Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zhelev, Zhelyu

Bulgariar politikaria (Vesselinovo, 1935). Bulgariako presidentea 1992-1996 urteetan. Sofiako Unibertsitatean filosofiako ikasketak amaitu ondoren, doktoregoa lortu zuen, baina ezin izan zuen unibertsitatean eskolarik eman, leninismoaren aurkako kritika egin baitzuen bere tesian. 1980an Bulgariaren Berregituratze eta Irekitzearen Aldeko Kluba sortu zuen, demokrazia politiko eta kulturalean oinarritua zegoena, eta bere indar ahula zela-eta, gobernu komunistak onartu egin zuen. Gorbatxovek Sobietar Batasunetik bultzatutako erreformen ondorioz Europako komunismoen krisia sortu zenean, klub hori Demokrazia Indarren Batasuna zeritzan frontean sartu zen 1989an, beste hamabost talde politikorekin batera, eta Zhelev bertako koordinatzaile aukeratu zuten. 1990eko hauteskundeen ondoren, fronte haren talde parlamentarioaren presidente kargua hartu zuen. Garai hartan, alderdi sozialistako Petar Mladenov Errepublikako presidenteak bere alderdi barruko krisialdiaren ondorioz dimititu egin behar izan zuenean, Zhelev aukeratu zuten presidente, bere alderdiaren eta beste zenbait alderdi politiko txikiren hitzarmenari esker. Kargua hartu eta berehala, demokrazia sendotzeko aldaketa politikoak eta merkatu ekonomiarako garapena bultzatuko zituela zin egin zuen. 1992an Bulgaria Europako Kontseiluko kide gisa onar zezaten lortu zuen. 1997ko hauteskundeetan Petar Stoyanovek hartu zuen Zheleven kargua.