Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Azken eguneratzea: 2007/08/01
Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Kooperatiben Elkarteak euskara alor sozio-ekonomikoan txertatuko dute
Kooperatibek ere euskara eta kalitatea elkartzen duen ziurtagiria inplementatu eta garatuko dute

Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Kooperatiben Elkarteak  kooperatibetan euskararen erabilera biziberritzeko hitzarmen markoa izenpetu eta aurkeztuko dute. Miren Azkarate, Kultura sailburuak Eusko Jaurlaritzaren izenean eta Patxi Ormazabal, Euskadiko Kooperatiben Elkarteko presidenteak, izenpetu dute akordioa, Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Federazioko presidenteordea den Imanol Igeregi mahaian zirelarik.

Eusko Jaurlaritzaren eta kooperatiben Federazioko ordezkariak bat etorri dira akordioaren garrantzia azpimarratzerakoan,  "Lan munduan dabiltzan guztien ardura eta inplikazioa behar ditu euskarak esparru sozio-laboralean benetako aurrerapausoak egiteko. Eta enpresarien elkarteekin nahiz sindikatuekin lortutako akordioei beste berri hau gehitzea, oso albiste ona dela esan dezakegu".

Eusko Jaurlaritzak EUSKALITen eskutik eta berarekin elkarlanean, euskararen erabilera ebaluatzeko eta errekonozitzeko eskema diseinatu du. Kalitatea eta berrikuntza euskararekin lotuko dituen ziurtagiri publikoan Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan jardungo du, kooperatibetan ziurtagiri ofizial bakar hori inplementatzeko eta garatzeko, aipatu eskemaren jarraipen eta hobekuntza prozesuan parte hartuz. Enpresetako hizkuntza-kudeaketa eta euskararen erabilera ebaluatzeko eta aitortzeko ziurtagiri ofiziala, enpresa munduan ohikoak diren bikaintasun, kalitate eta berrikuntza parametroen araberako ziurtagiri ofiziala izango da. 

Euskal kooperatiben alorrean euskararen erabilera biziberritzea xede duen.Eusko Jaurlaritza eta Euskadiko Kooperatiben Elkartearen arteko elkarlana hau LanHitz programaren baitan txertatzen da. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak,  hiru foru-aldundiekin, EUDELekin eta Eusko Jaurlaritzako Industria eta Lan sailekin batera, joan den irailean martxan jarri eta une honetan enpresetara eramaten ari da LanHitz programa-markoa, alor sozio-ekonomikoan euskararen presentzia eta erabilera areagotzea du helburu.

Kooperatibak aitzindariak izan dira euskara alor sozioekomikoan uztartzean. Euskal kooperatibek eta haien ordezkariek aspaldidanik erakutsi dute ibilbide luze horretan euskal gizartearekin konpromiso estua dutela, eta, oraingoan ere, euskal gizarteak batera egin beharreko zeregin honetan ere parte hartu nahi dute, euskararen erabilera kooperatiben eguneroko bizimoduan eta gizartean areagotu dadin. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusiak, Euskararen Aholku Batzordearen gomendioei jarraiki, enpresa-munduko euskararen normalizaziorako planak abian jarri zituen bezain pronto hasi ziren horietan kooperatibak. 1991.urtean sinatu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Elhuyar Kultur Elkarteak lehenengo epealdi baterako hitzarmena enpresa pribatuetan euskararen erabilera sustatzeko eta proiektu pilotu haietan kooperatibak izan ziren, Arrasateko Ikerlan Teknologi Ikertegia eta hiru nekazaritza-kooperatiba. 1997an Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak enpresetarako diru-laguntza deialdia kaleratu zuen lehendabiziko aldiz. Aurkeztu ziren 13 enpresetatik gehienak (%69) kooperatibak izan ziren.

LANHITZ

Programa horren helburua da, besteak beste: Euskadiko alor sozioekonomikoan ,enpresa eta kooperatibetan, euskara erabiltzeko ekintzen nahiz euskara-planen, laguntzen eta baliabideen berri ematea eta hauen garapena eragitea. LanHitz programak lau zutoin ditu oinarri:

Lehendabizikoa, adostasuna, konpromisoa eta elkarlana lan munduko agente naturalen artean: horretara datoz 2006. urtean enpresari-elkarteekin (CONFEBASK, ADEGI, CEBEK eta SEA) eta Euskadiko sindikatu nagusiekin (ELA, CCOO, LAB eta UGT), sinatutako hitzarmenak. Hortaz, gaur Jaurlaritzak eta kooperatiba Federazioak izenpetu duten akordioa ere kontzertazio testuinguru horretan kokatu behar da.

Bigarrena, euskara plana martxan jarri nahi duten enpresa guztiei aholkularitza eta tresnak eskaintzea. Horretarako Eusko Jaurlaritza esfortzu berezia egiten ari da, urtearen amaierako Euskadiko 2000 enpresetara zabalduko den sentsibilizazio kanpainaren bitartez.

Hirugarrena, laguntza ekonomikoak ere eskaintzea euskara plana garatu nahi duten enpresei; Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak aurten 2.300.000 euro jarri ditu helburu horretarako, iaz baino % 26 gehiago. Deialdian 143 enpresa aurkeztu dira, horietatik 53 kooperatibak direlarik.

Eta laugarren zutoina kalitatea eta berrikuntza euskararekin lotuko dituen ziurtagiri publikoa da.

EUSKARAREN ERABILERA BIZIBERRITZEA LAN MUNDUAN

Hizkuntzaren normalkuntzaren  eta azken hamarkadetan Euskadin eman den euskararen garapena kontuan izanda, enpresa eta lan-mundua da hezkuntzaren irtenbide naturala. Horrexegatik hezkuntzan urteetan -euskal gizarteak berak, nahiz bere herri-erakundeek- egindako lan eskergak, bere segida behar du ezinbestean lan-munduan, inoiz baino prestatuago eta jakintzaz jantziago datorkigun gure gazte-jende euskalduna, lanean ere euskaraz aritu dadin, eta euskaraz ikasteari erabilgarritasunik eta onurarik ikus diezaion.

Ikuspuntu soziologiko batetik, berriz, gure gizartearen balio-sisteman eta antolaketan oro har, lana da gure bizimoduaren eta gizarte-bizitzaren zutoinetako bat, bizitzaren tarte handi bat hartzen diguna, eta gure pertzepzio subjektibo zein kolektiboetan zuzenean eragiten duena. Garrantzitsua da, hortaz, alor honi eragitea, besteak beste euskara biziberritzeko lanari sendotasuna eta heldutasuna emango dion esparruetako bat delako, eta beste esparru batzuei  eragiteko/sendotzeko trakzio-indar handia duelako.

Honetaz guztiaz jakitun, orain hamabost urte inguru (1990ean) Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak abian jarri zuen alor sozioekonomikoan euskararen erabilera areagotzeko programa. Hasieran proba gisa hasi zen programa -abiapuntu ona zuten enpresa handiak aukeratuz, eta berariazko metodologia nahiz interbentzio-moduak sortuz- sendotuta dugu, 2006. urte hasieran 150 enpresa eta kooperatiba inguru ziren euskara planak abian zituztenak, horietako asko izen eta prestigio handikoak, gainera. Kultura sailburuak azpimarratu duenez,  "gizarte honek eskerrona adierazi nahi die euskara txertatze-lanetan aitzindari izan ziren enpresa eta kooperatiba horiei guztiei".

Hala ere ekimen hau hedatu eta zabaldu beharra zegoen nahitaez, beren lana euskaraz edo euskaraz ere egin nahi duten enpresak, gero eta gehiago izan daitezen. Miren Azkarate, Kultura Sailburuaren hitzetan, "hortik datorkio garrantzia enpresari elkarteekin, sindikatu nagusienekin eta kooperabieekin abian den lankidetzari,  alor sozioekonomikoko eragileek, euskal gizarteak batera egin beharreko ibilbidean, euskararen erabilera normalizatzeko lanean parte hartu nahi izan dute, bat eginda euskararen erabilera areagotu dezagun gure eguneroko bizimoduan".

Bilbao, 2007ko uztailaren 12a