Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

zirkulazio

iz. Zirkulatzea, harat-honata.  v  Zirkulazio aparatua. Gizakiarengan, goi mailako animaliengan bezala, odola mugiarazten duen organoak (bihotza) eta odola bihotzetik ehunetara eta ehunetatik bihotzera daramaten hodiek (arteriak, zainak eta kapilarrak) osatua da. Bi zirkuitu daude: A) Zirkulazio nagusia: bihotzak (ezkerreko bentrikuluak), biriketan oxigenoa hartu duen odola aorta arteriara bidaltzen du, eta honek, gainerako arterien bidez, helarazten du gorputz osoko kapilarretaraino. Han, odolak oxigenoa eta elikagaiak uzten ditu ehunetan, eta linfatik jasotzen ditu azido karbonikoa eta gainerako katabolitoak. Truke hori gertatzen denean, zainek daroate odola, berriz ere, bihotzera, eta hara sartzen da, kaba zainaren bidez, eskuineko aurikulara, eta, handik, eskuineko bentrikulura. B) Zirkulazio txikia: eskuineko bentrikuluak biriketara bidaltzen du odola, birika arterien bidez. Biriketan odolak oxigenoa hartzen du, eta, birika zainen bidez, ezkerreko aurikulara itzultzen da, eta handik, ezkerreko bentrikulura, zirkulazio nagusian berriz ere hasteko. Bi zirkuitu horiez gain, beste sistema bat ere bada: porta sistema: hesteetako kapilarretatik datorren odola, porta zainak bildu eta gibelera eramaten du, eta handik, hesteetatik jasotako elikagaiak utzi ondoren, kaba zainara doa, eta horrela zirkulazio nagusian sartzen da. Zirkulazioa bizkor samarra da, ordu betean 120 aldiz egiten baitu gorputz osoko itzulia. Odol arterialaren zirkulazioa, bihotzaren uzkurduraren bidez (uzkurdura, sistolea; lasaitzea, diastolea) gauzatzen da. Zain odolaren zirkulazioan, hiru eragilek parte hartzen dute: 1) Grabitateak (bihotzetik gora dauden hodien kasuan); 2) Giharren uzkurdurak, benak estutuz odola igoarazten dutenak; 3) Arnasketaren mugimenduak, arnasa hartzean kaba zainaren eta aurikulen presioa jaisten baita, odolaren itzulera errazteko.  v  Linfaren zirkulazioa. Ez da, berez benetako zirkulazioa, ez baita linfa inora itzultzen. Zelulen arteko linfa linfa hodietan biltzen da, eta zain subklabietara doa. Linfaren mugimendua odolarena baino askoz ere geldiagoa da.  v  Umekiaren zirkulazioa. Karenaren arteria odola, zain unbilikalaren bidez, umekiaren beheko kaba zainera iristen da. Umekiaren bi aurikulak lotuta daude, eta odola, umekiaren ehunetatik igaro ondoren, karenara itzultzen da, arteria unbilikalaren bidez.  v  Gorputzaz kanpoko zirkulazioa. Bihotzaren eta biriken zereginak, aldi baterako, betetzen dituen tresnerian zehar odola igaroaraztea. Teknika hau bihotzaren kirurgian da, batez ere, erabilia.