Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zhao Ziyang

Txinatar politikaria (Ho-nan, 1919). Txinaren hegoaldean, 1950. urte inguruan, hasi zuen bere jarduera politikoa. Bertan, hainbat kargu bete zituen Alderdi Komunistaren barruan; Zhao Ziyang-en ekintza nagusia Kuang-tong-en egin zuen lurren banaketaren legea izan zen. Probintzia hartako arduradun nagusi izan zen 1967. urtea arte. Urte hartan, Kultura Iraultzaren ondorioz, bazterturik gelditu zen alderdian. Baina 1971n, berriz ere indarrean agertu zen Mongoliako buru politiko gisa. Handik urte betera, atzera, Kuang-tong-en zen, berriz ere, Iraultza Biltzarraren buru; She-zuan-en ekonomiaren erreforma arrakastatsu bat bideratu zuen, Teng Hsiao-ping lagun zuela, 1980. urtea arte. Alderdiaren Batzar Nagusiko kide izan zen 1973tik aurrera, eta Politburo-ko kide 1979tik aurrera. 1980an, Lehen ministro orde aukeratu zuten, eta urte hartan bertan, gobernu buru izendatu zuten Hua Kuo-feng-en ordez.