Lan eta Enplegu Saila

Azken eguneratzea: 2012/08/31

Lanbidek hirugarren bulegoa irekiko du Gasteizen astelehenean

Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak hirugarren bulegoa irekiko du Gasteizen datorren astelehenean, irailak 3,  zuzeneko arretako zerbitzua indartzeko asmoz. Lokal hori Lakua auzoan zabalduko dute, eta behin-behinean egongo da irekita, Zumakadi ibilbideko makrobulegoa abian jarri arteko zubia izango baita. Bulego handi hori abenduan edo hurrengo urteko urtarrilean irekitzea aurreikusi da.

“Lanbidek, diru-sarrerak bermatzeko errentaren eta enplegu-eskaera inskribatzearen inguruan arreta azkar eta eraginkorragoa emateko asmoz, behin-behineko bulego hori irekiko du, irailaren lehen hamabostaldian, Lakuan”, eman du aditzera Plangintza eta  Enpleguko sailburuorde Javier Ruizek.

Lokal horretan, Euskal Enplegu Zerbitzuko orientatzaileek eta administrariek DBEa jasotzen duten 1.200 bat pertsonari emango diete arreta bulegoa jardunean egongo den aldian. Lanbideren plantilla zazpi profesionalek osatuko dute.

Espoz y Mina kalean (z.g) dago, Barrutia ikastolaren aurrean, eta 197,68 metro koadroko azalera erabilgarria du. Besteak beste, Lakua, Ibaiondo, Sansomendi, Ali, Aranbizkarra edo Salburuan bizi diren enplegu-eskatzaileei emango die arreta. 

“Lanbideren egitura sendotuko dugu ahalik eta zerbitzurik onena emateko. Gure langileen konpromisoa da enplegurik gabe daudenei laguntzea eta enpleguarekiko horien egoera hobetzea, orientazio pertsonalizatua, prestakuntza eta  laneko bitartekaritza eskainiz.”, esan du Ruizek.

Ruizek gogorarazi du, astelehenetik aurrera, «Gasteizen, zerbitzua hobetu egingo dela, instalazioak erosoagoak izango direlako, jendea bulego horretara errazago iritsiko delako eta kalitatezko zuzeneko arreta emango dutelako han».

Makrobulegoa, negurako

Bulego hori, EAEko 42.a, itxi egingo da Zumakadiko makrobulegoa abian hasten denean. Lokal berria —655 bat metro karratu izango ditu— abenduan edo hurrengo urtearen hasieran inauguratuko dela aurreikusi da.  

Garai bateko anbulatorioaren ondoan egongo da, Zumakadi ibilbideak Nieves Cano kalearekin bat egiten duen tokitik gertu. Bulegoak 35 langile izango ditu, enplegu-eskatzaileei, diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DBE) jasotzaileei eta enpresei zerbitzua emateko.