Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila

Arautegia

Inprimatu

7/2000 LEGEA, azaroaren 10ekoa, Merkataritza Jardueraren 7/1994 Legea aldatzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 4
  • Hurrenkera-zk.: 58
  • Xedapen-zk.: 7
  • Xedapen-data: 2000/11/10
  • Argitaratze-data: 2001/01/05

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Merkataritza eta turismoa; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Eusko Legebiltzarrak ondoko legea onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei:

Bost urte baino gehiago igaro dira Merkataritza Jardueraren 7/1994 Legea onartu zenetik. Denbora horretan argi geratu da lege hori baliagarri izan dela merkataritzako banaketa-alorrean dauden joerak zabaldu eta modernizatzeko. Hori aitortuta, beste ikuspegi bat erabiltzeko ordua da orain, gai hau berriro legez arautzerakoan. Alde batetik, kontuan izan behar da gizarteak dagoeneko ekipamendu-maila egokia lortua duela merkataritzan, eta, bestetik, bermatu egin behar da merkataritza garatzerakoan bide egokiak erabiliko direla aurrera begira, lurraldeen arteko orekari eraso egin gabe eta gaur egungo merkataritza-egiturari kalte egin gabe.

Beraz, arauketa berria ikuspegi horretatik egin da. Ezarpen berririk egitekotan, kontsumitzaileen aldetik egon litekeen eskariari erantzuteko izan beharko du. Horrez gainera, eskaria eta eskaintza elkarri lotzeko orduan, merkatuko banaketa-bide zehatzak nolakoak diren ere hartu behar da aintzakotzat.

Ildo beretik, merkatuan ahalik eta gardentasun handiena lortu nahi da. Horretarako, merkatuan parte hartzen duten eragileei komunikazio-betebehar batzuk ezartzen zaizkie, herri-agintaritzek barne-merkataritzan dituzten eskumenak erabat bete ahal izan ditzaten.

Azkenik, merkataritza-gune handiak eraikitzeko lizentziak eskatzeko prozedurak direla eta, lege-maila ezarri zaio ebazpenak eman eta jakinarazteko epea igaro izanak ezespena dakarrelako xedapenari, hala aginduta baitago 30/1992 Legean, 4/1999 Legeak moldatutako eran.

Artikulu bakarra

Merkataritza Jardueraren 7/1994 Legeko 13. artikulua era honetara idatzita geratuko da:

  1. – Merkataritza-gune handiak jarri, jardueraz aldatu edo zabaltzeko merkataritza-lizentzia beharrezkoa izango da. Lizentzia hori merkataritza-arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak emango du. Lizentzia hori derrigorrezkoa izango da eta udalek beharrezko udal-lizentziak eman aurretik lortu beharrekoa.

    Era berean, merkataritza-gunearen titulartasuna aldatuz gero eta jardueraren ustiapenaren titulartasuna aldatuz gero, merkataritza-lizentzia eskatu beharra izango da, baldin eta erosleak 3. paragrafoan jasotako ezaugarriren bat betetzen badu eta eskualdatzekoa den merkataritza-guneak oraindik merkataritza-gune handien lizentzia ez badu.

  2. – Araudi bidez zehaztuko da txikizkako merkataritzan diharduten establezimenduek zein baldintza bete behar dituzten merkataritza-gune handitzat hartuak izan ahal izateko. Baldintza horiek ezartzerakoan, oinarritzat hartuko da, batetik, jendearentzako salmentarako esparruaren neurria, eta, bestetik, merkataritza-guneak dauden edo egongo diren udalerriko biztanleria.

    Establezimenduak, jendearentzako salmentarako esparrua 400 metro karratukoa baino txikiagoa denean, ez dira merkataritza-gune handitzat joko, eta, beraz, ez dute aipatutako merkataritza-lizentziarik behar izango.

  3. – Nolanahi ere, txikizkako merkataritza-establezimenduak merkataritza-gune handitzat joko dira, baldin eta jendearentzako salmentarako esparrua 400 metro karratukoa edo handiagoa bada eta jabeek (pertsonak zein erakundeak) hauetako baldintza edo ezaugarriren bat betetzen badute:

    1. Enpresan 250 langile baino gehiago badituzte.

    2. Urteko negozio-bolumena 6.655.440.000 PTA (40 milioi euro) baino handiagoa bada edo balantze orokorra 4.492.422.000 PTA (27 milioi euro) baino handiagoa bada.

    3. Aurreko baldintzak betetzen dituzten beste batzuek enpresan ehuneko 25 edo gehiagoko partaidetza baldin badute, dela kapitalean dela boto-eskubideetan. Salbuespen izango dira partaidetzako herri-baltzuak, arrisku-kapitaleko baltzuak eta instituzioetako inbertitzaileak, baldin eta enpresan kontrolik ezartzen ez badute, ez bakarka, ez taldean.

  4. – Erregaiak saltzeko eta banatzeko establezimenduak ez dira merkataritza-gune handitzat joko, lege honetan ezarritako ondorioetarako.

    Era berean, jendearentzako salmentarako esparru handia behar dutela kontuan hartuta, automobilak saltzeko establezimenduak ez dira inola ere merkataritza-gune handitzat joko. Arrazoi berean oinarrituta, etxea hornitzeko artikuluak saltzeko establezimenduek, merkataritza-gune handitzat hartu ahal izateko, aurreko 3. paragrafoan jasotako baldintzetakoren bat bete beharko dute.

  5. – Merkataritza-gune handietarako lizentzia emateko edo ez emateko erabakia hartzerakoan, bereziki honako hauek hartuko dira aintzakotzat: batetik, establezimendu berriak hartuko duen lurralde-esparruan ea merkataritza-ekipamendu egokirik badagoen, eta, bestetik, lurralde-esparru horretako merkataritza-egituran zer-nolako eragina izan lezakeen, batez ere bertako denda txikietan izan litzakeen ondorio txarrak kontuan hartuta.

    Araudi bidez ezarriko da kontuan hartutako lurralde-esparruak zein muga dituen, eta horretan oinarrituta izendatuko da ea gehienez jota jendearentzako salmentarako esparrua zenbatekoa izan litekeen merkataritza-gune handiei dagokienez. Izendapen hori egiterakoan, tipologiak eta sektoreak kontuan hartuta, berariazko portzentaje batzuk zehaztuko dira dagokion lurralde-esparruan egon litekeen eskarian bakoitzak izango duen partaidetzarako.

  6. – Merkatua ahalik eta gardenena izan dadin, merkataritza-gune handi bat edo bere ustiapena bideratzeko titulu juridikoak eskualdatu behar direnean, edo zuzenean zein zeharka haren jabe diren baltzuen partaidetzak zein akzioak eskualdatu behar direnean, eta Merkataritza Kodearen 42. artikuluaren arabera kontuak finkatu beharra dagoenean, erosleak egoera horren berri eman beharko dio merkataritza-arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari; horretarako, 40 eguneko epea izango du, eskualdaketa egin denetik hasita. Betebehar bera izango da, frankizia bidez ustiatuta daudela, txikizkako merkataritza-establezimenduak jarri, jardueraz aldatu eta zabaldu nahi direnean, baldin eta frankizia-emailea merkataritza-gune handi bateko lizentziaren baten titularra bada edo 3. paragrafoan azaldutako baldintzetakoren bat betetzen badu.

  7. – Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeko 43. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, ebazpena eman eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da. Epe hori igarota, merkataritza-gune handiaren lizentzia-eskaria administrazio-isiltasunez ezetsitzat jo dezake interesatuak.

    Merkataritza-gune handien lizentziak emateko prozeduran, txostena eskatuko zaio lehiaren babesa kontrolatu eta bermatzeko ardura duen organoari.

  8. – Merkataritza-guneak jarri, jardueraz aldatu eta zabaltzeko lizentziaren bat jasoz gero, tasa bat ordaindu beharko da hori dela eta.

Lehenengo xedapen gehigarria

Lege honetako artikulu bakarraren 8. paragrafoan ezarritakoari jarraituz, merkataritza-gune handietarako baimena jasotzeagatik ordaindu beharreko tasa sortu da; maiatzaren 29ko 13/1998 Legean, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoen Legean jasoko da tasa hori, era honetara idatzita:

"II. atala. 10.02 tasa: merkataritza-gune handietarako baimena jasotzeagatik.

176. artikulua. Bis.– Zergagaia

Tasa honen zergagaia honako hauxe da: merkataritza-gune handiak jarri, jardueraz aldatu edo zabaltzeko baimena tramitatu eta emateko zerbitzuak egitea, alde batek hala eskatuta.

176. artikulua. Ter.– Subjektu pasiboa

Tasa honen subjektu pasiboak zergagai diren zerbitzuak hartu dituzten pertsona fisiko nahiz juridikoak izango dira.

176. artikulua. Quater.– Ordainkizuna

Zergagai diren administrazio-jarduerak burutzen diren unean, orduantxe sortuko da tasa ordaindu beharra. Dena den, eskaria egiten den unean eskatu ahal izango da ordainketa.

176. artikulua. Quinquies.– Kuota

Hau izango da tasaren kuota:

  1. – Jarri edo zabaldu nahi den salmenta-esparruaren metro karratu bakoitzeko...500 PTA (3,01 euro).

  2. – Eskaera jarduera aldatzeko denean, lehendik dagoen salmenta-esparruaren metro karratu bakoitzeko .............................. 250 PTA (1,50 euro)".

    Bigarren xedapen gehigarria

    Euskal Autonomia Erkidegoak barne-merkataritzaren arloan dituen eskumenak baliaturik, Eusko Jaurlaritzak, euskal merkataritza-sektoreko eragileekin hitz egin eta gero, arauak eman ahal izango ditu lege honen gai diren merkataritza-gune handietako saltokiak ireki eta ixteko ordutegiari buruz, lehia libre eta leialari dagokion eran eta gaur egun indarrean dauden muga orokorren barruan. Arau horietan, ordutegi orokorraren gehienezko mugak ezarriko dira, hain zuzen lurraldeen artean beharrezkoa den oreka eta orain dauden merkataritza-egituren garapena bermatuz.

  1. – Lege hau indarrean jarri aurretik hasitako prozedurak, behin betiko ebazpena eman arte, hasi zirenean indarrean zegoen legedian ezarritakoaren arabera tramitatuko dira.

  2. – Merkataritza Jardueraren 7/1994 Legearen 13. artikuluko 2. eta 5. paragrafoak, lege honetan eman zaien idazkera dutela, araudi bidez garatu arte, 400 metro karratuko edo hortik gorako merkataritza-gune handirik ezin izango da jarri, ezta beren jarduera aldatu ere, eta oraingo establezimenduak ere ezingo dira zabaldu, baldin eta hedapen horrek aipatu den metro-kopurua gainditzea badakar; salbuespen izango dira 13. artikuluko 4. paragrafoan aipatutako establezimenduak.

Indarrik gabe geratuko dira Merkataritza Jardueraren 7/1994 Legeko bigarren xedapen iragankorra eta urtarrilaren 20ko 5/1998 Dekretua.

Lehena.– Eusko Jaurlaritzak, lege hau indarrean jarri eta hiru hilabeteko epean, araudi bidez garatuko ditu 7/1994 Legearen 13. artikuluko 2. eta 5. paragrafoak, lege honetan eman zaien idazkeraren arabera.

Beraz, lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteizen, a 27 de noviembre de 2000.

Lehendakaria,