Lan eta Enplegu Saila

Azken eguneratzea: 2012/08/29

Enplegurako eskualdeko planen bigarren fasea abian du Lanbidek

Gaur bertan ireki ditu Lanbidek eskualdeko enplegu-planen laguntza jasotzeko eskabideak.  Hainbat erakunderen artean taxutu da ekimena, erkidegoko udalerri, mankomunitate eta koadrilen artean, lekuan bertan oinarrituta enplegua sorrarazteko proiektuak martxan jartzeko asmoz, eta eskualde bakoitzeko enpresen lehiakortasuna hobetzeko, betiere, leku bakoitzeko lan-merkatua zer den gogoan hartu eta horren arabera egokituz.

Bigarren fase honetara aurkeztuko diren proiektuetarako 14 milioi euro jarri ditu Lanbidek. Diru horretatik erdia gainbehera doazen inguruetarako izango da osorik. Proiektuok martxan jartzeko azken-azkeneko eguna azaroaren 23a izango da.

Lanbide sinistuta dago ekimen hau martxan jarrita, ekonomia eta lana dinamizatuko direla, parte hartuko duten eskualde bakoitzetik, gutxienez, enplegua sorrarazteko proiektu bana aterata. Bi urteko iraupena izan dezakete, gehiena jota, proiektuok.

“Programa honen funtsezko helburua zera da, herri bakoitzak berak sor ditzala lanpostuak, bertan sumatzen dituen gorabeheren arabera, bertan baitakite beste inon baino hobeto zer egin behar den bertako enpresak eta ekoizpen-sarea dinamizatzeko” halaxe adierazi du Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak. 

“Erakundeak elkarrekin lanean jarriko dituen proiektu handia da hauxe, urtez urte moldatuko dena eskualde bakoitzaren premien arabera, eta Lanbidek bere burua eskaini nahi du programa horretarako, enpleguaren eta langabeziaren behatoki ezin hobea delako euskal udalerriek ondo baino hobeto ezagutzen duten errealitatea benetan ezagutzeko”, Lanbideko administrazio-kontseiluko lehendakariaren hitzetan.

Aurreneko fasea pasa den uztailaren 23an bukatu zen: 251 udalerri, mankomunitate eta koadrillak hartu zuten parte orduan, beren inguruko egoeraren eta premia ekonomikoen diagnosia prestatzeko. Oraingo fase hau ere horientzat da, baina baita deialdi honetan eskatzen ditugun irizpideen arabera taxututako enplegu-plana daukaten gainerako tokiko erakunde guztientzat ere.  Hala, denek izango dute aukera Lanbiderekin batera beren herriko lana eta ekonomia bultzatzeko programa eta proiektuak lantzeko. 

Lurraldez lurralde, ekimen honek 7,89 milioi emango dizkio Bizkaiari, 3,75 milioi Gipuzkoari eta 2,37 milioi Arabari.

Izan ere, laguntza honek, 2012 Plan Operatiboaren eta Enplegurako Euskal Estrategiaren barruan, euskal herritarren enplegu-aukerak ugaritu nahi ditu, lanpostuak sortu nahi ditu tokian bertan eginiko enplegurako proiektuen bidez, eta eskualde bakoitzeko enpresen lehiakortasuna hobetu nahi du, bertako lan-merkatuaren nondik norakoetan oinarrituta beti.

Enplegua bultzatzeko eskualdez eskualdeko planen programak, finean, Euskadiko eskualde guzti-guztietako enplegua bizkortu nahi du, udalerri, mankomunitate eta koadrillekin batera ekinez, eta sindikatuen nahiz enpresen elkarteekin, eskualdeko enpresa esanguratsuekin, prestakuntza-zentroekin, ikerketa-zentroekin, eta ezintasunen bat dutenak edo gizartean baztertuta geratzeko arriskua dutenak laneratzen espezializatutako erakundeekin elkarlanean.