
177. zk., 1996ko irailaren 13a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Kultura
4305
AGINDUA, 1996ko irailaren 2koa, Kultura sailburuarena, euskara sustatzeko, garatzeko edota normalizatzeko, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriez baliatzen diren pertsona juridiko pribatuei dirulaguntzak emateko modua arautzen duena.
<FONT FACE="Courier New" SIZE=3><P>Azaroaren 24ko 10/1982 Euskararen Erabilpena Arauzkotzezko Oinarrizko Legearen laugarren atalburuak, euskal herri-agintariek euskara gizarte-bizitzaren alor guztietan erabili dadila sustatzeko neurri egokiak hartu eta beharrezko baliabideak jarriko dituztela dio. Bestalde, Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duen Dekretuaren arabera, Hizkuntza Politikarako Sailordetzari dagokio euskara normalizatzeko eta hizkuntza ondarea gero eta aberatsago izateko egon daitezkeen ekimen pribatuak sustatzea eta gizartearen arlo guztietan euskara kultura sortzeko eta transmititzeko hizkuntza izatearen alde lan egitea. Hori kontuan izanik, Hizkuntza Politikarako Sailordetzak dirulaguntzak emango dizkie helburu horietara iristeko programak gauzatzen dituzten pertsona juridiko pribatuei.
Hori horrela, honako hau
XEDATU DUT:
1. atala.- Xedea.
Agindu honek bi helburu ditu: batetik, euskara sustatzeko, garatzeko edota normalizatzeko informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriez baliatzen diren pertsona juridiko pribatuei 1996ko dirulaguntzetarako dei egitea eta, bestetik, aipatutako dirulaguntzak emateko modua eta baldintzak arautzea.
2. atala.- Dirulaguntza-jasotzaileak.
Euskal Autonomi Elkartean kokaturik eta beharrezko lege-nortasuna izanik, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien arloan diharduten pertsona juridiko pribatuek eskatu eta jaso ahal izango dituzte agindu honek finkatzen dituen dirulaguntzak.
3. atala.- Dirulaguntza-gaiak.
1.- Euskara informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrietara iristeko edota, batez ere, teknologia horietan oinarrituriko programak edo proiektuak sustatzeko emango dira dirulaguntzak; hau da, euskara hutsean eginiko tresna eta produktu informatikoak (software, multimedia) sortzeko eta euskara sustatzeko lanak gauzatzeko.
2.- Hona teknologia berriez baliatuta euskaraz egingo diren lan eta proiektuen xedea:
a) Euskararen, euskalgintzaren edota Euskal Herriaren berri ematea.
b) Euskaraz lan egiteko beharrezko tresna eta lagungarriak eskuratzea.
c) Euskararen eskolaz kanpoko erabilera indartzea, honako arlo hauetan nagusiki: gizarte-erabileran, aisialdian, lan-munduan, merkataritzan eta komunikabideetan.
3.- Diruz lagunduko diren proiektuak honako hauek izango dira:
a) Euskaraz lan egiteko edo erabiltzailearen lagungarri den oinarrizko softwarea (egokitua edo sortua):
Erabiltzaileentzako tresna edo erabilbideak.
Euskara landu, finkatu eta sendotzeko erabil daitezkeen haur eta gazteentzako jokoak, ipuinak, abestiak eta antzekoak.
Testu-lanketak eta pakete elkartuak.
Espedienteen kudeaketa automatizatzeko edota enpresen barneko eta kanpoko ohiko jarduera hobetzeko balio duena (bezeroentzako proiektuak, aurrekontuak, kontratuak prestatzeko eginikoa, e.a.).
b) Informatikazko lengoaiak eta beraien garapenak.
c) Multimedia-proiektuak: media-era desberdinak biltzen dituen oinarri bakarrean argitaratutako lanak (MPC I estandarreko CD-ROMa adibidez).
d) Euskararen inguruko informazioa bildu, gorde, kudeatu eta trukatzeko (esaterako komunikazio-sareen bidez) dokumentazio-kudeatzailea edota softwarea.
e) Euskararen erabilera Interneten bidez zabaltzeko zerbitzuak eta produktuak.
4. atala.- Baldintzak.
1.- Erabilitako euskara:
Euskararen egokitasuna neurtzeko, Euskaltzaindiaren arauak eta gomendioak, euskararen oinarrizko zuzentasun-irizpideak, hitzen ebakera zuzena eta perpaus-esaldiaren doinuera egokia hartuko dira kontuan.
Grafikoak eta ingurugiroko erreferentziak euskaraz emango dira. Beste hizkuntza batetik itzulitako edo egokitutako softwareen kasuan, tituluek, grafikoek eta gainerako ingurugiro-adierazleek euskaraz joan beharko dute.
Argitaratutako materialean testu guztiak euskara hutsean eman beharko dira, bai karatulan, bai erabiltzailearen gida edo eskuliburuan eta bai disketearen pegatinan.
2.- Produkzioaren epe-muga:
1996ko urtarrilaren 1etik 1996ko abenduaren 31ra artean produzitu edo egokituriko software eta lanak hartuko ditu kontuan laguntza-plan honek. Dena den, Epaimahaiak hala proposatuz gero eta sailburuordeari helaraziko dion Erabaki-proposamenean hala azalduz gero, sailburuordeak, egokitzat jotzen badu eta Erabakian arrazoitu eta gero, 1997ko martxoaren 1erako bukatzekoak diren softwareak eta lanak ere har ditzake aintzakotzat. Produkzio-data modura, egindako programa edo lana, edo horren tirada, Hizkuntza Politikarako Sailordetzan aurkezten den eguna hartuko da.
3.- Zabalkundea:
Dirulaguntzen jasotzaileek, gutxienik, 5 orri prestatu beharko dituzte INTERNET edo "informazioaren autopista" deiturikoen bidez produktuaren beraren zati adierazgarri bat erakusteko edo haren zabalkundea egiteko. Informazio-orri horiek euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez edo frantsesez idatzita egon beharko dute.
Deialdi honetara aurkeztutako software-proiektuek salmentarako tirada izan beharko dute eta horren banaketa ziurtatu. Gutxienez 150 aleko tirada zenbakitua egin beharko da (0tik hasita, eskaera-fitxan adierazitako tiradarainoko zenbaki bat eraman beharko du leku agerian; gauza bera egingo da berrargitalpenetan). Kopia guztiek segurtasun-maila handiko babes-sistema izan beharko dute. Bestalde, 10 kopia itxi eta babestu eskuratu beharko zaizkio Hizkuntza Politikarako Sailordetzari merkataritza-baliorik gabeko erakuskari moduan. Multimedia-lanetan, lanaren zati guztiak entregatuko dira (edozein delarik ere oinarri edo formatua).
Diruz lagundutako softwarearen lehen argitalpena euskaraz bakarrik egingo da eta hurrengo 12 hilabeteetan ez da beste hizkuntza batean argitaratuko. Baldintza hau ez zaie ezarriko euskaraz eginiko multimedia-produktuei.
4.- Baldintza teknikoak:
Proiektu guztiek PC bateragarrietarako prestatuta egon beharko dute. Eredu nagusi hau hartuko da kontuan:
- PC bateragarriak (MPC I estandar aukeran).
- Koloredun VGA txartela (640x480 pixel, 256 kolore)
- Soinua (Sound Blaster txartela aukeran - 22 K, 8 bit, mono, gutxienez).
- 3 1/2" ko diskete-irakurlea (dentsitate bikoitza eta dentsitate gorena).
- CD-ROM irakurlea (aukeran, MPC I estandarraren arabera).
- Programak erabiltzeko inguruneak:
a) DOS 3.0 edo goragokoa, leiho moduko menuen bidez.
b) Windows 3.1 eta ondorengoak.
Edozein ordenadore-mota erabiltzen dela eta edozein erloju-abiadura duela, programaren abiadura beti berdina izango da.
5. atala.- Baldintza ekonomikoak
1.- Proiektuaren kostua azaltzerakoan kostu osoa adieraziko da, hau da, produkzio-kostua (originala lortzeko lanak, eskubideak, sorkuntza, etab.) eta tiradaren kostuak.
2.- Eusko Jaurlaritzak proiektu baterako emango duen dirulaguntza, gehienez ere, aurkeztutako aurrekontuaren %50 izango da dirulaguntza arrunten kasuan.
3.- Aurkezturiko programak, proiektuak edo jarduerak Hizkuntza Politikarako Sailordetzarentzat lehentasunezkoak diren ekintza-arlo edo jarduera-eremuei begira izan dezakeen interes berezia kontuan harturik, aurreko puntuan ezarritako muga gainditu ahal izango du Kultura Sailak bai eta aurkeztutako aurrekontuaren %70 finantzatu ere. Horrelako kasuetan, Kultura Sailak eta diruz lagundutako programa, edo proiektua garatuko duen entitateak hitzarmen bat izenpetu beharko dute, bertan bi alderdion eskubideak eta betebeharrak zehatz-mehatz jaso beharko direlarik.
4.- Agindu honek ezartzen dituen dirulaguntzak bateragarriak dira edozein erakunde publiko zein pribatuk xede berberaz eman ditzakeenekin, beti ere, agindu honen bidez lagundutako proiektuak gainfinantzaketarik ez badu. Nolanahi ere, erakunde publikoek emaniko dirulaguntza ezingo da izan, inola ere, kostu osoaren %70 baino handiagoa; horrelakorik gertatuz gero, Eusko Jaurlaritzak gutxitu egingo du bere dirulaguntza.
5.- Salgai jarriko diren aleek beste hizkuntzetan argitaraturiko antzeko softwareen prezio beretsua izan beharko dute. Prezioa karatulan jarri beharko da, leku agerian.
6. atala.- Bazterketak.
Hona dirulaguntza horietaz balia ezin daitezkeen proiektuak:
a) Merkataritza-entitateek aurkeztutakoak, beren kapitalean herri-administrazio bakarrak edo gehiagok badute partaidetza gehiena.
b) Gutxienik, kostu osoaren %30eko autofinantzaketa-mailara iristen ez direnak.
c) Elkarte, fundazio zein antzeko erakundeek beren bazkideentzat soil-soilik egindakoak.
d) Helduek nahiz haurrek euskara ikasteko metodoak edota material osagarriak.
e) Glotodidaktika eta psikopedagogia zein hezkuntza arlokoak.
7. atala.- Eskabideak non eta nola egin.
1.- Eskabideak (I. eraskina) Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailordetzan aurkeztu behar dira, zuzenean edo azaroaren 26ko 30/1992 Legeak finkatutako bideren bat erabiliz. Hona helbidea:
Eusko Jaurlaritza
Kultura Saila
Hizkuntza Politikarako Sailordetza
Ikerketa eta Informaziorako Zuzendaritza
Wellingtongo Dukea, 2
01010 Vitoria-Gasteiz
Tel. 945 - 18 94 64
2.- Eskabidearekin batera, jarraian jakinarazten den dokumentazioa aurkeztu behar da.
a) Eskatzaileari dagokion dokumentazioa:
a.1) Eskabidegilearen nortasuna egiaztatzeko dokumentazioa, hau da, entitatearen estatutuen kopia edo, hala badagokio, entitatearen eraketa-agiriaren eta estatutu arautzaileen kopia. Aurkeztuko dira, halaber, Erregistro Publikoetan inskribatua dagoela erakusteko ziurtagiriak.
a.2) Eskabidea izenpetzen duen pertsona fisikoaren NANaren fotokopia eta pertsona juridikoaren legezko ordezkari izateko ahalmena duela erakusten duen ziurtagiria.
a.3) Identifikazio Fiskalaren Txartelaren fotokopia.
a.4) Zerga-zorrak kitatuta dituela egiaztatzen duen ziurtagiri gaurkotua.
a.5) Eskatzaileak horrelako lanak egiten duen esperientzia eta eskatzailearen curriculuma.
b) Proiektuari dagokion dokumentazioa:
b.1) Azalpen-txostena: proiektuaren justifikazioa, zein xede jakini erantzun nahi dion eta aplikatzeko aukera konkretuak (ikus II. eraskineko fitxa teknikoa).
b.2) Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoari buruzko azterketa.
b.3) Proiektuaren "demoa" edo jatorrizko eredua. Derrigorrezkoa da proiektuaren ezaugarri funtsezkoenak bertan jasotzea.
b.4) Proiektuaren aurrekontua, III. eraskinaren araberakoa.
b.5) Aurreko ekitaldiko gastu eta sarreren balantze orokorra. Bertan erakunde pribatu zein publikoetatik (banan-banan zehazturik) jasotako dirulaguntzak ere adierazi beharko dira.
c) Dirulaguntza kobratzeko dokumentazioa:
c.1) "Hirugarrenaren datuen alta" izeneko fitxa (IV. eraskina). Fitxa hori Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzarik inoiz jaso ez dutenek bakarrik aurkeztu behar dute.
c.2) Aurreko urteren batean Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzaren bat jaso, eta helbidean edota bankuko datuetan aldaketaren bat egin nahi dutenek eskutitza idatzi behar dute helbide-aldaketaren berri emateko eta bankuko ziurtagiria bankuko datuen aldaketak egiteko.
3.- Atal honen bigarren idazatiko a.1), a.2) eta a.3) zatietan eskatzen den dokumentazioa dela eta, eskatzailea Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Jardunbide Komunaren azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35.f atalean ezarritakoaz baliatu ahal izango da. Horretarako, honako bi baldintza hauek bete beharko ditu: batetik, aipatutako dokumentuak indarrean daudela adierazten duen agiria aurkeztea, bertan Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio Orokorreko zein organo edo bulegotan eta noiz aurkeztu edo egin ziren adierazi beharko da eta, bestetik, dagokien jardunbidea amaitu zenez geroztiko denboraldia hiru urtetik beherakoa izatea.
8. atala.- Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabide-orria eta gainontzeko dokumentazioa aurkezteko hilabete izango da agindu hau indarrean jartzen denetik hasita.
9. atala.- Aurkeztutako eskabidean egindako okerrak zuzentzea.
Eskatzaileek aurkeztutako dokumentazioan agiriren bat falta dela ikusten badu Hizkuntza Politikarako Sailordetzak, 10 egun izango ditu eskatzaileak dokumentazioa osatzeko. Epe hori igaro eta dokumentazioa osatu ez bada, eskabidea artxibatu eta eskatzaileari itzuliko zaio.
10. atala.- Dirulaguntzak emateko irizpideak.
Dirulaguntza-eskabideei buruzko erabaki-proposamena prestatzeko eta zenbatekoak finkatzeko, epaimahaiak ondoko irizpideak izango ditu kontuan:
a) Euskararen sustapen, garapen eta normalizazioan izan dezakeen eragina.
b) Proiektuaren ezaugarriak: testu-masa; argazkiak (kopurua eta kalitatea); irudi biziak (denbora eta tamaina); soinua (denbora); grafikoak (argitasuna, tamaina, kopurua, lengoaia); testu, irudi eta soinuen arteko konbinaketa egokia eta osagarritasuna; fitxategiak eta estekadurak edo enlazeak, dokumentazio-lana, eskaintzen dituen aukerak eta tresnak.
c) Planteamendu interaktiboa: erantzun okerrak edota hutsak adierazteko laguntza; erantzun irekiak onartzeko ahalmena.
d) Erabiltzeko erraztasuna.
e) Beste euskarri batzuetan eginiko materialeekiko balio erantsia.
f) Originaltasuna eta bideragarritasuna.
g) Eskabidearekin batera aurkeztutako "demo"aren kalitatea.
h) Autofinantzaketa-maila (inongo dirulaguntzarik kontuan hartu gabeko diru-sarrerak zati gastuak). Ondorio horietarako, beren kapitalean administrazio publikoen partaidetzarik ez duten entitate pribatuetatik jasotako dirulaguntzak diru-sarrera propiotzat joko dira.
i) Eskatzailearen giza baliabideak eta baliabide teknikoak.
j) Erakunde publikoetatik jasotako dirulaguntzak.
k) Bateragarritasuna (konpatibilitatea).
l) Zabalkunde edo banaketako plana.
ll) Dena delako proiektuan softwareak dirutan duen pisua.
11. atala.- Epaimahaia.
1.- Agindu honetara aurkeztutako dirulaguntza-eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, Hizkuntza Politikarako Sailordetzako Ikerketa eta Informaziorako zuzendaria buru izango duen epaimahaia eratuko da. Hona epaimahaikideak:
a) Hizkuntza Politikarako Sailordetzako Ikerketa eta Informaziorako Zuzendaritzako Ikerketarako arduraduna.
b) Hizkuntza Politikarako Sailordetzako Ikerketa eta Informaziorako Zuzendaritzako Informazio eta Dokumentazioko arduraduna.
c) EJIEren burua edo berak izendatutako ordezkoa.
d) ESI - Europako Software Institutuko Informazio eta Dokumentazio Zerbitzuko arduraduna.
e) Epaimahaiburuak izendatutako Ikerketa eta Informaziorako Zuzendaritzako teknikari bat. Horrek idazkari lanak egingo ditu eta hitza izango du baina ez botorik.
2.- Epaimahaiak, dirulaguntzak emateko irizpideak kontuan izanik, erabaki-proposamena aurkeztuko dio Hizkuntza Politikarako sailburuordeari, hark behin betiko erabakia har dezan.
3.- Epaimahaiak, bestalde, ordezkoen zerrenda osatuko du, lehentasun-hurrenkeraren arabera eta, erabaki-proposamenarekin batera, Hizkuntza Politikarako sailburuordeari helaraziko dio. Ordezkoen zerrendara joko da onuradunen batek dirulaguntzari uko eginez gero.
4.- Jarraipen Batzordea arduratuko da deialdi honen harian dirulaguntza aginduta duten proiektuen jarraipena egiteaz, dirulaguntza agindu eta, proiektua burutu ondoren ordainketa egin arte. Partaideak honako hauek izango dira:
a) Hizkuntza Politikarako Sailordetzako Ikerketa eta Informaziorako zuzendaria.
b) Hizkuntza Politikarako Sailordetzako Ikerketa eta Informaziorako Zuzendaritzako Informazio eta Dokumentazioko arduraduna.
c) Epaimahaiburuak izendatutako Ikerketa eta Informaziorako Zuzendaritzako teknikaria.
Batzorde honek adituen aholkularitza eskatu ahal izango du.
12. atala.- Erabakia eta jakinarazpena.
1.- Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean hasi eta handik hilabetera, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak banakako erabakiak hartuko ditu, epaimahaiak aurkeztutako erabaki-proposamena kontuan izanda. Erabakia interesatuari jakinaraziko zaio eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
2.- Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, zer-nolako eskabideak diren ikusita, bi eratako erabakiak har ditzake:
a) Arrunta.
b) Hitzarmenezkoa: batetik, 5. ataleko 3. idazatian adierazitako kasuan hartuko du sailburuordeak erabaki hau, eta, bestetik, dirulaguntza jasotzeko proposaturiko programak edo proiektuak dituen ezaugarriak direla eta, baldintza bereziak zehaztu beharra dagoenean. Hitzarmenean, dirulaguntzak emateko indarrean dagoen legediak ezartzen dituen betekizunak adierazi beharko dira, eta dirulaguntzaren onuradunak hitzarmena behar bezala izenpeturik bidali beharko du Hizkuntza Politikarako Sailordetzako Ikerketa eta Informaziorako Zuzendaritzara. Horretarako, hamabost egun izango ditu, jakinarazpena jasotzen duen egunaren biharamunetik hasita.
3.- Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Jardunbide Komunaren azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43. ataleko 2. idazatiaren c lerroaldiak dioenaren arabera, hilabete igaro eta jakinarazpenik jaso ez bada, gaitzetsitzat joko da eskabidea.
13. atala.- Dirulaguntzaren onarpena.
Dirulaguntzen jasotzaileek dirulaguntza onartu egiten dutela aditzera eman beharko diote Hizkuntza Politikarako Sailordetzako Ikerketa eta Informaziorako Zuzendaritzari, jakinarazpena jasotzen den egunaren biharamunetik hasi eta hamabost egun igaro baino lehen. Ezarritako epean onarpen-adierazpenik aurkezten ez bada, dirulaguntza jasotzeari uko egiten zaiola ulertuko da eta, ondorioz, 11. ataleko 3. puntuak aurreikusitako zerrendaren lehenengoari eskaini ahal izango zaio soberan geratutako diru-kopurua.
14. atala.- Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazioa.
1.- Ordainketa
a) Erabaki arrunta hartu bada, ordainketa prozedura hau erabiliko da:
a.1) %50, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak hartutako erabakiaren berri ematen duen jakinarazpena jaso eta hogeita hamar egun igaro baino lehen; beti ere, jasotzaileak dirulaguntzaren onarpena aditzera eman eta gero.
a.2) %50, deialdi honen V. eraskinean zehaztutako prozeduran adierazitako urratsak bete ondoren.
b) Hartutako erabakia hitzarmenezkoa bada, erabaki arrunterako ezarritako modu eta epe beretan egingo da eta hitzarmenaren izenpetze-eguna hartuko da lehenengo ordainketarako data moduan.
2.- Dirulaguntza agindu ondoren material-prestakuntza 1996ko abenduaren 31tik harantz atzeratuz gero (beranduenik, 1997ko martxoaren 1era arte), laguntza-jasotzaileak idazkia aurkeztu beharko du Hizkuntza Politikarako Sailordetzan atzerapenaren zergatia azaltzeko. Sailordetzak, Jarraipen Batzordeaz baliatuz, 4.2 atalean esandakoari salbuespenik egiteko arrazoirik dagoen aztertuko du, eta dagokion erantzuna emango. Hilabete pasa ondoren, Hizkuntza Politikarako Sailordetzaren erantzunik ez balego, luzapen-eskabidea baimentzen dela joko da.
3.- Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Jarraipen Batzordearen txosten teknikoa kontuan izanik, Kitapen Erabakia hartuko du; horretan, agindutako diru-kopurua ukatu, murriztu edo aldatu egin ahal izango du benetan produzitutako materialaren ezaugarriak eskaeran adierazitako ezaugarriekin bat ez datozen neurrian.
15. atala.- Kultura Sailak emandako babesaren aipamena.
Dirulaguntzen jasotzaileek Kultura Sailak eskainitako babesa adierazi beharko dute –erabakian edo izenpetutako hitzarmenean ezarritako baldintzen arabera– diruz lagunduriko programaren edo proiektuaren ondorioz eginiko argitalpen orotan zein horien berri emateko prestaturiko soporte guztietan, hau da, erabiltzailearentzako gidan, disketearen kutxan edo zorroan eta aurkezpeneko lehen pantailan.
16. atala.- Arauak ez betetzea.
1.- Arauak betegabetzat joko dira honako kasu hauetan:
a) Dirulaguntza osoa zein zati bat, agindu honetan zehaztu ez diren jardueretarako erabiltzea.
b) Agindu honetan edo, hala badagokio, dirulaguntza esleitzeko erabakian edo izenpetutako hitzarmenean zehaztutako eginbeharrak ez betetzea.
2.- Atal honetako aurreko zenbakian azaldutakoa gertatuz gero, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio jasotako dirua eta horren legezko korrituak, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak dioenaren arabera.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 1996ko irailaren 2a.
Kultura sailburua,
M.ª CARMEN GARMENDIA LASA.
RSS