Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

177. zk., 1996ko irailaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura
4304

AGINDUA, 1996ko irailaren 2koa, Kultura sailburuarena, euskara sustatzeko, garatzeko edota normalizatzeko lanetan diharduten pertsona juridiko pribatuei dirulaguntzak emateko modua arautzen duena.

<FONT FACE="Courier New" SIZE=3><P>Azaroaren 24ko 10/1982 Euskararen Erabilpena Arauzkotzezko Oinarrizko Legearen laugarren atalburuak, euskal herri-agintariek euskara gizarte-bizitzaren alor guztietan erabili dadila sustatzeko neurri egokiak hartu eta beharrezko baliabideak jarriko dituztela dio. Bestalde, Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duen Dekretuaren arabera, Hizkuntza Politikarako Sailordetzari dagokio euskara normalizatzeko eta hizkuntza ondarea gero eta aberatsago izateko egon daitezkeen ekimen pribatuak sustatzea eta gizartearen arlo guztietan euskara kultura sortzeko eta transmititzeko hizkuntza izatearen alde lan egitea.

Hori kontuan izanik, Hizkuntza Politikarako Sailordetzak dirulaguntzak emango dizkie helburu horietara iristeko programak gauzatzen dituzten pertsona juridiko pribatuei.

Hori horrela, honako hau

XEDATU DUT:

1. atala.- Xedea.

Agindu honek bi xede ditu: batetik, euskara sustatzeko, garatzeko edota normalizatzeko lanean diharduten pertsona juridiko pribatuei 1996ko dirulaguntzetarako dei egitea eta, bestetik, dirulaguntza horiek emateko modua arautzea.

2. atala.- Dirulaguntza-jasotzaileak.

Egoitza Euskal Autonomi Elkartean duten eta indarrean dagoen legediaren arabera eraturiko eta dagokion erroldan inskribaturiko pertsona juridiko pribatuek eskatu eta eskura ditzakete agindu honetan ezarritako dirulaguntzak.

3. atala.- Dirulaguntza-gaiak.

1996an gauzatzekoak diren ondoko programak, proiektuak edo jarduerak izan daitezke dirulaguntza-gai:

a) Euskarazko jardueretan arituko diren monitoreak, begiraleak eta bestelako partaideak prestatzeko programak eta arlo horretan oinarrizko materialak sortzekoak.

b) Taldeka zein bakarka aisialdian erabiltzeko diren euskarazko materialak: bideoak, bideojokoak, jostailuak, joko hezigarriak eta antzekoak.

c) Familiaren bitartez euskararen belaunez belauneko jarraipena eta geroratzea bermatzeko programak.

d) Euskararen erabilera bultzatzeko proiektuak ondoko arloetan:

d.1) Aisialdian eta kirol munduan.

d.2) Herri-administrazioez kanpoko lan-eremuan eta merkataritzan.

d.3) Publizitatean eta marketingean.

e) Euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzeko programak.

f) Euskalkiak sustatzeko jarduerak.

g) Euskararen historian edo hizkuntzari loturiko hainbat eremutan izen handia duten pertsonaiak omentzeko edo bestelako ospakizunak antolatzeko jarduerak.

h) Euskararen gizarte-ospea indartzeko ekintzak edo publizitate kanpainak.

4. atala.- Bazterketak.

Hona dirulaguntza horietaz baliatu ezin daitezkeen programak, proiektuak edo jarduerak:

a) Merkataritza-entitateek aurkeztutakoak, beren kapitalean herri-administrazio bakarrak edo gehiagok badute partaidetza gehiena.

b) Gutxienik, kostu osoaren %30eko autofinantzaketa-mailara iristen ez direnak.

5. atala.- Eskabideak non eta nola egin.

1.- Eskabideak (I. eraskina) Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailordetzan aurkeztu beharko dira, bai zuzenean bai azaroaren 26ko 30/1992 Legeak finkatutako bideren bat erabiliz. Hona helbidea:

Eusko Jaurlaritza

Kultura Saila

Hizkuntza Politikarako Sailordetza

Ikerketa eta Informaziorako Zuzendaritza

Wellingtongo Dukea 2

01010 Vitoria-Gasteiz

Tel. 945 - 18 94 64

2.- Eskabidearekin batera jarraian jakinarazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da:

a) Eskatzaileari dagokion dokumentazioa:

a.1) Eskabidegilearen nortasuna egiaztatzeko dokumentazioa, hau da, entitatearen estatutuen kopia edo, hala badagokio, entitatearen eraketa-agiriaren eta estatutu arautzaileen kopia. Aurkeztuko dira, halaber, Erregistro Publikoetan inskribatua dagoela erakusteko ziurtagiriak.

a.2) Eskabidea izenpetu duen pertsona fisikoaren NANaren fotokopia eta pertsona juridikoaren legezko ordezkari izateko ahalmena duela erakusten duen ziurtagiria.

a.3) Identifikazio Fiskalaren Txartelaren fotokopia.

a.4) Zerga-zorrak kitatuta dituela egiaztatzen duen ziurtagiri gaurkotua.

b) Dirulaguntza-gaiari dagokion dokumentazioa:

b.1) Fitxa teknikoa, II. eraskinaren araberakoa.

b.2) 1996ko aurrekontua, III. eraskinaren araberakoa.

b.3) Aurreko ekitaldiko gastu eta sarreren balantze orokorra. Bertan erakunde pribatu zein publikoetatik (banan-banan zehazturik) jasotako dirulaguntzak ere adierazi beharko dira.

b.4) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako dirulaguntza jasotzeko proposaturiko programa, proiektua edo jarduera burututa badago, horren garapenak sortarazitako gastuen jatorrizko justifikagiriak edo dagokion Kultura Lurralde Ordezkaritzak konpultsaturiko fotokopiak.

b.5) Eskaera egin duen talde edo elkarte bakoitzak beste taldeekin elkarlanean jarduteko emaniko urratsak adierazten dituen txostena.

c) Dirulaguntza kobratzeko dokumentazioa.

c.1) "Hirugarrenaren datuen alta" izeneko fitxa (IV. eraskina). Fitxa hori Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzarik inoiz jaso ez dutenek bakarrik aurkeztu behar dute.

c.2) Aurreko urteren batean Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzaren bat jaso, eta helbidean edota bankuko datuetan aldaketaren bat egin nahi dutenek eskutitza idatzi beharko dute helbidearen aldaketaren berri emanez eta bankuko ziurtagiria bidali bankuko datuetan aldaketarik izanez gero.

3.- Atal honen bigarren idazatiko a.1), a.2) eta a.3) zatietan eskatzen den dokumentazioa dela eta, eskatzailea Herri Administrazioen Lege Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio Ihardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35.f atalean ezarritakoaz baliatu ahal izango da. Horretarako, honako bi baldintza hauek bete beharko ditu: batetik, aipatutako dokumentuak indarrean daudela adierazten duen agiria aurkeztea, bertan Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio Orokorreko zein organo edo bulegotan eta noiz aurkeztu edo egin ziren adierazi beharko da eta, bestetik, dagokien jardunbidea amaitu zenez geroztiko denboraldia hiru urtetik beherakoa izatea.

6. atala.- Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabide-orria eta gainontzeko dokumentazioa aurkezteko hilabete izango da agindu hau indarrean jartzen denetik hasita.

7. atala.- Aurkeztutako eskabidean egindako okerrak zuzentzea.

Eskatzaileek aurkeztutako dokumentazioan agiriren bat falta dela ikusten badu Hizkuntza Politikarako Sailordetzak, 10 egun izango ditu eskatzaileak dokumentazioa osatzeko. Epe hori igaro eta dokumentazioa osatu ez bada, eskabidea artxibatu eta eskatzaileari itzuliko zaio.

8. atala.- Dirulaguntzak emateko irizpideak.

1.- Zenbatekoa:

Dirulaguntza-eskabideei buruzko erabaki-proposamena prestatzeko eta zenbatekoak finkatzeko, epaimahaiak ondoko irizpideeak izango ditu kontuan:

a) Euskararen sustapen, garapen eta normalizazioan izan dezakeen eragina.

b) Autofinantzaketa-maila (inongo dirulaguntzarik kontuan hartu gabeko diru-sarrerak zati gastuak). Ondorio horietarako, beren kapitalean administrazio publikoen partaidetzarik ez duten entitate pribatuetatik jasotako dirulaguntzak diru-sarrera propiotzat joko dira.

c) Originaltasuna eta bideragarritasuna.

d) Ezarpen-esparrua edo lurralde-eremua eta hartzaile-kopurua.

e) Eskatzailearen esperientzia antzeko egitarauak antolatzerakoan.

f) Irabazi asmorik gabeko pertsona juridiko pribatua izatea.

g) Proiektua hainbat pertsona juridiko pribatuk elkarlanean egina izatea.

h) Erakunde publikoetatik jasotako dirulaguntzak.

i) Langileen lan-egoera.

2.- Eusko Jaurlaritzak proiektu baterako emango duen dirulaguntza, gehienez ere, aurkeztutako aurrekontuaren %50 izango da dirulaguntza arrunten kasuan. Aurkezturiko programak, proiektuak edo jarduerak Hizkuntza Politikarako Sailordetzarentzat lehentasunezkoak diren ekintza-arlo edo jarduera-eremuei begira izan dezakeen interes berezia kontuan harturik, aurreko puntuan ezarritako muga gainditu ahal izango du Kultura Sailak bai eta aurkeztutako aurrekontuaren %70 finantzatu ere. Horrelako kasuetan, Kultura Sailak eta diruz lagundutako programa, proiektua edo jarduera garatuko duen entitateak hitzarmen bat izenpetu beharko dute, bertan bi alderdion eskubideak eta betebeharrak zehatz-mehatz jaso beharko direlarik.

3.- Agindu honek ezartzen dituen dirulaguntzak bateragarriak dira edozein erakunde publiko zein pribatuk xede berberaz eman ditzakeenekin, beti ere, agindu honen bidez lagundutako proiektuak gainfinantzaketarik ez badu. Nolanahi ere, erakunde publikoek emaniko dirulaguntza ezingo da izan, inola ere, proiektu, programa edo jardueraren kostuaren %70 baino handiagoa; horrelakorik gertatuz gero, Eusko Jaurlaritzak gutxitu egingo du bere dirulaguntza.

9. atala.- Epaimahaia.

1.- Agindu honetara aurkeztutako dirulaguntza-eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, Hizkuntza Politikarako Sailordetzako Ikerketa eta Informaziorako zuzendaria buru izango duen epaimahaia eratuko da. Hona epaimahaikideak:

a) Hizkuntza Politikarako Sailordetzako Ikerketa eta Informaziorako Zuzendaritzako Ikerketarako arduraduna.

b) Hizkuntza Poliltikarako Sailordetzako Ikerketa eta Informaziorako Zuzendaritzako Informazio eta Dokumentazioko arduraduna.

c) Epaimahaiburuak izendatutako Ikerketa eta Informaziorako Zuzendaritzako teknikari bat. Horrek idazkari lanak egingo ditu eta hitza izango du baina ez botorik.

2.- Epaimahaiak, dirulaguntzak emateko irizpideak kontuan izanik, dirulaguntza-onuradunak eta dagozkien diru-kopuruak esleitzeko erabaki-proposamena aurkeztuko dio Hizkuntza Politikarako sailburuordeari, hark behin-betiko erabakia har dezan.

3.- Epaimahaiak, bestalde, ordezkoen zerrenda osatuko du, lehentasun-hurrenkeraren arabera, eta Hizkuntza Politikarako sailburuordeari emango zaio dirulaguntza-proposamenarekin batera. Zerrenda horretara joko da onuradunen batek dirulaguntzari uko eginez gero.

10. atala.- Erabakia eta jakinarazpena.

1.- Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean hasi eta handik hilabetera, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak banakako erabakiak hartuko ditu, epaimahaiak aurkeztutako erabaki­proposamena kontuan izanda. Erabakia interesatuari jakinaraziko zaio eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

2.- Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, zer-nolako eskabideak diren ikusita, bi eratako erabakiak har ditzake:

a) Arrunta.

b) Hitzarmenezkoa: batetik, 8. ataleko bigarren puntuan adierazitako kasuan hartuko du sailburuordeak erabaki hau, eta, bestetik, dirulaguntza jasotzeko proposaturiko programak, proiektuak edo jarduerak dituen ezaugarriak direla eta, baldintza bereziak zehaztu beharra dagoenean. Hitzarmenean, dirulaguntzak emateko indarrean dagoen legediak ezartzen dituen betekizunak adierazi beharko dira, eta dirulaguntzaren onuradunak hitzarmena behar bezala izenpeturik bidali beharko du Hizkuntza Politikarako Sailordetzako Ikerketa eta Informaziorako Zuzendaritzara. Horretarako, hamabost egun izango ditu, jakinarazpena jasotzen duen egunaren biharamunetik hasita.

3.- Herri Administrazioen Lege-Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio Ihardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43. ataleko 2. idazatiaren c lerroaldiak dioenaren arabera, hilabete igaro eta jakinarazpenik jaso ez bada, gaitzetsitzat joko da eskabidea.

11. atala.- Dirulaguntzaren onarpena.

Dirulaguntzen jasotzaileek dirulaguntza onartu egiten dutela aditzera eman beharko diote Hizkuntza Poliltikarako Sailordetzako Ikerketa eta Informaziorako Zuzendaritzari, jakinarazpena jasotzen den egunaren biharamunetik hasi eta hamabost egun igaro baino lehen. Ezarritako epean onarpen-adierazpenik aurkezten ez bada, dirulaguntza jasotzeari uko egiten zaiola ulertuko da eta, ondorioz, 9. ataleko 3. puntuak aurreikusitako zerrendaren lehenengoari eskaini ahal izango zaio soberan geratutako diru­kopurua.

12. atala.- Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

1.- Ordainketa

a) Erabaki arrunta hartu bada, ordainketa-prozedura hau erabiliko da:

a.1) %50, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak hartutako erabakiaren berri ematen duen jakinarazpena jaso eta hogeita hamar egun igaro baino lehen; beti ere, jasotzaileak dirulaguntzaren onarpena aditzera eman eta gero.

a.2) %50, lehenengo ordainketaren besteko gastuen jatorrizko justifikagiriak edo dagokion Kultura Lurralde Ordezkaritzak konpultsaturiko fotokopiak, Hizkuntza Politikarako Sailordetzako Ikerketa eta Informaziorako Zuzendaritzan aurkeztu ondoren. Nolanahi ere, justifikagiriak 1996ko abenduaren azken asteguna baino lehenago aurkeztu beharko dira.

b) Hartutako erabakia hitzarmenezkoa bada, arrunterako ezarritako modu eta epe beretan egingo da eta hitzarmenaren izenpetze-eguna hartuko da lehenengo ordainketarako data moduan.

c) Erabakiaren jakinarazpena jaso aurretik, diruz lagundutako programa, proiektua edo jarduera amaituta badago, batera ordainduko da dirulaguntza osoa. Beti ere, burututako programak, proiektuak edo jarduerak sortutako gastuen jatorrizko justifikagiriak edo dagokion Kultura Lurralde Ordezkaritzak konpultsaturiko fotokopiak eskabidearekin batera aurkeztu badira. Hori horrela ez bada, aurreko idazatietan adierazitako prozedura erabiliko da.

2.- Dirulaguntzaren azken justifikazioa eta dagokion dokumentazioa aurkezteko epea.

a) Dokumentazioa:

a.1) Jasotako dirulaguntzaren bigarren zatiaren besteko gastuen jatorrizko justifikagiri edo dagokion Kultura Lurralde Ordezkaritzak konpultsaturiko fotokopiak.

a.2) Diruz lagundutako programaren, proiektuaren edo jardueraren emaitzei buruzko txostena eta balantze ekonomikoa.

a.3) Hala badagokio, kasuan kasuko erabakiak aditzera ematen duen dokumentazio osagarria.

b) Epea: diruz lagunduriko programa, proiektua edo jarduera bukatu eta hiru hilabete izango dira aurreko puntuan aipatutako dokumentazioa Hizkuntza Politikarako Sailordetzako Ikerketa eta Informaziorako Zuzendaritzan aurkezteko. Hori kontuan, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak dirulaguntzari buruzko Kitapen Erabakia hartuko du eta horretan, agindutako diru-kopurua ukatu, murriztu edo aldatu egin ahal izango du benetan buruturiko lanaren ezaugarriak eskaeran adierazitako ezaugarriekin bat ez datozen neurrian. Nolanahi ere, dokumentazioa 1997ko martxoaren 23a baino lehenago aurkeztu beharko da.

13. atala.- Kultura Sailak emandako babesaren aipamena.

Dirulaguntzen jasotzaileek Kultura Sailak eskainitako babesa adierazi beharko dute –erabakian edo izenpetutako hitzarmenean ezarritako baldintzen arabera– diruz lagunduriko programaren, proiektuaren edo jardueraren ondorioz argitaratutako iragarki-txarteletan, argazkietan eta gainerako material idatzietan edo entzunezkoetan.

14. atala.- Arauak ez betetzea.

1.- Arauak betegabetzat joko dira honako kasu hauetan:

a) Dirulaguntza osoa zein zati bat, agindu honetan zehaztu ez diren jardueretarako erabiltzea.

b) Agindu honetan edo, hala badagokio, dirulaguntza esleitzeko erabakian edo izenpetutako hitzarmenean zehaztutako eginbeharrak ez betetzea.

2.- Atal honetako aurreko zenbakian azaldutakoa gertatuz gero, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio jasotako dirua eta horren legezko korrituak, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak dioenaren arabera.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 1996ko irailaren 2a.

Kultura sailburua,

M.ª CARMEN GARMENDIA LASA.


Azterketa dokumentala