari buruz aipatzen diren xedapenak ematen badira.

2. atala.- Babestutako adierazpenak.

1.- Lehenengo atalean definitutako elikagai eta nekazaritzako produktuetarako erreserbatuko dira atal honen 2. idazatian adierazten diren terminoak, baldin produktu horiek ekoiztu, elaboratu eta kontserbatzeko baimendutako produktuak bakarrik erabiltzen badira, eta dekretu honetan eta nekazaritza ekologikoari buruz indarrean dauden gainerako xedapenetan ezarritakoa betetzen bada.

2.- Aipaturiko erreserba hori produktu jakin bakoitzaren izenerako ere zabalduko da, noiz eta izen hori "produktu kimiko sintetikorik erabili gabe lortutakoa" terminoarekin edo "biologikoa", "ekologikoa", "biodinamikoa", "organikoa" terminoekin loturik agertzen denean, edota "nekazaritza" zein "abeltzaitza" "biologikoaren", "ekologikoaren", "biodinamikoaren", "biologiko-dinamikoaren" edo "organikoaren emaitza" terminoekin loturik agertzen denean.

Halako produktuak ekoizbide ekologikoari buruzko adierazpena daramala ulertuko da, baldin etiketan, publizitatean, merkataritza-agirietan edo kartel adierazgarrietan produktua edo bere osagaiak aurreko lerroaldiko termino eta aipuekin identifikatzen badira, eta, oro har, kontsumitzaileari produktua bera edo bere osagaiak nekazaritza ekologikoaren arauekin bat etorriz lortu direla iradoki edo ulertaraz diezaiokeen adierazpen edo kalifikatzailerik badarama delako produktuak.

3.- Debekaturik dago bestelako elikagai eta nekazaritzako produktuetan erabiltzea, antzekotasun fonetiko edo grafikoa dela eta, arautegi honetan babesten direnekin nahas daitekeen edozein izen, marka, adierazpen edo zeinu, nahiz eta ondoan "mota", "estiloa", "gustua", edo antzerako terminoren bat izan.

4.- Atal honen 1. idazatian aipaturiko adierazpenak 2092/1991 (EEE) Arautegiaren 5. atalean ezarritakoaren arabera erabiliko dira.

3. atala.- Ekoizpen eta elaboraziorako arauak.

Dekretu honen 2. atalaren 2. idazatian aipatutako adierazpenetarik edozein erabiltzen duten jarduleek, 2092/1991 (EEE) Arautegiaren 6. atalean eta xede berari aplikatzekoak diren gainerako xedapen osagarrietan jasotako ekoizpen-arauekin bat etorriz ekoiztu edo elaboratu behar dituzte produktuak.

4. atala.- Eskudun agintaritza.

Euskal Autonomi Elkarteko lurraldean Industri, Nekazaritza eta Arrantza Sailak beteko ditu 2092/1991 (EEE) Arautegiaren 8 eta 9. ataletan aipatutako eskudun agintaritzaren eginkizunak.

5. atala.- Nekazaritza Ekologikoaren Euskal Kontseilua.

Nekazaritza Ekologikoaren Euskal Kontseilua eratzen da, Industri, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren organo kolegiatua izan dadin, organikoki eta hierarkikoki Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzari atxikia, eta bere egitekoa dekretu honetan nekazaritza ekologikoaren alorrean esleitzen zaizkion aholkularitza eta lankidetza eginkizunak betetzea izango da.

6. atala.- Nekazaritza Ekologikoaren Euskal Kontseiluaren osaketa eta eginkizunak.

1.- Kontrol-araubidearen menpeko produktu ekologikoak ekoiztu, elaboratu eta inportatzen dituzten enpresetako jardule titularrak egongo dira ordezkaturik kontseiluan, baita nekazaritza ekologikoko elkarteak eta kontsumitzaileen elkarteak ere.

2.- Kontseiluaren osakideak ondoko hauek izango dira:

a) Lehendakaria.

b) Ustiategi ekoizleen titularrak ordezkatzen dituzten hiru kontseilukide.

c) Enpresa elaboratzaileen titularrak ordezkatzen dituen kontseilukide bat.

d) Beste herrialde batzuetatik inportatzen duten enpresen titularrak ordezkatzen dituen kontseilukide bat.

e) "Ekonekazaritza" Euskal Herriko Nekazaritza Ekologikoko Elkarteen Federazioaren ordezkari bat.

f) Kontsumitzaileen elkarteen ordezkari bat.

3.- Sailburuaren aginduaren bidez izendatutako Industri, Nekazaritza eta Arrantza Saileko funtzionario bat arituko da idazkari, hizpidez baina hautespiderik gabe. Izendatzeko aginduan, titularra ezezik ordezkoa ere izeneztatuko da, huts, ausentzia, gaixotasun edo legez onetsitako bestelako egoeretarako.

4.- Kontseiluaren bileretara, aurrekoez gain, Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzaren ordezkari bat eta hiru foru aldundiek izeneztaturiko ordezkari bana joango dira, guztiak nekazaritza ekologikoan adituak. Hortaz, azken hauei ere deitu beharko zaie kontseiluaren bilkuretarako. Lau hauek hizpidez baina hautespiderik gabe jardungo dute, eta kontseiluaren idazkariari jakinarazi beharko zaio haien izendapena.

5.- Ekoizpen, elaborazio eta inportazioaren ordezkariak demokratikoki aukeratuko dira azpisektore bakoitzean, hau da, arloan arloko erregistroan inskribatutakoek inskribatutakoen artetik aukeratuko dituzte. Kontseilukide horiek loturik egon behar dute ordezkatzen duten sektorearekin, bai zuzenean bai ordezkatu behar dituzten jardueretan aritzen diren sozietateetako buruzagiak direlako. Hala ere, ezein pertsona natural edo juridikok ez du izango ordezkaritza bikoitza kontseiluan, ez zuzenean ez eskumendeko enpresen edo bazkideen bitartez.

Inskribatutako enpresa bateko buruzagiak izategatik aukeratutako kontseilukideek, enpresa horretako buruzagi izateari utziz gero, kontseilukide izateari ere utziko diote, nahiz eta beste enpresa batera aldatu eta sektorearekin loturik jarraitu. Horrela gertatuz gero, ordezkoa izendatuko da barne-jardunbiderako arautegiak ezartzen duen eran.

EAEko hiru lurralde historikoetan diharduten eta behar bezala erroldaturik dauden kontsumitzaileen elkarteen edota elkarte horien federazioen arteko akordioaren bidez izendatuko da kontsumitzaileen elkarteen ordezkaria.

6.- Kontseilukideen agintaldia lau urtekoa izango da, eta horien buruan kontseilukideak berrautatuak izan daitezke. Hauteskunde-araubidea barne-jardunbiderako arautegian ezarriko da.

7.- Industri, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak izendatuko du kontseiluko lehendakaria, ekoizleen, enpresa elaboratzaileen eta enpresa inportatzaileen ordezkariek proposamena egin ondoren. Era berean lehendakariordea izendatuko da, zeinek lehendakari jardungo baitu, lehendakariaren huts, ausentzia edo gaixotasuna gertatuz gero.

8.- Nekazaritza Ekologikoaren Euskal Kontseiluaren eginkizunak ondoko hauek izango dira:

a) Barne-jardunbiderako arautegia egitea eta Industri, Nekazaritza eta Arrantza sailburuari aurkeztea, berak onets dezan.

b) Bai azterlanak egin daitezen, bai ekoizpena edo elaborazioa nekazaritza ekologikoaren sistemaren arabera burutu nahi duten nekazaritzako ustiategi edo nekazaritzako elikagai enpresak moldatzeko proiektuak gauza daitezen, bai ekoizpen prozesuak hobetzeko planak egin daitezen proposatzea eta horretarako laguntza teknikoa ematea.

c) Ekoizteko sistema ekologikoen ezagutza eta aplikazioa zabaltzen laguntzea, nekazaritza ekologikoa sustatzeko elkarteen jarduerei laguntza emanez.

d) Nekazaritza ekologikoaren alorrean proposamenak egin eta orientazioak ematea, Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzari zuzendutako txostenen bidez.

e) Nekazaritzako produktu ekologikoak identifikatu behar dituen logotipoa proposatzea, zein onetsiko baita Industri, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren aginduaren bidez.

f) Ekoizpen eta elaborazioari buruzko arau teknikoak aldatzeko edo eraskinak gehitzeko proposamenak egitea eta arau-proiektuei buruzko txostenak egitea.

g) Europako arauetan ezarritako terminoetan ekoizpen ekologikoari ekiten dioten jarduleak moldatzeko epea finkatzeko irizpideak hartzea.

h) Nekazaritzako elikagai ekologikoen kontsumoa eta zabalkundea sustatzeko ekintzak proposatzea.

i) Laguntza ematea identifikazio-adierazpenak behar bezala erabil daitezen.

j) Kontrol-araubidearen menpeko ustiategien nekazari eta abeltzain titularrek ingurugiroa zaintzeko egiten duten lana kontsumitzaileari eta, oro har, gizarteari ondoen komunikatzen dieten salmenta-moduak sustatzea.

k) Jarduleak elkar daitezen eta merkaturatzeko bide propioak, betez ere salmenta zuzena, eratu daitezen bultzatzea.

9.- Kontseiluaren erabakien aurka errekurtso arrunta jarri ahal izango zaio Industri, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako zuzendariari.

7. atala.- Kontseiluaren bilkurak.

1.- Kontseilukideek ezartzen duten aldizkakotasunez egingo dira kontseiluaren bilkura arruntak, beti ere lehendakariak deialdia eginik, eta gutxienez hiru hilabetean behin. Horrez gain, aparteko bilkura egin ahal izango da, lehendakariak aparteko deialdia egiten badu, edo kontseilukideen herenak gutxienez horrela egiteko eskatzen badu.

2.- Bilkuren jardun-araubidea eta erabakiak hartzekoa barne-jardunbiderako arautegian ezarriko dira.

8. atala.- Lehendakaria.

Nekazaritza Ekologikoaren Euskal Kontseiluko lehendakariaren eginkizunak hauek dira:

a) Kontseiluaren ordezkari aritzea.

b) Kontseiluaren osoko bilkuretako eztabaidetan lehendakari aritzea eta eztabaidak zuzentzea.

c) Osoko bilkuretarako deialdia egitea eta bilkuretan lehendakari aritzea.

d) Hainbanakorik suertatuz gero, kalitatezko botoa ematea.

e) Kontseiluak hartutako erabakiak bete eta betearaztea.

f) Kontseiluak esleitzen dizkion gainerako guztiak.

9.atala.- Industri, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzak beteko ditu 2092/1991 (EEE) Arautegiaren 9. atalean kontrol-agintaritzarako aurrikusten diren eginkizunak, beti ere Euskal Autonomi Elkarteari gai eta lurraldearen arabera dagokion eskumen-eremuaren barruan. Horretarako, aipaturiko zuzendaritzak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Jarduna kontrol-sistemaren menpean jartzen duten nekazaritzako enpresa ekoizleen jardule titular, industria elaboratzaileen jardule titular eta enpresa inportatzaileen titularren erregistro edo zerrendak egin eta egunean mantenduko ditu.

b) Halakoa nekazaritzako elikagai ekologikoen kontrol-araubidearekin bat ote datorren erabakiko du; bidezko denean, e) idazatian aipatzen den logotipoa erabiltzeko baimena emango du; eta, arau-hausterik sumatuz gero, 2092/1991 (EEE) Arautegiaren 9.9 eta 10.3 ataletan aurrikusitako neurriak hartuko ditu.

c) Produktu bakoitza ekoiztu eta elaboratzeko arau tekniko, osagarri eta bereziak idatziko ditu. Arau horiek Industri, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren aginduaren bidez onetsiko dira.

d) Inskribatutako jarduleek ekoiztu, elaboratu edo merkaturatutako produktuak kontrolatuko ditu, nekazaritza ekologikoari buruzko arauak betetzen ote dituzten egiaztatzeko eta, kasuan kasu, babestutako adierazpenak eraman ahal izateko kalifikazioa emateko ala ukatzeko.

e) Identifikazio adierazpenen erabilera egokia eta izen ona zaintzera jotzen duten jarduerak garatuko ditu, eta babestutako produktuak hedatu eta sustatuko ditu.

f) Landare osasunerako tratamenduez eta, batez ere, airezko tratamenduez arduratzen diren erakunde eta enpresekin etengabeko komunikazioa izateko kudeaketak egingo ditu, inskribatutako finka edo aldeetan eta inguruetan tratamendu horiek eragozteko, eta medeagarri eta ongarri organikoen enpresak ikuskatuko ditu, baldin eta nahi badute beren produktuak nekazaritza ekologikoan bereziki erabiltzeko gomendatuak izan daitezen.

10. atala.- Arau-hausteak, zehapenak eta prozedura.

1.- Dekretu honetan, Kontseiluaren 1991ko ekainaren 24ko 2092/1991 (EEE) Arautegian eta xedapen osagarrietan, edota nekazaritza ekologikoari buruz indarrean dagoen beste edozein xedapenetan xedatutakoa urratuz gero, zehapena ezarriko da Mahastiaren, Ardoaren eta Alkoholen Estatutuari buruzko abenduaren 2ko 25/1970 Legearekin, horri buruz martxoaren 23ko 235/1972 Dekretuaren bidez onetsi zen Arautegiarekin, eta kontsumitzaileen defentsaren eta nekazaritzako elikagaien ekoizpenaren alorreko arau-hausteak eta zehapenak arautzen dituen ekainaren 22ko 1945/1983 Errege Dekretuarekin bat etorriz.

2.- Zehapen-prozedurari dagokionez, Herri-administrazioen araubide juridikoari eta Administrazio guztientzako jardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean, zehatzeko ahalgoa erabiltzeko arautegia onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan, eta Industri, Nekazaritza eta Arrantza Saileko jardun eremuetako zehapen prozeduren arloko eskumenak noren esku dauden finkatzen duen azaroaren 7ko 471/1995 Dekretuan ezarritakora makurtu beharra egongo da.

11. atala.- Jarduleen betebeharrak.

Dekretu honen 1. atalean aipatutako produktuetako edozein ekoiztu edo elaboratzen duten jardule guztiek, produktu hori merkaturatzeko, ondoko betebehar hauek izango dituzte:

a) Jardueraren berri emango diote Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzari. Berriematean, gutxienez, ondoko datu hauek jasoko dira:

- Jardulearen izena eta helbidea.

- Elaborazio-eragiketak burutzen diren aldeen eta, kasuan kasu, lurzatien kokalekua.

- Eragiketen eta produktuen ezaugarriak.

- Jardulearen konpromezua, eragiketak burutzean ekoizbide ekologikoaren aipurik daramaten produktuen ekoizpen, etiketatze eta/edo inportazioari buruzko arauzko xedapenak errespetatzeko konpromezua, alegia.

- Nekazaritzako ustiategi bat denean, ekoizleak noiz utzi dion lurzatietan ekoizbide ekologikoarekin bateragarri ez diren produktuak erabiltzeari.

b) Jarduna Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzaren kontrolpean jarriko dute.

c) Indarrean dauden arauetan kontrol-gastuetarako ezartzen diren tasa eta tarifak ordainduko dituzte.

ALDIBATERAKO XEDAPENAK

Lehenegoa.- Ahalmena ematen zaio Industri, Nekazaritza eta Arrantza sailburuari, dekretu hau indarrean jartzean "Nekazaritza Ekologikoa" Izendapen Generikoaren Kontseilu Arautzailearen erregistroetan inskribaturik daudenen artetik izenda ditzan -inskribaturikoek proposamena egin ondoren- behin-behineko kontseiluko kideak, zeinen eginkizuna izango baita kontseiluaren barne-jardunbiderako arautegia egitea. Behin-behineko kontseiluak, halaber, bere gain hartuko ditu Nekazaritza Ekologikoaren Euskal Kontseiluari dekretu honen bidez esleitzen zaizkion eginkizunak, harik eta kontseilu hori behin betiko eratu arte. Behin-behineko kontseiluan ere ordezkaritza izango dute nekazaritza ekologikoko elkarteek eta kontsumitzaileen elkarteek.

Bigarrena.- Europako Batasunean abereen, abere-produktu transformatu gabeen eta abere-jatorriko osagaiak dituzten eta giza elikadurarako diren produktuen ekoizbide ekologikoari aplikatzeko abiaburu eta kontrol-neurri zehatzei buruzko xedapenik hartzen ez den bitartean, jarraituko dute ekoizpen-modu honi aplikatzekoak izaten Nekazaritza Ekologikoaren Kontseilu Arautzailearen baitan ekoizpen eta elaboraziorako onetsi diren arau teknikoek.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Ahalmena ematen zaio Industri, Nekazaritza eta Arrantza sailburuari, bere eskumenen eremuaren barruan dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 1996ko irailaren 24an.

Lehendakaria,

JOSÉ ANTONIO ARDANZA GARRO.

Industri, Nekazaritza eta Arrantza sailburua,

JAVIER RETEGUI AYASTUY.


Azterketa dokumentala