Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila

Azken eguneratzea: 2012/08/28

Lanbidek Euskadiko langabetuen prestakuntzaren aldeko apustua indartu du beste 25 milioi eurorekin

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak enplegu-eskatzaileentzako prestakuntzaren aldeko apustua indartu du ikastaro-deialdi berri batekin. Deialdi hori 25 milioi eurokoa da, eta langabezia egoeran dauden 7.141 lagunentzat izango da. 2012. urterako, Euskal Enplegu Zerbitzuak, guztira, 110 milioi euro bideratuko ditu bere programetarako, eta horrek esan nahi du % 14ko gehikuntza egon dela aurreko urtearen aldean. Kopuru absolutuetan, aurreko urtean baino 13,4 milioi euro gehiago izango dira.

Ikastaro-deialdi berri honen bidez, Lanbidek kalkulatzen du beste 7.141 enplegu-eskatzailek lan-merkatura bueltatzeko aukerak hobetzen lagunduko dizkien prestakuntza jasoko dutela. Plazen % 58,3 Bizkaiari egokituko zaizkio; % 26,6, berriz, Gipuzkoan emango dira, eta gainerako % 15a, Araban.

“Uste dugu orientazioa eta prestakuntza direla Lanbideren zutabeak eta are gehiago jasaten ari garen krisi ekonomiko larriko egoera honetan; hortik esfortzu hau, apustu hau mantentzeko ez ezik, indartzeko ere”, azaldu du Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak.  

“Hauxe da ‘Euskadi eredua’, Estatuko gainerako tokietan dagoenaren kontrakoa. Gogorarazten dizuet, Estatuko gainerako tokietan, aurreko urtean prestakuntzarako bideratu ziren 100 eurotik 47 eurora pasatu direla oraingoan. Euskadin, ordea, 100 eurotik 114 eurora pasatu gara”, zehaztu du. “Hau da, Estatuko gainerako tokietako % 53ko mozketaren aurrean, hemen % 14 handitu dugu Euskadiko enplegu-eskatzaileak eta langileak prestatzeko inbertsioa”, agertu du Lanbideko administrazio-kontseiluko lehendakariak.

Prestakuntzaren lerroa hainbat ardatzetan dautza: prestakuntza ziurtagarrian eta ez-ziurtagarrian, lan-merkatuan sartzeko zailtasun berezia dituzten kolektiboentzako eta langabetu guztientzako prestakuntzan, kontratazio-konpromisoa eta praktika-, beka- edo prestakuntzarako laguntzako konpromisoa duen prestakuntzan. Profesionaltasun-ziurtagiriei dagokienez (PZ), aurten berrehun espezialitate desberdinetatik gora daude aukeran.

“Gainera, prestakuntza modernoa, eguneratua eta adostua da, Confebask, UGT eta CCOOrekin batera Lanbideren batzorde teknikoetan adostua, alegia. Hau da, benetako irtenbideak ematen dituen eta lan-merkatuaren eskarira egokitzen saiatzen den prestakuntza batean ari gara inberitzen”, laburbildu du Zabaletak. Ikastaro-eskaintza berri hau espezialitate-aukera zabal batean mugitzen da, betiere lanerako irteera handienak dituztenak bilatuz; besteak beste, nagusien zainketarekin lotura duten espezialitateak edo agertzen ari diren beste sektore batzuk, hala nola turismoa, garapen iraunkorra edo teknologia berriak.

Profesionaltasun-ziurtagirien aldeko apustua

Aurreko deialdiekin alderatuta, oraingoan apustu garbia egiten da profesionaltasun-ziurtagirien alde. Berrehun bat espezialitate desberdin eskaintzen dira, aurreko urteetan baino askoz gehiago. Profesionaltasun-ziurtagiria lan-administrazioko eremuan lanbide-kualifikazioak ofizialki egiaztatzeko tresna da. Ziurtagiri horren jabeak enplegurako esanguratsua den lan-jarduera batean jarduteko gaitasuna egiaztatuta dauka. Hau da, profesionaltasun-ziurtagiria lanbide-kualifikazio bati lotuta dagoen eta egiaztatu daitekeen prestakuntza da.

Lanbideren asmoa da Euskadin 40.000 herritar inguruk profesionaltasun-ziurtagiri bat edo lanari lotutako prestakuntzaren bat izatea 2012an zehar.

 “Programa-multzo honen bidez, hain zabala denez, enplegu-eskatzaile diren lagun guztiei lagundu nahi diegu; baina, batez ere, 30 urtetik beherakoei”; halaxe adierazi zuen Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak. “Lanik gabe dauden 30 urtetik beherakoen artean ia % 60k lehen mailako ikasketak dituzte; besterik ez. Horiek behar gaituzte gehien, luzaroan lanik gabe egoteko arriskuan daudelako, eta, beraz, baztertuta geratzeko arriskuan ere egon daitezkeelako. Prestakuntza egokia emanda, benetako aukerak eman nahi dizkiegu lan-merkatura bueltatu daitezen lehenbailehen”.

 

 

Ikastaroak

Plazak

Araba

71

1.065

Bizkaia

278

4.170

Gipuzkoa

128

1.906

GUZTIRA

477

7.141