Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

zubi

iz. Ibai baten edo beste zernahi eragozpenen gainetik igarotzeko eraikuntza. || Itsasontzi batean, egitura garaiena, aginteak emateko erabiltzen dena.  v  Zubiek bi egitura mota dituzte, barne egitura eta kanpo egitura. Barne egitura zimenduek, zutabeek eta zubiaren euskarriek, zubiaren karga lurrera transmititzen duten atalek alegia, osatua da, eta kanpo egitura, berriz, euskarrien arteko atalek osatzen dute. Zubi mota asko bereizten dira eta sailkapen ugari egin daitezke, baina zabalduena zubia egina dagoen gaiaren araberakoa da; hala, zurezko, harrizko edo adreiluzko, metalezko, zementu burdindun edo zementu aurrez tentsatuzkoak bereizten dira. Gaur egun aurrez tentsatutako zementua da gehien erabiltzen den gaia; halako zubiak eraikitzen errazak dira, aukera ugari eskaintzen dituzte estetikaren aldetik, ez dira oso garestiak eta ez dute konponketa asko behar izaten. Bestalde, egiturari dagokionez finkoak edo mugikorrak (zubipetik ontziak eta igaro daitezen zubiaren parte bat bira edo altxa daitekeena) izan daitezke, eta igarobidea edo zorua euskarrien goialdean edo euskarrien behealdean izan dezakete.