Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila

Elos sareko euskal ikastetxeek Europaren eguna ospatuko dute Bilbon

elos_1.jpg

2014.eko Maiatzak 07

Sareko 150 ikasle elkartuko ditu jardunaldiak Bilbon, eta hizkuntzen garrantzia aztertuko dute ingelesez

 

Maiatzaren 9an Europaren eguna ospatzen dela-eta, DBHko 4. mailako eta Batxilergoko lehen mailako ia 150 ikaslek, euren irakasleak lagun dituztela, egun ospakizun horretarako propio antolatutako jardunaldian parte hartuko dute bihar osteguna, maiatzak 8, Bilbon. Hainbat jakintza arlotako lau hizlarik, euren esperientzia profesionaletik abiatuta, Europa ezagutzeak eta atzerriko hizkuntzak menperatzeak gazteentzat guen garrantzia aztertuko dute. Hizlari izango dira: Oskar Aranzabal ekonomialaria, Jesus Ugalde fisikari-kimikaria, Jon Barrenetxea ingeniaria eta Irune Cachorro medikua. Ondoren, ikasleen arteko eztabaida zabalduko da. Jarduera honek beste ikastetxe batzuetako kideak ezagutu eta haiekin jarduteko aukera emango die ikasleei. Hitzaldi guztiak eta ondorengo eztabaida ingelesez izango dira.

 

Parte hartuko duten ikasleak Elos sareko kide diren Euskadiko bost ikastetxeetatik etorriko dira: Aguraingo Aniturri BHI, Gasteizko Ekialde BHI, Donostiako Antigua Luberri BHI, Azpeitia-Azkoitiko Urola Ikastola BHI eta Bilboko Botikazar BHI.

 

Zer da Elos sarea?

Helburuetan bat egiten duten Europako ikastetxeen sare bat da Elos. Sare honetako kide diren ikastetxeek, Europako beste ikastetxe batzuekin nazioarteko topaketetan parte hartzen dute, esperientzia trukeak gauzatzeko. Sarearen beste funtsezko helburu bat da, curriculumean nazioartekotzea txertatzea. Europa guztiko 200 ikastetxetik gora dira sarean. Dimentsio europarrari lotutako kontzeptuak garatzen dituzte ikastetxe hauek ikasleekin, hau da, ikasleek etorkizunean Europako herritar izateko behar dituzten edukiak, gaitasunak eta jarrerak lantzen dituzte. Sareko ikastetxe guztiek, gainera, Europa mailan garatu eta aplikatutako ebaluazio eta ziurtatze- tresnak erabiltzen dituzte. Helburua, beraz, Europa eta nazioarteko dimentsioak gero eta protagonismo handiagoa izango duen etorkizunari era sortzaile eta eraginkorrean aurre egiteko ikasleak prestatzea da.

 

 

 

HIZLARIEI BURUZ

 

Jesus Ugalde

Bergararra, kimikari-fisikaria, Kanadako Dalhousie Unibertsitatean eta Estatu Batuetako Cornell Unibertsitatean, besteak beste, ikasketak eta ikerketak egindakoa, eta UPV/EHU-ko Kimika Fakultateko katedratikoa, Jakiunde akademiaren presidentea ere bada. Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen ikerketa saria jaso zuen 2001ean eta Euskadi Ikerketa Saria 2003an. Donostia International Physics Centre-ko ikerlaria da egun.

 

Irune Cachorro San Pedro

Bilbotarra. Artxandape eta Kirikiño ikastoletan, eta EHUn ikasle ohia. Medikua. Medikuntza Intentsiboetan espezialista. Hainbat Zainketa Intentsibo Unitateren sortzaile eta buruzagi izan da. Gaur egun Quiron Bizkaiako ZIUko burua. Hainbat enpresaren sortzailea, bai osasun munduan bai teknologiaren arloan. Hiru seme alaba ditut, elehirudunak. “Gure etxean euskaraz eta ingelesez aritzen gara normalki;  aitona-amonekin gaztelaniaz. Gure umeak eskola publikora joaten dira eta nagusiena DBHko lehen maila hasi delarik alemanez ikasten hasi da. Gainera frantsesa ikasten ari gara gaur egun, maila aurreratuan gabiltzala”.

 

Oskar Arantzabal Iraeta

Eibar, 1967. Ekonomialaria, enpresa zientzietan lizentziatua da (Deustuko Unibertsitatea, 1992) eta Nazioarteko Marketinean masterduna (Strathclyde University, Glasgow, Scotland, 1993). Bereziki, esportazio lanetan jardundakoa da.

Ekonomia gaien dibulgazioa ere bere zereginetako bat izan da: hitzaldietan, artikulugile moduan, edo Euskadi Irratiko Amarauna saioan. Estatu txikietan espezializatua, “Lurraldearen dimentsioa estatuaren eraketan” (UEU, 2012) artikulua publikatu zuen.

Kulturgintzan ere aritua (bertsolaritza, antzerkia…), “Egungo euskal antzerkiaren historia: oasiak eta ispilatzeak” (RIEV, 2013) lana argitaratu zuen. Berriki Juan Zelaia saria irabazi du honako saiakerarekin: “Azpilkueta, ekonomiaren aitzindari” (Pamiela, 2014).

 

Juan Ignacio Barrenetxea Sagardui (Yon)

Bilbon 1958an jaioa. Eskolapioetan lehenik eta Bilboko Ingeniaritza Eskolan egin zituen ikasketak. Ibilbide profesionalarekin bat, Yonek beti egin izan du kirola, bai eta nazioarteko lehiaketetan parte hartu ere. Arlo honek eragin nabarmena izan du bizitzarekiko eta negozioekiko bere ikusmoldean, erronka beti izan baita horien ezaugarri. Era berean, jarduera horiek hainbat herrialde eta kulturaren gaineko ezagutza zabala eman die, hala nola, Indonesia eta Japoniaren gainekoa.

Gamesa eta Pumarentzat lanean ari zen bitartean, Kanpo Merkataritza eta Nazioarteko Marketinaren inguruko Masterra burutu zuen Sarrikon. Yonen azken proiektuari tutoreak egindako iruzkinetan, honela irakur daiteke: “Proiektu bikaina da hau, baina ezinezkoa da hau errealitate bihurtzea”. “Ezinezko” proiektu hori, duela hogei urte baino gehiago idatzia, Yonen enpresaren hasiera izan zen: Business Basque Iniciative, aholkularitza enpresa. Europan, Ekialde Hurbilean, Asian, Afrikan eta Amerikan nazioarteko proiektuak garatzen ditu. Askotariko sektoretan dihardute lanean, eta munduko enpresarik garrantzitsuenetako batzuekiko bitartekari lana egiten dute:  Mondragon Korporazioa, La Naval, Indra, Ingeteam, Sener, Brakrie Group, Mitsubishi, Deutsche Bank, Repsol, gobernuak eta erakundeak, besteak beste. Dena de posible.

 

 

Gasteizen, 2014ko maiatzaren 7an