Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

177. zk., 1996ko irailaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura
4303

AGINDUA, 1996ko irailaren 2koa, Kultura sailburuarena, egunerokoak ez diren euskarazko aldizkako argitalpenak editatzen dituzten pertsona juridiko pribatuei dirulaguntzak emateko modua arautzen duena.

<FONT FACE="Courier New" SIZE=3><P>Eusko Legebiltzarrak onarturiko azaroaren 24ko 10/1982 Euskararen Erabilpena Arauzkotzezko Oinarrizko Legearen 22. atala dela medio, giza komunikabideetako albisteak euskaraz eta gazteleraz jasotzeko eskubidea aitortzen zaie herritar guztiei; horretarako Eusko Jaurlaritzak beharrezko izan daitezen neurriak hartu beharko ditu. Aitortutako eskubide hori bermatzeko, aipaturiko legearen 25. atalak dioena kontuan izanik, Eusko Jaurlaritzak hartzen du bere gain, besteak beste, euskarazko aldizkarigintza suspertu, sustatu eta babesteko erantzukizuna.

Hori horrela, honako hau

XEDATU DUT:

1. atala.- Xedea.

Agindu honek bi xede ditu: batetik, egunerokoak ez diren euskarazko aldizkako argitalpenak editatzen dituzten pertsona juridiko pribatuei 1996ko dirulaguntzetarako dei egitea eta, bestetik, aipatutako dirulaguntzak emateko modua eta baldintzak arautzea.

Agindu honek dioenaren ondorioetarako, aldizkako argitalpentzat joko da honako baldintza hauek betetzen dituena:

a) Zehaztu gabeko denboraldi batean izen berbera erabiltzea.

b) Jarraian eta etengabe izen horrekin argitaratzea.

c) Aleek numerazio jakin bati jarraitzea edo data jarrita izatea.

2. atala.- Dirulaguntza-jasotzaileak.

Euskal Autonomi Elkartean kokaturik eta beharrezko lege-nortasuna izanda, egunerokoa ez den euskarazko aldizkako argitalpengintzan diharduten pertsona juridiko pribatuek eskatu eta jaso ahal izango dituzte agindu honek finkatzen dituen dirulaguntzak.

3. atala.- Dirulaguntza-gaiak

Aipatutako dirulaguntzak euskarazko aldizkako argitalpen-mota hauen artean banatuko dira:

a) A motakoak: euskararen esparru geografikoa berezko zabalkunde-eremu dutenak, hots, kasuan kasuko tiradaren %25, edo gehiago, argitaratzen den lurralde historikotik at banatzen dutenak edota lurralde-mailako zabalkundea dutenak, hau da, kasuan kasuko tiradaren %25 baino gutxiago argitaratzen den lurralde historikotik at banatzen dutenak.

b) B motakoak: tokian tokiko zabalkundea izaki, herri, udalerri, bailara edota eskualde jakin bateko giza, natura, kultur, kirol, politika eta bestelako jarduerei buruzko informazioa jasotzen dutenak.

4. atala.- Baldintzak.

Dirulaguntza jaso ahal izateko hurrengo baldintzak bete beharko dira:

a) Legezko betekizunak: legezko gordailua eta ISSN delako zenbakia izendatuta izatea edo, besterik ezean, izendatzeko eskabidea(k) tramitatuta izatea.

b) Euskara hutsean izatea.

c) A motako aldizkariek ondoko beharkizun hauek ere bete beharko dituzte:

- Tiradaren ale-kopurua: gutxienez 1.000 ale argitaratu eta banatzea.

- Orrialde-kopurua: Din A4 formatudun 40 orrialde izatea gutxienez edo, bestela, beste formatu bateko orrialde-kopuru baliokidea. Ez dute baldintza hori bete behar haur eta gaztetxoentzako berariaz prestaturiko aldizkariek edo komikiek. Era honetako aldizkariek B motako aldizkariei ezarritako gutxieneko orrialde kopurua bete beharko dute.

- Maiztasuna: gutxienez urteko 4 zenbaki argitaratzea.

- Antzinatasuna: gutxienez, urtebeteko antzinatasuna edukitzea eskabideak egiteko epea amaitzen denerako.

d) B motako aldizkariek ondoko beharkizun hauek ere bete beharko dituzte:

- Tiradaren ale-kopurua: tiradaren eta tokian tokiko biztanleria euskaldunaren arteko erlazioa hartuko da kontuan eta erlazio hori ezingo da 1/8 baino txikiagoa izan.

- Orrialde-kopurua: Din A4 formatudun 16 orrialde izatea gutxienez edo, bestela, beste formatu bateko orrialde-kopuru baliokidea.

- Maiztasuna: gutxienez urteko 10 zenbaki argitaratzea.

5. atala.- Bazterketak.

Hona dirulaguntza horietaz baliatu ezin daitezkeen euskarazko aldizkako argitalpenak:

a) Merkataritza-entitateek argitaratutakoak, beren kapitalean herri-administrazio bakarrak edo gehiagok badute partaidetza gehiena.

b) Alderdi politiko, hauteskundeetarako koalizio, sindikatu, giza mugimendu, Gobernuz kanpoko erakunde nahiz elkargoek argitaratutakoak.

c) Elkarte, fundazio zein antzeko erakundeek beren bazkideentzat soil-soilik argitaraturikoak.

d) Glotodidaktika eta psikopedagogia aldizkariak zein hezkuntza arlokoak.

e) Eskola-aldizkariak, kultur berripaperak, ikuskizun-gidak, denborapasakoak eta antzekoak.

f) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako proiektuak baino ez direnak.

g) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean, agindu honetan ezarritako xede berberaz emandako dirulaguntzak eskuratzeko bere gain hartutako eginbeharretakoren bat bete gabe duten entitateek argitaratutakoak.

h) Informazio orokorrekoak edota gai anitzeko informaziokoak ez diren aldizkari lokalak.

i) Gutxienik, kostu osoaren %30eko autofinantzaketa-mailara iristen ez direnak.

6. atala.- Eskabideak non eta nola egin.

1.- Eskabideak (I. eraskina) Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailordetzan aurkeztu behar dira, zuzenean edo azaroaren 26ko 30/1992 Legeak finkatutako bideren bat erabiliz. Hona helbidea:

Eusko Jaularitza

Kultura Saila

Hizkuntza Politikarako Sailordetza

Ikerketa eta Informaziorako Zuzendaritza

Wellingtongo Dukea, 2

01010 Vitoria-Gasteiz

Tel. 945 - 18 94 64

2.- Eskabidearekin batera, jarraian jakinarazten den dokumentazioa aurkeztu behar da.

a) Eskatzaileari dagokion dokumentazioa:

a.1) Eskabidegilearen nortasuna egiaztatzeko dokumentazioa, hau da, entitatearen estatutuen kopia edo, hala badagokio, entitatearen eraketa-agiriaren eta estatutu arautzaileen kopia. Aurkeztuko dira, halaber, Erregistro Publikoetan inskribatua dagoela erakusteko ziurtagiriak.

a.2) Eskabidea izenpetu duen pertsona fisikoaren NANaren fotokopia eta pertsona juridikoaren legezko ordezkari izateko ahalmena duela erakusten duen ziurtagiria.

a.3) Identifikazio Fiskalaren Txartelaren fotokopia.

a.4) Zerga-zorrak kitatuta dituela egiaztatzen duen ziurtagiri gaurkotua.

b) Aldizkariari dagokion dokumentazioa:

b.1) Fitxa teknikoa, II. eraskinaren araberakoa.

b.2) 1996ko aurrekontua, III. eraskinaren araberakoa.

b.3) Zenbakiko batez-besteko tirada adierazten duen zinpeko aitorpena.

b.4) Lurralde historikoen edo, hala badagokio, kasuan kasuko lurralde historikoko udalerrien araberako tiradaren banaketa (%tan).

b.5) Legezko gordailurik edota ISSN delako zenbakirik izendatuta ez duten euskarazko aldizkako argitalpenen kasuan, izendatzeko tramitaturiko eskabidearen kopia.

b.6) Aurreko ekitaldiko gastu eta sarreren balantze orokorra. Bertan erakunde pribatu zein publikoetatik (banan-banan zehazturik) jasotako dirulaguntzak ere adierazi beharko dira aitorpen horretan.

b.7) Eskaera egin duen talde edo elkarte bakoitzak, aldizkariaren kalitatea hobetze-bidean (erredakzio-lana, publizitatearen kudeaketa, inprimaketa, banaketa, teknologia berriez baliatzea, dokumentazioaren eta datutegien antolaketa, etab.) beste taldeekin elkarlanean jarduteko emaniko urratsak adierazten dituen txostena.

b.8) Argitaratutako azken zenbakiaren ale bat.

c) Dirulaguntza kobratzeko dokumentazioa:

c.1) "Hirugarrenaren datuen alta" izeneko fitxa (IV. eraskina). Fitxa hori Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzarik inoiz jaso ez dutenek bakarrik aurkeztu behar dute.

c.2) Aurreko urteren batean Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzaren bat jaso, eta helbidean edota bankuko datuetan aldaketaren bat egin nahi dutenek eskutitza idatzi behar dute helbide-aldaketaren berri emateko eta bankuko ziurtagiria bankuko datuen aldaketak egiteko.

3.- Atal honen bigarren idazatiko a.1), a.2) eta a.3) zatietan eskatzen den dokumentazioa dela eta, eskatzailea Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Jardunbide Komunaren azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35.f atalean ezarritakoaz baliatu ahal izango da. Horretarako, honako bi baldintza hauek bete beharko ditu: batetik, aipatutako dokumentuak indarrean daudela adierazten duen agiria aurkeztea, bertan Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio Orokorreko zein organo edo bulegotan eta noiz aurkeztu edo egin ziren adierazi beharko da eta, bestetik, dagokien jardunbidea amaitu zenez geroztiko denboraldia hiru urtetik beherakoa izatea.

7. atala.- Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabide-orria eta gainontzeko dokumentazioa aurkezteko hilabete izango da agindu hau indarrean jartzen denetik hasita.

8. atala.- Aurkeztutako eskabidean egindako okerrak zuzentzea.

Eskatzaileek aurkeztutako dokumentazioan agiriren bat falta dela ikusten badu Hizkuntza Politikarako Sailordetzak, 10 egun izango ditu eskatzaileak dokumentazioa osatzeko. Epe hori igaro eta dokumentazioa osatu ez bada, eskabidea artxibatu eta eskatzaileari itzuliko zaio.

9. atala.- Dirulaguntzak emateko irizpideak.

1.- Zenbatekoa:

Behin-behineko dirulaguntza honako irizpide hauen bidez kalkulatuko da:

a) Defizit aitortua (gastuak ken inongo dirulaguntzarik kontuan hartu gabeko diru-sarrerak).

b) Autofinantzaketa-maila (inongo dirulaguntzarik kontuan hartu gabeko diru-sarrerak zati gastuak). Ondorio horietarako, beren kapitalean administrazio publikoen partaidetzarik ez duten entitate pribatuetatik jasotako dirulaguntzak diru-sarrera propiotzat joko dira.

c) Maiztasuna.

d) Batez-besteko tirada eta banatutako ale-kopurua.

e) DIN A4 formatudun orrialde-kopurua.

f) Eskaera egin duen talde edo elkarte bakoitzak, aldizkariaren kalitatea hobetze-bidean (erredakzio-lana, publizitatearen kudeaketa, inprimaketa, banaketa, teknologia berriez baliatzea, dokumentazioaren eta datutegien antolaketa, etab.) beste taldeekin elkarlanean jarduteko emaniko urratsak.

g) Erakunde publikoetatik jasotako dirulaguntzak.

h) Aldizkariaren edukia: grafikoen, argazkien, kolorearen eta bestelako irudien erabilera.

i) Langileen lan-egoera.

2.- Eusko Jaurlaritzak argitalpen baterako emango duen dirulaguntza, gehienez ere, aurkeztutako aurrekontuaren %50 izango da.

3.- Agindu honek ezartzen dituen dirulaguntzak bateragarriak dira edozein erakunde publiko zein pribatuk xede berberaz eman ditzakeenekin, beti ere, agindu honen bidez lagundutako euskarazko aldizkako argitalpenak gainfinantzaketarik ez badu. Nolanahi ere, erakunde publikoek emaniko dirulaguntza ezingo da izan, inola ere, kostu osoaren %70 baino handiagoa; horrelakorik gertatuz gero, Eusko Jaurlaritzak gutxitu egingo du bere dirulaguntza.

10. atala.- Epaimahaia.

1.- Agindu honetara aurkeztutako dirulaguntza-eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, Hizkuntza Politikarako Sailordetzako Ikerketa eta Informaziorako zuzendaria buru izango duen epaimahaia eratuko da. Hona epaimahaikideak:

a) Hizkuntza Politikarako Sailordetzako Ikerketa eta Informaziorako Zuzendaritzako Ikerketarako arduraduna.

b) Hizkuntza Politikarako Sailordetzako Ikerketa eta Informaziorako Zuzendaritzako Informazio eta Dokumentazioko arduraduna.

c) Epaimahaiburuak izendatutako Ikerketa eta Informaziorako Zuzendaritzako teknikari bat. Horrek idazkari lanak egingo ditu eta hitza izango du baina ez botorik.

2.- Epaimahaiak, diru laguntzak emateko irizpideak kontuan izanik, erabaki-proposamena aurkeztuko dio Hizkuntza Politikarako sailburuordeari, hark behin betiko erabakia har dezan.

3.- Epaimahaiak, bestalde, ordezkoen zerrenda osatuko du, lehentasun-hurrenkeraren arabera, eta Hizkuntza Politikarako sailburuordeari emango zaio dirulaguntza-proposamenarekin batera. Zerrenda horretara joko da onuradunen batek dirulaguntzari uko eginez gero.

11. atala.- Erabakia eta jakinarazpena.

1.- Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean hasi eta handik hilabetera, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak aldizkari bakoitzari dagokion dirulaguntza zehazten duen erabakia hartuko du, epaimahaiak aurkeztutako erabaki-proposamena kontuan hartuta. Erabakia interesatuei jakinaraziko zaie, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

2.- Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Jardunbide Komunaren azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43. ataleko 2. idazatiaren c) lerroaldiak dioenaren arabera, hilabeteko epea igaro ondoren jakinarazpenik jaso ez bada, dagokion eskabidea gaitzetsitzat joko da.

12. atala.- Dirulaguntzaren onarpena.

Dirulaguntzen jasotzaileek dirulaguntza onartu egiten dutela aditzera eman beharko diote Hizkuntza Poliltikarako Sailordetzako Ikerketa eta Informaziorako Zuzendaritzari, jakinarazpena jasotzen den egunaren biharamunetik hasi eta hamabost egun igaro baino lehen. Ezarritako epean onarpen-adierazpenik aurkezten ez bada, dirulaguntza jasotzeari uko egiten zaiola ulertuko da eta, ondorioz, 10. ataleko 3. puntuak aurreikusitako zerrendaren lehenengoari eskaini ahal izango zaio soberan geratutako diru-kopurua.

13. atala.- Dirulaguntzaren ordainketa eta lehendabiziko zatiaren justifikazioa.

Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da:

a) %50, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak hartutako erabakiaren berri ematen duen jakinarazpena jaso eta hogeita hamar egun igaro baino lehen; beti ere, jasotzaileak dirulaguntzaren onarpena aditzera eman eta gero.

b) Gainerakoa, lehendabiziko zatia justifikatu eta jarraian aipatzen den dokumentazioa aurkeztu ondoren:

b.1) 1996ko urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitarteko gastu guztien jatorrizko justifikagiriak edo berauen fotokopia konpultsatuak, III. eraskinean finkaturiko kontzeptu nagusien arabera sailkatuak. Dena dela, jasotako dirulaguntzaren lehendabiziko zatiaren besteko gastuen jatorrizko justifikagirietan, Kultura Sailak emandako dirulaguntza justifikatzeko erabili direla adierazten duen zigilua jarriko da.

b.2) V (A). eraskina, behar bezala betea eta izenpetua.

14. atala.- Dirulaguntzaren azken justifikazioa.

Dirulaguntzen jasotzaileek jarraian aipatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko dute 1997ko urtarrilaren 31 baino lehenago:

a) 1996ko uztailaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko gastuen jatorrizko justifikagiriak edo horien fotokopia konpultsatuak, III. eraskinean finkaturiko kontzeptu nagusien arabera sailkatuak. Dena dela, jasotako dirulaguntzaren bigarren zatiaren besteko gastuen jatorrizko justifikagirietan, Kultura Sailak emandako dirulaguntza justifikatzeko erabili direla adierazten duen zigilua jarriko da.

b) V (B). eraskina behar bezala betea eta izenpetua.

c) 1996ko ekitaldian aldizkako argitalpenak izan dituen benetako gastuak eta sarrerak jakitera ematen dituen zinpeko aitorpena. Aitorpen horretan, erakunde pribatu zein publikoetatik jasotako dirulaguntzak adierazi beharko dira.

15. atala.- Justifikatutako gastuak.

Agindu honek dioenaren ondorioetarako, honako hauek joko dira justifikatutako gastutzat:

a) Nomina bitartez justifikatutakoak.

b) Gizarte Segurantzaren TC-1 eta TC-2 agirien bitartez justifikatutakoak.

c) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarekiko atxekipen aitorpenari dagozkion 110 eta 111 agirien bitartez justifikatutakoak.

d) Faktura bitartez justifikatutakoak. Faktura ontzat hartu ahal izateko honako datu hauek jaso beharko ditu:

d.1) Zenbakia eta, hala badagokio, seriea.

d.2) Ordainagiria egin duenaren eta hartzailearen izen-abizenak edo sozietate-izena, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea edo, hala badagokio, bizitoki iraunkorra, ez-egoiliarrak badira.

d.3) Eragiketaren azalpena eta haren guztizko zenbatekoa. Eragiketan Balio Erantsiaren gaineko Zerga ezarri behar izanez gero, zerga-oinarria zehazteko behar diren datu guztiak azaldu beharko dira fakturan, bai eta ezarritako zerga-tasa eta jasanarazitako kuota ere. Kuota prezio barruan jasanarazten denean, ezarritako zerga-tasa bakar bakarrik adieraziko da edo, bestela, "BEZ barne" jarriko da, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren arauetan hala baimenduta baldin badago.

d.4) Faktura noiz egin den.

Arauaren salbuespenak enpresariek eta profesionalek ordainagiria egin eta emateko duten obligazioa arautzen duen abenduaren 18ko 2402/1985 Errege Dekretuan eta dekretu horren zenbait pasarte aldatzeko edo baliogabetzeko geroztik egindako beste errege dekretuetan daude bilduta. Hona salbuespenak: fakturatu beharrik gabeko eragiketak; fakturan jasotzailea nor den jarri beharrik ez izatea; jasanarazitako zerga-kuota eta ezarritako zerga-tasaren berariazko aipamenik ez agertzea fakturan; eta fakturen partez zenbakidun taloitegiak edo, hori ezean, makina erregistratzaileek emandako tikeak erabili izana.

e) Finantza-entitateen ziurtagiri edo zordunketa-agirien bidez justifikatutakoak, zenbakia edo seriea izan ezik fakturetan ageri diren gainerako datuak dituztenak.

f) Enpresari edo profesionalak ez diren pertsona fisikoek egindako noizbehinkako lanak izanez gero, horien justifikazioa idazki bidez egingo da eta, idazkia egiten duten pertsona juridikoaren ordezkariak izenpetu beharko du. Idazkian honako datuok agertuko dira gutxienez:

f.1) Ordainagiria egin duenaren eta hartzailearen izen-abizenak, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea.

f.2) Eragiketaren azalpena eta haren guztizko zenbatekoa.

f.3) Jarduera profesionala dela jotzen bada, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagokion zehaztapena.

f.4) Faktura noiz egin den.

f.5) Jaso izanaren adierazpena eta hartzailearen izenpea.

g) Salbuespen gisa, "funtzionamendu-gastuak" izeneko ataleko zenbait gastu justifikaezinak direnean, gastu horiek benetan egin direla adierazten duen ziurtagiria erabili ahal izango da, aurreko edozein justifikagiriren ordez. Ziurtagiri horretan, gastuon azalpena egingo da, zenbatekoak adieraziz. Nolanahi ere, modu horretara justifikatutako gastuak ezingo dira funtzionamendu-gastuei dagokien aurrekontu osoaren %20tik gorakoak izan.

16. atala.- Dirulaguntzaren kitapena.

1.- 14. atalean aipatutako dokumentazioa aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasi eta bi hilabeteko epean, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak dirulaguntzari buruzko Kitapen Erabakia hartuko du. Erabaki horretan, dirulaguntzaren zenbatekoa eta, hala badagokio, jasotako dirulaguntzatik itzuli beharreko kopurua zehaztuko dira. Horrela gertatuz gero, diru hori itzultzeko bi hilabeteko epea izango da Kitapen Erabakiaren jakinarazpena jasotzen den egunetik hasita.

2.- Ondorengo datu hauek hartuko dira kontuan dirulaguntzaren kitapena egiterakoan:

a) III. eraskinaren arabera, eskabidearekin batera aurkeztutako gastuen aurrekontua.

b) Emandako dirulaguntza eta honek a) idazatiko aurrekontuarekiko duen erlazio portzentuala.

c) Aurkeztutako datuen arabera justifikatutako gastuak, 13, b.1), 14, a) eta 15. ataletan ezarritakoaren arabera.

d) 1996ko ekitaldian aldizkako argitalpenak izan dituen benetako gastuak eta sarrerak.

17. atala.- Kultura Sailaren aipamena eta ale-bidalketa.

Dirulaguntza-jasotzaile izango diren euskarazko aldizkako argitalpenen editoreek hurrengo betekizunak hartzen dituzte beren gain:

a) Dirulaguntza-banaketaren berri ematen duen Hizkuntza Politikarako sailburuordearen Erabakiaren jakinarazpena jasotzen denetik hasi eta urtea bukatu bitartean kaleratuko diren zenbakietan, Eusko Jaurlaritzaren logotipoa eta "Kultura Sailak diruz lagundutako aldizkaria" lema daramatzan 9cm x 5cm-ko neurridun publizitate-oharra agertaraztea.

b) Argitaraturiko zenbaki bakoitzeko bi ale Ikerketa eta Informaziorako Zuzendaritzara bidaltzea.

18. atala.- Arauak ez betetzea.

1.- Arauak betegabetzat joko dira honako kasu hauetan:

a) Jasotako dirulaguntza osorik zein zatika, agindu honetan zehaztutakoez beste jardueretarako erabiltzea.

c) Hala badagokio, Kitapen Erabakian zehaztutako kopurua ez itzultzea horretarako emandako epean.

2.- Atal honen aurreko zenbakian azaldutako kasuetakoren bat gertatuz gero, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio jasotako dirua eta horren legezko korrituak, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak dioenaren arabera.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 1996ko irailaren 2a.

Kultura sailburua,

M.ª CARMEN GARMENDIA LASA.


Azterketa dokumentala